Nora Salbotx Alegria, Amaiurko eskolan maistra eta hikhasitarraren iritzi artikulua.

 

Lorenzo Milani eta Barbianako eskola ekarri genituen gogora aitzineko kolaborazioan. Oraingoan, liburu ezin ederrago horretan balizko maistra bati idatzitakoetarako ikasleek berek akaberan proposatutako erantzuna dakarkigu. Horrela zioen eta horrela erran beharko omen luke liburua irakurtzearen ondorioz kontzientizatutako maistrak:

“Neska-mutil maiteak:
Ez dira, ez, maisu-maistra guztiak (liburuko) andereño hori bezalakoak, ez zaitezte, hortaz, zuek ere arrazistak izan. 
Nahiz eta ez natorren bat erraten duzuen guztiarekin, aski ongi badakit gaurko eskola ez dabilela zuzen. Soilik eskola perfektu batek botako lituzke jende berriak eta kultura ezberdinak. Alta, eskola perfektua ez da existitzen. Ez litzateke gurea, ezta zuena ere.
Hala eta guztiz ere, zuetarik maisu edo maistra izan nahi duzuenak zatozte guregana azterketa egitera. Badut hemen lankide multzo bat zuengatik begi biak ixteko prest.
Pedagogian, Gianniz (Rodariri buruz ari dira) baizik ez dizuegu galdetuko. Italiar Hizkuntza eta Literatura ikasgaian, karta eder hau (liburua bera) idazteko nola egin duzuen azal dezazuen. Geografian, nekazari ingelesen bizimodua. Historian, menditarrak lautadara lanera jaisteko arrazoien buruz. Zientzietan, aihenei buruz eta gereziak egiten dituen arbolari buruz solas eginen diguzue".

Ez zuten, ez, gisa honetako erantzunik sekula jaso. Alta, eder loratu zen haietako bakoitzarengan eskola hark ereindako hazi borrokalari justiziazalea.

XX. mende erditsu hartan, barbianatarrek arrazakeria erraten zioten hezkuntza sistemak landatarrarekiko eta pobreziarekiko zeukan begirada klasista baztertzaileari. Gaur, orain eta hemen, arrazakerien zerrenda luza genezake, aise. Eta komeniko litzateke, gainera, ariketa horren egitea, horien kontzientzia garbia izan dezagun, eskola perfekturik ez dadin izan. Zeren eta perfektutasuna izan behar badu patriarkatu neoliberal arrazistaren, merkantilismoaren, logika enpresarialen eta espainiar zein frantziar kolonizazioen maxina koipeztatzeko oliontzia, jakin gu ez ginela horretarako hezitzaile egin.

Milanik berak zioen pedagogia onaren erantzuna ez zegoela hainbertze dena delako teknikatan, metodotan zein programatan, baizik eta eskolarekiko gure jarreran, alegia, arazo sozialen eta politikoen inguruko gure kontzientziatze mailan.

Akitzeko, berriz ere, inork ez dezan erran abisatu ez nuenik: irakur ezazue Lettera a una professoressa, otoi.