Adituek gomendatzen dutena ez da betetzen eta garaia baino lehen uzten ditugu telefono mugikorrak haurren eta gaztetxoen eskuetan kasu askotan. Mugikorrak mendekotasuna sortzen du eta eragin kaltegarria izan dezake haurren eta gaztetxoen garapenean. Horren jakitun, gero eta gehiago dira seme-alabek mugikorra izateko adina atzeratzeko helburuz sortzen ari diren guraso taldeak. Korrontearen kontra abiatzen duten bidean elkarri babesa helarazteko eta esperientziak trukatzeko gune segurua dira talde horiek.

Telefono mugikorren erabilerak kezka handia sortzen du gurasoen artean. Eta galdera bera ibiltzen da askoren buruan bueltaka: noiz eta nola eman behar diegu mugikorra? Miren Rosek garbi du: ahalik eta beranduen, hobe. Ros familien bidelaguna da haurren heziketan eta kezka du mugikorraren erabilerarekin: “Oso erraz erabiltzen ditugu, oso erosoak dira eta gauza askotarako balio dute. Helduok ere ez dugu denborarik izan nolako tresna erabiltzen ari garen hausnartzeko eta seme-alabei eman dizkiegu haiengan zer eragin izan dezaketen pentsatu gabe”. 16 urte adin egokia izan liteke mugikorra izateko, Rosek dioenez: “Mugikorrak mendekotasuna sortzen du. Nerabezaroan neuronen arteko konexio berriak izaten dira, garunaren zati bat berreraikitzen ari da eta inpultsuen kontrola, planifikazioa eta arreta kudeatzea oso zaila da. Inpultsuen kontrolari dagokionez, garai horretan mugikorra ematea egin dezakegun okerrena da. Hormonak dantzan dituzte, nortasuna finkatzen ari dira, lagunarteko harremanak eraikitzen… Eta horren guztiaren erdian pantaila bat sartzeak ez du inongo mesederik egiten. Gauzak gehiago nahasten dituela ikusten ari naiz”. 

Mugikor propioa izateko adin egokia, 16 urte izan daiteke, beraz. Horrek ez du esan nahi ordura arte pantailarik ez dutenik ikusiko edo sare sozialetan ez direnik sartuko, baina gailu propioa izateko unea ahalik eta gehien atzeratzea, bide horretan heziketa lana egitea bezain garrantzitsua da eta lanketa hori gurasoekin egitea garrantzitsua da. Oso nekeza da, eta guraso askori kosta egiten zaio horretan jartzea, ezjakintasunagatik edo mundu hau arrotzegia egiten zaielako. Behin adina finkatuta, mugikorra nola ematen zaien ere garrantzitsua dela azpimarratu du Rosek: “Nik opari gisa ez ematea aholkatzen dut. Opari gisa ematen badugu, ematen diogun pertsonak nahi duen erabilera egin dezake. Semeari edo alabari argi utzi behar zaio mugikorra tresna bat dela eta gurea dela. Gurasook sinatu dugu kontratua, gurasook ordaintzen dugu zerbitzua eta gurasoak gara seme-alabak egiten duen erabileraren erantzule. Gurea izateak, muga batzuk egotea dakar. Garrantzitsua da gurasoek jakitea seme-alabak zertan aritzen diren eta zer aplikazio erabiltzen dituzten”. 

Guraso taldeak 

Ezjakintasunagatik, taldetik kanpo geratzearen beldurragatik eta kontrolatzeko tresna gisa edukitzeagatik jartzen dugu nagusiki mugikorra seme-alaben eskura. “Bakoitzak bere arrazoiak ditu. Guk ez dugu inor epaitu nahi eta errespetu handiz aritzen gara. Arazoa da zalantza duenak edota seme-alabei oraindik mugikorra erosi nahi ez dienak presio soziala sentitzen duela. Eta garrantzitsua da horrela sentitzen direnei lasaitasun mezua helaraztea eta egoera berean dagoen jende gehiago dagoela jakinaraztea”, dio Rosek. Hain zuzen ere, gero eta gehiago dira seme-alabei mugikorra ahalik eta beranduen emateko helburuz sortzen ari diren guraso taldeak. Duela hiru urte Zarautzen abiatutako esperientziak gero eta jarraitzaile gehiago ditu eta Usurbil, Tolosa, Durango, Zumaia, Azpeitia, Leitza, Ultzamaldea, Gasteiz, Donostia, Pasaia, Mendaro, Antzuola, Ondarroa, Berriatua, Deba, Sopela… eta beste hainbat herri gehitzen doaz etengabe zerrendara. Interesa dutenak eta oraindik martxan jarri ez direnak ere mordoa dira. 

Ohikoa izaten da DBHra pasatzerakoan mugikorra erostea eta guraso batzuen artean kezka sortzea nahikoa izaten da antolatzen hasteko. Rosek azaldu du nolakoa izaten den funtzionamendua: “Ikastetxe bakoitzean gaiari helduko dion talde eragilea sortzea komeni da. Talde eragilearen lehen egitekoa helburuak finkatzea da. Nagusia, mugikor propioa izateko adina atzeratzea izaten da eta ikastetxearen egoera zein den jakiteko mailaz mailako azterketa egitea komeni da. Demagun Lehen Hezkuntzako 6. mailan inork ez duela mugikorrik. Kasu horretan, gurasoei deialdia egiten diegu eta atzeratzeko asmoa zenbatek duten ikusten dugu. Hilabete batzuen buruan berriz elkartzen gara egoera aldatu den ala ez jakiteko eta elkarren arteko babesa eta partekatzea sustatzeko”. Mailaz maila egiten dute azterketa eta mugikorrik ez duten gaztetxoen gurasoak maiztasunez biltzen dira egoera aztertzeko eta elkarri laguntza emateko. Zarauzko ikastolako adibidea jarri du Rosek: “Bilerak sarritan egiten ditugu: uda aurretik, Gabonen aurretik…. Nola dauden eta konpromisoari eusten ote dioten ikusten dugu. Gaur egun LHko 6. mailan 4 gela dira eta 24 ume inguruk du mugikorra, % 30ek gutxi gorabehera. Gainerako gurasoei galdetuta, erantzun dutenen % 67 Gabonak arte ez erosteko prest daude. Pixkanaka joan behar dugu”. 

Guraso taldeak ugaritzen ari direla ikusita oasi txiki bat ikusten du Rosek baina prozesua nekeza dela dio: “Jende askok kezka du eta hori positiboa da, baina gurasoek lan egiteko prest egon behar dute eta horretara animatu behar ditugu. Talde eragileak oso egoskorra izan behar du, hau iraupen-lasterketa bat da, emaitzak ez dira egun batetik bestera ikusten, bidea luzea da eta elkarri animoak ematea oso garrantzitsua da. Erabat sinetsi behar da egiten ari garen horretan eta talde eragilerik sortzen ez bada, ekimenak indarra galtzen du. Era berean, garrantzitsua da kontzientzia hedatze aldera, ikastetxe osoak pausoak norabide berean eta aldi berean ematea”. 

Gurasoek talde horietan sentitzen duten babesak berebiziko garrantzia du. Eta gaztetxoak ere lasaitzen dira mugikorra ez duten ikaskideak eta lagunak badirela ikusita. 

Haurrek eta gazteek aisialdia pantailarekin lotzen dute, gero eta gehiago, eta beste hainbat gauza egiteari uzten diote pantaila aurrean egoteagatik. Nabarmena da frustrazioa kudeatzeko zailtasun handiak dituztela hatzak mugitze hutsarekin nahi dutena nahi dutenean izaten ohitzen direlako. Mugikorren kasuan, gurasoentzat ere desintoxikazio asteburuak gomendatzen ditu Rosek: “Ostiral gauean itzali eta igande gauera arte ez piztu. Gutxik egiten dute baina aparatu txiki hori ekuaziotik kenduta familia harremanak sendotu eta aberastu egiten dira”. Izan ere, funtsezkoa da eredu diren aldetik, gurasoek eurek egiten duten erabilera ere kontrolatzea. 

Zailtasunak zailtasun, mezu baikorra botata amaitu du Rosek: “Komunitatean eta saretzean konfiantza dut. Aldaketa etorriko bada, hortik etorriko da. Bestela ezinezkoa izango da. Askotan esan izan digute utopia batean bizi garela, baina hain zuzen horretarako balio du utopiak: aurrera egiten jarraitzeko”.