Karmele Jaio, Maitasun kapitala liburuaren idazleari elkarrizketa.
Maitasun erromantikoa disekzionatu du Karmele Jaiok Maitasun kapitala liburuan eta aurreko liburuekin baino are feed back handiagoa jaso du protagonistak bizi izandako minarekin bat egin duten irakurleengandik.
Olga protagonista, unibertsitateko irakasle kontzientziaduna bera, bere maitale izandako Martinen hiletan dago, pentsatuz Martinen beste zenbat maitale ote dauden eliza horretan bertan. Eszena horrekin hasten da Maitasun kapitala. Amaren eskuak eta Aitaren etxea nobelen egileak mikroindarkeriaz betetako liburua idatzi du.
Azkeneko liburutik hasita, zure liburuko protagonista ez da ama, eta gainera, behin baino gehiagotan nabarmentzen da ama ez izatea “lortu" duela, hori bera borroka bat izango balitz bezala. Maitasunaren eredu erromantiko hegemonikoa zalantzan jartzera datorren liburuko protagonistak zergatik ez zuen ama izan behar?
Ama ez izateak atzean erresistentzia edo borroka bat du. Pertsonaiak erakusten du ez dela emakumeoi agindu zaizkigun bide guztietatik igaro, borroka egin du eta kontzientzia dauka eta tentsio horrek markatzen du nolako pertsonaia den. Irakurleak pertsonaia horren kontraesanak ikus ditzan nahi nuen eta, horretarako, askoz mingarriagoa da kontzientzia duen emakume bati gertatzea emakume honi maitasunarekin gertatu zaiona. Kontzientziaz gain, formazioa dauka, irakaslea da eta maitasunean gertatu zaiona, beraz, ahaldunduta dagoen emakume bati gertatu zaio. Emakumeon artean kontraesan handi bat dagoela iruditzen zait maitasunaren gaian, jaso dugun hezkuntza emozionalagatik eta sentimentalagatik. Hor arakatu nahi nuen eta protagonista ama ez izatearen arrazoia, bereziki, hori da.
Liburuak badu pedagogiatik, emakumeoi arteek, komunikabideek eta bizitzak erakutsi diguten maitasun eredua “disekzionatzeko” helburua ageri da. Andre irakurleei mezuren bat emateko gogoa al zenuen idazteko abiapuntuan?
Zaila egiten zait mezuetan pentsatzea. Idazten dudanean ez daukat mezu bat bidaltzeko asmorik, beste kontu bat da irakurle bakoitzak ikusten duenaren arabera erretratu bat egitea gero. Bakoitzak bere ondorioak ateratzen ditu nik idatzi ditudan harreman horiei buruz. Irakurle bakoitzak bere motxilarekin eta bere esperientziarekin irakurriko du liburua. Emakumeek, kasu askotan, gertatu zaienaren ispilu moduan jasoko dute liburukoa —eta badakit hala jaso dutela, jaso ditudan mezuak kontuan izanda—, eta nik uste dut esperientzia partekatzeak indarra ematen diela. Maitasunaren eta sexuaren esperientzia oso eremu isolatuan gertatzen da eta liburuak eremu isolatu horretatik irteteko eta beste batzuekin partekatzeko aukera ematen du. Liburuan adiskidetasuna eta, bereziki, emakumeen arteko adiskidetasuna zein garrantzitsua den adierazi nahi da. Berez ez nuen mezu bat bidaltzeko asmoarekin idatzi, baina pentsatzen dut emakumeek mezu hori jasoko dutela. Gizonek, aldiz, beste aldea ikusi dute liburuarekin: “Hau existitzen da”, harremana beste aldetik ikusteko aukera dute, gizonaren jarrera zer-nolakoa den eta gizonek jaso duten maitasunari buruzko heziketa eredua zer- nolakoa den ere ikusi ahal izan dute. Maitasunean non kokatu erakutsi zaie gizonezkoei, maitasuna ez dadin euren bizitzako erdigune izan, zati bat soilik; maitasuna, gizonen kasuan, ez da emakumeoi erakutsi zaigun moduan dena zipriztintzen duen hori; gizonei maitasunetik defenditzen erakutsi diete. Hor ere ispilu moduko bat aurkituko dute, “nik nola ikasi dut maitatzen? Nik nola maitatzen dut?”, galdetuko diote irakurle gizonezko askok euren buruari.
Irakurleak oso astinduta gelditu dira liburuarekin, ezta? Zer-nolako feedbacka ari zara jasotzen?
Aurreko liburuekin ere beti jaso izan dut feedbacka, baina honetan zerbait berezia ari naiz nabaritzen. Ez didate idazten liburua asko gustatu zaiela esateko soilik, ez, mezu intimoak jaso ditut: “Nik ere Martin bat izan dut bizitzan”; min handia ikusi dut, eta, esateko moduengatik iruditzen zait, min horiek konpartitu gabeak izan direla. Liburuko gauza batzuekin mina sentitu dute irakurleek, baina, era berean, sentitu dute “ez naiz ni hori gertatu zaion bakarra”. Gizonek ere bidali dizkidate mezuak, eta batzuek onartu dute “ni ere pixka bat Martin izan naiz”. Bestearen aldea eta bestearen mina ikusteak ukituta utzi ditu gizonezko irakurle horiek.
Aitaren etxea liburuari ere generoaz hausnarrarazteko motibazioa ikusten zaio. Ekar dezakeen astinaldiaz jabetuta idazten al duzu?
Ez, idazten dugunean norbaiti zerbait kontatu nahi diogula daukagu presente. Idazten dugunean gu gara gai hori arakatu nahi dugunak, lanbrotuta ikusten dugulako eta geure buruari esplikatu nahi diogulako gai hori. Sormen lanak alde emozionala dauka eta alde arrazionalean baldin bazaude, murriztu egiten da sormena; ezin dugu, beraz, guk idatzitakoak jendearengan izango dituen ondorioetan pentsatu. Sormena bilaketa bat da. Liburuak idatzi ondoren argiago izaten ditut gauzak. Nire helburua ez da izaten inor gai baten inguruan konbentzitzea.
“Generoarena eta berdintasun ezarena oso kezka handia da, leku guztietan dagoenez eta gure bizitzan hain eragin handia duenez, etengabe agertzen zait.”
Amaren eskuak, Aitaren etxea… Zerk eman dizu idazteko material gehiago amatasunak ala alabatasunak? Egunkarietako zutabeetan Karmele Jaio amaren presentzia handiagoa dago liburuetan, baino, ezta?
Agian ama presenteago dago zutabeetan liburuetan baino, orain ari naiz horretaz konturatzen. Liburuetan alaba dago gehiago bai, alaba gurasoei oraindik goruntz begira, gehiago arakatzen dudalako oraindik alabaren begiradatik. Sormen lanak horrelako gauzak ditu, eta ezin dugu haien zergatia azaldu. Asko interesatzen zait familiaren gaia eta familiaren instituzioak gure bizitzan duen eragina, gure lehen eskola baita familia, eta eragin handia baitu. Belaunaldiz belaunaldi hainbat mezu eta hainbat balio transmititzen doaz familian eta horregatik agertzen da hainbeste nire liburuetan. Nire gaietako bat inkomunikazioa da beti eta familietan sortzen diren isiltasun eta inkomunikazio horiek asko interesatzen zaizkit.
Aitaren etxea liburuan gizon batek bere bizitzan generoak duen eraginaz kontzientzia hartzen du eta, hortik abiatuta, maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduen gainean egin zenuen gogoeta. Zure literaturaren helburuetako bat generoaz hausnarraraztea dela esan liteke?
Helburua baino gehiago, kezka bat dela esango nuke. Idazten aurrera noan heinean konturatzen naiz zeri buruz hitz egin nahi dudan. Generoarena eta berdintasun ezarena oso kezka handia da, leku guztietan dagoenez eta gure bizitzan hain eragin handia duenez, etengabe agertzen zait, nire bizitzan, besteen bizitzetan bezala, eragin handia duelako.
Emakumeek gehiago irakurtzen dute, hala ere, gizonek idatzitako liburuek jarraitzen dute “giza gaiei buruzkoak” izaten, eta emakumeek idatzitakoak aldiz, “gai emeei buruzkoak”, zuri esan izan dizuten moduan. Nabaritu al duzu horri buelta ematen ari garenik emakume idazleok ahaldundu zaretenik?
Uste dut aldaketa bat egon dela, emakumeek idatzitako literaturak bultzatuta. Sortu diren obren kalitateagatik etorri da aldaketa. Oraindik ere emakumeekin harremana dauten gaiak ez dira hain garrantzitsutzat hartzen beste gai batzuen aldean. Zenbait irakurlek garrantzi handiagoa eman diote nire aurreko liburuari, gizonei buruz ari nintzelako, hau da, gauza inportante bati buruz ari nintzelako. Emakumeen maitasunari buruz idaztea, oraindik ere, askorentzat “emakumeen gaia” da. Badago erresistentzia gai batzuei garrantzia eta balioa emateko eta hau izan daiteke horietako bat: emakumeen maitasuna. Baina ez da orain dela 15 urte bezain agerikoa; eman ditugu pausoak, nik uste dut baietz. Hala ere, oraindik gizon batzuek askotan emakumeei buruz hitz egitean topiko bat erabiltzen dute, emakumeen mundua misterio bat dela esaten dute, “gizonek ez dakigu hor zer gertatzen den”... Hor egon ez dago misteriorik, hor interes falta dago; gizon askok ez dute ezer jakin nahi emakumeekin harremana izan dezaketen gaiei buruz eta ez dute emakumeek idatzitako ezer irakurri nahi.
Zuri entzunda, idazle emakumezkoak ahaldundu zaretela ikusten da, baina ez dakit irakurleak maila berean ahaldundu diren.
Ez dakit. Generoaren eragina bizitzako arlo guztietan nabaritzen da eta ikusten da eta, beraz, irakurzaletasunean ere eragina du. Irakurle klubetan argi ikusten da: hamar emakumezko daude eta gizonezkoa bakarra, eta gizonezko horrek nabarmen gehiago hitz egiten du. Oraindik ere emakumeoi geure iritzia ematea kosta egiten zaigu, ikasi dugulako gure iritzia ez dela hain garrantzitsua.
Nolako ume irakurlea zinen? Etxetik etorri al zitzaizun irakurtzeko eta idazteko zaletasuna?
Beti gustatu izan zaizkit letrak. Nire etxea ez da bereziki liburuz betea egon. Amak txikitatik ipuinak irakurtzen zizkidan eta beti gustatu izan zait; hortik dator idaztearena. Baina ez da izan herentzia moduan jaso dudan zerbait, baizik eta nik neuk poliki-poliki deskubritu dudana, txikitatik gustatu izan zaidalako.