Unibertsoaren parte garenez, espazio-ontziko leihotik begiratzeko gonbidapena egin digu Virginia Garciak.

 

Gutxi begiratzen diogu zeruari. Eguraldiari tankera hartzeko, akaso, baina hori ere gero eta gutxiago, sakelakoan eguraldiaren aplikazioa zabaltzen baitugu begiak gorantz zuzendu beharrean. Gutxi begiratzen diogu zeruari, zer esanik ez izarrei, planetei edota konstelazioei begiratzeko baldin bada.

 

Umeei zeruaz gozatzeko eskubidea kendu diegula dio Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia saileko Virginia Garcia dibulgatzaileak, eta atsekabea adierazi du gure arbasoek pilatutako jakinduria galtzen ari garela ikusita, haiek informazio asko jasotzen baitzuten zeruari begiratuta. Unibertsoaren parte garenez, Lurra izeneko espazio-ontziko leihotik begiratzeko gonbidapena egin digu Garciak.

 

Astronomiari buruzko lantegiak eskaintzen ditu Aranzadik. Zerua egunero ikusten dugu; gure gainean dugu beti, baina ezer gutxi dakigu unibertsoari eta astronomiari buruz.

Bai, oso gutxi. Gora begiratzeko ohitura galdu dugu, eta, zoritxarrez, gora begiratuta ere, oso gutxi ikus daiteke, argi kutsaduraren ondorioz.


Gure arbasoak zerura begira bizi ziren, eta hori erabat galdu dugu, ezta?

Bai. Antzina, zerua oso garrantzitsua zen erlojua eta egutegia zelako. Egunaren zikloak Eguzkiari begiratuta kontrolatzen zituzten; izar erlojuak zeuden; hilabeteko zikloak, Ilargiari begiratuta bereizten zituzten; urteko zikloak konstelazioei begiratuta… Zeruan ikusten zutenaren arabera, adibidez, ereiteko une aproposa zen ala ez jakiten zuten, bai eta zer landatu behar zuten ere. Baina, gaur egun, teknologiaren ondorioz hori guztia jakitea beharrezkoa ez denez, jakinduria galtzen ari gara. Informazio guztia mugikorrean dugu, egutegia etxeko paretan jarria dugu… Zer garaitan gauden jakiteko, ez da beharrezkoa zerura begiratzea, eta pena da, zeren jendea ez da jabetzen zerua ondare naturala eta kulturala dela.

 

Ondare kulturala ere bada.

Bai. Adibidez, Antzinako Egipton, Sirius izarrak (zeruko izarrik distiratsuenak) zehazten zuen urtearen hasiera. Sirius izarra irteten ikusten zutenean, bazekiten euriteen garaia zetorrela, Nilo ibaiko uren igoera gertatuko zela horrekin batera, eta, beraz, ereiteko moduan izango zirela. Erromatarrek, berriz, bazekiten arratsaldean Spica izarra (Virgo konstelazioko izarrik distiratsuena) ekialdetik ateratzen zenean udaberria zetorrela eta, horrekin batera, ereiteko garaia iritsiko zela. Zer esanik ez, marinelen kasuan: munduari buelta ematen zioten zeruari begira, GPSrik gabe. Eta hori guztia galtzen ari da.

 

Zer ideia lantzen dituzue batez ere zuen lantegietan?

Eskolan, ziklo guztietan, oinarrizkoa lantzen da. Ikasleei Ilargiaren faseei buruz galdetzen baldin badiezu, erantzungo dizute, baina, gero, zerura begiratzen dutenean, ez dakite zer fasetan gauden, adibidez. Konstelazio bat zer den eta konstelazioen izenak ikasten dituzte, baina ez dakite zeruan konstelazio bat topatzen. Lotura hori falta da; eskolan ikasten duten horri erreparatzen irakastea; hain zuzen ere, hori egiten saiatzen gara: konstelazioak lantzen ditugu, planisferioak nola erabiltzen diren ikasten dute, eta, Batxilergoko ikasleekin, izarren eboluzioari buruz ere aritzen gara.

 

Eta dena klik batean daukagun mundu honetan ere, zergatik da garrantzitsua astronomiari buruzko ezagutza edukitzea?

Klik batekin, ezagutza pila bat jasotzen dugu; nik ere informazio gehiena modu horretan jasotzen dut. Baina uste dut oinarrizkoa dela zerura begiratzea eta zeruaz gozatzea, zeren astronomia ez da urrutiko gauza bat; planetak, konstelazioak, sateliteak edota nebulosak etortzen zaizkigu gogora astronomiaz hitz egitean, baina ahaztu egiten zaigu gu planeta baten parte garela eta gu ere astronomia garela. Ez da urrutiko kontua. Espazioan zehar bidaiatzen ari gara, espazio-ontzi baten gisan Eguzkiari biraka ari den planeta batean, eta, Eguzkiaren orbitan dugun kokapenaren arabera, aldatu egiten da gure planetatik ikusten den unibertsoko paisaia. Zoragarria da horretaz kontziente izatea; ez da gauza bera zerura udaran edo neguan begiratzea, unibertsoaren alderdi desberdinak ikusiko baititugu. Unibertsorantz dugun leihoa da zerua.

 


 

Ez dugu sekula zeru izartsurik ikusi

Herritarren gehiengoak ez dakigu zeru izartsu bat ikustea zer den. Lainorik ez dagoenean ikusten ditugun izar horiek oso gutxi dira, gurean argi kutsadurak ez baitu askorik ikusteko aukerarik ematen. Munduan, oso gutxi dira argi kutsadurarik gabeko zonaldeak, eta, Europa osoan, esate baterako, ez dago argi kutsadurarik gabeko zerurik.

Argi kutsadura neurtzeko Bortle eskala erabiltzen da, eta 1etik 9ra doa. Bederatzi puntuk argi kutsadurarik handiena adieraziko luke, eta puntu batek, berriz, baxuena. Pirinioetara joango bagina, adibidez, 2 puntu izango genituzke Bortle eskalan, eta Aralarren, 4 puntu. Bilboko gune batzuetan eta Irun erdialdean, 9 puntu dituzte Bortle eskalan, eta Donostian, berriz, 7.

Beraz, zerua izarrez beteta ikusten dugula pentsatzen dugun arren, izar horien guztien kopuru txiki bat baino ez dugu ikusten.