Gizatasunaren aldeko pausoa ematen.

 

Ohiko ereduaz bestelako maskulinitateak posible direla erakusten dute patriarkatuak ematen dizkien pribilegioak erantzi eta gizatasunaren aldeko pausoa ematen duten gizonek. Eredu tradizionalaren arrakala gero eta handiagoa izatea dute helburu.

 

Berdintasunaren aldeko eta sexismoaren kontrako lana egiteaz gain, maskulinitate hegemonikoa deseraiki nahi duten gizonak hartzen ditu Piper Txuriak elkarteak. Eredu hegemonikoak gizon eredu jakin bat bultzatzen du: sexua gustuko duena (obsesionatuta egoteraino kasu askotan), nabarmendu behar duena, arrakasta duena, gogorra, dena dakiena, sentimenduak alde batera uzten dituena, guztiaren kontrola izan behar duena, bortitza dena, bere kabuz moldatzen dena… Hori guztia iraultzeko tresnarik eraginkorrena gizonei entzutea dela dio Feitok.

 

Zer proposamen egiten du Piper Txuriak elkarteak maskulinitate eredu hegemonikoa deseraikitzeko?

Gizonok gizatasuna berreskuratzea proposatzen dugu. Jendarte patriarkalek baldintzatu egiten gaituzte; zapaltzaile eta kontrolatzaile bihurtzen gaituzte. Gizonok patriarkatuan bizitzea hobea dela pentsatzea nahi du sistemak, eta pribilegioak ematen dizkigu, berdintasunik ezari, zapalkuntzari, menderatzeari, bortxari, sexismoari eta misoginiari eustea hobea dela pentsa dezagun. Osasuna eta zoriontasuna kentzen dizkigun tranpa handi bat da hori.

 

Eta zer ondorio du zuengan sistemak gizon pribilegiatuak nahi izateak?

Estatistikek diotenez, emakumeak baino hamar urte gutxiago bizi gara batez beste, ez dugu gure osasuna zaintzen, gogortuta gaude, serio, aspertuta, bakartuta, beste pertsona batekin lotura sendoak sortzeko zailtasuna dugu… Anestesia emozional baten mendean bizi gara. Gure bizitzaren zati handi bat sekretupean bizi dugu, ez dirudien arren, beldurtuta bizi garelako.

 


Pertsonak dakarrena entzutea eta ulertzea da maskulinitatea transformatzeko giltza

Juan Manuel Feito, Piper Txuriak elkarteko koordinatzailea eta hezitzailea


 

Maskulinitate tradizionala tranpa dela aipatu duzu. Sakonduko al zenuke ideia horretan?

Maskulinitate tradizionalak gure burbuilan sartuta egotera garamatza; gure oskolean sartuta gaude, tipo gogorraren jaka jantzita, barregarriaren rolean, muturreko militantearen rolean… Sexismoa eta gizonen menderatzaile rola bakardade horretan sakontzeko modua dira, eta emakumeengandik urruntzen gaitu, zeinak bihotza zabaltzeko eta gu laguntzeko prest dauden. Maitasunerako sarbidea zailtzen digu, zapaltzaile rolean jartzen gaitu, eta modu horretan askoz ere zailagoa da gure gizatasuna berreskuratzea. Eta horretarako, ez da aski emakumeen eskubideen aldeko pankarta hartzea.

 

Gizatasuna berreskuratzeko espazioa eskaintzen duzue Piper Txuriak elkartean. Nondik hasten zarete lanean?

Gure kulturan normaltzat hartzen diren jarrera, portaera eta sentitzeko modu horiek eraikuntza kulturalaren ondorio dira. Horretaz ohartutakoan, gizonak zintzotasunez eta lasaitasunez hitz egiten hasten dira.
 

Zein da gizontasun eredu berria eraikitzeko gako nagusia?

Pertsonak dakarrena entzutea eta ulertzea da maskulinitatea transformatzeko giltza.
 

Zer ezaugarri ditu bultzatzen duzuen maskulinitate eredu berri horrek?

Harremanetan bere burua defendatzeko, urruntzeko edo lehiatzeko beharrik ez duen eta kontrola izateko beharrik ez duen gizon eredua bultzatzen dugu. Harremanetan intimitateaz, kontaktu fisikoaz, zaindua izateaz goza dezakeena, horregatik zaurgarri agertzeko beldurrik gabe.

 

Emakumeok eta gizonek, beraz, bide beretik egin beharko al genuke aurrera, guk geure eskubideen aldeko lana eginez eta zuek pribilegio horiei uko eginez?

Bai, baina gizon gehienek ez dute aitortuko pribilegiorik dutenik, eta ez diete horiei uko egingo, besterik gabe. Gizonek euren errealitatearekin eta izatearekin konektatzen dutenean eta eredu maskulino tradizionala onartzeak bizitza suntsitzen digula konturatzen direnean lortuko dugu berdintasuna. Presaka bizi garenez, ordea, gizonek azterketa batean egiten dena egiten dute: nota ona emango dien hori errepikatzen dute, benetako aldaketarik egin gabe.


 



Euskara, patriarkaturik gabeko lurraldea

Euskara gure lurralde libre bakarra dela idatzi zuen behinola Joseba Sarrionandiak. Lurralde librea, eta Feitoren hitzei jarraiki, baita patriarkatuaren aztarnarik ez duena ere: “Euskara bizi den artean patriarkaturik gabeko mundu baterako sarbidea izango dugu, une oro gogoraraziko baitigu patriarkatua sortu aurretik gure komunitateak nola bizi ziren. Euskarak esaten diguna entzuten jakin behar dugu; hizkuntzak pistak ematen dizkigu etengabe, eta altxor handia da, asmakeria patriarkal horren guztiaren aurretik eraiki zelako”.