Oihana Larrandabururen artikulua.

 

Ipar Euskal Herrian, Frantses Hezkunde Nazionalak gure ikasleekin borondate onez aritzea galdegiten digu eta hori begi onez ikusten dut. Baina gurekin, erakasleekin, zer-nolako jokamoldea dute? Urtez urte postu murrizketak jasaiten ditugu, gure lan baldintzak okertzen dira, lan gehiago egin behar dugu ber lansariarendako, euskararen zapalkuntza eta mespretxua eta holako adibide hanitx atzemaiten ahal nituzke.

Frantses gobernamenduaren kezka nagusia, ikasleen frantseseko eta matematikako heina da. Egitarauan oren gehien hartzen dituzten ikasgaiak dira. Lehen mailetan, ikasleei bi gai horientako “ebaluaketa nazionalak” iganarazten dituzte: ikasleak mailaka ezarrarazteko... Edo bigarren mailetan, ber gaientako, ikasleen mailaren arabera, “beharren taldeak” sortzen dituzte. Alta Pisa sailkapenean Frantzia urrun baratzen da…

Frantziak 2. mailan ezartzen dituen ikasgaien artean, “ikasle bilakatu” atzemaiten dugu. Enetako horrek garrantzi gehiago hartu behar luke, gure geletan biharko gazteak, helduak ditugulako. Ez dea premiatsu gure ikasleek familia eredu desberdinak ezagut ditzaten? Edo genero desberdinak? Edo desberdintasuna? Edo norberaren edo bestearen errespetua? Edo jazarpena ez dela onartua? Edo emozioen ezagutza? Edo ikastetxeko eguneroko bizian parte hartzearen interesa? Edo gisa horretako milaka beste gai.

Ene eta gure helburua lehen-lehenik, ikasleak ontsa izatea izan behar du eta hori, ene ustez, holako ikaspenekin lortzen ahal da. Euskal Herrian aitzinatuagoak gira; aski da haurrendako diren albumak so egitea. Seaskako hezkuntza proiektuan, ikaslea erdigunean ezarria da eta erakasleoi parada ikaragarria uzten digu horretan aritzeko.

Merexi du eta merexi dute.