Haurren Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Eguna da otsailaren 15a.
Haurren minbiziaren errealitatea ezagutzeko, gaixotasun horrek haurrei eta familiei eragiten dien egoera ulertzeko eta gure elkartasuna adierazteko aukera eskaintzen digu egun horrek.
Otsailaren 15a, Haurren Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Eguna, urteko data esanguratsuenetako bat da osasunaren eta hezkuntzaren agendan. Egun honek gogorarazten digu minbizia helduek ez ezik haur eta nerabe askok bizi dutela eta haiek komunitate osoaren babesa behar dutela. Aukera ematen du, beraz, gaixotasunari buruzko sentsibilizaziorako, prebentziorako eta itxaropenerako mezua hedatzeko.
Gaur egun minbiziaren kontrako tratamenduetan aurrerapen handiak egin diren arren, haurrek eta familiek bide luze eta zaila egiten dute. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da elkartasuna kolektiboki adieraztea, ez soilik osasunaren ikuspegitik, baita hezkuntzatik eta gizarte osoaren inplikazioaren ikuspegitik ere. Testuinguru horretan, Aspanogi elkarteak (Minbizia duten adingabeen Gipuzkoako familien elkartea) eta beste elkarte batzuek funtzio garrantzitsua jokatzen dute. Aspanogi elkarteko gizarte langilea den Nekane Lekuonak azaldu duenez, “hau ez da familia bati soilik gertatzen zaion zerbait, edonori egokitu dakioke; horregatik, beharrezkoa da denon babesa, laguntza eta energia”. Aspanogik, besteak beste, sentsibilizazio saioak eskaintzen ditu ikastetxeetan, haurrei eta irakasleei gaixotasunari buruz modu naturalean hitz egiteko, dituzten beldurrei aurre egiteko eta itxaropena sustatzeko.
Otsailaren 15ean, haurren minbiziaren sinbolo bihurtzen da urre koloreko lazoa, eta Aspanogik sustatutako ekintzek —marrazkiak egitea, ipuin kontaketak, horma irudiak sortzea edo hausnarketa saioak— elkartasunaren eta bizitzaren balioa gogorarazten dute. Horrela, haurren ahotsa entzuteko, tabuak hausteko eta komunitatearen konpromisoa indartzeko aukera baliatzen dute.
Oso garrantzitsua da haurrei itxaropena helaraztea eta minbizia gainditu duten pertsonen testigantzak ezagutaraztea. Horrek erakusten die posible dela, eta bizitzak aurrera egiten duela, gaixotasunaren ostean ere
Nekane Lekuona, Aspanogi elkarteko gizarte langilea
Hezkuntzaren garrantzia, haurren minbiziaren aurkako borrokan
Haurren minbizia ez da ospitaleetako pareten artean bizi den borroka soilik. Eguneroko erronka horrek eskolako ikasgelak ere ukitzen ditu, eta komunitate osoaren erantzukizun bihurtzen da, Lekuonaren hitzetan: “Ikasleen, irakasleen eta familien arteko elkarlana funtsezkoa da minbizia duten haurrak eta haien senideak ulertzeko eta babesteko”. Izan ere, haur bati minbizia diagnostikatzen zaionean, haren ikaskideak ere egoera horren parte bihurtzen dira, nahiz eta sarri ez jakin nola jokatu. Lekuonaren esanetan, “haurren erreakzioa askotarikoa izan ohi da: batzuek beldurra sentitzen dute; beste batzuek gaiarekiko distantzia hartzen dute, eta beste askok ez dakite zer esan”. Horregatik, Aspanogik ikastetxeetan eskaintzen dituen prestakuntza saioetan, horrelako egoerei aurre egiteko tresnak ematen dizkie irakasleei eta ikaskideei. “Helburua da haurrek gaixotasunari buruz modu naturalean hitz egin ahal izatea, eta gaixotasuna ez dadila tabu bihurtu”, gaineratu du Lekuonak.
Prestakuntza saioetan, irakasleek ere beren zalantzak partekatzeko tartea izaten dute: “Askotan, irakasleek diote ez dakitela nola jokatu haurrak horrelako gaixotasun bat pairatzen duenean, edo ez dakitela nola azaldu egoera gainerako ikasleei”, dio Lekuonak. Horregatik, Aspanogik gidatutako prestakuntza saioak funtsezkoak dira haurrei minbizia zer den ulertarazteko, beldurrak uxatzeko eta inguru lagunkoi eta babestua sortzeko. Osakidetzaren arabera, urtean 70 haur ingururi diagnostikatzen diete minbizia Euskal Autonomia Erkidegoan. Kopuru horrek argi erakusten du gaixotasuna ez dela urruneko errealitate bat eta eskolak funtsezko rola jokatzen duela normalizazio prozesuan. Hala dio Lekuonak: “Horrelako egoerak ikasgelan lantzen direnean, ikasleek enpatia eta elkartasuna garatzen dituzte”. Horrek eragin zuzena du komunitate osoan: “Haurrak, irakasleak eta familiak gizarte solidarioago baten parte sentitzen dira”, gaineratu du Aspanogi elkarteko gizarte langileak.
Eskolan tabua da eta beldurrak gainditzeko modurik onena da hitz egitea eta prestakuntza eskaintzea
Nekane Lekuona, Aspanogi elkarteko gizarte langilea
Emozioak zainduz, itxaropena eraikitzen
Lekuonaren ustez, ezinbestekoa da haurren minbiziaren aurkako borrokan emozioak ere zaintzea: “Oso garrantzitsua da haurrei itxaropena helaraztea eta minbizia gainditu duten pertsonen testigantzak ezagutaraztea. Horrek erakusten die posible dela, eta bizitzak aurrera egiten duela, gaixotasunaren ostean ere”. Minbizia gaixotasun delikatua da, baina, Lekuonaren hitzetan, “eskolan tabua da eta beldurrak gainditzeko modurik onena da hitz egitea eta prestakuntza eskaintzea”. Irakasleek jakin behar dute zer den minbizia, zer tratamendu eta ondorio dituen eta batez ere nola lagundu daitekeen. Itxaropen mezua azpimarratzea funtsezkoa dela dio: “Haurrek eta nerabeek indar handia dute, eta egun txar bat izatea ere eskubide gisa ulertu behar da; ez dira superheroiak”. Minbizia duen haur bat dagoenean, ezinbestekoa da hasieratik eta prozesu osoan zehar laguntza ematea.
Hausnarketarako eta konpromisorako eguna
Otsailaren 15a Haurren Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, 2002an Minbizia duten Haurren Gurasoen Erakundeen Nazioarteko Konfederazioak (ICCCPO) ezarritakoa. Egun horren helburua da haurren minbiziari buruz eta hura jasaten duten haurren, nerabeen eta familien errealitateari buruz sentsibilizatzea gizartea, bai eta haiei elkartasuna eta babesa adieraztea ere.