Nora Salbotx Alegria Amaiurko eskolan maistraren iritzi artikulua.

 

Ikasturtea akitzear den honetan, berehala hor ditugu berriz udarenak baizik izaten ahal ez diren dena delako gerizpeko lo-kuluxkak. Hortxe euli-furrunden kulunkan jositako amets izerditu estrainioak. Berehala ere egia pedagogiko gordinenen balantzeak; pozak, penak, etsipenak, nekeak eta gogo higatu zein berrituak. Eta, udako izozki, limoi-ur, garagardoen freskuraren abaroan garela, edo mendi-hondartza-piszinetarako bidean, hezitopia ezinezkoenen fantasiak ere hor.

Hezitopiak, Parisko Komunan, Louise Michelek gidatuta, antolatu zirenen parekoak, akaso. Gaur utopien mundukoak dirudite, baina gerezien garai motz, gozo eta samin, sutsu, bizi, gorri horretan, han, egin, egin zituzten.

Izan ere, Michelek, gaztetan, Parisko egunak oraino ailegatzear zirela, maistratarako ikasi zuen. Bere ideologia iraultzailea tarteko, aginteari zin egiteko inolako asmorik ez eta pedagogia askatzailean oinarritutako eskola bat antolatu zuen orduko sare publiko inperialaz gaindi. Geroztik, zenbait eskolatan ibili zen, pittaka-pittaka Pariserat, askapenaren aldeko borroka sozialista autogestionariorat, hurbilduko zutenak. Montmartreko eskola batean lanean hasi zen orduan. Goizez eskolak, eta arratsaldez bilera erreboltariak. Eta erreboltan pentsatu zuen tokia eginez zaintzari eta hezkuntzari, iraultza zinez iraultza izanen bazen.

Komunaz geroztiko askapen-pedagogietan hainbatetan ikusi dugun moduan, komuneroentzako ere, klase zapalduen emantzipaziorako tresna zen hezkuntza. Gisa horretan, autoritarismorik eta zigorrik gabeko hezkuntza baten alde egin zuen Michelek, sormenean, teoria-praktikaren uztarketan zein erantzukizun pertsonalean eta kolektiboan sakonduko zuena.

Komunak iraun zuen bi hilabete haietan, hezkuntzan, laikotasuna, unibertsaltasuna, doakotasuna eta berdintasuna izan ziren ardatz. Auzoko haurrentzako jangelak antolatu ziren, bai eta Paris osoan zabaldu zen Haur Eskolen sare bat ere. Gainera, lanbide eskolen eta umezurztegien eraldaketaren alde aritu ziren, etorkizunean iraultzaren lorpenak defendatzeko pertsona aske berria gogoan.

Gerezien garai hura joan bazen ere, berriz ere gerezien garaia da gaur, hemen eta orain. Gerezien garaia betierekoa baita, gereziondoek udaberri oro eskaintzen baitigute aukera berri bat. Orain errebolta egin nahi duen hezkuntza jende ez-konformista baizik ez da behar. Eta hezitopiaren promesa kolektiboa, hori ere bai.