JOSEBA PONCE eta IMANOL ZINKUNEGI

LOTURA FILMS-EKO JOSEBA PONCEK ETA IMANOL ZINKUNEGIK ZUZENDU DUTE ‘LUR ETA AMETS’ ANIMAZIOZKO FILMA. ELKAR, KATXIPORRETA ETA IKASTOLEN ELKARTEAK ABIATUTAKO PROIEKTUARI LOTURA FILMS BATU ZAIO. OTSAILEAN ZINEMETAN IKUSI AHAL IZANGO DA ANIMAZIOZKO LANA. 

Lur eta Amets filmean zer aurkituko dugu?
I.ZINKUNEGI: Historiaren kontaketa zurrun bat baino gehiago fikzioa da nagusi filmean zehar. Amona Andereren kontakizunarengatik edota dituen botere magikoengatik Lur eta Ametsek historian zehar bidaiatuko dute. Bi haurren abentura horretan murgilduko da ikuslea eta Euskal Herriaren historiako garai desberdinak agertuko zaizkigu. Abenturaz betetako bidaia horretan bidelagun izango dituzte Amona Andere eta Baltaxar katua. Sorgin xamarra bata, eta katu mesfidati eta xaxatia, bestea. 
Zuzendari lanetan aritu zarete. Zein izan da prozesua?
J.PONCE: Lan hau egitea proposa-tzearekin batera, Eneko Olasagastik eta Karlos Zabalak idatzitako pelikularen gidoia jaso genuen. Gidoi horrekin pelikula bat eraikitzea izan da gure lana, horri guztiari irudiak jartzea eta kontakizuna egokitzea erritmo batera. Gauza bakoitzari bere denbora eman behar zaio, baina pelikulak iraupen bat izan behar du eta horregatik zorrotzak izan beharra daukagu lan horretan.

Zuzendariaren arduraz aparte, lan gehiago egitea ere tokatu al zaizue?
J.P.: Bai, denetik egin dugu. Marrazkilariak gara, animazioa egin dugu, irudiak konposatzen ditugu, edizioan ere aritzen gara. Eta ahotsa ere jarri izan diogu bigarren mailako pertsonaiaren bati edo besteri. Zuzendari bezala prozesuaren atal guztien jarraipena egiten aritu gara.

Animaziozko film batean nola osa-tzen da lan-taldea?
I.Z.: Lan honetarako animazio arloan Lotura Films-eko zortzi marrazkilariez gain, freelance moduan aritzen diren beste sei pertsona aritu gara. Horrez gain, zuzendariek, bikoizleek, musikariek, eta soinu eta musika teknikariek osatu dugu lan-taldea. Jende askok parte hartzen du prozesuan, 50 lagun inguru izango gara era batera edo bestera. Lan-talde handia dela dirudi baina kanpoko edozein produkziotan 200, 500 edota 600 pertsonek parte hartzen dutela kontuan hartuta, gurea lan-talde txikia da.

Luze joan al da prozesua?
I.Z.: Gure taldean proposatzen diren lanetan normalean bi urte irauten dute ekoizpenek. Kasu honetan ere, Lur eta Ametsen gidoia jaso genuenetik bi urtean aritu gara pelikula eraikitzen buru-belarri. Bi urtek ematen du denbora asko dela, baina kontuan izan behar da nahiko artisau-lana dela egiten duguna. Marrazkiz marrazki eraiki behar izaten da filma eta zentzu horretan nahiko lan gogorra da.

Prozesuaren amaierara iristear zaudete. Gustura orain artekoarekin? 
J.P.: Bi urte daramatzagu pelikulan erabat murgilduta eta ez dugu uste iritzi bat emateko oso objektiboak garenik. Era honetako ekoizpenetan, musikagintzan ere disko bat atera-
tzean, adibidez, badago momentu bat disko hori gorrotatzen duzuna. Baina denborarekin berriro bueltatzen zara zure lekura. Beti dago zerbait alda-tzeko, gehitzeko… baina bukaezineko prozesu bat da. Galderara bueltatuta, uste dut nahiko ondo moldatu garela eta sentsazio onarekin gaude. Lan-taldera pelikula ikustera etorri den jende guztiari gustatu zaio eta jasotzen ari garen informazioa positiboa da.