Bide segurtasunerako heziketako saioak.
Ibon Iturraspe, Bilboko Udaltzaingoko Bide Segurtasuneko Ikuskaritzako ofiziala
Bide segurtasunerako heziketako saioek mugikortasun segurua eta errespetuzko portaerak eta jarrerak bultzatzea dute helburu.
Bilboko Udaltzaingoak bide segurtasunari buruzko saioak eskaintzen dizkie ikasleei 1992az geroztik. Mugikortasun segurua sustatzea da saio horien helburu nagusia, errespetuzko portaerak eta jarrerak bultzatzearekin batera. Biziki garrantzitsua da etxean eta eskolan bide segurtasunaren gaineko heziketa bultzatzea.
Denoi eragiten digu bide segurtasunak, jaiotzen garenetik erabiltzen baititugu kaleko bideak. Zer alderdi hartu behar dira kontuan seguru ibiltzeko?
Oso oinarrizkoa da, baina espaloietan eta oinezkoentzako guneetan modu autonomoan eta seguru ibiltzea da oinezko gisa hartu dezakegun babes neurri nagusia. Horrez gain, oso garrantzitsua da erabiliko ditugun ibilbideak edo guneak ezagutzea, bide seinaleak errespetatzea eta gainerako erabiltzaileekin errespetuzko eta zuhurtziazko jarrerak izatea.
Bidaiari eta gidari gisa dugun arduraz ere aritzen zarete, arriskua oso desberdin hautematen baita kasu horietan guztietan.
Gidariak ibilgailua erabiltzeaz haragoko faktore askori erreparatu behar die, hala nola bide seinaleei, bidearen gainerako erabiltzaileei edota baldintza klimatologikoei.
Zer hartu beharko genuke kontuan kasu bakoitzean?
Bidaiari gisa, garraiobideetan jokabide zuzenari eta seguruari buruzko arauak barneratu behar ditugu, gidariari, gainerako bidaiariei eta bide erabiltzaileei zailtasunak eragin diezazkieketen jokabideak saihesteko. Gidari bihurtzen garenean, berriz, gure gain hartu behar dugun erantzukizuna askoz ere handiagoa da, eta gidariek kontuan hartu behar dituzte, esate baterako, abiadura, erabiltzen ari diren bide mota, ikuspena, zolagainaren egoera edo zirkulazioaren egoera.
Garrantzi handia du arriskuaz jabetzeak. Kontziente al gara bideak, errepideak dituen arriskuez?
Ez. Alertarako jarrera izateak arriskuak detektatzen, identifikatzen eta horien aurrean erantzuten laguntzen digu, eta gure inguruan gertatzen denari erreparatzeko trebetasun hori ikas eta entrena daiteke. Zoritxarrez, badirudi arriskua atzemateko gaitasuna alde batera uzten ari garela, besteak beste, sakelako telefonoen erabilerak bultzatuta.
Bide segurtasunaren bidez, gainerako pertsonen lekuan jartzearen garrantzia ere lantzen duzue. Errepidean dugun jokabideak besteengan eragin handia izan dezake, ezta?
Zalantzarik gabe, portaera orok eragina izan dezake; bai eragin negatiboa, eta baita eragin positiboa ere. Gidari, bidaiari edo oinezko gisa gure bidetik zirkulatzeak gainerako erabiltzaileekiko erantzukizuna eta konpromisoa eskatzen dizkigu, guztiok ahalik eta segurtasunik handienarekin eta arriskuak murriztuz mugitzeko aukera izan dezagun. Erabiltzaile guztiok jar dezakegu mugikortasun segurua bultzatzeko aletxoa.
Alderdi teorikoa eta alderdi praktikoa uztartzen dituzue ikastetxeetan eskaintzen dituzuen ikastaroetan. Zer lantzen duzue?
Alderdi teorikoari dagokionez, zirkulazioaren oinarrizko arauak eta bide seinaleen esanahia irakasten dizkiegu, bai eta bide segurtasunaren esparruan egunerokoan izan daitezkeen arazo eta arrisku nagusiak ere. Bestalde, norberaren eta gainerako bide erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko jokabide arauak ezartzen ditugu. Ondoren, Sarrikondoko pistetan egiten ditugu praktikak. Gune horretan, ikasleak bizikletaz ibiltzen dira semaforoak, seinale bertikalak edo bide marrak dituen zirkuitu batetik. Horrela, seinaleztapenaren oinarrizko kontzeptuak ulertzen dituzte, eta bizikletan segurtasunez ibiltzen ikasten dute. Amaitzeko, pistaz kanpo ibiltzen dira bide heziketako udaltzainek lagunduta, ikasleen segurtasuna une oro bermatzeko.
Kontuan hartu beharrekoak
Oinezko, gidari zein bidaiari izan, badira aintzat hartu beharko genituzkeen hainbat jokabide. Hauek dira horietako batzuk:
Oinezkoak
- Ibili espaloietatik eta oinezkoentzako bideetatik.
- Ibilbideak ezagutu.
- Bide seinaleak errespetatu.
- Gainerako erabiltzaileekin errespetuzko jarrera izan.
Gidariak
- Ezagutu bidea.
- Bide seinaleak errespetatu.
- Abiadura neurtu.
- Baldintza klimatologikoak ezagutu.
- Zoladuraren egoera kontuan hartu.
- Ikuspena aintzat hartu.
- Gainerako erabiltzaileak kontuan hartu.
Bidaiariak
Izan jokabide zuzenak, gainerako bidaiariei eta gidariei arazorik eragin gabe.