Orain maitasuna bueltan jasotzeko garaia iritsi zaie Pirritx, Porrotx eta Marimototsi.
Urte hauetan guztietan eman duten maitasunaren amiñi bat jasoko dute BECen. Amelia Barquin, Amets Arzallus, Anabel Arraiza, Ane Labaka, Joanes Echeveste, Josu Martinez, Kike Amonarriz eta Maite Mutuberriaren iritziz, Euskal Herria ez litzateke berdina izango Katxiporretako pailazoak izan ez balira.
Euskaraz alaitasuna zabaltzea. Joxe Mari Agirretxek eta Agustin Mujikak aurpegiak margotzen eta zapata handiak janzten hasi zirenean horixe zuten abiapuntuko helburu, ez gehiago… baina ezta gutxiago ere. Kaleko giroa eta ikastetxe ugaritakoa erdarazkoa zen garai haietan, 80ko hamarkadaren hastapenetan, eta haurrak euskalduntzeko ekarpen bat egin nahian esketx barregarriak egiten hasi ziren han-hemenka… Agirretxe Magisteritza ikasi berria zen orduan eta Porrotx bilakatu zen, eta Mujika, irakaslea zen eta Takolo bihurtu zen eta gero eta toki gehiagotatik hasi zitzaizkien deika, herriko festetara edo ikastetxeetara, afari baten truke edo baita musutruk ere, haurrak alaitzera joan zitezen. Handik gutxira Patxi Sanz Pirrutx (hura ere irakaslea) batu zitzaien taldera. Pailazo klasikoen ganberrokeriak egiten zituzten, baina euskaraz, eta Imanol Urbietaren kantuak kantatzen zituzten.
Garai hartan Takolo, Pirrutx eta Porrotx ezagutzen zituen Euskal Herriko ume bakarra izango nintzen. Harritu egin omen ziren haur batek ezagutzen zituelako!
Josu Martinez, zinemagilea eta EHUko irakaslea
Garai hartan ezagutu zituen Josu Martinezek, 5 bat urte zituela, Bilbon. Gaur egun zinemagile eta unibertsitateko irakasle denak pailazoen lehen fan-etako bat izan zela esan dezake: “Garai hartan Takolo, Pirrutx eta Porrotx ezagutzen zituen Euskal Herriko ume bakarra izango nintzen. Marrazki bana egin nien eta saioa amaitu ostean, aldageletara joan nintzen aitarekin eta marrazkiak eman nizkien. Harritu egin omen ziren haur batek ezagutzen zituelako! Argazki bat egin genuen elkarrekin eta argazki hori, oraindik ere, nire gurasoen etxeko logelan dago. Gero, haurtzaro osoan zehar, gutunak idazten nizkien, eta asko maitatu nituen”. Handik urte batzuetara, Martinez Gara egunkarian kazetaritzako ikasketetako praktikak egiten ari zela, Porrotxi deitu zion erreportaje baterako: “Neure burua aurkeztu orduko, nik egindako marrazkia etxean zeukala esan zidan”. Maitasun handiz hitz egiten du Martinezek pailazoei buruz. “Mundu guztiarekin bezala, oso maitagarriak izan dira nirekin”.
Joan zen Pirrutx eta Pirritx sartu zen gero, 1994an. Hainbat urtez Ainhoa Beristainek bete zuen rol hori, Aiora Zulaika 1998an taldera batu zen arte. Urteak egingo zituzten gero Takolo, Pirritx eta Porrotx moduan, lehena pailazo serioa zen eta beste biak bihurrikeriak egingo zituzten sudurgorriak. Baserrian, Plisti-Plasta eta Parrandan ikuskizun arrakastatsuen sasoia izan zen. Harik eta 2004 urtean Takolok taldea utzi zuen arte. Bi urtez Pirritx eta Porrotx bikote moduan ibili ostean, Mertxe Rodriguez Marimotots iritsi zen hirukotea osatzeko, 2006 urtean eta irribarreak marrazten eta euskara zabaltzen jarraitu zuten, gaurdaino. Orain Martinezen semeak dira pailazoei marrazkiak egiten dizkietenak: “Duela urte batzuk Porrotx Baigorrira etorri zen eta Xan semeak marrazkia egin nahi izan zion. Marrazkia eman zion eta argazkia atera genuen. Nik txikitan nien miresmen berberarekin begiratzen zion”.
Martinezen biografian bezala, Euskal Herriko familia asko eta askoren biografiako parte eta bereziki soinu banda izan dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Ane Labaka bertsolari lasartearraren kasua zinemagilearen antzekoa da: “Nire haurtzaroa estuki lotuta egon da pailazoei, herrian bertan. Batez ere, jolasa, umorea, gozamena eta ondo pasatzea euskaraz egiteko aukera bat izan da, berez hain euskalduna ez zen eremu batean. Eta haien bidez, hori modu natural batean bizi izan genuen”. Orain, Martinezen moduan, gurasotasunetik miresten ditu pailazoak. Bien antzera, gurasotasunean helduleku garrantzitsuak izan dira pailazoak Euskal Herri osoko milaka familiarentzat, baita Amelia Barquin HUHEZIko irakaslearentzat ere: “Ez naiz oso originala izango azaltzen badut nire alaben haurtzaroa ez zela berdina izango Pirritx, Porrotx eta Marimotots existitu ez balira. Eta nire amatasuna ere ez. Hori da familia askoren esperientzia, argi dago”. Euren kasuan, Gasteizen hazi dituzte umeak: “Oso euskalduna ez zen hiri batean gure ahalegina beti izan zen euskara ahalik eta gehien eskaintzea. Etxeko eta eskolako hizkuntza bazen, baina bagenekien hori ez zela nahikoa eta laguntza behar genuen: abestiak, pelikulak, ikuskizunak… Pirritx, Porrotx eta Marimotots gure aliatuak izan ziren. Euskaratik harago, oso dibertigarriak ziren, oso jatorrak, eta balio ederren igorleak. Dena batera, zoragarriak”.
Kike Amonarriz soziolinguista eta umoregilearentzat ere aliatuak izan dira pailazoak euren alaben hazieran: “Esango nuke gure alaben haurtzaroko parte izan direla hasiera-hasieratik. Eta, beraz, gure familiaren historiaren parte. Emanaldi askotan izan gara eta haien abestiak maiz entzun eta abestu izan ditugu... Eta oso gogoan dut zein izan zen gure alaba gazteenarekin ikusi nituen azken aldia, Asteasuko pilotalekuan, 2008ko otsailean”. Behin alabak hazita, soziolinguistak pentsatzen zuen Asteasukoa izango zela pailazoak aktuatzen ikusiko zituen azken aldia; “baina, bai zera! Ezinezkoa izan zait pailazoengandik urruntzea. Izan ere, duela lau urte, berriro ere hasi gara bilobekin haien ikuskizunetara joaten. Beraz, hiru belaunaldi batu gaituzte haien inguruan.”
Anabel Arraiza aktore eta aurkezleak amatasunean erabat murgildurik zegoenean ikusi eta entzun ez ezik, pailazoekin lan egiteko aukera izan zuen Ane pirata bihurtuz eta barnetik ezagutu zuen Katxiporretakoen mundua: “Seme-alabek 7-5-3 urte zituzten pailazoekin hasi nintzenean. Batetik, jorratzen genituen gaiekin bete-betean murgiltzeko parada nuen eta oso lagungarri izan zait hazkuntza eta hezkuntza prozesuan. Eta, bestetik, kontziliazio kontuak zirela eta askotan ‘eraman behar’ izan ditut nirekin bai ikuskizunetara zein bestelako ekimenetara. Egoera ezberdin asko ezagutu dituzte era pertsonalean eta oso aberasgarria izan da”.
Dena ez da barrea
Dena, ordea, ez da barrea izan 37. urteko ibilbide honetan. Pailazoek euskal presoekiko edo beste gai soziopolitiko batzuekiko sentiberatasuna adierazi izanagatik, boikota eta zentsura bizi izan dituzte hainbat eta hainbat aldiz. 2001ean hasi ziren zentsura pairatzen, eta urte hartan 20 emanaldi zentsuratu zizkieten eta hurrengo urtean ere ikuskizunak kontratatzeko asmoa zuten elkarte ugarik, presioen ondorioz, ez egitea erabaki zuten. Euskal Telebistan ere zentsuratuak izan ziren PPko Carlos Urkijok haien kontra egin ondotik, eta gaurdaino 2020an bertan ere Iruñean eta Lizarran, adibidez, hainbat ikuskizun egitea galarazi zien UPN alderdiak. Ordainetan ordea, euskal jendartearen eta bereziki sortzaileen babesa, maitasuna eta zentsurarekiko kritika irmoa jaso dute pailazoek.
Umore hezitzailea
Umoreaz eta euskaraz gain, pailazoek transmitituriko balioak gogoratzen ditu Joanes Echeveste Pontx pailazoak, bere bizitzan hain garrantzitsu izan diren erreferentziak gogora ekartzean: “Nik Katxiporreta taldea, beste askok bezala, bidelagun izan dut haurtzaroan. Haien abestiekin eta ikuskizunekin gauza asko ikasi ditut. Euskal Herria edo mundua beste perspektiba batetik ikusteko aukera eman didate. Lan ugari gogoratzen ditut eta oroitzen dut saioetan transmititzen zituzten mezuak aplikatzen saiatzen nintzela; kutsadura murrizteko kontzientzia, ondokoari harrera emateko prestutasuna, edo beste hainbat baliorekin hezteko aukera eman didate; haur askoren heziketaren parte izan direla errango nuke”.
Pontxek dioen moduan, hasi eta gutxira jabetu ziren pailazoak haurren eredu zirela, eta haurrek haiek egindakoak eta esandakoak imitatzen zituztela. Orduan, gero eta ganberrokeria gutxiago eta gero eta gizarte gai gehiago hasi ziren lantzen euren ikuskizunetan, beti ere euskaratik eta umoretik. 2001ean Nikaraguako Somoto herrian dagoen haurren harrera zentrora egindako bisita mugarria izan zen pailazoen ibilbidean. Itzulitakoan Aupa kintxo! lana argitaratu zuten. Jarraian ume adoptatuen Ume Alaiak elkartearen deia jaso zuten, geroxeago Gehiturena eta, ondoren, Beroarekin eta Agipas elkartearekin eta beste hainbat elkarterekin elkarlanak abiatu zituzten. Abestiez gain, ipuinen bildumak, karta sortak eta bestelako materialak atera zituzten. 2005ean Ane Perez Alberdi Ane pirata ezagutu zuten, minbizia zeukan neska indartsua, eta ondoren, Eskerrik asko! ikuskizuna sortu zuten. Eta, ordutik, pailazoen ibilbidea ahulenei lotua egon da estuki. Halaxe adierazi zion Porrotxek Hazi Heziri duela hamar urte: “Guk, mundua aldatu nahi baitugu, eta iraultza egin nahi baitugu, ahulenekin egingo dugu, eskutik helduta. Bidea elkarrekin egiten badugu —hasi gay eta lesbianetatik eta ijitoetara, hor barruan dagoen amalgama guztiarekin—, baten kontra egiten dutenean denok erantzungo dugu eta gu eta umeak horretan hezten ari gara, euskaratik”.
Gizarte moduan, oso mesedegarria izan zaigu, jendarte hobe eta solidarioago bat eraikitzeko bidean
Kike Amonarriz, umoregilea eta soziolinguista
Ikuskizunetako eta abestietako erreferentziez gain, urtetan atera dituzten ipuin bilduma horiek oso lagungarriak izan dira familientzat hainbat gai hizpidera ekartzeko, adibidez, Amonarrizen etxean: “Bizitza eta heriotza, festa eta gaixotasuna, berdintasuna, maitasuna bere aldaera guztietan... Giza eta gizarte gaiak haurren aurrean modu natural eta gertukoan aurkeztea oso lagungarria gertatu zaigu gurasooi eta aitona-amonoi”. Haurrekin hitz egiteko tabu ziruditen hainbat gai ukitu dituztenez, Amonarrizen irudiko, pailazoek Euskal Herriko haurren artean “sentsibilitate berezi bat” landu dute, “eta gizarte moduan, oso mesedegarria izan zaigu, jendarte hobe eta solidarioago bat eraikitzeko bidean. Gai horiek, gainera, ez dituzte modu teoriko abstraktuan jorratu, oso gertu ditugun pertsonak erreferentziatzat hartuta baizik. Hezur-haragizko haurrekin ikusi ditugu”.
Pontxek ere balio pedagogiko handia aitortzen die pailazoei: “Gaixotasunak, migrazioa, natura, euskara, kultur aniztasuna, familia ereduak... Hori guztia euskaratik landu izanak txikitatik Euskal Herria beste modu batez ezagutzeko aukera eman dit. Umorea eta pedagogia goraipatuko nituzke haien lanetan eta ibilbidean, beti ibili baitira umorearen bitartez hainbat eta hainbat gai sozial lantzen eta mezuak lau haizetara zabaltzen. Pailazoen alboan dauden antagonista/pertsonaia ugarik ere lagundu dute horretan. Esate baterako, Tider pertsonaiak, Kintxo Barriletek, Poxpolin Marisorginek, Ane piratak, eta abar luze bat...”.
Pailazoek beti jakin izan dute non kokatu, eta Labakak Katxiporretakoen begirada hori nabarmentzen du: “Beti jakin izan dute non egon behar duten eta norantz jo behar duten eta, aldi berean, ausardia izan dute eta lur labainkorretara jauzi egiteko gaitasuna, gai konplexuak landu dituzte, deserosoak eta tabuak izan daitezkeenak. Begirada eragile sozialengandik gertu kokatu izan dute beti; herriaren borroka horiek ikusgarri eginez aldiro”. Lan konprometitu horietan jartzen duten sentiberatasuna nabarmentzen du Maite Mutuberria ilustratzaileak ere, haiekin Musua, Bizi dantza edota Amaren intxaurrak ikuskizunetan eta disko-liburuetan lan egin ostean: “Haien zintzotasuna nabarmenduko nuke. Hiek gai horiek guztiak lantzen dituzte benetan sinesten dutelako eta beren lanean sinesten dutelako. Benetan gauzak aldatu nahi dituzte eta haien gorputzak denbora eta dena jartzen dute. Bihotzetik egiten dute egiten dutena eta nabari da”. Arraizak gai “potolo” horiek guztiak “euskaratik eta euskaraz jorratzea” estimatzen die bereziki pailazoei. Arraiza: “Egia da gai ugari jorratu dituztela, baina bada guztiak batzen dituen balio bat: euskara. Gai potoloak izanik ere, izan heriotza, minbizia edo eta agian arinagoak diruditenak, guztiak euskaratik eta euskaraz landu dituzte. Lehentasunak beste batzuk izan arren ez da erraza izaten hizkuntza erdigunean jartzea eta haiek lortu dute”. Ikuspegi berekoa da Amets Arzallus, bertsolariaren etxean —eta bereziki autoan— jira eta buelta dabiltza azken urteetan pailazoen abestiak: “Aipatutako balio horien guztien artean hizkuntzarena lehenetsiko nuke. Gu haurrak ginenean marrazki bizidunak euskaraz gozatzeko zortea izan genuen eta hori oso garrantzitsua izan zen gure adinekoon artean euskara ‘normalizatzeko’, konkretuki Dragoi Bola zen gure erreferentzia. Gaur egun, hori asko aldatu da, marrazki bizidunak nagusiki erdaraz iristen dira, telebista kontsumoa erabat aldatu da, eta arabera euskararen presentzia gaztetxoen denbora-pasetan. Kontestu zail horretan uste dut Pirritx, Porrotx eta Marimototsengan aurkitu dugula eskueran ditugun dragoi bola bakarretakoa”.
Ikus-entzunezkoetan egin zituzten sartu-irtenak dragoi bola horien pareko altxorrak izan ziren ume askorentzat, euskaraz hain urria den panorama zinematografikoan. Pailazoek bi film egin zituzten Hazi Heziren sorgune den Hik Hasi egitasmo pedagogikoarekin: Jolasaren altxorra (2002) eta Ilargiaren sekretua (2004) umeen hezigarri eta entretenigarri, hutsuneak betez joan dira pailazoak.
Maite zaitut eta beste hamaika altxor
Ibilbide luze horretan hainbat mugarri bizi izan dituzte pailazoek, horietako bat Maite zaitut abestiak ekarri zuen. “Ilargiraino eta buelta maite zaitut” dioen abesti hark mundu erdiari eman zion buelta, euskaraz ez ezik, galegoz, katalanez, arabieraz, ingelesez, sardinieraz, zeinu hizkuntzaz... Amagoia Mujika kazetariak haiei buruzko liburuan jasotzen duen moduan, “maitatzen zekien herriari ‘maite zaitut’ esaten erakutsi zioten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, euskalduna ez omen da eta sentimenduak bistan jartzen dituena”. Ez zen soilik umeen munduan gelditu zen abestia izan, belaunaldiak gainditu zituen, eta alaitasunaren eta maitasunaren ereserki bilakatu zen, Mutuberriak gogora dakarren moduan: “Niri Maite zaitut abestia nerabezaroan iritsi zitzaidanez, lagunekin festan abesten nuen kantu hori, nahiko inozoa dela iruditu arren, lorpen handia izan zen haien abestia gazteei eta nerabeei iristea”.
Haurtzaroko soinu banda baino askoz gehiago izan da Katxiporretakoek eskaini dutena, haien kantuak komunitate oso baten soinu banda izan dira, Mutuberriaren aburuz: “Belaunaldi askoren abestiak egin dituzte, betiko gogoratzen ditugu abesti horiek eta gure kultura eta hizkuntza gutxitu honetan abesti horiek izatea eta aretoak jendez gainezka betetzea, gauza handia da. Ezinbestekoa hizkuntza batek bizirik jarrai dezan”.
Haien eskuzabaltasuna nabarmendu nahiko nuke. Aspaldiko ezaguna izan edo momentuan ezagututako pertsona izan beti agertzen dira esku bat botatzeko prest. Hitzetatik harago doaz beti
Anabel Arraiza , aktorea eta aurkezlea
Martinezek Maite zaitut abestia Palestinan arabieraz grabatu zutenekoa oroitzen du, Porrotx eta biak beste hainbat kulturgilerekin batera joan baitziren gatazka bertatik bertara ezagutzera. Porrotxek hango umeekin ere nola konektatu zuen ikusi ahal izan zuen bertatik bertara: “Hizkuntzarik gabe, rollo ona eta maitasuna transmititzea lortzen dute. Elkar ongi sentiaraztetik egiten dute umorea; pailazo on bat hori da: zure baitatik ateratzen zaituen fantasia bat”. Pailazoek komunitatea egiteko daukaten gaitasuna nabarmentzen du Martinezek, hasieran ganberrokeriak egiten, eta orain, umore hezitzaileagoarekin: “Barnean dagoena komunitate zentzu bat da, haurrak komunitate sentitzea; nirekin gertatu zen bezala, milaka haurrek sentitu dute gauza bera: ‘Porrotx nire laguna da’. Hori transmititu diote milaka pertsonari”. Beste mugarri bat familia handitu eta abestietatik eta ikuskizunetatik herri proiektu zabalagora urratsa egin zutenekoa izan zen: Zulaikak familia izan behar zuelarik, Pirritxek Pupu eta Lore izatearekin batera, lehendabizi Ongi etorri Pupu eta Lore ikuskizuna sortu zuten eta atzetik Irrien Lagunen kluba sortu zuten. Balioak erdigunean zituen proiektua sortu zuten, osasunaz, naturaz, zientziaz, kulturaz eta elkartasunaz ziharduena, Tiritatxo, Martin Ber, Ane Pirata, Patakon eta Mari Kalanbre pertsonaiekin. Horiek guztiak paperera ekarri zituen Irria aldizkariak, gaur egun ere haurrak hezten eta entretenitzen duen errebistak.
Eta 25. urteurrena ere beste mugarri bat izan zen. Ikuskizun berezi batekin ospatu zuten, aurrera begirako euren lema bilakatuko zen esaldia ardatz harturik: Sentitu, pentsatu ekin, eta abesti eta ikuskizun esanguratsu gehiago sortu zituzten: Ama Lur ,Tipi-tapa korrika, Borobilean...
Orain, jasotzeko garaia
Urte hauetan guztietan eman duten maitasunaren amiñi bat bederen jasoko dute BECen. 37 urteko ibilbidean, 39 disko eta 31 ikuskizun grabatu ostean —1992an grabatu zuten euren lehen diskoa eta 1994an lehen ikuskizuna—, eta 450 abestitik gora grabatuta, elkarrizketatu guztiak bat datoz esatean, Euskal Herria ez litzatekeela berdina izango Katxiporretako pailazorik gabe. Pontx: “Nik argiki errango nuke Euskal Herria ez litzatekeela berdina izango haiek gabe, inondik inora. Katxiporretak gizarteari eskainitakoa oso anitza izan da, gai asko lantzeko aukera, errealitate askoz jabetzeko hausnarketak, eta Euskal Herriko txoko guztitako jendea batzeko esfortzua. Beti egon baitira ondokoari begira, ondokoa sustengatzen eta laguntzen”. Labaka: “Euskal Herria inondik inora ez litzateke berdina izango pailazoak izango ez bagenitu. Herritik eta herri mugimenduengandik hain gertu egoteagatik, eta bestalde kulturari dagokionez, ekarpen erraldoia egin dutela iruditzen zait”.
“Transzendenteegia izan gabe” Arzallusek uste du esan litekeela “pailazoen aportazioa erraldoia izan dela euskal komunitatearen gorpuztean. Zoritxarrez, euskaldunak beharrezkoa du oraindik ere euskaldun izan nahia, eta gutako bakoitzaren baitan euskaldun izan nahi horrek erro ezberdinak izango ditu, noski, baina erro horien lurrik aberatsena askotan haurtzaroa izaten da. Eta hor ikusten ditut pailazoak, eta beren magia guztia, euskaldunari eta bere izan nahiari gorputza eta indarra ematen.” Arzallusek pailazoek lurraldetasunari dagokionez beti erakutsi duten sentsibilitatea ere azpimarratzen du: “Euskal Herria bere luze eta zabalean gutxik ibili eta maitatu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek bezala. Uste dut erdiguneak bazterretara eta bazterrak erdigunera ekarri dituztela, beste gai askotan bezala”.
Amonarrizek ere euskararekiko maitasuna eta atxikimendua zabaltzen egin duten lana nabarmentzen du. “Euskal Herriko haurrek izan dituzten erreferentzia euskaldun garrantzitsuenetakoak izan dira. Euskarazko mundu erakargarri, alai, koloretsu eta konprometitua eskaini dute. Eta haur askorentzat, haiek izan dira, eskolatik kanpo, euskararekiko harreman biderik nagusienetakoa”. Pontx bera da ereindakoak uzta ederra eman izanaren adibide argia: “Jaso dudana jasota, haiek eman didate pailazogintzan aritzeko gogoa. Sudur gorri baten bitartez eragin zezaketena ikusi ondoren eta nigan sortzen zuten ilusioa sentitu ostean, argi erran dut beti pailazo izan nahi nuela. Jendeari umoretik, alaitasunetik eta euskaratik barrea eragitea eta poza zabaltzea lanbide izan daitekeela ulertu dut”.
Euskal Herriari koloretako betaurrekoak ekarri dizkieten pailazoak dira Arraizaren aburuz: “Ikusezin ziruditen gauza asko ikusten erakutsi digute eta herri gisan eraikitzeko lagungarriak izan dira; bai betaurrekoak eta baita haiek ere”. Publiko zabalak gutxiago jakin arren, gertukoek ongi ezagutzen duen beste balio bat nabarmentzen du Arraizak, esker oneko ekitaldi honen atarian: “Haien eskuzabaltasuna nabarmendu nahiko nuke. Aspaldiko ezaguna izan edo momentuan ezagututako pertsona izan beti agertzen dira esku bat botatzeko prest. Hitzetatik harago doaz beti. Horren testigu izan naiz eta ahalmen hori ez du edonork izaten”. Iritzi berekoa da Mutuberria ere: “Nire esperientzia izan da asko zaindu dutela nire lana. Askatasun handia utzi didate beti eta nire baldintzak ere zaindu dituzte”.
Orain, maiatzaren 3an izango dugu guk ere Pirritx, Porrotx eta Marimototsi maite zaituztegu bueltan esateko aukera, BECen.
Herrigintza, umoretik
Pailazoen filosofia hezitzailearekin eta herrigilearekin bat egiten duten hainbat jenderekin eta ekimenekin proiektu ugari sortu dira, besteak beste, Oinherri herri hezitzaileen sarea eta Bizipoza izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haurren eta familien elkarteen elkartea. Bietan Katxiporretak Hik Hasi egitasmo pedagogikoa izan du ondoan erakunde berriak gorpuzteko eta ahulenen ondoan jarrita mundua —eta Euskal Herria— eraldatzeko pauso txikiak emateko.