Egoera zailenetan espero ez ditugun baliabideak sortzen zaizkigula dio Josune Martirena haurren prebentzioan eta helduen psikoterapian espezialista den psikologoak. 8 urtetik nerabezaroa bitarteko haurrekin krisi-egoera hau bizitzeko hainbat erantzun eman zizkigun itxialdian egindako elkarrizketa honetan, egoera berrian nahiz etor litezkeen krisietan baliagarriak izan litezkeenak. 

Nerabeak etxeko parte sentitzea eta, era berean, bere kideekin erlazionatzeko bideak irekita mantentzea garrantzitsutzat jotzen du psikologoak. Era berean, haur eta nerabeen ongizateaz arduratuko diren helduek, batez ere gurasoek baina baita irakasleek ere, lehenik euren buruarekiko filtroa ezartzea eta geldialdi bat egitea proposatzen du. “Egoera zailenetan espero ez ditugun baliabideak sortzen zaizkigu, baina horretarako klik egin beharra daukagu: lehengo erreferentziak askatu egin behar ditugu, egoera berri honetan erreferentzia berriak behar baititugu, eta erreferentzia horiek ez daude kanpoan, norberaren barruan daude, baina kontuz! haur eta nerabeengan ez, helduaren barruan daude tresna horiek”.

Adinaren edo etaparen arabera, nola eragin diezaieke konfinamenduak ume txiki eta handiagoei emozioetan nola garapenean?
Mugimendua eta emozioak oso lotuta doaz: poza eta alaitasuna mugimendu librearekin daude lotuta, eta horrek guztiongan du eragina, haur txiki, handiago eta pertsona helduetan. Mugimenduarekin batera tentsioa askatzen baita eta gorputza zabaldu egiten da, plazer sentsazioa esperimentatuz. Haserrea, berriz, askatu gabeko uzkurdurak sortzen du. Bihotzaren mugimendua uzkurtze eta zabaltze etengabea da. Mugimendu hori bera dago gorputzeko zelula guztietan, eta gorputz osasuntsu batek ongi egoteko biak behar ditu. Uzkurdurak akziorako sortzen dira eta zabaltzeak atsedenerako. Akzioaren bitartez ikasi eta sortzen dugu eta atsedenarekin ikasitakoa barneratu egingo dugu. Beraz, egoera normaletan, egunez aktibo egoteak, gauean haztea dakar.

7-8 urtetik aurrera, mugimenduaz gain, berdinekin erlazionatzeak garrantzia handia du. Eta zer esanik ez nerabeen kasuan. Nerabeek batez ere garai honetan taldea behar dute. Zergatik? Gurasoenetik independizatzen ari direlako, eta beraien kideetara jotzen dutelako zerbaiten parte sentitzeko; lehen familiako parte ziren eta orain taldeko parte dira. Sozializatzeko behar hori oso handia da nerabezaroan, eta egoera honetan, ezin zaizkie mugak jarri erlazionatzeko erabiltzen dituzten bideei, sare sozialei eta bideo-jokoei. Isolamenduak ez du esan nahi nerabeak besteekiko harremanak eten behar dituenik, kanalak dira aldatzen direnak.

Kontakturik ez badago ere, harremanak bultzatu behar ditugu, beraz, nerabeen artean?
Isolamendu egoeran gaude bai, baina konektatuta segi dezakegu, eta zer esanik ez nerabeek. Horregatik diot sare sozialekin eta pantailekin malguagoak izan behar dugula. Kontuan izan behar dugu, normalki, nerabeak taldean ibiltzen direla bideo-jokoetan. Izan ere, nerabeak ez dira eseri eta bat-batean hizketan jartzen, nerabeak zerbaiten bueltan erlazionatzen dira, ekintza baten bueltan edo musikaren bueltan… Besterik gabe, pantailaren aurrean jarri eta sare sozialetan ez dute hitz egingo, errazago izango zaie bideo-jokoak erabiliz besteekin erlazionatzea. Haur txikiagoen kasuan ere, kontaktua eta harremanak oso garrantzitsuak dira, eta une honetan mugatuta dauzkatenez, galerak bizi ditzakete. Horren eragina ahal den samurrena izan dadin saiatu beharko genuke, esate baterako, lagun edo familiakoekin bideo-deiak egiten, eta haiekin gogoratuta elkarrekin konpartitzen dituzten jolasen errepikapenak egiten, haientzako marrazkiak egiten; haiekin gogoratuta kantuak edo dantzak sortzen... Ez dugu ahaztu behar 6-7 urte bitartean haurrak fantasian sartzeko erraztasun handia dutela eta, irudimenaren bidez, falta dituzten horiekin harremanetan erraz sar daitezkeela.

Sare sozialak aipatu dituzu, nerabeak une honetan erlazionatzeko kanal gisa. Urte osoa pasa dugu, ordea, nerabeei pantailen aurrean mugak jartzen.
Salbuespen-egoera batean gaude. Hala ere, jar ditzagun errutinak eta pantailekin ibiltzeko orduak, garrantzitsua da; haurra edo nerabea ez dadila egun osoa pijaman egon, pijama botata egoteko arropa da. Pijama erantzi, norbere burua txukundu, aktibitaterako arropa erosoa jantzi, gosaldu eta jar dadila eskolako lanetan. Errutina batzuk mantentzea garrantzitsua da. Behin lan horiek bukatuta, otorduak eginda, denok etxeko garbitasunean eta lanetan parte hartzea garrantzitsua da eta ondoren bai, interesgarria da arratsaldean tarte bat hartzea lagunekin egoteko.

Esan dugun bezala, nerabeak gurasoengandik urruntzeko mugimendua egiten ari dira, eta nola urruntzen dira? Oposizioaren bitartez. Gurasoek zerbait agintzen badiote, eta nerabeak esaten badie “ez dut nahi, ez dut gogorik” eta gurasoek ikusten badute bide horretatik gatazka datorrela, ez du merezi bide horri eusteak, ez behintzat momentu horretan. Nerabea lasaiago dagoenean eta hizketarako jarrera bat azaltzen duenean helduko diogu gaiari. Ikusten badugu momentu horretan gatazka areagotzeko arriskua dagoela, ez du merezi horretan sartzeak.

Helduak frontoiarena egin behar du nerabearen aurrean. Heldua nerabearen pare jartzen baldin bada, “ba, bai, egin behar duzu”, “ba, ez”, “ba bai”… tenis partida bat bezala, egoera hori goraka eskalatzen joango da, eta intentsitatea igotzen joango da, eta giroa oso zaila bihurtuko da. Ez da komeni horretan sartzea. Gurasoak frontoiarena egin behar du. Nerabeak botatzen badu, ez erantzun, errebotatzen utzi eta beste momentu batzuk bilatu nerabearekin hitz egiteko.

Horrez gain, eta momentu honetan bereziki, senti dadila etxeko parte, etxeko eginkizunetako parte. Taldean ekarpena egitea garrantzitsua da nerabearentzat, baina familiako besteontzat ere bai.

Egoera hau zaila da denontzako. Helduok ikusiko dugu zer baliabide ditugun harremanetarako eta itxialdi honetan aurrera egiteko, baina nerabeak baliabide horiek ikasi egin behar ditu, teorian helduok baditugu baliabideak —eta teorian hori azpimarratu egin nahi dut, batzuetan ikusten baitugu baliabideak falta zaizkigula—. Nerabeari ezin diogu eskatu helduak ez daukana, nerabea ikaste-prozesuan baitago.

Zuk esan duzun bezala, denontzako da egoera zaila. Nola kudeatu, une zail hauetan, gurasoaren betebeharrak eta seme-alaben beharrak?
Orain arte, oro har, errazagoa genuen denok gure frustrazioak kudeatzea. “Hemen frustrazioak bizi baditut, kanpora noa, lagunengana edo kirola egitera edo dena delakoa egitera”. Orain ez daukagu kanpora joaterik gure frustrazioak kudeatzeko. Zer gelditzen zaigu? Barrura egitea. Eta barruan zer daude? Baliabideak. Egoera zailenetan espero ez ditugun baliabideak sortzen zaizkigu, baina horretarako klik egin beharra daukagu: lehengo erreferentziak askatu egin behar ditugu, egoera berri honetan erreferentzia berriak behar baititugu, eta erreferentzia horiek ez daude kanpoan, norberaren barruan daude, baina kontuz! Haur eta nerabeengan ez, helduaren barruan daude tresna horiek.

Irakasleentzat ere momentu exijentea da. Egun batetik bestera egiteko modu guztia aldatu zaie. Irakasle batzuk lan handia egiten ari dira ikasleek edukia gal ez dezaten; beste batzuk arduratuta daude umeak zainduak senti daitezen…
Inportantea da jakitea zein diren familien beharrak une honetan, bere ikasleen beharrak zein diren jakitea beharrezkoa da, horren arabera, estrategia bat edo bestea jarri beharko litzatekeelako martxan. Egoera oso desberdinak daude etxeetan, esate baterako, guraso erdaldunak dituzten umeen kasuan, adibidez, familia horrek ezin die lagundu… edo nahiz eta hizkuntza jakin, ez dira azalpenak emateko gai, edo gai batzuk orain beste modu batera irakasten dituzte… Familien aldetik gabeziak egon daitezke, eta ikasle bakoitzak eduki horren jarraipena egin ahal izateko erraztasunak edo zailtasunak izan ditzake. Egoera aldatu den neurrian, guztiz beharrezkoa da beste antolaketa bat. Kanalak ere aldatu egin beharko dira.

Dena den, arreta ikasmaterian jartzeaz gain, garrantzitsua da adin txikiagoetan bezala, 8 urtetik aurrera ere haurren ongizateari ere erreparatzea, zer moduz dauden, nola dauden galdetu behar zaie... Aurrena pertsonak gara eta ikasle-irakasle gisa ere pertsona moduan erlazionatzen gara.

Irakaslearentzat inportantea da jakitea ikasleen egoera zein den, nola dauden, zer burutazio sortzen ari zaizkien egoera honen inguruan, fisikoki, emozionalki… Alderdi guztietatik nola dauden jakiten badute, errazagoa izango zaie ikasleei erantzutea, zer mezu entzuteko beharra duten jakin behar dute. Feed-backa jaso behar dute, euren ikasleen egoera zein den jakin behar dute, baina horretarako galderak egitea beharrezkoa da.

Nolanahi ere, esaten ari garen gisan, gaztetxoak irakaslearekin bere egoera partekatzeko errazago izango du aurrez etxean bere egoeraz hitz egiteko aukera izan baldin badu. Hotz-hotzean ez da hasiko irakaslearekin bere ongizateari buruz hitz egiten; familian horri buruz hitz egitea oso inportantea da, eta horrela, gainera, askoz errazago izango zaio irakasleari erantzutea, eta era berean, irakasleak hobeto erantzungo die ikasleen premiei egoera berri honetan.

Une honetan, eskolaren eta familiaren arteko harremana inoiz baino garrantzitsuagoa da, beraz? 
Seme-alaben eskolako martxan, gurasoei inoiz baino aktiboago egotea eskatzen die egoera honek. Eskolatik proposatzen diren gauza desberdinen jarraipena eramatea dagokie. Batzuentzako estres-iturri ere izan daiteke, moldatzeko zailtasunak sortuz. Exijitu ezin zaio inori egin egoera honetan, ahal dena egitea da egin dezakeguna. Zentzu horretan, eta lehen esan bezala, eguna antolatzeak, errutinak, lagun dezake, egunari forma ematen diote segurtasun sentimendua sortuz. Eskolako errutinek lagundu dezakete etxean, txikienen kasuan, 7 urtera arte ikastea mugimendu eta esperimentatzearekin dago lotuta. Beraz, etxean espazio desberdinetan, aktibitateak sailka daitezke: sukalde txokoa, garbiketarena, eraikuntza, margotzekoa, denda, dantza, musika, ipuinena, jolas librea ... Zazpi-zortzi urtetik aurrera, haurrek denbora gehiago eman dezakete aktibitate batean geldirik. Ondoren nolabaiteko mugimendua ere beharko dute.

Zenbateraino hartu behar dugu egoera hau salbuespen-egoera bezala, eta zenbateraino momentuan dugun bizitza gisa? 
Garbi eduki behar dugu salbuespen-egoera bat dela; horrela ez gara geldituko, seguru. Baina ez dakigu zenbat denbora iraungo duen. Beraz, nahiz eta jakin salbuespen-egoera bat dela eta hau aldatuko dela, egunez egun joatea komeni zaigu. Egun bakoitzean errutinak jarri eta errutinak horiek bete, baina zaindu jarrera, “ez dut hemen egon nahi, ea hau bukatzen den” horretan baldin bagaude, oso gogorra egingo zaigu. Ezin dugu perspektiba galdu: salbuespen-egoeran gaude, baina bukaerari begira, zain jarri gabe, egunez egunekoari begiratu behar diogu. Egunean egunekoari begira jartzen zaren neurrian zure antolaketa desberdina da, beste modu batera kokatzen zara eta arnasten hasten zara, ze hori ere oso garrantzitsua da: arnasa hartu behar dugu. Antsietate-egoera batean gaudenean, arnasketa izugarri azkartzen da, eta azkartze horrek berak antsietatea areagotzen du. Arnas hori luzeagoa izateko, gelditzea komeni da, buru eta gorputz gelditzea. Izan ere, nahiz eta etxean itxialdian egon eta asko ez mugitu, burua abiada bizian baldin badabil, gorputz hori ez dago geldirik, topera dago. Buruak zer pentsamendu dituen eta zer irudi sortzen dituen, horren arabera gorputzak era batera edo bestera erreakzionatzen du, gorputzak ez baitu bereizten zer den benetan errealitatean gertatzen ari dena edo zer den pertsona hori bere pentsamenduan sortzen ari dena. Hori gelditzea oso garrantzitsua da, gorputzak berdin-berdin sufri dezake errealitateagatik nola fantasiagatik.

Krisiak aukera bezala ikusi behar direla esaten da, hau ere hala izan liteke, bai norbere buruarekiko eta baita haurrekiko harremanean ere, ezta?
Hasiera batean krisi guztiak oso-oso-oso-oso deserosoak dira, kezkagarriak dira eta beldurgarriak dira, eta pertsona batzuentzako beldurgarriak baino askoz gehiago dira. Bizitzan zehar aurrez izan ditugun krisi-esperientziak nola bizi izan ditugun, orain era batera edo bestera hartuko dugu egoera: iraganeko krisietatik indartuta atera baldin bagara, oraingo honetan konfiantza izango dugu zerbait ikasiko dugula. Baina aurreko krisialdietatik atera dugun ondorioa kontrakoa izan baldin bada, krisiek ez dutela ezer onik ondorioztatu baldin badugu, orain pentsamendu positibo bat edukitzea, hemendik indartuta aterako garela pentsatzea, oso zaila izango da. Nolanahi dela ere, krisia denontzako batera ari da izaten eta agintari guztien ahotan dabilen esaldia da, krisi honetatik elkarrekin aterako garela. Norbera bere kabuz ezinean badabil, besteei laguntza eskatzeko garaia da.