Xabier Sarasua Iraleko irakaslearen iritzi artikulua.
Gerrari ez! Gerrarik ez!”. Herriko haurren, gurasoen eta irakasleen ahotsek kaleetako hormak dardararazten zituztela egin dut amets. Txikienak zihoazen aurrean, lore bana eskuetan. “Gerra hemen hasten denez, bakea ere hemen has daiteke”, irakur zitekeen haien atzeko pankartan.
Aurrekontu militarren igoera lotsagarria salatzen zuten oihuak entzun nituen: “Armetarako sosik ez”. “Nazka” aipatzen zuten, agintarien eta armagintzako lobbyen arma-negoziorako gose ankerrarengatik. Ozen zioten ez zirela izango gerra elikatzen dutenen konplize: “Euskal Herrian armagintzarik ez!“. Ahots goxo bat entzun nuen bat-batean bozgorailutik: “Indarkeria baztertzen ikasten ari gara eskolan, gure arteko gatazkak bideratzeko, eta elkarrizketaren eta akordioen bideak jorratzen ditugu”. Zalantzarik gabe ziharduen. “Herrien arteko gatazketarako ere ez du balio behar indarkeriak eta armen bideak” gehitu zuen. Jarraian, aspaldiko “NATO ez! NATO ez!” errepika hasi zen nagusitzen zurrumurru gero eta ozenagoan.
Orduan ikusi nuen Palestinako banderak zekartzatenen multzoa. Bigarren Hezkuntzakoak ziruditen. “Israel hiltzaile” oihukatzen hasi ziren, eta “Europa laguntzaile” amaitzen zuten errepika haien atzean zihoazen unibertsitarioek. “Amaitu genozidioa behingoz” egin zuen korua irakasle talde batek, aurreko ahotsak isildu zirenean. Malkoak eta amorru keinuak ikusi nituen gaztetxo bat baino gehiagoren aurpegian.
Ni ere malkoei eutsi ezinik nengoela, lehengo ahots goxoak ekarri ninduen barne zurrunbilotik: “Ez dugu gehiago sinesten printze zintzoetan eta herensuge gaiztoetan”. Mikroa zeraman neskatoa ikusi ahal izan nuen. “Hiltzeko armaz hornitutako armadak dituzten agintari guztiak dira arriskutsuak…”.
“Gerrarik ez, eraildako bakar bat gehiago ez” moztu zioten aisialdi taldekoek, polifonia ederra osatuz.
Jende oldea zetorren atzetik, karteltxoak eskuetan: “Bizikidetza eskolatik mundura”, irakurri nuen batean; “bakea ez da helburua, bidea da”, beste batean; “gerra da benetako etsaia”, zekarren idatzita beste batek; “handi-mandien gerrak, herritarren bizitzak” irakurri nuen tinta gorriz idatzitako batean.
“Herritarrok”, jarraitu zuen neskatxak, “munduko herritar xumeok: batu gaitezen gerraren aurka, suntsi ditzagun armak, erorarazi gobernu militarzaleak, ireki diezaiogun bidea hitzari eta sen onari”.
Txirrin! Gorroto dut iratzargailua.