Otsailaren 4a, Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Urtean zehar hainbat egunetan gogoratzen da minbiziaren gaitza; hala nola urriaren 19an Bularreko Minbiziaren Kontrako Eguna izan da eta otsailaren 15ean Haur Minbiziaren Kontrakoa izango da. Hiztegia eta iruditeria berrituta, minbizia normalizatu egin behar da, Izan inurri elkartearen aburuz.
Otsailaren 4an Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Eguna da; otsailaren 15ean Haur Minbiziaren Kontrako Eguna izango da; irailaren 22an Leuzemiaren Kontrakoa izan zen... eta egutegiak mota ugaritako minbizien Nazioarteko Egun gehiago dakartza. Izan ere, minbizia puri-puri dagoen gaia da, eta ez soilik nazioarteko Egunetan, egunerokoan ere ikastetxeetan sartzen da minbizia. Baina, nola hitz egin minbiziaz haurrekin eta nerabeekin? Marta Diezi galdetu diogu, paziente onkologikoa da, Izan Inurri minbiziaren akonpainamenduan, formazioan eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik diharduen elkarteko kidea, gurasoa eta Haur Hezkuntzako hezitzailea Legorretako eskolan: "Haurrek tarteka ekarri egiten dute eskolara minbiziaren gaia, etxean bizi dutelako, guraso batek, edo izeba-osabak edo gertuko norbaitek minbizia daukalako.
Horrelakoetan irakasleoi gure mamuak eta landu gabe ditugun gure kezkak agertzen zaizkigu, irakasle izan aurretik pertsonak garelako. Baina horrelako egoeretan, irakasleok eutsi egin behar diogu elkarrizketa horri, naturaltasunez saiatu behar gara minbiziaz hitz egiten haurrekin ere, gaitzaren gordintasuna aitortuz, baina egokituta eta kontu handiz, erantzun egin behar zaie umeek dituzten galderei, egia jasangarria esanaz, eta batzuetan aitortuz geuk ere ez dakigula erantzuna”.
Minbizia normalizatu egin behar dela dio Diezek, baita eskola testuinguruan ere. Datuek erakusten baitute hiru lagunetik gutxienez batek minbizia izateko aukerak dituela: “Minbiziez hitz egin behar da, gaitzari izena eta abizenak jarri behar zaizkio, prozesuez eta tratamenduez hitz egin behar da eta azaldu, minbizi berdina edukiagatik, prozesua, 293. HIKHASI.indd 51 28/11/24 10:36 52 tratamenduak eta ondorioak desberdinak izan daitezkeela pertsona bakoitzarengan”. Era berean, erruduntasuna kendu behar dugu, hasteko: “Hau ez zaigu egokitu ez garelako zaindu, bizi garelako egokitu zaigu, eta bizitza aldatu egiten zaigu. Hortik hasi behar dugu minbiziari buruz hitz egiten”.
Hiztegia berritu beharra dago minbiziari buruz naturaltasunez hitz egiteko, askotan borrokalari moduan hitz egiten baita paziente onkologikoei buruz, baina ez du ontzat hiztegi beliko hori Izan Inurri elkarteak: "Niri borrokalari deitzen didatenean ezetz esaten diet, ez naiz borrokalaria; beste edonork, gure egoeran egongo balitz, berdin jokatuko luke. Ez daukat beste aukerarik: edo gaitzari aurre egin, edo utzi eta hil. Eta minbizia gainditu ez dutenak ez da borrokalari izan ez direlako".
Iruditeria ere berrikusi behar dugu, minbizia eta bereziki bularreko minbizia lazo arrosa batekin irudikatze horrek minbiziaren gordintasuna estaltzen du batetik, Diezen aburuz: “Minbizia oso kontu serioa da, arrosa kolore horrek gure gaitza infantilizatu egiten du eta paziente onkologikoak printzesa moduan ikusarazi nahi gaituzte. Minbizia, ordea, marroi handi bat da”. Horrez gain, lazo arrosaren atzean dagoen merkantilizazioa ere mahai gainean jarri behar dela dio: “Garrantzitsua da adin bateko haurrei azaltzea enpresa batzuen nahia sinbolo horrekin negozioa egitea dela”.
Minbizia, heriotza eta bizitza eskutik
Minbiziaz hitz egiteak bizitzaz eta heriotzaz hitz egitea esan nahi du, eta haurrekin minbiziaz, heriotzaz eta bizitzaz hitz egiteko, norberak duen ikuspuntuaz hausnartzea garrantzitsua izango litzateke. Diezi gaitza bizitzeak heriotzari buruz zeukan ikuspegia aldarazi zion: “Gizartean zabaldua dagoen ikuspegi orokortua neukan lehen: bizitza bizi ostean, hazi, hezi, ugaldu eta zahartu ostean, hiltzen garela pentsatzen nuen; baina orain ikusten dut jaiotzen garen unetik heriotza eskutik helduta daramagula, eta bizitza osoan zehar, normalean, bizitza heriotzaren aurretik joaten dela, baina batzuetan, gaixotasun larri batekin edo istripu larri baten ondorioz, heriotzak aurrea hartzen digu, eta orduan hil egiten gara”. Ikuspegi horretatik landu izan du heriotzaren gaia haurrekin Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, baina modu desberdinetan: “HHn heriotza dakarten hiru arrazoi aipatzen ditugu: oso-oso-oso-oso gaixorik zaude; edo oso-oso-oso-oso zaharra zara edo oso-oso-oso-oso istripu larria izan duzu, beti ere oso-oso-oso-oso horretan jartzen dugu indarra hiltzeko arrazoiak azaltzean. LHtik aurrera, laugarren arrazoi bat aipatzen dugu, nork bere buruaz beste egitearena, eta hor sartzen dira buru osasuna eta zainketa”.
Bizitzarekiko ikuspegia ere aldatzen du minbiziaz hitz egiteak: “Badakigu bizitzak heriotza eskutik dakarrela, eta horrek gauzak erlatibizatzen laguntzeaz gain, geure buruak eta ingurukoak zaintzearen garrantzia erakusten digu. Heriotzari zama kendu eta bizitzari eman behar diogu, gure eskuetan dagoena egin behar dugu. Beti argi izanik, denok hilko garela, baina hil arte bizi egin behar dugula”.
Minbiziaren kontrako egunak
Otsailaren 15a —Haur Minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna— eta urriaren 19a —Bularreko Minbiziaren Aurkako Eguna— dira gaitz honi ikusgarritasuna emateko egunik ezagunenak. Baina egutegian data esanguratsu gehiago ere badira minbiziaz pedagogia egiteko, ikerkuntza aldarrikatzeko eta gaia normalizatzeko. Otsailaren 4an Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango da.