Gurasoak jabetu ala ez, haurdunalditik eraikitzen dugu umekiarekiko lotura.
Josune Martirena gorputz psikoterapeutaren arabera, amaren segurtasuna indartu ahala sustatuko dugu umekiarekiko lotura segurua ere. Lotura zaintzeko,garrantzitsua da kontzientzia hartzea.
Haurdunaldian denbora asko pasatzen dugu etorriko denari begira: erditzeari begira eta erditze ostean haurra besotan hartuko dugun uneari begira… eta askotan haurdunaldian bertan gertatzen den horri ez diogu erreparatzen, eta gauza garrantzitsuak gertatzen dira prozesu horretan, haurduna —eta beste gurasoa— sarritan ohartu ere egin gabe: gurasoak haurrarekiko lotura eraikitzen hasten gara haurdunaldian. “Haurrarekiko lotura ez da kontzienteki egiten den zerbait soilik, etengabe ari gara lotura hori sortzen, jabetu ala ez, nahi ala ez”, azaldu digu Josune Martirena gorputz psikoterapeutak.
Erditzea prestatzeaz gain, haurdunaldia eta erdiondoa lantzeko tailerrak ematen ditu Martirenak eta arreta berezia eskaintzen dio haurrarekiko lotura zaintzeari. Lehendabizi, eraikitzen ari garen loturaz jabetzea eta konexio hori nolakoa den erreparatzea proposatzen du: “Umekiak gorputz sentipenezko eta emozio bidezko esperientziak dauzka, eta esperientzia horietan segurtasuna edo segurtasun eza bizi ditzake, edo baita bi horien arteko konbinazioa ere, intentsitate desberdinarekin. Ama kontziente izan ala ez, sortze beretik esperientziak dauzka umekiak transmititzen diogunaren arabera”. Dena den, lotura mota bat edo bestea —segurua edo ez segurua—ezartzeko, eta haurrak esperientzia hori bere zeluletan finkatzeko, maiz errepikatu behar da jokabidea eta jarrera: “Haurdunak tarteka intseguritatea eta beldurra sentitzeagatik esperientzia hori ez da finkatzen umekiarengan. Esperientzia bat umekiarengan ezartzeko, jokabide bat edo egoteko modu bat askotan eta luzaroan errepikatu behar da”.
Ez dugu pentsatu behar kontziente egiteagatik dena konponduta dagoenik. Kontziente egiteak gure esku dagoen neurrian lotura zaintzeko pausoak ematen lagunduko digu
Josune Martirena, gorputz psikoterapeuta
Gehiegizko kezka eta haurdunaldiarekiko eta umekiarekiko deskonexioa izan ohi dira, Martirenaren arabera, haurrarengan tentsioa edota segurtasun eza eragin dezaketen jarrera jarraituak: “Batzuetan entzuten diegu amei ‘haurdun ez baleude bezala’ sentitzen direla, ‘deus-deus ez’ dutela sentitzen; bada benetan ‘deus- deus ez sentitzeak’ deskonexioa eragin dezake umekiarengan”. Beste aldean, amak prozesuarekiko gehiegizko kezkak izateak ere eragina du haurrak garatuko duen loturan: “Gero eta gehiago entzuten da ‘ni lasaiago sentituko nintzateke astero ekografia bat eginez gero, dena ongi doala frogatu ahal izateko’; bada kezka horrek norbere buruarekiko, gorputzarekiko eta gertatzen ari denarekiko intseguritate handia erakusten du, eta tentsio horiek zenbat eta gehiago luzatu eta errepikatu denboran, orduan eta gehiago grabatzen dira umekiaren zeluletako informazioan. Hori guztia transmititzen dugu”.
Lotura zaintzeko gakoa, gorputz psikoterapeutaren aburuz, gurasoen arteko sostengua da, lotura segurua eta lasaia eraikitzen laguntzen baitu: “Beste gurasoak ere parte-hartze kontzientea eginez gero, seguruagoa den gurasotasun sentimendua garatzen laguntzen du eta lotura segurua eraikitzen laguntzen du. Umekiak amaren altzoan jasoko duena helduen artean sortzen den sostengu sentsazio hori izango da”.
Beste gurasoak ere parte-hartze kontzientea eginez gero, seguruagoa den gurasotasun sentimendua garatzen laguntzen du eta lotura segurua eraikitzen laguntzen du. Umekiak amaren altzoan jasoko duena helduen artean sortzen den sostengu sentsazio hori izango da
Josune Martirena, gorputz psikoterapeuta
Haurrarekin eraikitzen ari garen loturaren gaineko kontzientzia hartzeak ez luke amarengan erruduntasuna sustatu behar, guztiz bestelakoa da Martirenaren helburua: “Nola sentitzen garen jabetzen garenean, sentitzen dugun horren arabera, hobetzeko bidean urratsak egin ditzakegu, hobetzeko bide horrek onurak ekartzen baitizkio haurdun dagoen amari, beste gurasoari eta haurrari berari. Haurdunak segurtasunean irabazten duen neurrian, bere beharrak errazago identifikatzen joango da eta behar horiek asebetetzeko moduak bilatzen”.
Loturaz jabetzeak erruduntasunari lekurik egin behar ez liokeen moduan, hobetzeko urratsak egiteak ere ez lioke idealizazioari lekurik utzi behar, Martirenaren aburuz: “Ez dugu pentsatu behar kontziente egiteagatik dena konponduta dagoenik. Kontziente egiteak gure esku dagoen neurrian lotura zaintzeko pausoak ematen lagunduko digu”.
Nola elikatu lotura segurua?
Ukimena: Besarkaden, musuen edo laztanen bidez adierazi ohi dugu afektua eta umekiarekin ere gauza bera egin dezakegu, izan ere, umekiak oso garai goiztiarretatik jasotzen du azalaren bidez heltzen zaion informazioa. Amak zein beste bidelagunek sabela laztantzen duten neurrian, umekiak laztan horiek jasotzen ditu.
Ahotsa: Abestea edo hitz egitea umekiarekin transmititzeko bidea da. Umekiak hirugarren hiruhilekoaren hasieran garatzen du bere osotasunean entzuteko gaitasuna, baina horren aurretik ere umekiak, amak hitz egiten duenean sortzen duen bibrazioaren bidez, jasotzen du ahotsa.
Mugimenduaren bidez: Ama dantzan edo abesten ari dela sentitzen duen giro lasai eta erlaxatu hori transmititzen dio umekiari eta egoera horretan segurtasun sentipena sorrarazten dio haurrari erlaxazioaren bidez.
Pentsamendua eta irudikapenak zaintzea garrantzitsua da, buruan dugunak zenbait erreakzio eragiten baititu amaren —eta, beraz, umekiaren— gorputzean, hala nola gozamena edota tentsioa.