Mendi taldea baino askoz ere gehiago da Ibilki.
Mendi taldea baino askoz ere gehiago da Ibilki. Jatorria edo egoera fisikoa edozein delarik ere, edonori mendira eta naturara gerturatzeko aukera ematen dion elkartea da; mendiaz mugarik gabe gozatzeko bitartekoa.
Euskal Mendizale Federazioarekin eta Getxoko Etorkinak elkartearekin lotura du Ibilkik, eta mendira joateko aukera edonork izan dezan egiten du lan. Norbaitek zailtasun fisikoren bat edo zailtasun ekonomikoren bat badu, egoera konpontzen saiatzen dira, ibilbideak egokituz edo behar dituzten materialak lortuz. Christian Rodriguez Ibilkiko presidenteak dioenez, elkartea inklusiorako gunea da, guztiontzako espazioa.
Mendi eta naturaguneetarako irteerak antolatzen ditu Ibilik, eta zeharka hainbat gai lantzen dituzue: desgaitasuna, kulturartekotasuna, immigrazioa, arrazializatutako emakume etorkinen ahalduntzea, etxerik gabeko pertsonen egoera… Hori guztia lantzeko beharra ikusi al zenuten?
Ez da planifikatutako zerbait izan, baina hala gertatu da. Hasieran, mendian ipuinak kontatzeko elkartzen hasi ginen, baina parte hartzaileei asko gustatu zitzaizkien paseo horiek, eta mendirantz jo genuen, alderdi kulturalerantz baino gehiago.
Oztopo fisikoak desagerrarazi nahi dituzue, eta zailtasunak dituzten pertsonei mendiaz gozatzeko aukera ematen diezue. Nola egiten duzue?
Mundu osoan jaso izan dute laguntza zailtasunak izanda mendira joan nahi izan duten pertsonek, baina mendi taldeek, normalean, ez dute aukerarik ematen desgaitasunen bat edo zailtasunen bat duten pertsonak gerturatu daitezen. Guk espazio hori eskaintzen dugu. 82 urteko emakume itsu batek irteera asko egiten ditu gurekin. Oso mendizalea izan da beti; ikusmena galtzen hasi zen 60 urte inguru zituela, eta haren mendi taldeak ez zion jarraitzeko aukerarik eman. Ezagutu gintuenean, beste aukera bat zabaldu zitzaion. Eta ez ditu paseo arinak soilik egiten; Pirinioetara edota Europako mendietara ere etorri izan da gurekin.
Beraz, pertsona guztiek dute lekua mendian, haien egoera edozein delarik ere. Bai. Ateak zabalik ditugu guk, eta nahi duen oro etortzen da, paseo txikiak nahiz ekintza zailagoak egitera. Argentinan, esaterako, 6.000 metrotik gorako bi mendi igo genituen desgaitasunen bat duten pertsonekin. Ibilki inklusiorako lekua dela esan al daiteke?
Bai. Adin guztietako eta askotariko egoerak bizi dituzten pertsonek hartzen dute parte. Parte hartzaileen % 90 emakumeak dira, eta % 90 etorkinak dira. Mendia ez da helburua, elkartzeko puntua baizik, gure ideia elkarbizitza baita.
Pertsona horiek Euskal Herria hobeto ezagut dezaten aukera ematen dute ibilbide horiek. Gure bazterrak ezagutzeko eta gure kulturara gerturatzeko modua ere ba al da? Zalantzarik gabe. Alboan dugunari buruz ikasteko, ezagutu egin behar da ingurua. Dena den, etorkinei ez diegu soilik naturaguneak ezagutzeko aukera ematen; horrez gain, aukera dute egoera berdintsua bizi izan duten beste pertsona batzuekin bizipenak partekatzeko.
Nola antolatzen dituzue irteerak? Material bereziak behar izaten al dituzue?
Desgaitasun motaren arabera, material batzuk edo besteak behar izaten ditugu, baina, tresnari baino gehiago, pertsonari erreparatzen diogu. Jendeak normalean nahiago izaten du norbaitekin besotik helduta joan, hizketan joan nahi duelako. Mugikortasun urriko norbait dagoenean, berriz, tresna konplexuagoak erabiltzen ditugu. Tresna batzuk eman dizkigute, baina oso garestiak dira, eta duela gutxi gurpildun aulki bat indartu genuen; mendiko bizikleten gurpilak jarri genizkion, eta Gorbeiara igo gara horrekin. Beraz, ez da oso ekipamendu sofistikaturik behar mendira joateko. Espeleologia ere egiten dugu, eta egokitu gabeko kobazuloetara sartu izan gara gurpildun aulkiekin.
Presarik gabe, inguruari so
Ibilbideak luzatu egiten dira Ibilkik antolatutako irteeretan. Helburua ez da lehenbailehen amaitzea, uneaz gozatzea eta elkarbizitzari tokia egitea baizik. Beraz, umeek izaten duten begiradarekin egiten dituzte jarduera guztiak, denborari erreparatu gabe eta edozeri behatzeko geldialdiak eginez: “Bi orduko ibilbideak egiteko, sei ordu behar izaten ditugu batzuetan, baina ez mantsoago goazelako, baizik eta bidean arreta eman digun edozeri begira gelditzen garelako. Une horiek elkarbizitzan gertatzen diren trukeetarako probesten ditugu; hitz egiteko, gauzak komentatzeko edo naturari behatzeko”, azaldu du Rodriguezek.