GORPUTZETIK IDATZITAKO POEMAK BILDU DITU IONE GOROSTARZUK BERE BIGARREN LIBURUAN: ‘EZ DA ERDITZEA’ (ELKAR). AMATASUNAK ELKARLOTZEN DITU MAITASUNARI, ERRUARI EDOTA HAZIERARI BURUZKO POEMAK. EGIATIK ASKO DUTEN POEMAK DIRA, AMATASUNAREN ERTZ GUZTIAK UKITZERA DATOZENAK.

“Ez da erditzea / bikoiztea da”. Horra Ione Gorostarzuren (Berastegi, Gipuzkoa, 1984) poemetako egia bat. Hona beste bat: “ez garelako aske izango / amak errundako errua / errotik erauzi arte”. Ez alde iluna, gutxiago alde arrosa, amatasunaren ertz asko ageri dira arnas luzez idatzitako poema hauetan.

“Mundua amaz betea dago”, diozu poema batean; “321.000 emakume erditu dira munduan gaur (...) baina gaur ni naiz”; “Dena hitz egin da dagoeneko / kontrakzioez, errezil sagarrez / eta Habanaz”. Dena esana dago, baina zuk zure bigarren poemarioan, amatasunaz idazteko premia zenuen. Edo, idazteko premia zenuen amatasunean? 
Bigarren hau izan dut, amatasunean idazteko premia. Ama izandakoan ama paper berri horrek espazio handia hartu dit, bai denboran eta baita nire gorputzean ere. Hor nire lehengo nia berriz bilatu beharra izan dut eta konturatu naiz idatzi egin nahi nuela.

Amatasunaz idaztea ez da izan pentsatutako hautu bat, baizik eta momentu horretan, ni ama izanik, paper horrek nire bizitzan esan nahi duen guztiagatik, hortik idatzi dut. Momentu horretako nire kezka, ikuspuntu eta bizipen guztiak, nahitaez, amatasunetik ikusi ditudalako.

Nola irudikatu behar zaitugu, erdi-tze ostean, haurra bularrean eta esku batekin idazten? Ala, pausatuagoa izan da idazketa?
Ez, pausatuagoa izan da, oso pausatua. Badaude haurdun geratu nin-tzenetik hasi eta orain gutxi arteko poemak. Oso une-instante txikietan idatzitako poemak izan dira, ideia etorri eta momentuan idatziak, eta lanketa kontzientea, ordenagailuaren aurrean jarrita, azken denboran egin dut.

Esan dezake norbaitek, “dena esana baldin badago, beste liburu bat gehiago amatasunaz?” 
Bai, dena esana dago, baina nik ez dut esan. Eta idaztea, azken batean, berridaztea dela uste dut. Zure gorpu-tzean gertatzen zaizkizunean, nahiz eta beste mundu erdiari gertaturiko esperientziak izan, zuretzako dena berria da eta mundua iraultzen zaizu amatasunarekin. Nik nire esperientzia propioa idatzi dut.

Ana Urkiza idazleak aspaldi batean esan zuen zuk diozun hori, mundu erdia ama izanik ere norbera ama denean, mundu berri bat deskubritu behar duela bakoitzak. Transmisio eten bat dago, literaturak ere ez du behar beste transmititu, amak dira transmititu ez dutenak... Zergatik dago halako eten hau? 
Bai, kuriosoa da, ze denok dugu ama bat, eta esan duzun bezala, ia mundu erdia da ama. Lehenengo aldiz gorputz bat besterendua sentitu dut, hau da, nire gorputzaren funtzioa beste bat haztea zela; besterendu hitzarekin definitzen dut hori liburuan. Horrez gain, amaren irudi asko eman zaizkigu, neurri handi batean presio handia jartzen dutenak emakumeongan. Seme-alabengatik dena emango duen ama horren irudiaz ari naiz, ama ahalguztidun horren paperaz... Eta gero, ama zarenean ohartzen zara lehengo beldur, lehengo nahi eta desio berekoi guztiekin bihurtzen zarela ama, eta ahalguztiduntasun hori non topatzen duzu? Lehengo pertsona izaten jarraitzen duzu betebehar handi berri batzuekin.

Gorputza aipatu duzu. Liburuan zehar oso presente dago gorputza. Orain asko hitz egiten da bertsolari-tza eta gorputzaz, baina poetak, nahi balu, gorputzik gabe idatz lezake, ez dago zertan presente egon poetaren gorputza poemetan. Zure liburuan oso presente dago gorputza.
Bai. Gorputzetik idatziriko liburua da guztiz, nire gorputzetik eta beste gorputzekiko harremanetatik. Gorputz hutsa ez izateagatik gorputza ukatzeko arriskua dago, eta nik kontzienteki ez dut ukatu nahi izan gorputz hori. Poema batzuetan oso ikuspuntu primarioa ager daiteke, gorpuztasunari oso lotua. Animaliak ere sartu ditut, gertaerak, azken batean, gorputzaren bidez jaso ditudalako eta gorputzean sentitu ditudalako, eta behar hori izan dut.

Baina ez da edozein gorputz, erditu den gorputz bat da. Erditu den gorputz batek idazketa-gai gehiago ematen dizu?
Izan daiteke, ze nik gorputza ere berriz deskubritu beharra izan dut. Sentsazio berriak izan ditut, eta nolazbait ere, harreman berria eraiki beharra izan dut gorputzarekin. Umea erditu berritan edozeinek galdetzen dizu bularra ematen al diozun, edo zu bularra ematen ari zarenean edozein gerturatzen zaizu, tripa edozeinek ukitzen dizu haurdun zaudenean... Nire gorputzean publikotasunaren eta pribatutasunaren arteko mugak lausotu egin dira, eta batzuetan muga horiek aldarrikatzeko beharra izan dut. Beste batzuetan, adibidez, bularra ematerakoan, jendearen aurrean bietatik sentitu dut: batetik, jendea gehiegi gerturatzea eta, bestetik ere, pudorea sumatu dut haur bat elika-
tzeko bularra ikustean. Honek guztiak ekarri dit neure gorputza berriro deskubritu beharra.

Askotan aipatzen duzu baita ere, norbere gorputza ez errekonozi-tzea: “bat-batean / arrotz bezain etsai ageri zait / nirekin daramadan gorputz hau”. Beste poema batean honakoa diozu: “higuina ematen dit ustez jario behar zaidan animaliatasunak... /...sentitutako amorrazioak erakutsi dit berreskuratu dudala nire gorputza”. Emakume askori gerta-tzen zaie haurdunaldian edo erdi-tze ostean ez dutela euren gorputza errekonozitzen, baina oraindik ere ez ote da gai tabu bat?
Haurdunaldiko lehenengo hilabeteetan —poema batean ere esaten dut: “nire kezkak nireak bakarrik dira oraindik”­— ez nuen pentsamenduari loturiko kezkarik izan, gehiago ziren gorputzari loturikoak, goragalea, ildaxkak, nekea... Nire gorputzean gertatu zaidan aldaketarik handiena haurdunaldiak ekarri dit, eta kosta egin zitzaidan sentimendu horri buelta ematea.

Galderarekin loturik, desiragarri izateari uzten dion gorputz bat ageri da liburuan. Dolua zeharkatu behar da? 
Nik, pertsonalki, bai. Nire gorputza amatasunera arte plazer iturri izan zena bat-batean elikadura-iturri ikusteak, besarkada-iturri edota zaintza-iturri gisa ikusteak, beste helburu batzuetarako bitarteko edo baliabide bihurtu izanak, gorputzaren inguruan hausnarketa handiak eragin dizkit.

Beste tabu bat: Bi semeen erditzeak kontatu dituzu, baina erditze horietatik etorririko poemak, idazketa pausatukoak bistan da, ez dira idilikoak. Hor diozu, adibidez, gerora ikasi zenuela semeak maitatzen. Seme-alabekiko maitasuna ez da beti promesten zaigun bezain bat-batekoa? 
Bakoitzak bere erara biziko du, baina ni haurdun gelditu nintzenean asko irakurri nuen haziera naturalaren inguruan eta atxikimenduzko hazieraren inguruan. Sentitu nuen nik politikoki neure burua behartzen nuela animaliatasun hori, sen hori, ugaztuntasun hori bizitzera, umea gainean eramateko behar hori, bularra nahieran emateko behar hori ezartzen nion neure buruari, eta kosta egin zitzaidan ikustea ni neu ari nintzela neure burua behartzen nik ideologikoki sentitu nahi nituen sentimendu batzuetara, ustez identifikatzen nintzelako lerro horrekin. Asko hitz egiten da animalia garela, eta irakurririk erabat ados nago hain interesgarria iruditzen zaidan ildo horrekin. Baina nire gorputzean ez nuen hala sentitzen, gai nintzen ume jaioberria uzteko, ez neukan gainean eraman behar hori, gai nintzen karroan utzi eta lasai egoteko... eta kosta egin zait jarrera hori neure buruari baimentzea.

Bigarren semea uste baino lehenago jaio zen, eta neonatologian ingresaturik egon zen denbora batez, hasieratik kendu zidaten umea eta oso kontaktu gutxi izan nuen berarekin. Momentu hartan maitasuna ez, nik betebeharra sentitzen nuen, ondo egon beharra, indarra edukitzea, nire puntu eta guzti hara joan eta egon, eguna pasatzen nuen esnea atera, kotxea hartu, gidatu, erresidentziara joan eta esnea ematen beste semea etxean utzirik. Momentu horretan sentimenduak desagertarazi egin nizkion neure buruari. Ez zen izan ez negar asko, ez pozik; efikazia izan zen. Gerora eraiki genuen maitasuna.

Maitasunaren eraikuntza diozu. Poemarioko beste gai potolo bat da maitasuna. Baina ez da maitasun inkondizionala, baizik eta maitasunaren ikuspegi oso politikoa agertzen duzu, maitasuna arautzeaz hitz egiten duzu. Zergatik zenuen hainbeste puntualizatu beharra maitasuna, bai bikotekidearekiko maitasuna, bai seme-alabekiko maitasuna...
Iruditzen zaidalako maitasunaren izenean gehiegitxo eskatzen zaigula emakumeoi. Liburua Mari Luz Estebanen poema batekin hasten da: maitasuna ez dela aski esaten duena. Nik hori bai sentitu dut, bikote batean maitasuna ez da aski; familian maitasuna ez da aski; nik ama bezala ere maitasuna ez dut aski izango. Giza harremanetan arauak behar dira, espazioak behar dira eta besteen askatasuna ere onartu behar da. Maitasuna tartean izanda ere, erlazioak ez baldin badira arautzen, ez baldin badira eraikitzen bataren eta bestearen premiak asez, hori kaltegarria izan daitekeela uste dut. Ama izanda kontzienteki lan hori egin nahi dut, maitasunaren izenean ezin dudalako nire seme-alaben askatasuna mugatu eta beraiek ere ez nirea. Alaba bezala —edo seme-alaba bezala— ere karga handia jartzen dizu amaren maitasun ustez inkondizionalak.

Karga horri loturik ageri da errua. 
Errua ere landu dut; seme-alabengatik dena ematen duen ama horrek —agian, gainera, besterik ez duelako ikusi eta inork galdetu ez diolako dena eman nahi al zuen—, nire kasuan alaba bezala, erru sentimendu bat eman dit, norbaiti bere bizitzako beste arlo, aspirazio, amets eta nahi guztiak kendu izan banizkio bezala. Baina, era berean, erosotasuna eman dit. Landu nahi dudana da nik gaur edo bihar ez leporatzea seme-alabei ‘nik dena eman nuen zuengatik’. Ez diet trukean zerbait eskatu nahi eta ez ditut zorretan utzi nahi.

Etengabe ikuspegi feminista bat ageri da, maitasunaz ari zarenean, baina, oro har, amatasunaz ari zarenean. Ahalegin hori bazegoen?
Lehenik eta behin ahalegin pertsonal eta indibiduala dago atzean, nire mundu berri hau eraikitzeko egindako ahalegin bat izan da; gero konpartitu egin nahi izan dut. Dena ez da entrega, dena ez da ematea... ama irudi hori erlatibizatu eta letra txikitara ekarri nahi izan dut, ikuspegi feministatik.

Ahizpatasuna ere ikusten da. Honela diozu poema batean: “gainerako emakumeak etsaitzat hartuta / iritsi da amatasunera (...) badaki norbaitengan bilatzekotan noizbait bere ezinen errudun egin zituen horiengan guztiengan bilatu behar duela / babesa eta heldulekua”. Ahizpatasunak zer garrantzia du amentzako?
Egia esan, ahizpatasuna kontzeptualki deskubrimendu bat izan da, nahiz eta esperientzia betidanik bizi izan. Kontzeptua, horretaz irakurtzea eta hausnartzea, oso askatzailea izan da, eta ohartzen zara gizarte matxista honek emakumeok emakumeon aurka jartzen gaituela, eta emakumeok emakumeon lehiakide bihur-tzen gaituela.

Amatasunean guztiz beharrezkoa da ahizpatasuna. Ama izateko modu desberdinak daude, hasi oso oinarriz-koak diren gauzetatik (biberoia/titia bezala), handiagoetara, eta egiteko modu desberdinak juizio gabe errespetatzen hasiz, uste dut oso beharrezkoa dela ahizpatasuna. Dena den, ahizpatasuna gehiago landu nahi dudan gaia da.

Poema ia guztiak elkarlotzen dituen oinarria amatasuna da, baina askotan alabatasunetik idazten diozu amari: “baginatik atera ez nintzen umea naiz, ama (...) orain ahizpak gara ama”.
Norbera ama izaten denean bere ispilu edo gertukoen norbere ama du. Nire kasuan borroka handiak eragin dizkit nik, alaba bezala, nola bizi izan dudan nire amaren papera. Nik, ama bezala, ustez, beste ama eredu bat aukeratu dut, baina aldi berean elikatu dut nire amaren guztia ematen duen ama papera, nire semeen zaintza berari eskatuz, eta horrek min handia egiten dit, eta lanketa handia egin beharra izan dut. Ibilbide honen guztiaren bukaeran ahizpatasun batera iritsi naiz amarekiko, nolabait ulertze bat inork ez ziola galdetu nolako ama izan nahi zuen, eta nahiz eta ez diodan arrazoirik emango gauza guztietan, halako bake batean bukatu dut liburua eta prozesua.

Amaren heriotzarekin ixten duzu liburua, eta baduzu beste poema bat, esanaz, egunero hil behar dugula ama. Zergatik hil behar dugu ama?
Bai, poetaren heriotzarekin amaitu nahi izan dut liburua. Maiuskulako AMA kontzeptu hori egunero hil behar dugula uste dut, oso presente baitaukagu eta presio handia da nolako ama izan behar dugun. Askatu egin nahi dut emakumea AMA maiuskula horretatik.

Hazierari buruzko poemaren bat edo beste ere badago, zeure haurtzaroari begiratuz. Biolentzia handia darion poema bat nabarmenduko genuke: “nire helduleku bakarra zen ni baino okerrago / besteren bat hartzea [irakasleak]”.
Zorionez aldatzen ari dira gauzak, eta gaur egun guraso elkarte batek ez luke onartuko umeak negarrez ateratzea dantzatik, baina tamalez nik hori bizi izan dut. Ni ama bezala besterendua sentitu izan naiz batzuetan, dena emateaz hausnartu dut, baina era berean, kontziente izan behar dut, heldua naizen momentutik, ze boterea daukadan seme-alabengan. Helduok ikaragarrizko ardura dugu botere hori ongi erabiltzeko. Haur baten begietan jarri nahi izan dut zer-nolako kaltea egin diezaiokeen helduak, kasu honetan irakasle batek, eta ze bakarrik sentitzen den ume hori. Batetik helduen boterea islatu nahi izan dut hitzetan, esaldien bidez nola marka-tzen dugun haurra, nola erakusten diegun kolpeka kolpeka halakoa edo honelakoa izaten, eta askotan ez gara kontziente daukagun botereaz. Bestetik, poema askotan emakume izateagatik jasotako mezuak ageri dira, nolako emakumea izan behar dugun etengabe gogorarazten digute, ez geldiegia baina hanka urratu gabe ibiliko dena, gustagarria... bi prisma horietatik lantzen saiatu naiz haurtzaroa.