Film eta liburu erromantikoek bikote eredu perfektuarekin amets egitera bultzatzen gaituzte.
Bikote harreman perfektuak, eztabaidarik eta arazorik gabekoak eta dena zoragarria den eszenak eskaintzen dizkigute film eta liburu erromantikoek. Eta, errealitatea hortik urrun dagoen arren, eredu gisa hartu ohi ditugu.
Film eta liburu erromantikoek bikote eredu perfektuarekin amets egitera bultzatzen gaituzte, baina hori guztia errealitatetik nahiko urrun dagoela adierazi dute Eihera kooperatibako Nerea Iraola eta Unai Ribera kideek. Maitasun erromantikoa, monogamia eta jeloskortasuna izan dituzte hizpide, besteak beste.
Zer da maitasun erromantikoa?
Unai Ribera: Maitasun erromantikoa gizarteak heteroaraua erreproduzitzen jarraitzeko duen egitura dela esan daiteke, eta, horren ondorioz, indarkeria mota jakin batzuen gainean eraikitzen dira harreman erromantikoak.
Mito bat dela esan al daiteke?
U.R: Maitasun erromantikoa apur bat zapaltzailea den maitasun eredu gisa uler genezake. Batez ere, harreman heterosexualetan gertatzen da, eta botere harremanak, indarkeria kasuak, genero rolen erreprodukzioak… ikusten dira. Beraz, maitasun erromantikoaren zatirik politena edo saltzen saiatzen diren alderdirik politena mito bat izan daiteke, baina maitasun erromantikoa existitzen da, indarkeria erreproduzitzen duen maitasunaren formatu gisa ulertzen badugu.
Eskoletan ere, heteroarauan eta patriarkatuan oinarritzen den familia egitura garatzen jarraitzen dute oraindik
Nerea Iraola, Eihera kooperatibako kidea
Kasu guztietan erreproduzitzen al du indarkeria?
U.R: Maitasun erromantikoa gizon eta emakume gisa eraikitzen gaituen moduaren erreprodukzioan oinarritzen da. Egiturazko indarkeria sinbolikoa eta beste indarkeria mota batzuk jasateko gertatzen da hori, generoaren eraikuntza gisa. Indarkeria matxista erreproduzitzeko mekanismo bat da maitasun erromantikoa, oinarritzat printze urdinak edo printzesa arrosak hartuta.
Gaur-gaurkoz, horixe da maitasunarekin gehien lotzen dugun ikusmoldea. Zergatik?
U.R: Ikus-entzunezko edukietan, kultur ikuskizunetan, musikan…, oro har, maitasun eredu erromantiko klasikotik datozen harreman motak jasotzen ditugu. Eta bazterreko subjektu ez bihurtzeko eta indarkeriarik ez jasateko, arautik ahalik eta gertuen egon nahi izaten dugu. Arauaren barnean ere indarkeria dago, ordea.
Maitasun erromantikoa monogamiarekin lotu ohi dugu.
Nerea Iraola: Bai, gazte-gaztetatik erreproduzitzen ditugu maitasun eredu hegemonikoa eta monogamia.
Nik uste dut bikote harreman ez hegemonikoak edo arautik ateratzen direnak ez direla saritzen, ezta bikoterik ez izatea ere, adibidez. Ez dugu zertan beste eredu batzuetara jo; bikotea ez edukitzea bera ere zigortu egiten da
Unai Ribera, Eihera kooperatibako kidea
Eta monogamia, maitasuna eta sexu harremanak pertsona bakarrari mugatzea ikasitakoa al da?
N.I.: Bai, gizartean nagusi den heteroarautik jasotzen dugun mezua da, eta hori errepikatzera bultzatzen gaituzte.
U.R: Errealitateak ez dira moldakaitzak, eta desirak edota espektatibak aldatu egin daitezke denborarekin. Gizakiok ez gara naturalki monogamoak, baina gizarteak zehazten du zer desira eta zer espektatiba izango ditugun, eta horretan oinarrituta eraikitzen ditugu etorkizunean izan nahi ditugun bizi proiektuak.
Badira beste aukera batzuk. Zer leku dute horiek gaur egun, gure gizartean?
N.I.: Nik uste dut dauden aukerak oso mugatuak direla eta lanketa handia egin behar dela oraindik ere. Eskoletan ere, heteroarauan eta patriarkatuan oinarritzen den familia egitura garatzen jarraitzen dute oraindik.
U.R: Nik uste dut bikote harreman ez hegemonikoak edo arautik ateratzen direnak ez direla saritzen, ezta bikoterik ez izatea ere, adibidez. Ez dugu zertan beste eredu batzuetara jo; bikotea ez edukitzea bera ere zigortu egiten da.
Jeloskortasuna, emozio naturala
Maitasun erromantikoa eta jeloskortasuna elkarren ondoan ikusten ditugu maiz, baina jeloskortasuna beste edozein emozio bezain zilegi dela dio Riberak: “Edozein emozioren aurrean zer jarrera hartzen dugun begiratu behar dugu. Haserrea, adibidez, ez da txarra; ezin diogu ongiaren eta gaizkiaren ikuspegitik begiratu. Nire haserrearen ondorioa norbait jotzea bada, horren kudeaketa izango da okerra, baina ez haserrea edo mina bera. Gauza bera gertatzen da jeloskortasunarekin. Denok sentitzen dugu, eta ez soilik bikotekidearekin; lanean, etxean, familiarekin, lagunekin… ere sentitzen dugu”. Jeloskor sentitzen bagara emozio horri lekua egin behar diogula uste du Iraolak ere: “Garrantzitsuena da jeloskortasun horri zer erantzun ematen diogun”.