Eskola tradizionalaren ereduak ez zuen asebetetzen Maite Ruiz, eta "haurrarekiko begirune handiagoa" zeukaten ereduen bila ari zela aurkitu zuen Maria Montessori. Zapaburu eskola sortu zuen Irunen, 2015ean. Geroztik irakasleei eta familiei formazioa eskaintzen die,  baita Hik Hasiren Udako topaketa pedagogikoetan ere. 

XIX. mende bukaeran jaio zen Maria Montessori eta gerra arteko garaian garatu zuen bere hezkuntza eredua. Lehendabizi Medikuntza ikasi zuen,  eta ikasketa horiek amaitu zituen Italiako bigarren emakumea izan zen. Ondoren, behar bereziak zituzten umeekin lanean hasi zen, “inork haur haiek artatzen ez zituen momentuan”, dio Maite Ruizek. “Maria Montessori konturatu zen modu zehatz batean lan egiten baldin bazuen haurrek aurrerapausoak egiten zituztela. Horrela hasi zen material eta metodo zehatzak sortzen eta haurrei aukerak ematen”. Italian Mussolini boterera iritsi zenean exiliatu beharra izan zuen, Herbeheretara, Indiara, Bartzelonara… “niretzat biziraule bat eta emakume feminista oso borrokalaria izan zen”. Miresmenez mintzo da Ruiz hainbeste ezagutzen duen pedagogia ereduaren sortzaileari buruz. 


Kokatzeko: ehun urtetik gora dituen metodoa edo filosofia da Maria Montessorirena, baina egun, berrindartze bat izaten ari da. Zergatik ote?
Marketing aldetik materialak indar handiz sartu dira, oso ikusgarriak direlako, baina Montessori hori baino askoz gehiago da. Montessori pedagogia, bai eskolan eta baita familia testuinguruetan ere, berridazten ari dela esango nuke, hori bizi dut formazioak ematera eskoletara joaten naizenean. Argi dago Montessoriren proposamena oso iraultzailea izan zela XIX. mende bukaeran sortu zuenean; baina haurtzaroarekiko begiradak, haurraren protagonismoak eta harekiko errespetu sakonak, gaur egun oraindik badute zentzua. Nire ikuspuntutik, haren pedagogiaren onurak denontzat izan daitezke aberasgarriak eta esparru ugaritan ezar daitezke; bai eskola publikoetan, kontzertatuetan, pribatuetan, eskola libreetan, etxean eta baita adineko pertsonen zentroetan ere. Montessoriren filosofia praktikara eramateko hiru ezaugarri izan behar dira: batetik, gida edo heldu kontzientea; umiltasuna praktikatzen duena, haurren etapak ondo ezagutzen dituena eta haien beharrekiko sentibera dena. Bigarrenik, giro prestatua, hau da, beharrei erantzuten diena. Eta, hirugarrenik, haurra edo subjektua nola hartzen duen: izaki bakarra da, etengabeko eboluzioan dagoena, jakin-mina duena eta bere prozesuaren jabe dena.

Zu zeu zerk erakarri zintuen filosofia horretatik?
Nik Pedagogia ikasi nuen, betidanik argi izan bainuen haurrekin egin nahi nuela lan. Ikasketak bukatu nituenean ez nuen neure burua eskola tradizionaletan ikusten, eta haurrekin eta nerabeekin lanean aritu nintzen harrera etxeetan eta hezkuntza ez-formalean. Hala hasi zitzaidan beste eskola mota bat pentsatzeko eta ezagutzeko grina pizten, eta hainbat eskola libre bisitatzera eta behatzera joan nintzen. Montessori metodoa topatu nuenean guztiz maitemindu nintzen. Hori zen nik bilatzen nuena; haurrak benetan euren prozesuen protagonistak ziren, haurren interesak eta nahiak ikaskuntzarekin orekan zeuden, eta, hortik aurrera, formatzen eta sakontzen jarri nintzen buru-belarri. Gero Zapaburu eskola sortu genuen hainbat hezitzaile eta familien artean Irunen, 2015ean. Handik Donostiara joan ginen eta handitzen joan zen. Oso esperientzia aberasgarria izan zen, sei urte iraun zituena.


Garrantzitsua da txikitatik denok geure buruari galdetzea ‘Zertan egin nahi dut lan gaur? Zer interesatzen zait? Zer ikasi nahi dut?’ Horrek ahaldundu egiten gaitu, askeagoak eta autonomoagoak egiten gaitu


Esan duzun moduan, askotan materialetan gelditzen gara, baina horiek kontsumitzea baino gehiago, filosofia bati heltzea da Montessoriren izpiritua jarraitzea, ezta? Nola begiratzen da haurra Montessoriren izpiritutik edo filosofiatik? 
Maria Montessoriren metodoaren gakoa haurrarekiko duen begirada da; helduak ulertu behar du haur bakoitza bakarra eta errepikaezina dela, eta bakoitzak bere ahalmen, interes, ikasteko eta sentitzeko modu eta erritmo ezberdinak dituela. Badakit hau guztia gaur egun oso modu errazean esaten dela, zailena bai eskola testuinguruan eta baita etxean ere hori guztia praktikara eramatea da. Haurra subjektu aktibotzat hartzeak beste inplikazio batzuk dakartza: zuzenean helduak beste leku batean kokatzen gaitu, behatzaile edo laguntzaile tokian. “Haurtzaroaren zerbitzariak izango bagina bezala”, haurren berezko beharrak behatu eta horiek asetzeko tresnak eta testuinguru aproposak sortzea litzateke helduaren egitekoa, haurren sostengu izatea konponbideak eman gabe.

Zein dira filosofiaren oinarri nagusiak?
Haurrarekiko benetako errespetu sakona nabarmenduko nuke. Horretarako garrantzitsua izango da haurraren garapen etapak ondo ezagutzea. Eta, horrekin batera, aukeraketa librea azpimarratuko nuke: haurrak konektatzeko aukera izatea; garrantzitsua da txikitatik denok geure buruari galdetzea “zertan egin nahi dut lan gaur? Zer interesatzen zait? Zer ikasi nahi dut?” Horrek ahaldundu egiten gaitu, askeagoak eta autonomoagoak egiten gaitu, autoezagutzarako eta ikaskuntzarako bide interesgarriak irekitzen dira. Garrantzitsua da ulertzea, baita ere, haurrek bizipenen bidez, mugituz eta sentsorialki ikasten dutela; euren jakin-minetik abiatutako esperientzia errealak behar dituztela ikaskuntzak eraikitzeko.

Helduek behaketa objektiboa egitea ere garrantzitsua da, eta haurraren eginkizunak galbaherik eta epaiketarik gabe behatzea garrantzitsua da: zertan ari da haurra? Zein dira bere mugimenduak eta aukeraketak? Nola erlazionatzen da besteekin? Haurrek informazio asko eskaintzen digute eta helduok prest egon behar dugu informazio hori irakurtzen jakiteko. Montessori metodoan arlo indibiduala zaintzen da, baina baita kolektiboa ere, eta hori nabarmentzea gustatuko litzaidake. Komunitateari buruz asko hitz egiten zuen Maria Montessorik. Bera gerrate garaian bizi izan zen eta metodo hau sortzeko helburu nagusia bakea lortzea zen, haurrak bakerako hezi nahi zituen eta horrela ulertu behar dira haurrarekiko proposatzen dituen begirada eta hezkuntza eredua. Horrek bakea ekarriko duela sinesten zuen. Umiltasuna da nabarmendu beharreko beste ezaugarri bat, heldua ez dago haurraren gainetik, haren altuerara jaitsi behar gara eta ez soilik fisikoki, baizik eta ulertu ahal izateko haurrak zer behar duen, zer sentitzen duen…


Aldi sentikorrei buruz hitz egiten zuen [Montessorik], haurraren abilezia batzuk lantzeko leihoak balira bezala: mugimenduaren aldi sentikorra, hizkuntzarena, irakurketarena, ordenaren aldi sentikorra…


Eskolarako pentsatu zuen Montessorik bere metodoa, baina bere filosofiatik zer ekar genezake etxera?
Lehendabizi, pertenentzia nabarmenduko nuke, haurrak etxearen parte sentitzearen garrantzia, familiako kide sentitzearen garrantzia. Giro prestatuek horretan laguntzen digute, eta laguntzen digute, baita ere, haurrek autonomia gara dezaten eta autonomo senti daitezen. Era horretan parte har dezakete etxean eta euren ekarpenak egin ditzakete. Ikastaroetan beti esaten diet familiei, makurtu eta begiratu ea haurren tamainarako egokitua daukagun etxea, euren altueran ote daukagu apaindua? Zer daukate eskura? Zer ez? Interes-punturik ba al daukate etxean? Badakigu ikasketa ez dela soilik eskolan gertatzen, familian ere gauza asko landu ditzakegu, eta, horretarako, giro prestatuek asko laguntzen dute. Sukaldeak, adibidez, aukera handiak ematen ditu; hasteko, kide sentitzeko, laguntzeko, baina baita bizitza praktikoko gauza asko ikasteko ere, garbitzeko, sukaldatzeko… Daukagun autonomia ereduaz hausnartu behar dugu: etxe dena garbi izan nahi dugu eta haurrek autonomia edukitzea nahi dugu? Lehentasuna zeri ematen diogun aztertu behar dugu. Adibidez, haurren armairua egokitzen baldin badugu, arau batzuen barruan beraiek aukera izan dezaten goizean jantziko duten arropa hautatzeko, guztioi erraztuko digu egunerokotasuna. Haurrek denbora behar dute probak egiteko eta ikasteko, eta ez soilik autonomia garatzeko, baita autoestimurako eta autokonfiantzarako ere, gauzak egiteko gai eta kapaz direla ikusiko baitute.

Haurraren garapen etapak ongi ezagutzeari garrantzia ematen zion Montessorik. Hezkuntzako proposamenak haurraren beharretatik abiatzeak zer onura ditu bestelako eredu batzuen aurrean?
Haurrek haien beharren eta interesen arabera ikastea gauza naturala izan beharko litzatekeela uste dut. Hau da, gaur egun neurozientziari eta pedagogo askoren lanei esker, badakigu haurrek ikasteko hiru elementu behar dituztela: mugimendua, gorputza eta ikaskuntza oso lotuta baitaude, bereziki lehenengo urteetan; interesa, hau da, emozioa eta barne motibazioa izatea gai edo alor hori ulertzeko eta gehiago jakiteko motore; eta, hirugarrenik, sentsorialki eta manipulatiboki sentitu behar dute kontzeptu abstraktu hori euren psikean barneratzeko. Hiru ezaugarri horiek jarraituz, haurrek modu errazean, naturalean eta gozamenez ikasten dute. Eta nik uste dut hori dela sistema tradizionalagoetan falta dena; gozamenetik ikastea, eskolara gustura joatea, ikastea eta jolastea gauza bera izatea, eta eskolara joatea zerbait harrigarria bilakatzea.

Maria Montessorik haur asko behatu zituen munduan zehar eta proposamen oso interesgarria egin zuen. Aldi sentikorrei buruz hitz egiten zuen, garapenean “irekitzen” diren leiho batzuei buruz, haurraren abilezia batzuk lantzeko leihoak izango balira bezala: mugimenduaren aldi sentikorra, hizkuntzarena, irakurketarena, ordenaren aldi sentikorra… Horiek noiz irekitzen diren jakitea interesgarria da proposamenak egiteko eta giroak prestatzeko. 8 urteren bueltan, adibidez, zuzentasunaren aldi sentikorra irekitzen da, eta haurrak justizia bilatzen hasten dira.

Montessorik proposatu zuen ikaskuntza ereduari aitortza eman dio gerora neurozientziak, esperimentazioa ikasteko bide egokiagotzat jo du neurozientziak. Manipulazioa, mugimendua edota sentsorialetik datorren guztia hobesten zuen Montessorik, eta hala hobetsi du neurozientziak ere. Aldi sentikorrei buruz zioena ere frogatu du neurozientziak. Guri horrek guztiak balio beharko liguke geure buruari galdetzeko ea haurrak benetan prest dauden eskaintzen edo eskatzen ari gatzaizkien ariketak egiteko, adibidez matematika hain modu abstraktuan eta mekanikoan egin behar ote dugun errebisatzeko.


Giro fisikoaz gain, giro psikikoa edo emozionala ere zaindu egin behar da; haurrak euren emozioak adierazteko libre eta konfiantzan sentitu behar dira


Garapen etapa horiei giro prestatuen bidez erantzuten zien. Zein da giro prestatuen funtzioa?
Maria Montessorik bi zentzutan hitz egiten zuen giro prestatuei buruz; batetik, fisikoa, hau da, giro prestatua haurren beharrei eta interesei erantzuteko ongi pentsatua dagoen lekua da, etapa bakoitzari egokitua, non haurrak topa ditzakeen bere intereseko gauzak, bere neurriko erronkak… Fisikoki, altzariak haurren tamainara egokituak egongo dira, gaur egun eskola gehienetan egoten diren bezala; materialak eskura izango dituzte; lurrean lan egiteko aukera izango dute... Lan arloka egiten zuen lan Montessorik: 3-6 urtekoen taldearentzat bizitza praktikoa, arlo sentsoriala, matematika arloa, hizkuntza arloa, artea eta musika eta irakurketa txokoa jartzen zituen, eta helduak proposatutako materialen bitartez haurrek euren ikaskuntzak eraikitzen dituzte. Baina materiala jartzea bezain garrantzitsua da behaketa lana, zer material eta nola erabili dituzten aztertzea, zer interakzio sortu diren ikustea, zer elkarrizketa dituzten entzutea…

Giro fisikoaz gain, giro psikikoa edo emozionala ere zaindu egin behar da, eta hori gidaren esku dago. Konfiantzazko espazio seguru bat izan dadin prestatu behar du espazioa gidak, haurrak euren emozioak adierazteko libre eta konfiantzan sentitu behar dira. Arlo emozionala zaintzea giro prestatuaren parte oso garrantzitsua da. Familia arloan, errazagoa da giro psikikoa zainduta egotea, goxotasuna eta segurtasuna bermatzea.

Badirudi Montessoriren metodoa Haur Hezkuntzako etaparako soilik dela, hori delako, beharbada, eskoletan eta familietan ezagunena, baina Maria Montessorik bere metodoa zabalago garatu zuen, ezta?
Lehen Hezkuntzarako ere landu zuen metodoa, eta badaude Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan jarraitzeko esperientziak ere. HHko ereduak jarraitzen du LHn, giro prestatuek, aukeraketa libreak eta adin nahasketak jarraitzen dute. Montessoriren filosofian adin nahasketa oso garrantzitsua da eta hiru adinetako haurrak elkarrekin egoten dira espazio berean. 0-3 urteko haurren espazioari Haurren komunitatea deitu zion; 3-6 urte bitartekoen espazioari Haurren etxea eta 6-12n bi tailer daude. LHn haurraren beharrak aldatu egiten dira, pentsamendu konkretuaz gain pentsamendu abstraktua lantzera pasatzen baitira. Hortaz, material konkretuez gain, pauso bat aurrerago egitea proposatu zuen Montessorik, abstrakzioarekin lan egin baitaiteke. Idazketa garrantzi handiagoa hartzen hasiko da eta baita hezkuntza kosmikoa ere. 


“Rol asko ditugu gurasook, eta ahal duguna egiten dugu daukagun denborarekin eta kontziliazioarekin, baina, ahal den heinean, gure egunerokotasunean behatzeko jarrera hartzea interesgarria da”



Azal zenezake zer den hezkuntza kosmikoa?
Garrantzitsua da, pertsona gisan munduan kokatzen baikaitu. Funtsean, munduaren parte txiki bat garela ikasten dugu, eta pertsona bezala umiltasuna lantzeko bidea da. Hezkuntza kosmikoan lurraren sorrera ikasten da, ekosistema baten parte garela eta gizakion sorrera lantzen da, hau da, zenbat gauza gertatu diren gu iritsi aurretik. Aurkezpen inpresionisten bidez kontatzen da historia eta haurrarengan arrasto bat uztea lortzen da. Hortik haurraren interesgune askotara zabal genezake ikasketa: historia, natur zientziak, zoologia, geologia… proposamen eta material izugarri interesgarria dago gaiaz eta aberasgarria izango litzateke LHko ikastetxe gehiagotara sartzea.

Irakasleak bidelagun izatea proposatzen duzu. Nola?
Irakasleei buruz argi eta garbi esaten zuen Maria Montessorik pausu bat atzera egin behar dugula, eta behaketako jarrera hartu behar dugula. Horrek beste toki batean kokatzen gaitu, eta haurrari dagozkion protagonismoa eta lekua ematen dizkiogu. Irakasleen egitekoa haurra ze momentutan dagoen behatzea izango da, zer behar dituen behatzea, eta ez soilik ikasketei begira, osotasunean baizik. Horretarako, niretzat oso garrantzitsua da gure haurtzaro propioa behatzea eta irakasleok lanketa pertsonala egitea, jokaera automatikoak ateratzen baitzaizkigu bestela haurrarekin gaudenean eta horrek ez digu haurra benetan, filtrorik gabe eta epaiketarik gabe behatzen uzten. Eta guraso gisa, zer esanik ez.

Montessoriren ikuspuntutik, gurasoei buruz zer gehiago esango zenuke?
Rol asko ditugu gurasook, eta ahal duguna egiten dugu daukagun denborarekin eta kontziliazioarekin. Gaur egungo gurasook nahikoa lan badaukagu eta ez diot inori presio handiagorik sartu nahi. Baina, ahal den heinean, gure egunerokotasunean behatzeko jarrera hartzea interesgarria da, zeren bestela, askotan oso presaka gabiltza eta gehiegi esku hartzen dugu haurrei espazioa eta denbora eman beharrean.