Basoa etxe bihurtu dute Leitzan.
Natura bizitzaren oinarria izanik, harekin harremana izateari garrantzi handia ematen diote Itzaire Haur Eskolan. Ama lurrak egunero eskaintzen die zerbait berria eta bizitzaren zikloa gertutik sentitzen dute ikasleek. Aurreko ikasturteko ildo beretik jarraitzen dute aurten ere.
Haurtzaroa gizakion etaparik garrantzitsuena da eta haurrak eguneroko bidean laguntzen ditugunez, gure hazia jarri dugu natura sentitzeko aukera izan dezaten; natura ukitzeko, usaintzeko, bizitzaren zikloa sentitzeko aukera izan dezaten. Horrela, jolaserako aukera ikaragarriak izan dituzte eta ziurrenik haien bihotzean txertatuta geratu diren esperientziak daramatzate. Gure haurrak oso etapa garrantzitsua bizitzen ari dira eta ezinbestekoa da lurra sentitzea, haien eskubidea baita. Natura maite duen belaunaldia izateko aukera eskaini nahi diegu.
Gure haurrek ez dituzte guk genituen aukerak, baina nola nahi dugu natura zaintzea natura sentitzen ez baldin badute? Egiten duen eguraldia egiten duela ere (izan hotza, beroa, euria, elurra edota haizea), kalera irteten gara eta gure haurrei lau urtaroetan bide horretan laguntzea plazera izan da, haien osasuna bultzatu dugulako eta bizitzaren zikloarekiko konfiantza transmititu diegulako. Hori guztia posible egiteko, kalera ateratzen gara egunero; astean behin paseora ateratzen gara eta hilean behin, basora joaten gara autobusean. Autobusaren finantziazioan Leitzako udalak eta familiek laguntzen digute.
Haur guztiekin kalera
Gure eskolara 0-3 urte bitarteko haurrak etortzen dira eta proiektua guztiekin egiten dugu. Titikoekin (0-1 urte) atarira irteten gara ahal dugun guztietan, ataria naturalizatua daukagu eta bertan hainbat landare, hondarra, harriak, enborrak… ditugu. Naturak eskaintzen dizkigun zenbait elementurekin aritzen dira bertan. Ataria zomorroz eta hegaztiz betetzen zaigu noiznahi, eta metereologiak eta urtaroek beti eskaintzen digute jolaserako aukera. Euria denean ere, urarekin gozatzen dute eta hori behatzea plazer handia da guretzat; jolasa guztiz sentsoriala da.
Ertainekin (1-2 urte), atarira ateratzen gara egunero eta astean behin, paseora joaten gara. Adin tarte horretan, erronka ataritik inguruko espazioak ezagutzera irtetea izan da. Plazaola bide berdea eskolatik gertu izateak espazio natural desberdinetan murgiltzeko aukera ematen digu, baita herritarrekin harremanak izateko aukera ere. Umeak pixkanaka trebatzen joan dira eta, konfiantza hartzen doazen heinean, gero eta gehiago gozatzen dute.
Handienekin (2-3 urte) egunero atera gara atarira, astero paseora eta hilean behin basora. Haurrentzat ez ezik, prozesua bera erronka izan da hezitzaileentzat eta familientzat ere. Bakoitzak bere bizipenetatik eta bere eran adierazi dituzte emozioak, sentsazioak, lorpenak… Guretzat oso ederra izan da haurrek —aukerak eta konfiantza emanez gero— jolasa eta magia berez sortzen dituztela ikustea eta bizitzea. Haurrek jolas sentsorialarekin hasi eta jolas sinbolikorako bidea egin dute naturan murgilduta: atarian, paseoan, basoan, errekan…
Gure haurren mundua freskoa da, sorpresaz eta emozioz beteriko mundua dute, bizitzarekin berehala konektatzen dute eta prozesu horretan deskubrimendu asko egin dituzte: zuhaitzak biluzik ikusi dituzte; elurra ukitu dute; pagoaren haziak jan dituzte; hostoetan murgildu dira; bareak zaindu dituzte; zomorro bitxiak topatu dituzte; hotza sentitu dute; haizea, euria; putzuetan murgildu dira; errekan ibili gara; zaldiak, ardiak, txakurrak, katuak, katagorriak, txantxangorriak, inurriak, ahuntzak eta behiak ezagutu dituzte... Jolasean ibili dira, zuhaitzak denda bihurtu dira eta autobusak, otsoen etxe edota gordeleku… Basoa etxe egin dugu.
Heziketa berdea gure eskolako enborra bihurtzen ari da, bizitzarekiko, pertsonekiko eta gure haurrekiko maitasunean oinarrituz eta zaintzak erdigunean jarriz
Aitziber Alduntzin Sorron, Leitzako Itzaire Haur Eskolako hezitzailea, heziketa berdean aditua
Herriari begira
Proiektuaren prozesua ederra izan da, pixkanaka egin baitugu; hasieran familiei azaldu genien guztia, arropa iragazgaitza ekartzeko eskatu genien eta hezitzaileok ere sentsibilizazio saioak egin genituen. Modu horretan, haurtzarora bidaiatu dugu gure haurrek sentitzen dutena sentitzeko aukera izanik.
Itzulerarik gabeko bidaia hori hasi ondoren, eta gutako bakoitzak bere prozesua bizi izan ondoren, guztia Leitzako herriarekin partekatzeko beharra sentitu genuen. Itzaire eskola publikoa da, eta, beraz, komunitatera zabaltzeko eta lan eta konpromiso kolektiboari esker bizi izan duguna itzultzeko betebeharra sentitu genuen.
Beraz, argazki erakusketa bat antolatu genuen bidaia horretan bildu genuena erakusteko. Erakusketa muntatzeko prozesua bera erronka garrantzitsua izan zen; bizi izandako esperientzia erakutsi nahi genuen, eta, aldi berean, basoaren esentziatik zerbait ekarri nahi genuen. Eta, horrela, zerbait ederra sortu zen, talde-lanak talde gisa indartu gintuen, eta bakoitzaren onena ateratzen lagundu zigun, denak hain desberdinak izanik ere. Gu izan ginen areto hartan sortu zen giro magikoaz harritu ginen lehenak. Leku hura zaintzeko eta herriari zabaltzeko txandakatu ginen, eta benetan ederrena izan zen milaka aldiz biderkatuta jaso genuela komunitateari eskaini geniona; txikia, apala, eta, aldi berean, hain indartsua.
Zirraragarria izan zen bisitatu gintuzten pertsonen begiradan haietako gehienek, batez ere adineko pertsonek, beren haurtzaroarekin egin zuten lotura ikustea. Jolasak, paisaiak eta istorioak nola sentitu zituzten, haurren edertasunak eta xarmak gainezka egin zieten, barre horiek, putzu horiek… dena baso horretan islaturik.
Haur helduenek basora eramango zituen eskola edukitzearekin amets egin zuten. Gure eskolako haurrek beren burua komunitatearen erdigunean ikusi zuten eta ahaldunduak, begiratuak eta miretsiak sentitu ziren.
Jaso genuen esker on zintzoak hunkitu eta indartu egin gintuen, eta uste dut lurrarekiko, bizitzarekiko eta komunitatearekiko kidetasun sentimenduak ere bere baitan hartu gintuela. Erakusketa amaitutakoan, proiektua herriari aurkeztu genion. Urte osoan grabaturiko uneekin bideo muntaia egin genuen eta gure haurrek aretoa magiaz bete zuten; bat-batean, bideoa hasi bezain laster emozio desberdinak aireratu ziren. Zer-nolako indarra duten gure haurrek areto oso bat emozioz zipriztintzeko! Bertaratutako batzuk barrez hasi ziren haurrak putzuetan saltoka ikustean, beste batzuk harritu egin ziren jolas sinbolikoaren irudiekin, beste hainbat negar zotinka hasi ziren, haurren emozioa haien bihotzera iritsi baitzen. Halako batean, naturaren edertasuna bera eta barruan berez duguna pizten hasi zirela zirudien.
“Basoa asko maite dut”
2023-24 ikasturtea izugarria izan zen eta orain ere proiektuaz asko gozatzen ari garela esan dezakegu, bai gu eta baita haurrak ere, opari baten modura hartzen baitute. Beraz, hemendik aurrera ere horrela jarraituko dugu. Hainbeste une eder egon dira! Negar zintzoak, barre algarak, isiltasuna… egunero gure bihotza bete duten uneak izan dira. Horrek guztiak zentzua eman dio proiektuari, izan ere, haurrek egunero erakutsi dute bizitzarekiko duten maitasuna. Horren adibide, uztailean, handienekin basora joan ginen azken egunean, haur batek itzulerako autobusean esandakoa: “Aitziber badakizu? Nik basoa asko maite dut”. Eta hor argi gelditu zitzaigun biofilia —bizitzarekiko maitasuna— ez dela Erich Fromm-ek asmatutako zerbait, biofilia bihotzean daramagula, gure barnean. Haur horrek sentitu zuena bere barnean zegoen eta guk aukerak eskaini dizkiogu ager zedin.
Familiei ere gure eskerrik zintzoenak eman nahi dizkiegu, haien konfiantzarik gabe ezingo baikenuke proiektu eder hau aurrera eraman. Iazko ikasturtea oso euritsua izan zen eta hasieran familia batzuentzat ez zen erraza izango haien haurrak egunero kalera ateratzen genituela ikustea, izan ere gizartean oraindik ez gaude ohituta euria edo hotza egiten duenean kalera irteten. Baina ederrena izan da haurrak ia ez direla gaixotu, ez dugula birus kutsakorrik izan eta oso osasuntsu egon direla. Ikasturtean zehar gaitasun ikaragarriak garatu dituzte, espazio eta denbora egokiak eman dizkiegu eta beste guztia haiek egin dute. Ohartu gara, familiekin egunero komunikazio zuzena izaten dugunean eta guztia kontatzen diegunean, ilusioa daukagunean, dena erraz joaten dela.
Heziketa berdea gure eskolako enborra bihurtzen ari da, bizitzarekiko, pertsonekiko eta gure haurrekiko maitasunean oinarrituz eta zaintzak erdigunean jarriz. Argi gelditu zaigu natura hezkuntza sisteman sartzea oso beharrezkoa dela, izan ere, oso desberdina da gela barruan pago baten argazkia erakustea edo basora joatea eta pagoa ukitzea, usaintzea, neurtzea eta sentitzea. Haurrak sentitutakoa barruan eramanen du, ziurrenik.
Hau guztia Heike Freireri kontatu diogu. Berak egin du proiektuaren jarraipena eta 2024ko ekainean, Soriako herrixka batean, heziketa berdeko jardunaldi batzuetara gonbidatu gintuen aurkezpena egitera. Han jaso genuena ederra izan zen, jendeak esan zigun kontatu behar dela posible dela haur eskola publiko batean hori guztia aurrera eramatea eta, beraz, hementxe gaude, Hik Hasi irakurtzen dutenen bihotzera iristeko irrikaz.