'Berria' egunkariaren 'Mantangorri' gehigarriak mila zenbaki argitaratu ditu dagoeneko. Haurrei gaurkotasunezko gaiak euskaraz gerturatzen dizkie astekariak, mundu mailakoak zein Euskal Herrikoak eta haurrak kazetaritzan murgiltzeko baliagarria zaie ikastetxeei, eduki landuak, ikusgarriak, ilustratuak eta haurrentzako modukoak biltzeko baititu astero.
Haurrak euskarazko hedabideak irakurtzera bultzatzeko helburuarekin sortu zuen Euskaldunon Egunkaria-k haurrentzako Xingola gehigarria 90eko hamarkadaren bukaeran, eta hura itxi ostean, filosofia berarekin abiatu zuen Mantangorri gehigarria Berria-k, 2003ko ekainean. “Haurrei irakurzaletasuna eta hizkuntza ohiturak sustatzea da Mantangorriren atzean dagoen helburua. Horretarako, komunikabideak tresna egokiak dira. Horrez gain, egunkaria irakurtzen hasteko ohitura hartzen joan daitezen ere baliagarria da”, azaldu du Nagore Rodriguez gehigarriaren arduradunak. Alerik ale, milagarren zenbakira iritsi berri da Mantangorri.
Gertukoaz nahiz urrutikoaz informaturik egoteko, izpiritu kritikoa elikatzeko eta, funtsean, mundua irakurtzeko kazetaritza behar dugularik, haurrek txikitatik berripapera gertuko sentitzeko tresna da Mantangorri. “Hori da hain justu Mantangorri-ren helburuetako bat, haurrak kazetaritzaren mundura hurbiltzea, eta egunkariak irakurtzeko ohitura hartzea. Egunerokoan informatzeko ohitura hartzen joan daitezen baliagarria da.”
Informazioa eta entretenimendua eskaintzen dizkie Mantangorri-k txikienei, eta gehigarriaren egileek, haurrek euskaraz ongi pasatze horri ere berebiziko garrantzia ematen diote: “Euskararen normalizazioan, oso garrantzitsua da haurrek dena euskaraz irakur dezaten. Denborapasak ere txikitatik euskaraz egitea oso garrantzitsua iruditzen zaigu, gure hizkuntza ondo pasatzeko ere erabil dezaten”.
Sorburutik, eta 90etan Xingola-k egiten zuen bezala, ikastetxeekiko harremana zaindu du Mantangorri-k: hizkuntza ohiturak sustatzeaz gain, erabilgarria izatea baitu helburu gehigarriak, Nagore Etxeberria astekariaren lehen sortzailearen hitzetan. “Mantangorri erabiltzeko tresna bat izatea nahi genuen. Eskoletan eta etxean haurrek astero haien astekaritxoa izateko. Haiek egindako lanak argitaraturik ikustea, marrazkiak zein idazlanak”, azaldu du Etxeberriak.
Ikastetxeentzako material pedagogikoa
2020ko martxoan eredua aldatu zuen Mantangorri-k. Eredu berria ikastetxeetan are baliagarriagoa da, gainera, material pedagogiko landua eskaintzen baitu euskaraz bakarra den gisa honetako astekariak. Ahalegin berezia egiten dute horretan, astero, egileek: “Uste dugu material erakargarria eta erabilgarria izan daitekeela eskoletan gaurkotasunezko gaiak lantzeko”. Pare bat urteko hausnarketaren ondoren egin zuten eredu aldaketa: “Unean-unean garrantzitsuak diren gaiak haurrei azaltzeko eredu batean pentsatzen ari ginen. Izan ere, egunero haurrek inguruan gertatzen diren gai asko entzuten dituzte hedabideetan, baina ez dira haiei begira eta eurek ulertzeko moduan azaltzen. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun inguruan edo munduan gertatzen diren gai horiek haurrei azaltzea, eta euskaraz. Munduan badaude eredu gutxi batzuk, Frantziako eredu bat asko gustatu zitzaigun eta hortik tiraka hasi ginen gure eredua pentsatzen. Horretan ari ginela iritsi zen pandemia: koronabirusa toki guztietan azaltzen hasi zen, eta momentu aproposa iruditu zitzaigun gaurkotasunezko gaiak lantzen hasteko: zer gertatzen ari zen? Zer zen koronabirusa? Zer pandemia...? 2020ko martxoaren 25ean atera genuen aktualitateko lehen zenbakia koronabirusari eskainia”.
Landutako gaien artean daude, mundu mailakoak zein Euskal Herrikoak: klima larrialdia, migratzaileak, euskal margolariak, arrazakeria, LGTBI mugimendua, Altzoko Handia, Durangoko Azoka, txertoak, Frantziako hizkuntza gutxituen legea, Maiatzaren lehena, Israel-Palestina gatazka, Iñigo Muguruza eta RRV, hegazti migratzaileak, Martin Ugalde, Esther Ferrer, Eduardo Txillida, Ukrainako gerra, Korrika...
Erreportajeez gain Mantangorriko beste atal batzuk ere erabili izan dituzte eskoletan. Adibidez, Iñaki Martiarena Mattinek egindako Belardoren komikiak, istorioak sortu eta ahozkotasuna lantzeko erabiltzen dituzte ikastetxe batzuetan. Txillida Lekun, berriz, material didaktiko gisa erabiltzen dute astekarian artistari buruz argitaratutako erreportajea.
Ilustrazioak beti izan dira Mantangorri-ren ezaugarri, eta haiei esker, irakurterrazago bihurtzen dira landu nahi dituzten edukiak. Besteak beste, haurrek Eider Eibar, Ainara Azpiazu Axpi, Irrimarrako Karmele Gorroño eta Irene Gutierrez, Anne Baskaran, Sandra Garayoa, Jose Belmonte edota Maite Gurrutxagaren lana ezagutzeko aukera izan dute. Horiez gain, Mantangorri-ren hasieratik dago Mattin Belardoren umorezko komikiak egiten eta Kaiet Bengoetxea, denbora-pasak eta ilustrazioak egiten.
Jai batekin ospatu zuten milagarren zenbakia, Txillida Lekun.