Ez dakigu egokia den geuk gaia ateratzea ala itxoin egin beharko genukeen.

 

Gure 10 urteko alaba sekula ez dugu ikusi bere gorputza ukitzen (masturbatzen ez dugu sumatu). Egunen batean gaiaz hitz egin beharko genukeela pentsatu izan dugu txikia zenetik, baina egokiera horren zain egon gara eta oraindik ez da gertatu. Ez dakigu egokia den geuk gaia ateratzea ala itxoin egin beharko genukeen.

 

HAUR SEXUALITATEA ez da sexologian asko ikertu izan den gai bat, beraz, ez dugu horren gaineko daturik. Esperientziak esaten dit, masturbazioa ume batzuen egunerokoan dagoen bezala (neska zein mutil), beste ume batzuek ez dituztela sekula euren genitalak ukitu.

Zuen galderaren arabera, badirudi gaiak kezkaren bat sortzen dizuela, eta alaba ez masturbatu izanak zein beldur pizten dizkizuen aztertzera gonbidatzen zaituztet. Orain ez masturbatzeak ez du inolako ondoriorik izango bere etorkizuneko bizitza erotikoan. Pubertarora iristean desira erotikoa agertuko zaio, helduaroko masturbazioa aurkituko du eta bere harremanekin gozatu ahal izango du.

Garrantzitsua da haurren eta helduen masturbazioa bereiztea. Haurrak garenean masturbazio inkontzientea burutzen dugu, gure gorputzarekin aurkitzen gara eta eskaintzen digun plazerrean murgiltzen gara. Aldiz, helduaroko masturbazioa modu kontzientean burutzen da, desira erotikoa sentitzen da, eszitazioa sentitzen da eta praktikaren atzean pertsonaren erabakia dago.

Umearekin horri buruz hitz egiteko, garrantzitsua izango litzateke aurretik zuek argitzea zein den elkarrizketa horren helburua. Nik ez dut uste inondik inora ere masturbatu ez dela seinalatu beharko zenioketenik; izan ere, berak ez du plazerrerako bide hori aurkitu, baina ez du horrekin lotutako bizipen txarrik eta elkarrizketaren ondoren zerbait ongi egin ez duela senti dezake.

Masturbazioaz hitz egin daiteke, baina modu informatiboan, soilik praktika hori existitzen dela eta plazerra eman dezakeela adieraziz, umearen partehartzea eskatu gabe. Adin horretan gainera, horrekin zerikusia duen guztiak nazka handia eman ohi die,  oraindik desira sexuala piztu ez zaienez, harreman erotikoekin zerikusia duen guztiak errefusa sortzen baitie.

Bukatzeko, nik ez dut elkarrizketa zuzenik gomendatzen. Sexu hezkuntza egiteko modu eraginkorragoa da gure buruan semaforotxo bat piztuta edukitzea etxean edo inguruan egoerak sortzen direnean, horiei buruz hitz egiteko aukera aprobetxatzeko. Elkarrizketa zuzenetan, askoz errazagoa da umearen une ebolutiboari aurre hartzea eta bera inbaditua sentitzeko aukera handiagoa da. Hobe da haiek ekarritako gaiak edo etxean sortzen direnak (anai-arreba helduekin, telebistako berriak, irakurri dituzten liburu edo komikiak, ikusitako filmak...) heltzea guk landu nahi ditugun gaiak jorratzeko.