Lehen bikote harremanek, estraineko maitasun eta sexu erlazioek, ezaugarri bereziak izaten dituzte, intentsitate handiz bizi izaten baitituzte nerabeek. Baina helduen eta telebistaren bikote ereduak jarraitzen ahalegintzen dira.
Nerabeak eta bikote harremanak. Gaia entzute hutsarekin larridura sentitzen dute guraso eta hezitzaileek. Arriskuak, gaitzak... etortzen zaizkie guraso eta hezitzaileei sarri burura, berehala. Baina ulertzen al du helduak nerabeak nola bizi dituen lehen maitasun harremanak?
Hainbat ikerketa egin dira nerabeen arteko bikote harremanei buruz.Berriki Emakume Progresisten Federazioak egin duen ikerketa batek nerabeen euren iritzia jaso du erlazioen inguruan, eurek harremanak nola bizi dituzten galdetu baitiete, 14 eta 18 urte bitarteko gazteei. Emaitzen arabera, helduaroan joka-tzen ohi diren rolak jokatzen dituzte dagoeneko gaztetxoek, genero rolek eta estereotipoek adin horretan eragina baitute. Ikerketa horren ondorio gisa, gizon gazteek bikotekideak kontrolatzeko joera agertzen dute, eta hamarretik lauk uste dute neska-laguna babestu behar dutela, eta ausartak eta oldarkorrak izan behar dutela. Neskek, aldiz, men egiteko joera izaten dute, maitekorrak eta ulerberak izan behar dutela ulertzen dute, eta bikote harremanetan sufrimendua egon behar dela berezko gauzatzat hartzen dute.
Aitziber Estonba sexologoa ez da harritu ikerketa horren emaitzak ikusitakoan, baina ez die aparteko garrantziarik eman, “halako ikerketak profesionalek kontuan izatea ondo dago; baina nerabezaroa bizitzen ari diren pertsonei ezin diegu eskatu beste era batera joka dezaten; euren nortasuna eraikitzen ari baitira oraindik”. Nerabeen artean bikote harreman osasuntsuak sustatzeari garrantzirik kendu gabe, helduen bikoteetan ere rolak eta ereduak aldatzeko premia ikusten du sexologoak: “Helduek horrelako harremanak izaten badituzte, nola exijituko diegu bada gaztetxoei harreman sanoagoak edukitzeko?”.
Nerabeen harremanez hitz egiten hasi aurretik, haiek zer egoeratan dauden ulertu behar dela dio sexologoak, eta helduak adin tarte horri dagozkion hiru klabe kontuan izatea gomendatzen du:
fNerabeek ez daukate esperientziarik bikote harremanetan, beraz, ez daukate bizipenik oinarri gisa.
fMomentu pertsonal ahulean daude: babesa behar dute, eta onartuak izatea.
fIkusten dituzten bikote-ereduak jarraitzen ahalegintzen dira: inguruan ikusten dituztenak nahiz telebistak edo zinemak eskaintzen dizkienak.
Nerabeen egoera ulertu ostean, haien bikote harremanak ulertzen hastea errazagoa da, Estonbaren arabera. Lehen erlazio horiek ezaugarri berezirik ba ote duten galdetuta, sexologoaren arabera, intentsitateak ezaugarritzen ditu nerabeen harremanak, “laburrak izanagatik ere, intentsitate handiz bizi dituzte erlazio horiek, eta asko eragiten diete euren eguneroko bizimoduan”.
Estonbaren arabera, nerabeak bi jokaeraren erdian aurkitzen dira aurreneko maitasun eta sexu harremanen aurrean: batetik, adinari dagokion esperimentatzeko irrika daukate; eta bestetik, ustez egonkorrak diren bikote harreman luzeen eredua daukate —heterosexuala eta monogamoa den bikotea—. Barne irrika eta kanpo eredua ez dira sarri bat etortzen, eta horrek eragiten du nerabezaroan harremanak hain mugituak eta gatazkatsuak izatea.
Oro har, ikerketak dioenaren ildotik, Estonbak ikusten du adin horretako bikote heterosexualetan neskek eta mutilek desberdin hartzen dituztela harremanak: neskek oso serio hartzen dituzte oro har lehen bikote erlazioak; eta mutilek, berriz, jolastu, probatu eta esperimentatzeko gogoa gehiago erakutsi ohi dute. Alabaina, horretan aldaketa sumatu du sexologoak, garai batetik hona neskek gogo sexuala adierazteko gero eta askatasun handiagoa erakusten baitute. Mutilen kasuan berriz, adin horretan eskatzen zaizkien rolak betetzea oso gogorra zaie nerabe askori, euren nortasuna artean eraiki gabe dutenean, beste pertsona bat babesteko exijitzen baitio jendartean onartua dagoen eta ustez bete behar duen rolak.
Homosexualen kasuan, nerabezaroan ez dute, normalki, oraindik euren sexu aukera egin edo sexu orientazioa azaltzen. Lehendik ere nerabezaroan irrikaren eta eredu tradizionalen arteko gatazkan egon ohi dira nerabeak, eta nerabe homosexualak are egoera gatazka-tsuagoan egoten dira, sexologoaren arabera, gaur egun oraindik hegemonikoak diren ereduak heterosexualak, monogamoak eta ustez iraupen luzekoak baitira.
Aurreneko maitasun eta sexu harremanak osasuntsuak izan daitezen, nerabezaroan ez eta lehenago jokatu behar dute gurasoek, Estonbaren arabera, nerabezaroa bera ez da unerik egokiena gurasoek esku har dezaten: “15 urterekin mahaiaren bueltan seme-alabekin eseri eta txapa botatzeak ez du ezertarako balio”. Bi klabe aipatzen ditu neskek zein mutilek harreman osasuntsuak izan ditzaten:
f Sexu heziketa jaiotzetik hasten da, heziketa integralaren parte baita.
f Inguruan dituzten ereduak jarraitzen saiatuko direnez, helduak eragin dezakeen ereduetan esku hartu. Telebista eta komunikabideek erakusten dituzten bikote irrealek eragin zuzena dute nerabeek harremanak ulertzeko eta eraiki-tzeko garaian, baina etxean ikusten dituzten hezur-haragizko erlazioek ere eragin zuzena dute eurengan. Beraz, nerabeen inguruko bikote eta maitasun harremanetan ondoko puntu hauek zaintzen badira, beraiek erlazioen irudi osasuntsuagoa eraikitzeko tresnak jasoko dituzte:
- Bikotekideen rolak zaintzea.
- Komunikazioa zaintzea; bortizkeria, zigor eta mehatxurik gabe harremantzea bikotekidearekin.
- Bikotekide bien beharrak eta emozioak kontuan izatea eta errespetatzea.