Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara pasatzea aldaketa handia da haurrentzako, euren garapen-beharrei baino gehiago hezkuntza-sistemaren premiei erantzuten dien aldaketa, Itziar Arregi HUHEZIko irakaslearen arabera.
Aurtengo ikasturte hasiera arraroa izan da haur guztientzako. Tenperatura hartzea, eskuak garbitzea, distantziak, maskarak… eta, horrez gain, kasu askotan, kide berriak, irakasle berria, etapa aldaketa, ikastetxe aldaketa… Eskola-sartze guztiak lupaz behatu eta txeraz zaindu behar badira, aurten bereziki, eta, are gehiago, aldaketa handia biziko duten haurren kasuan.
Horietako batzuk izango dira Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara igaroko diren haurrak. Etapa aldaketa, irakasle aldaketa… eta zer nolako aldaketa! “Jolastetik ikastera”, esaten zen garai batean… Baina hainbeste aldatzen ote da, bada, haurra HH5etik LH1erako udan, eskola-testuinguruan halako aldaketa bizitzeko?
Itziar Arregi Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslearen arabera, ez. Aldatzen dena umearen inguruan dugun irudia da, bai gurasoen kasuan eta baita irakasleen kasuan ere. “Aldaketak hezkuntza sistemari erantzuten dio —azaldu du Arregik—, irakasleak duen umearen inguruko ezagutza, irakaslearen espektatibak eta umearekiko eraikitzen duen harremana aldatzen da”. Baita gurasoen kasuan ere: “Guretzat ume handiaren ezaugarriak argi daude, eta gure umeak horiek betetzen dituen edo ez konparatzen dugu”.
Etapa aldaketa handia izanagatik, 5-6 urte bitarteko adin-tartean zer gertatzen den ez da aurreko garapen-aldian bezainbeste ezagutzen. “Zenbat eta zaharragoa den pertsona, garapenaz orduan eta gutxiago dakigula dirudi”, ohartarazi du irakasleak. “Pausurik nabarmenenak txikiak garenean burutzen dira, baina gerora ere pausu garrantzitsuak ematen ditugu, askotan oharkabean geratzen direnak. Eskolari dagokionez, badirudi behin LHn sartuta ikasteak espazioa jaten diola garatzeari. Umeek garatzen jarraitzen dute, baita DBHn eta hortik aurrera ere. Baina helduon begirada lorpen akademikora gehiago zuzentzen da garapenen urratsetara baino”.
5-6 urte bitartea garapenean konkista handiak egiten dituzten aldia da haurrentzako, baina Arregik ohartarazi du, garapena ez dela beti aurrera doan prozesu lineala: “Testuinguru edo zirkunstantzia ezberdinak medio, umeak erregresio edo lehenago egiten zituen gauzetara jotzeko beharra izan dezake, eta ez da porrot bat, ez da atzerapauso bat, berraseguratzeko eta indarra hartzeko behar duen momentu bat baizik. Onuragarria”. Linela ez izateaz gain, garapena ez da neurri berekoa adin-tarte bereko haur guztien kasuan: “Haur bakoitzak gaitasun ezberdinak, interes ezberdinak eta inguru ezberdinak ditu. Gaitasunak inguru jakinetan garatzen dira, eta inguruak ezberdinak direnean, gaitasunak ere horren arabera garatzen dira. Adibidez, Saharako basamortuko umeek beranduago ikasiko dute igerian Hawaikoek baino”. Beraz, adin-tarte honetan haur bakoitzaren garapen-premiei hobeto erantzun ahal izateko, haur bakoitzari erreparatu beharko lioke zaintzaileak: “Gurasoak senti dezakeen nahasmena, umeak berak baino gehiago ‘umearen inguruan dugun ideiak’ sor dezake; hau da, ‘adin honetan haurrak hau edo beste bakarrik egin beharko luke’ bezalako ideiek”.
Jolasa: LHn ere beharrezko
Oro har, eta bereziki eskola hasieran adin-tarte honetako haurrek bizi ditzaketen premiei erantzun ahal izateko, haur bakoitzak bidaltzen dizkigun seinaleei begiratzea proposatzen du, beraz, adituak: "Estu dabil? Pozik dabil? Lasai dabil? Aspertuta? Beldurtuta joaten da norabait? Umea ondo dagoenean, lasai eta pozik, gai da behar duen guztia garatu ahal izateko bere garaian. Pozik edo ondo ez dagoenaren seinaleak baditu, hor ibili beharko genuke adi, zerbait esaten ari baitzaigu. Ume bakoitza ezagutu behar da, guztiak baitira desberdinak”.
Arregi haurren jolasean espezialista da, berriki aurkeztu du 2-6 adin tarteko haurren jolas libreari buruzko kasu azterketa bat izeneko tesia eta, haren arabera, eskola-etapa aldatzearekin batera, jolasa haurren bizitzetan espazioa eta denbora galtzen joatea ez da HH5etik LH1era bitartean haurrek bizi duten aldaketa baten erantzuna, hau da, ez da haurrek premia gutxiago dutelako gertatzen: “Eskolaren erabakia da LHn ez duela umeak jolasik behar ikaskuntza orduetan, baina haurrak libre uzten direnean, jolasean hasten dira”. Arregiren arabera, ez da kasualitatea; inguruak aukera ematen badio, jolastu egingo da haurra: “Jolasak denbora behar du, eta espazioa eta kideak. Hauetariko alderdiren bat ukatzen badiogu umeari, jolasak ez du aurrera egingo. Hor sortzen den arriskua da helduok interpretatzea jolasik ez dagoenez umeak ez duela behar, alderantzizkoa denean: behar du, baina ez diogu aukerarik eman. Ikerketek diotena da denbora eta aukera emanez gero, umeen jolasak luzeagoak, konplexuagoak eta aberatsagoak direla”. Haurraren berezko beharrei erantzuten die jolasak, baina ez soilik gizakiaren kasuan, beste espezietako kumeek ere behar dute jolasa, hala nola, katakumeak, txakur kumeak, arkumeak, moxalak… denek egiten dute jolas. “Berez ateratzen da, eta umearen edo kumearen alderdi desberdinak garatzen laguntzen du: alderdi kognitiboa, motorea edo soziala, esate baterako. Fisikoki, adibidez, muskuluak, malgutasuna edota arnas aparatua lantzen dira, eta baita harremanetarako gaitasuna ere, 'zer onartu dezaket, zer da onartu ezin dudana eta muga jarri beharrekoa', 'nola jartzen zaie muga lagunei', 'nola erakarri dezaket lagun bat'… “
5-6 urteko haurren jolasari dagokionez, jolas sinbolikoa gero eta joriagoa bilakatuko da, Arregiren arabera: “Elkarrizketa luze eta sakonagoekin, harreman estuagoekin, kooperatzera iritsiz, eta sormenari bultzada handia emanaz, jolas sinbolikoa gero eta aberatsagoa bihurtzen joaten da. Gainera, arauak eta zoria ulertzen eta onartzen hasten dira umeak, eta garai honetan jolasean joko arautua ere azaltzen da”.
Adiskideek ere gero eta garrantzi handiagoa hartzen dute, nahiz eta lehenagotik badatorkien berdinkideekiko interesa: “Beste umeekiko interesa oso txikitan hasten da. Urtebeteko umeek elkar bilatzen dute, irribarre egiten diote elkarri, eta beste umearen eskuan dagoen objektuak ikaragarrizko interesa hartzen du. Gertatzen dena da beste umeekin erlazionatzeko gaitasuna garatu egin behar dela". Urtebeterekin beste umeak oso interesgarriak dira, baina beste ume horrekin denbora luzean batera egoteko beharrik, nahirik eta gaitasunik oraindik ez da sortu. "Oinarriak ezarriko dira, eta lorpen txikien bidez joango dira umeak hori garatzen". Poliki-poliki, ohartuko dira elkarren ondoan jolastu dezaketela, elkarrena ikusiz, baina artean bakoitza bere objektuarekin jolastuz. Aurrerago, elkarri objektua eskaintzera iritsiko dira, eta hori bada zerbaiten adierazlea. "Horrekin batera hizkuntza ere garatuz joango da. Kontzentratuta egoteko gaitasuna ere handitzen joango da, iraupenak luzatuz. Hitz batzuk gurutzatuko dituzte, eta aurrerago elkarrizketak izan. Baita eztabaida eta gaztazkak ere”.