Bizitzarako filosofia da mindfulnessa, orainean zentratzeko eta arreta osoa izateko tresna.

 

Bizitzarako filosofia da mindfulnessa, orainean zentratzeko eta arreta osoa izateko tresna. Are gehiago, sufrimenduari aurre egiteko metodoa ere bada. Sentipenei eta emozioei lekua eginez, geure buruarekin eta gorputzarekin konektatuz, harremanak hobetzeko, adeitasuna lantzeko eta ongizatea indartzeko aukera ematen digu. Haurrekin gelan lantzeak eskolako giroa eta harremanak hobetzen lagun dezake.

 

Mindfulnessa pentsamenduei, emozioei eta gorputzaren sentsazioei arretaz behatzea da, horiek egokiak diren edo ez diren epaitu gabe. Arreta behatzen dugun horretan jartzea da, arazoekin kezkatu gabe eta irtenbiderik bilatu gabe. Meditazioan du oinarri, baina beste hainbat teknika ere erabiltzen ditu. Baina, mindfulnessa zer den ulertzea errazten du mindfulnessa zer ez den jakiteak: ez da etengabe gauzak egiten aritzea, ez da deskonektatua egotea, ez da erlaxazioa, ez da erlijio bat eta ez da zerbait erosoa.

Danel Iñurritegik, Izaskun Robledok, Olatz Txapartegik eta Eneka Delgadok aspaldi deskubritu zituzten mindfulnessaren onurak eta, gaur egun, guztiak dira mindfulness instruktoreak. Iñurritegi Baraka psikologia zentroko kide da eta Barakan jaso dute guztiek formazioa, baita mindfulnessa haurrekin egiteko prestakuntza espezifikoa ere. Robledok arteterapia eta mindfulnessa uztartzen ditu, Delgadok nerabeekin lantzen du eta Txapartegik, berriz, haurrekin.

Bizitzako edozein alorretan laguntzeaz gain, bizi ditugun esperientziekin modu osasungarriagoan erlazionatzeko aukera eskaintzen digu mindfulnessak. Arreta osoa esan nahi duela esaten da, baina definizio hori oso sinplea dela dio Iñurritegik: “Mindfulnessa kosmobisio jakin batetik dator eta 2.500 urte inguru ditu. Normalean lepotik gora bizi gara, buruan zentratuta, eta sentsazioei eta emozioei ez diegu behar adina kasurik egiten. Mindfulnessak tresnak, betaurreko berri batzuk, ematen dizkigu gure esperientziekin beste modu batera erlazionatzeko. Ez da gauzak aldatzeko tresna bat, baizik eta gertatzen zaigun horrekin beste modu batera erlazionatzeko aukera ematen digun tresna”. Lanabesa baino gehiago, metodoa dela zehaztu du: “Modu osasuntsuan bizitzeko baliabideak ematen ditu eta sufritzeari uzteko metodoa da”.

Konexioa ere bada, Delgadoren hitzetan: “Gorputzetik kanpo pasatzen dugu ia egun guztia, gauzak egiten eta inguruan dugunaz ohartu gabe; ez gara konektatzen ez gure gorputzarekin, ez aurrean ditugun pertsonakin ere. Deskonexio horrek geure sufrimendua areagotzen du eta, modu horretan, ongizatea galtzen dugu. Mindfulnessak gorputza berreskuratzen laguntzen digu, sentipenei eta emozioei lekua egiten. Konexio hori eta momentuan egiten ari garen horretan zentratzea lortzen dugunean, buruak eta gorputzak atseden hartzen dute”.

 


Mindfulnessak tresnak, betaurreko berri batzuk, ematen dizkigu gure esperientziekin beste modu batera erlazionatzeko

Danel Iñurritegi, Baraka psikologia zentroko kidea


 

Hori egitea, ordea, ez da erraza, gelditzea eta kokatzea eskatzen digulako. Baita beldurra galtzea ere, Robledok dioenez: “Geldiune kontziente bat egiten dugunean, barnean gauza asko mugitzen zaizkigu eta beldur gaitezke. Mindfulnessak erakusten diguna da nola utz ditzakegun ekintzak alde batera gure izanarekin bat egiteko eta konektatzeko. Autoezagutzarako eta nerbio-sistema lasaitzeko sekulako tresna da, eta bizitzan errotuta egoteko modua ematen digu". Denbora behar da, ordea: "Pertsona bati egunero 45 minutuz esertzeko eta meditatzeko proposatzen diozuean, bertigoa ematen dio”.

Orainean kokatzen lagundu dio Txapartegiri mindfulnessak: “Nire burua orainean kokatzen eta lehentasunak markatzen lagundu dit”. Zarauzko Antoniano ikastetxean irakaslea da Txapartegi Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan, eta egin duen lanketa pertsonalak lanerako beste modu bat ekarri diola dio: “Ikasleekin gaudenean, haiei begira, kanpora begira egoten gara, baina nik orain lan hori barnekoa zainduz egin dezaket. Errazago ikusten dut zer ez doan ondo edo gelan zerk ez duen funtzionatzen eta, alde horretatik, baliabide asko eman dizkit. Gelako giroa kargatzen hasten denean,  hori jaisteko zer egin dezakedan pentsatzen dut orain, eta lehen ez nuen horrelakorik planteatzen; plangintzarekin jarraitzen nuen eta kito”.

 

Harremanak hobetzeko aproposa

Harremanak hobetzeko tresna ere bada mindfulnessa Iñurrategik azaldu duenez: “Mindfulnessaren bidez, helduok gure barneko funtzionamenduaz jabetzen gara eta horrek hurkoa beste modu batera ikusteko eta hura ulertzeko gaitasuna ematen dizkigu; besteak zerbait egiten duenean ez duela modu pertsonalean edo gure aurka egiten, edo, adibidez, haurrak gelan oihuka ari direnean ez dela gure kontra ari direlako baizik eta ezinegona dutelako”.

“Lasai gaudenean, umeekin edo nerabeekin beste modu batera erlazionatzen gara, eta une horretan haiek gurekin batera autorregulatzen dira. Batzuetan, umeak haserretzen direnean, urduritu egiten gara eta oreka galtzen dugu, eta mindfulnessak lasaitasuna, oreka eta autorregulazioa aurkitzen laguntzen digu”, azaldu du Delgadok.

Deserosotasuna bizitzaren parte da eta atseginak ez diren gauzak ere bizi egin behar ditugu Iñurritegik azpimarratu duenez: “Badira atseginak diren emozioak eta badira atseginak ez direnak, eta denak parean jartzen ditugu. Haurrek ere ikusten dute emozioak etorri eta joan egiten direla, eta guztiak hasiera bat eta bukaera bat duela. Sekulako ikaskuntza da haurrak barneratzea haserre dagoenean haserre horri arreta jartzen baldin badio, pasatu egingo zaiola. Ikaskuntza handia da, bai haurrentzat eta baita helduontzat ere”. Izan ere, haurrek helduon eredua behar dute hori guztia barneratzeko: “Haurrei mindfulnessa erakusteko ezinbestekoa da helduak ere praktikatzea, zeren helduak haren azalean bizi izan ez badu, haurrei ez zaie iritsiko”.

Gure emozioei arreta jartzen diegunean, behatzaile moduan begiratzen diegu Delgadok azaldu duenez: “Haserreak atzetik duen intentzioa gauzaren bat amorruz botatzea izan liteke, eta mindfulnessak emozio jakin batek zertara gonbidatzen gaituen ikusten laguntzen digu. Behatze hutsak emozio horren intentsitatea baretzen laguntzen digu; emozioa noiz etortzen ari den kontura gaitezke eta horrekin zer egingo dugun erabaki dezakegu. Haurrei praktika horretan lagundu behar zaie, jakina”. Ildo beretik mintzatu da Robledo: “Haurrek haserrea pizten ari zaiela ikusten dutenean, horrekin zer egingo duten erabaki dezakete badakitelako euren sistema lasaitzeko zer egin dezaketen. Beraz, gatazkak sortzear direnean, zer egin dezaketen jakiteko tresna bat izango dute”.

 


Lasai gaudenean, umeekin edo nerabeekin beste modu batera erlazionatzen gara, eta une horretan haiek gurekin batera autorregulatzen dira

Eneka Delgado, hezitzailea


 

Mindfulnessak gatazkak murrizten laguntzen du, bakoitzak bere emozioen ardura hartzen duelako, Iñurritegik azaldu duenez: “Gatazketan ohikoena kanpora begiratzea eta ardura bestearengan uztea izaten da, fokua bestearengan jartzea eta norberaren ikuspuntua bestearen ikuspuntuaren gainetik jartzea, baina modu honetan gure emozioen ardura gure gain hartzen dugu”.

 

Ez ohartzetik, ohartzera

Mindfulnessa lantzeko hainbat teknika dauden arren, helduek meditazioaren bidez egiten dute, nagusiki. Modu informalagoan ere egin daiteke, ordea, Txapartegik azaldu duenez: “Eguneroko edozein ekintza egin dezakegu kontzientzia guztia erabiliz, bestela modu automatikoan egiten ditugun gauzen kontzientzia hartuz. Dutxa izan daiteke horren adibidea: ura burutik eta gorputzetik behera nola erortzen zaigun sentitzea, xaboiaren usaina sentitzea… Arreta jarriz hartzen ari garen dutxa horretan eta burua lan kontuetan eduki gabe, esate baterako”.

Momentuan bizitzen eta sentitzen ari garenari arreta jartzeaz ari gara, baina, zeri jar diezaiokegu arreta? Bada, soinuei, adibidez. Egunerokoan oharkabean pasatzen zaizkigun soinuei arreta jartzea, hemen eta orain egotea da; arreta osoa izatea, alegia.  Haurrek hori guztia lantzen dutenean, euren bizitzara eramaten dute eta hori da politena Txapartegik azaldu duenez: “Ikasle batek esan zigun parkean zegoela tubo handi horietako batean sartuta eta soinuak entzuten gelditu zela, eta, euria ari zuenez, euri tantek tuboa nola jotzen zuten entzuten zuela han barruan. Hori oso polita da, konturatzen garelako ikasleek gelan landu dugun hori euren eguneroko bizitzara eramaten dutela. Baita anai-arrebekin edo gurasoekin haserretzen direnean, urduri daudenean edo loak hartu ezinik daudenean ere. Arretarekin konektatzen dutenean lasaiago sentitzen dira; kontziente dira ekintza horrek lasaitasuna ekartzen diela”.

Arreta lantzen ari garenean, ordea, pentsamenduak beste nonbaitera joatea arrunta izaten da eta aingura erabiltzen dute arreta oso horretara bueltatzeko sinbolo gisa. Hala azaldu du Robledok: “Arreta beste nonbaitera joaten zaigunean ainguraren sinboloa erabiltzen dugu berriro ere barneko lasaitasunera bueltatzeko. Arnasketan arreta jartzea izaten da itzultzeko modua: arnasten dugunean zer gertatzen den, gorputzeko zenbat atal mugitzen ari zaizkigun edota inspirazioa zein espirazioa egiteko zenbat segundo behar ditugun ikustea, edo arnasketak zenbatzea”.

Haurrekin, batez ere jolasen bidez egiten dute mindfulnessa eta arreta pixkanaka-pixkanaka lantzen dute. Baita mindfulnessaren munduan hain garrantzitsua den adeitasunaren kontzeptua ere: adeitasuna norbere buruarekin, eta adeitasuna hurkoarekin. Ariketa dibertigarrien bidez lantzen dute hori guztia Robledok azaldu duenez: “Meditazioa hitza entzuten dugunean, zerbait astuna izango dela iruditzen zaigu, baina ariketa eta jolas asko daude arreta lantzeko, besteak kontuan hartzeko eta emozioei kasu egiteko. Jolas moduan egin daitezke eta haurrek oso ongi pasatzen dute”.

 

Eskolan mindfulnessa lantzen

Txapartegik azaldu du nola lantzen duten mindflunessa eskolan: “Hasteko, erronkaren bat jartzen diet. Adibidez, gelan oihalekin masajea egiten dugu eta aste horretan etxeko norbaiti egiteko eskatzen diet. Egiten dutenean, normalean bizipen oso atsegina izaten da denentzat, eta, horrelakoetan, adeitasuna magikoa dela esaten diegu, denentzat onuragarria delako. Adi egoteko superbotereari buruz ere hitz egiten diegu”.

Mindfulnessa praktikatzeko gogoa barrutik atera behar zaigu eta haurrak ere ez dituzte behartzen saioetan parte hartzera. Dena den, Txapartegik dio haien kasuan, normalean, denek parte hartu nahi izaten dutela: “Ikusten baldin badugu umeren bat une horretan ez dagoela prest, gelan beste zerbait egitera gonbidatzen dugu: eraikuntzak egiteko materialekin jolastu dezala edo egin dezala beste zerbait, betiere gainerakoak errespetatuz”. Baina, oro har, baliagarria zaiela eta on egiten diela ikusten duten neurrian, hurrengo saioaren zain egoten dira ikasleak: “Erronka modura planteatutako jolasak izaten dira: gelatik paseo bat ematea soinuak entzunez, animalien soinuak identifikatzea… Mugimendua duten jolasak izaten dira, eta oso dibertigarriak”. Saioen ondoren, berriz, garrantzitsua da galderen bidez bizi izan duten hori kontziente egitea: on egin al dizue ariketak? Zer da sentitu duzuena?

 


Gelan gatazka gutxiago ditugu eta ikasleak jokatzeko beste modu batzuk barneratzen ari dira pixkanaka

Olatz Txapartegi, irakaslea


 

Nerabeekin aritzen da Delgado hezitzaile gisa Zumarragako Ibaiondo adin txikikoen zentroan. 14 eta 18 urte bitarteko gazteak hartzen dituzte Ibaiondon eta zazpi edo zortzi ikasle izaten dira talde bakoitzean. Haiek ere animatzen dira, normalean, Delgadok azaldu duenez: “Agian norbaitek ez du parte hartu nahi, baina besteek oso ondo sentitu direla esaten dutenean, animatu egiten dira. Jolasak egiten ditugu, baina meditazio saioak ere egiten ditugu; haurrekin baino gehiago”.

Plastikako eskoletara ere eraman liteke mindflunessa. Izan ere artea eta mindfulnessa uztartzea erraza da, bien helburua sufrimendua jaistea baita Robledoren hitzetan. Mindfulnessa eta artea uztartzen ditu Robledok:  “Arteterapiak autoezagutzarako, norberaren adierazpenerako, sormenerako, bizitzan bide berriak aurkitzeko eta modu inkontzientean ditugun gauzak argitara eramateko baliatzen ditu baliabide artistikoak. Artea eta mindfulnessa uztartzen ditugunean, sekulako informazioa ateratzen dugu. Lupa edo linterna interesgarria da nork bere burua arakatzeko”.

Iñurritegiren ustez, mindflunessak zeharkakoa izan beharko luke hezkuntzan: “Ez litzateke mugatu beharko astero ordu beteko saio bat izatera. Jakina, irakasleek, gurasoek eta eskolako gainerako langileek horretarako prest egon beharko lukete; paradigma aldaketa sakona egin beharko litzateke horretarako”. Izan ere, hori guztia ez dela denbora galtzea argi utzi nahi izan du Delgadok: “Irakasleoi eta hezitzaileoi denbora falta zaigu eta, geldiune horretan, denbora galtzen ari garela pentsatzen dugu, baina geldiune hori inbertsio bat da eta lasaitasuna ematen digu ondoren beste guztiari heltzeko”.

Eskolan ere gatazkak nabarmen murrizten direla aipatu dute. “Nik uste dut haurrei lagun diezaiekegula eraikitzen ari diren ni-a malguagoa izan dadin, eta horrek ere, gatazkak saihesten laguntzen du, gatazka guztiak ego horretatik etortzen direlako”, azaldu du Iñurritegik. Txapartegik, bere aldetik, gelan gatazkak murriztu direla nabaritu du: “Eta, gainera, ikasleen adeitasunaren garrantzia nabarmentzen dute. Nire ikasleak oraindik txikiak dira eta inpultsu asko izaten dituzte, baina lagundu egin die. Eta, gehituko nuke, nire ikuspegi aldaketak erruduntasun gutxiago sentitzen laguntzen diela, nire aldetik ez dagoelako epaiketarik, adeitasuna baizik. Gelan gatazka gutxiago ditugu eta ikasleak jokatzeko beste modu batzuk barneratzen ari dira pixkanaka”.

Adeitasunez jokatzea da mindfulnessaren oinarrietako bat eta guztien artean adeitasunaren lorategia osatzen dute. Robledok azaldu du zertan datzan: “Norbaitek adeitasunez jokatzen duenean, lorategian gometsa bat jartzen dugu eta adeitasunaren lorategia osatzen joaten gara”. Egunero-egunero maitasunez eta errespetuz ureztatzen dituzte adeitasun-lore horiek, ongizateak luze iraun dezan.