Eskoletan lantzeko artista.

 

1975ean hil zen arte, sona handiko artista abangoardista izan zen Maria Paz Jimenez, baina haren izena eta obra ez dira testuliburuetara iritsi, eta ezezagunak dira gizartean. Haren heriotzaren 50. urteurrenean, emakume moderno ijito erbesteratu haren lan esperimentala eskoletara iristeko abagunea dugu.

 

Maria Paz Jimenezen artelanak Euskal Herriko museoetan daude, hala nola Gasteizko Artiumen edota Bilboko Arte Ederren museoan, bai eta Madrilgo Reina Sofian edota Parisko Fonds National d’Art Contemporainen ere… baina artista ezezaguna da gaur-gaurkoz Euskal Herrian. Historiografia ofizialetatik kanpo gelditu da, eta, beraz, haren izena eta haren lana ez dira eskoletan ezagutarazten. Alabaina, erreferentzia garrantzitsua izan zen Jimenez, 1975ean hil zen arte. Bide urratzailea izan zen artista abangoardista hau, emakumea, ijitoa, klase apalekoa eta erbesteratua izan arren.

EHUko Haizea Barcenilla eta Ane Lekuona irakasleak izan dira Jimenez eta haren lana itzaletik ateratzeko konpromisoa hartu duten arte komisarioak. Izan ere, “altxor baten moduan” ikusten dute Jimenez. Lekuona: “Euskal Herriko artearen historia markatu zuen bere pinturarekin. Paradigma aldatu zuen zentzu guztietan. Gure lurraldeko artearen bestelako historia bat eta bestelako oroimen bat izatea posible dela gogorarazten digun eredua da”. Barcenilla: “Euskal artea orain arte erakusten zaiguna baino zabalagoa eta aberatsagoa dela erakusten digu”.

Aurten da haren heriotzaren 50. urteurrena, eta, beraz, Maria Paz Jimenez eta haren lana eskoletara ekartzeko abagunea. 1909an Espainian jaioa, 8 urte zituela etorri zen Donostiara, eta hemen hasi zen artean zaletzen eta prestatzen, 1930eko hamarkadan. 36ko gerrak, ordea, erbestera joatera behartu zuen, Alfredo Bizkarrondo senarrarekin (Bilintxen biloba) eta lau seme-alabekin; Frantziara joan ziren lehenik, eta Argentinara ondoren. Eta surrealismoaren bidea urratzen hasi zen han. 1943an ireki zuen lehendabiziko erakusketa.

Handik bi urtera itzuli zen Donostiara, artista abangoardista profesional, moderno eta arrakastatsu gisa itzuli ere. Frankismo grisean, artelan koloretsuak egin zituen; emakume gazteak margotu zituen, azal eta ile luze beltzekoak, ijito etnia ikusgarri eginez. Eta handik aurrera, behin Euskal Herrian ongi finkaturik, esperimentazioaren bideari heldu zion. Artelan abstraktuak erakutsi zituen lehen euskal artista izan zen. Eta haren ausardia nabarmentzen dute komisarioek, publikoa ez baitzegoen ohituta arte espresio horretara, eta, gainera, erregimenak deitoratu egiten baitzuen abstrakzioa. Garai berean, abstrakzioarekin batera, figurazioa eta molde espresionistako natura hilak ere margotu zituen, bai eta figura espresionistak ere. Eklektikotasun horrek garaiko artearen panorama zabaltzera behartzen gaitu, “artista bat - joera bat” paradigma irauliz, estilo ugari landu baitzituen garai berean.

Bazekien aitzindari zela: 1955ean, margoaren mugak gainditzeko nahia erakutsi zuen, harea, plastikoa eta harrien hautsa olio pinturarekin nahastuz eta geruzekin eta testurekin esperimentatuz. Orduan, Euskal Herriko lehen artista informalisten artean kokatu zen; Frantzian eta Italian ikusitako joerak bere egin zituen, eta artista haren artelanek arreta handia piztu zuten garaiko bildumagileen eta galeristen artean. Garai hartan Miarritzen egin zuen erakusketa garrantzitsu batek ate ugari ireki zizkion, eta lan ugari erosi zizkioten.

Baina ospea ekarri zion bidea uztea erabaki zuen 1960ko hamarkadan, krisi pertsonal baten ondorioz, eta esperimentatzen jarraitu zuen, azken unera arte. Testurekin ez ezik, euskarriekin ere esperimentatu zuen: egurrean margotuz, artelan organikoak, eta geologikoak eta astronomikoak egin zituen.

 

Eskoletan lantzeko artista, ezkutuan egon den arren

Artista honek bere garaian izan zuen ospearen seinale dira jaso zituen sariak eta egin zituen erakusketak. Nestor Basterretxeak, adibidez, Donostiako kale bat hari eskaintzea proposatu zuen Jimenez hil zenean. Garai hartan izan zuen ospea, baina gerora ez da artista abangoardista, ijito eta erbesteratu honen itzala iritsi, harik eta Barcenillak eta Lekuonak ahanzturatik berreskuratu duten arte. Komisarioen aburuz, arrazoietako bat haren heriotza data bera izan zen, 1975etik aurrera hasi baitziren euskal arte garaikidearen historiografia idazten, bereziki Gaur taldearen inguruan. Jimenezek, gertukoa izan bazuen ere, ez zuen Gaur taldean parte hartu. Barcenillaren eta Lekuonaren ustez, Jimenezen izena ezezaguna izatea bera euskal artearen kanona eztabaidatzeko aski arrazoi da. Jimenezek, beraz, merezi du ikastetxeetan aipamenik, eta aipamenik ez izate horrek berak ere bai.   

 


Jimenez eskolara

Elena Olavek eta Irrimarrak Ahizpari gutunak liburua ondu zuten 2022an, 8 urtetik gorako irakurleentzat, Maria Paz Jimenezen bizitza eta artea ezagutarazteko. Pamielak argitaratu zuen. Artiumen eta Bilboko Arte Ederren museoan ere ikus daitezke artista abangoardista honen hainbat lan.