Nora Salbotx Alegria, Amaiurko eskolan maistraren iritzi artikulua.
Lorenzo Milanik zioen hitza dela norberaren barrualdearen eta kanpoaldearen artean dagoen ataria. Nolabaiteko atalasea dela, balio lukeena gure baitan gertatzen, sortzen, pentsatzen eta sentitzen direnak espazio publikorat jendarteratu ahal izateko. Eta horregatik zela hain garrantzitsua hitza ongi ezagutzea, erabiltzen jakitea. Are urte luzez hitzerako gaitasun eta eskubidea bera ebatsi izan zaien kolektiboez ari bazen, Barbianako hartan kasu, non landatartasuna, haurtzaroa eta orotariko pobrezien ondoriozko menderakuntzen intersekzioan kokatzen baitzen alienazioaren kontrako borroka pedagogikoa. Baita zapalketa horietan sakontzeko baizik pentsatua ez zegoen hezkuntza sistema baten testuinguruari kontra egitean, halaxe ari baitziren bertan.
Kontuan da, Milanirenean garbi zela guregan hezurmamitzen den ni pribatu eta ni publikoaren arteko mugak lausotzeko tresna badela hitza, hitz kritiko ahaldundua, erran nahi baita. Antolakuntzan kolektibo eginen zen hitzaz ziharduten, adibidez, eskolako ikasle zen Silvanok, eskola itxi eta zenbait urte geroago adierazi gisan: “Hitza arma baten modukoa da (...) patroiari aitzin egiteko eta klase agintariaren kontra eta langileen alde borrokatzeko baliatu izan dugu gerora eskola hartan jasotako hizkuntzaren inguruko ikaskuntza guztia”. Edota Fiorettaren erranetan, arbola guztiei arbola deitzen dien eskolaren hutsala agerian utziz hiritar pentsamoldeko eta naturaz aldendutako hezkuntza sistema ofizialaren kari.
Testuliburutarako prentsa zeukan eskola hartan, non berri bera egunkari desberdinetan nola ematen zen ikusi eta batetik bertzerako aldearen zergatia aztertzen baitzen, aukeratzen jakitea zen helburua. Aukeratzen jakin norentzako nahiko luketen lan egin etorkizunean, aukeratzen jakin zein ideia politiko nahiago zituzten, zein balio errespetatu eta zein ez. Hori egin ezean “hezkuntzak ez du deuserako balio, sinpleki datu saldo bat lirateke eskolak, datu zerrenda hutsak. Eta horrek ez du fitsik ere balio ez bazaio ikasitakoari zentzu sakonago bat ematen”.
Pasolinik errana da sekula ez zuela sentitu liburu hau irakurtzeko gomendioa egin izan zuenetan bezainbertzeko gogoberotasuna. Niri bertze hainbertze gertatzen zait: irakurri ezazue, otoi.