EAEko Auzitegi Nagusiaren iragan urtarrileko epaiak kolpe handia eragin du Gipuzkoako eskola kirolean.
Euskal Herriko gainerako lurraldeetan ez bezala, Gipuzkoan, 1990etik gaur arte, 13 urtetik beherako haurrek klub batean aritu nahi baldin bazuten, derrigorrez parte hartu behar zuten Multikirola programan. Epai berriarekin, ordea, familiak ez daude jada behartuta Multikirolera joatera, eta horrek kolokan jarri du azken 30 urteotan Gipuzkoan erreferentzia izan den ereduaren norabidea.
Multikirolaren ereduak oinarri sendoak izan ditu: haur guztiek parte hartzeko aukera izatea, osasuna sustatzea, kirol aniztasuna eskaintzea eta norberaren garapenean arreta jartzea. Horregatik, kezka nagusi bat zabaldu da: nola jarraitu daiteke haurra erdigunean jartzen? Eta nola bermatu urteetan zehar hain emaitza onak eman dituen eskola kirolaren filosofia?
Itsaso Nabaskues, Gipuzkoako Foru Aldundiko jarduera fisiko eta kiroletako teknikaria argi mintzo da: “Aurreikusitako datuen arabera, herri egitura sendoa duten udalerrietan talde kopuruen jaitsiera espero dugu; beraz, egitura ahulagoak dituzten herrietan arrisku handia dago talderik ez ateratzeko. Eta orduan, galera horri nola egingo diogu aurre?”.
Manu Urbieta, psikomotrizista eta eskola kiroleko hezitzaileak, esperientzia propioa ekarri du gogora: “Futboleko entrenatzaile izan naiz urte luzez, eta guraso askorentzat hain garrantzitsua den errendimendua kontuan hartzen baldin bada, Multikirolean aritutako haur asko gero lehen mailara iritsi dira, baita Real Madrid taldean jokatzera ere. Multikirolak ez die arrakasta izateko aukerak murrizten; are gehiago, aukera berdintsuak edo handiagoak eskaintzen dizkie”.
Bestetik, Oidui Usabiaga EHUko irakaslearen hitzek ohartarazten dute zer arrisku ekar ditzakeen aldaketak: “Kluben logikara gero eta gehiago gerturatzea arriskutsua da, kirola baztertzaileago bihurtzen duelako. Multikirolak, berriz, haurrei aukera ematen die aniztasunean parte hartzeko, presiorik gabe. Hor dago benetako balioa”.
Kluben logikara gero eta gehiago gerturatzea arriskutsua da, kirola baztertzaileago bihurtzen duelako. Multikirolak, berriz, haurrei aukera ematen die aniztasunean parte hartzeko, presiorik gabe. Hor dago benetako balioa
Oidui Usabiaga, EHUko irakaslea
Esti Aldaiturriagak, Hernaniko Udaleko jarduera fisiko eta kirol sustatzaileak, sentsibilizazio faltaren ondorioz gertatzen ari den errealitatea azpimarratzen du: “Guraso askok oso ondo dakite seme-alabek eskola kirolean esperientzia positiboak bizi dituztela, baina hala ere klub baten alde egiten dute. Eta horrek erakusten du hutsune bat dugula sentsibilizazioan”.
Epaia, beraz, ez da tramite juridiko hutsa izan. Gizarte osoari ate berriak ireki dizkio: zein kirol eredu nahi dugu gure haurrentzat? Haur bakoitzaren ongizateak, aukera berdintasunak eta autonomia izatea erdigunean jarraituko al dute, ala kluben ikuspegi estuagoa eta lehiakorragoa nagusituko da?
Multikirolaren filosofia eta balioak
Multikirola kirol jarduerak praktikatzeko gunea izateaz gain, haurrei aukera berdintasuna, inklusioa eta osasunaren aldeko ohiturak eskaintzen dizkien espazioa da: “Edozein ikaslek parte hartzeko aukerak areagotzen ditu, eta prozesua lehenesten da. Horrek egiten du abilezia ezberdinak dituzten haurrek ere parte hartzeko aukera izatea”, azpimarratu du Nabaskuesek.
Eskola kirola, gainera, euskararen erabilerarako gune segurua da, eta herri bakoitzaren hezkuntza komunitatearekin lotzen den programa da: “Ikastetxeak, guraso elkarteak, udalak eta herriko eragileak batera aritzen dira. Horrek aberasten du programa bera”, dio Aldaiturriagak.
Guraso askok oso ondo dakite seme-alabek eskola kirolean esperientzia positiboak bizi dituztela, baina hala ere klub baten alde egiten dute
Esti Aldaiturriaga, Hernaniko Udaleko jarduera fisiko eta kirol sustatzailea
Haurrentzat dakartzan onurak
Jolasaren bidez, haurrek hainbat kirol probatzeko aukera dute, presiorik gabe. “Multikirolak, akatsa egitean estresik sortu gabe gozatzeko aukera ematen dizu; horrek asko laguntzen du ikaskuntza prozesuan”, azaldu du Nabaskuesek.
Kirol bakar batean goizegi espezializatzea, berriz, arriskutsua da: lesioak, motibazio falta eta goiz uzteko joera areagotzen ditu: “Espezializazio berantiarra dutenek arrakasta handiagoa izan ohi dute goi mailan ere”, dio Usabiagak. Gipuzkoak, hain zuzen ere, datu adierazgarriak eskaintzen ditu: Espainiako Estatuan kirolari federatu gehien dituen probintzia da, eta goi errendimenduko kirolari ugari sortu ditu.
Urbietak gogorarazten du: “Askotan entrenatzaileek esaten dute Multikiroletik datozenak prestatu gabe etortzen direla. Nik, berriz, Realean kontrakoa ikusi dut entrenatzaile gisa: infantil mailan kanpora jokatzera joanda, inor ez zen gu baino hobea izaten. Multikiroletik zetorren jendeak aukera berdinak edo gehiago zituen”.
Haurren kirola, kirolaz haratago doan zerbait da; Multikirola programan, haurraren ongizatea eta autonomia funtsezkoak dira. Nabaskuesek aipatzen du: “Gure lehentasuna haurra erdigunean jartzea da beti. Kirola egitea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da haurraren ongizatea bermatzea. Horrek esan nahi du haurrak aukera izan behar duela haren erritmoan ikasteko, akatsak egiteko beldurrik gabe, eta erabakiak hartzeko modu autonomoan”.
Multikirolak kirol aniztasuna eskaintzen die haurrei, espezializazio goiztiarraren arriskuak saihestuz, Urbietak azaldu duenez: “Haurrek hainbat kirol probatzeko aukera dute, lehen mailako espezializaziorik gabe. Horrela, arrisku fisikoak eta psikologikoak murrizten dira, eta etorkizunean kirolarekiko atxikimendu iraunkorra sortzen da”. Nabaskuesek gehitu duenez: “Hainbat jolasetan eta jardueratan parte hartzea esperientzia polita izateaz gain, haurrek euren gorputza modu osasuntsuan garatzeko aukera dute”.
Haur guztiek dute lekua eskola kirolean, ez bakarrik kirolean onenak diren haur horiek. Hori da gizarte osasuntsuago eta inklusiboago bat eraikitzeko lehen pausoa
Esti Aldaiturriaga, Hernaniko Udaleko jarduera fisiko eta kirol sustatzailea
Programak, halaber, gizarte inklusiboago eta osasuntsuago baten alde egiten du lan, Usabiagaren hitzetan: “Multikirolak kirola sustatzeaz gain, inklusioa eta talde-lana ere bultzatzen ditu. Haur guztiek dute lekua eskola kirolean, ez soilik kirolean onenak diren haurrek. Hori da gizarte osasuntsuagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko lehen pausoa”. Aldaiturriagak azpimarratu duenez: “Programak aukera berdintasuna bermatzen du, eta haur bakoitzak parte hartzen duela sentitzea sustatzen du. Kirolak ez du bereizkeriarik egiten, eta hori eredugarria da ikastetxeetan eta komunitatean”. Aldaiturriagak modu gardenean laburbiltzen du: “Multikirola ez da harrobi bat. Ez da lehiaketarako soilik; ez da selekzio bat. Haur guztiek parte hartu dezaten diseinatuta dago, ez soilik hoberen moldatzen direnentzat. Esperientzia pedagogiko eta soziala eskaintzen duen espazio ireki eta inklusiboa da”.
Nesken parte-hartzea eta talde mistoen erronka
Genero arrakalak oraindik ere badu presentzia eskola kirolean. Eta hori ez da soilik zenbakietan ikus daitekeen fenomenoa; praktikak eta ohiturak ere eragin handia dute: “Zenbakiek erakusten dute parte-hartzea ez dela parekoa. Hala ere, Multikirolean urratsak ematen ari dira genero arrakalarik egon ez dadin, eta horretarako lehiaketa gutxiago, modalitate neutro gehiago eta talde mistoen sustapena areagotzen ari dira, besteak beste. Horrek, nesken partaidetza areagotu du”, dio Nabaskuesek. Esperientzia horiek erakusten dute kirol-esparruan inklusioa lantzen den neurrian, nesken parte-hartzea eta motibazioa handitzen direla, eta aldi berean, talde-giro orekatua sortzen dela.
Talde mistoen gaineko eztabaida sarri agertu izan da. Aldaiturriagak azaldu duenez, “kontua ez da taldea mistoa izango den ala ez erabakitzea; helburua denen parte-hartzea bermatzea eta horretarako baldintzak sortzea da”. Horretarako, arauen moldaketak oso lagungarriak izan daitezke. Futbol edo eskubaloi partida batean, esaterako, helburu bereziak jarri daitezke: taldeko kide guztiek baloia ukitzea, denek denbora tarte bera jolasteko aukera izatea edo haurrek hainbat postutan jokatzeko aukera izatea. Horrela, haur guztiek aukera izan dezaten defendatzeko, erasotzeko edo atezain izateko. “Horrelako aldaketek motibazioa eta talde-sena handitzen dituzte. Eta haurrek lehiatzen jakiteaz haratago, elkarrekin lan egiten ikasten dute", Nabaskuesen hitzetan.
Gure lehentasuna haurra erdigunean jartzea da beti. Kirola egitea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da haurraren ongizatea bermatzea
Itsaso Nabaskues, Gipuzkoako Foru Aldundiko jarduera fisiko eta kiroletako teknikaria
Lehiaren logika eta kluben presioa
Multikirolaren eredua kolokan jarri duen epaiak, funtsean, kluben indarra handitu du. Nabaskuesek ohartarazi du: “Klubek A, B eta C taldeak egiten dituzte, eta umeak oso azkar ikasten du zein mailatakoa den. Ez da positiboa autoestimurako”. Horrek agerian uzten du kirolaren ikuspegi lehiakorrak haurren motibazioa eta ongizatea baldintzatu ditzakeela, haurrei haien erritmo naturala jarraitzen utzi ordez".
Bestetik, federazioen logikak ere eragin handia du. Urte osoko egutegi itxiak markatzen dituzte, eta horrek eskola kirolaren eta kluben arteko lankidetza are gehiago baldintzatzen du. Urbietak ohartarazi du programaren malgutasuna eta haur bakoitzaren erritmoa errespetatzea ezinbestekoak direla: “Haur batek kirola irailean hasten baldin badu, ekainera arte kirol bera egiten du atsedenik gabe. Haurrek ez dute aniztasunaz gozatzeko aukerarik, eta horrek motibazioa murriztu dezake”.
Etorkizunerako erronkak eta aukerak
Aldaiturriaga, Nabaskues, Urbieta eta Usabiagaren ahotsak bat datoz ideia berean: Multikirola babestu eta indartu beharra dago. Horretarako, ezinbestekoa da udalen eta aldundien lidergoa, eta, aldi berean, baliabide ekonomikoak eta profesionalizazioa bermatzea: “Begirale askok ez dute formakuntza nahikorik, eta horrek programaren kalitatea baldintzatzen du. Udalerri guztietan talde egonkorrak eta formatuak behar ditugu”, azpimarratu du Aldaiturriagak.
Haur batek kirola irailean hasten baldin badu, ekainera arte kirol bera egiten du atsedenik gabe. Haurrek ez dute aniztasunaz gozatzeko aukerarik, eta horrek motibazioa murriztu dezake
Manu Urbieta, Eskola kiroleko hezitzailea eta psikomotrizista
Osasun arloko profesionalek ere gero eta argiago dute espezializazio goiztiarrak lesio gehiago, motibazio falta eta kirolik ez egitearen arriskua ekartzen dituela. “Pediatrak esaten ari dira 12-13 urtera arte ez litzatekeela espezializaziorik egon behar. Horrek asko lagun dezake gure mezua indartzen”, gogoratu du Usabiagak.
Azken batean, Multikirola ez da soilik haurrei kirol eskaintza bat egitea; herrigintzarako tresna ere bada: “Eskola kirola herri aktiboa eta osasuntsua egiteko daukagun baliabide indartsuenetakoa da”, dio Aldaiturriagak. Eskola kirola haur bakoitzaren garapenerako espazioa izateaz gain, komunitate osoaren proiektu partekatua da. Horregatik, lege aldaketak ekarritako astinduaren aurrean, aditu guztiek argi dute zein den datozen urteetako erronka: haurra erdigunean jartzea eta kirol aniztasuna sustatzea, etorkizunerako gizarte inklusiboagoa eta osasuntsuagoa eraikitzeko.
Eskola Kiroleko lege teknikoak
Eskola Kirolaren ardatz nagusietako bat lege-esparruak ezartzen du, eta horrek argi eta garbi zehazten du programaren norabidea. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak urtarrilean emandako epaiaren ondorioz, ordea, aldaketa garrantzitsua gertatu da: ordura arte, 13 urtetik beherako haurrek klub batean parte hartu nahi baldin bazuten, derrigorrez Multikirola programan izena emanda egon behar zuten; baina, orain, ez dago baldintza hori bete beharrik.
Aldaketa horretaz gain, ordea, araudian ez da bestelako aldaketrik izan eta Eskola Kirolaren ezaugarriek eta norabideek bere horretan jarraitze dute. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako araudiak adierazten du Eskola Kirola 6 eta 16 urte bitarteko haurrentzat antolatzen dela, hezkuntza-ibilbide osoan zehar kirol-jarduerak modu osagarrian eskaintzeko helburuarekin. Kirola egiteaz gain, parte-hartzea, inklusioa eta hezkuntza balioetan oinarritutako garapena dira oinarriak legeak azpimarratzen duenez.
Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaraino, adin-tarte bakoitzak bere ezaugarriak eta behar pedagogikoak ditu. Horregatik, araudiak berariaz zehazten du nola antolatu behar diren entrenamenduak, lehiaketak eta jarduera osagarriak, betiere haurren ongizatea eta garapen integrala erdigunean jarriz. Legeak argi dio, adibidez, 10 urtetik beherakoetan lehia bigarren mailan geratu behar dela, eta haurrekin esperientzia ludiko eta kooperatiboek hartu behar dutela protagonismoa.
Eskola Kiroleko lege teknikoek aukera berdintasuna bermatu nahi dute, haur guztiek euren jatorria, genero-identitatea, gaitasun fisikoa edo gaitasun kognitiboa edozein izanda ere parte hartzeko aukera izan dezaten. Horretarako, araudiak aniztasun funtzionala duten neska-mutilentzat neurri bereziak aurreikusten ditu, kirol-jardueretan egokitzapenak txertatuz. Halaber, kiroletan genero-banaketa tradizionalak haustea ere helburuen artean dago: neskek eta mutilek berdintasunez jokatzeko eta esperimentatzeko eskubidea dute.
Legeak dioen moduan, Eskola Kirolean ezin da selektibitate esturik aplikatu. Talde guztiek —maila guztietakoek eta herri guztietakoek—, txapelketetan eta jardueretan parte hartzeko eskubidea dute. Horrela, emaitzetan eta garaipenean oinarritutako eredua saihestuko da, eta prozesuari berari emango zaio benetako balioa: ikaskuntza, bizipenak eta talde-lana.
Eskola Kiroleko araudi teknikoek argi uzten dute urtean zehar zer motatako jarduerak antolatu behar diren, eta horien oinarria kirol aniztasuna da. Printzipio horren arabera, haurrek kirol mota ugari esperimentatzeko aukera izan behar dute, euren garapen motorra eta soziala aberasteko bidean.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskuorriak eta infografiak zehazten dutenez, Eskola Kirola lau etapatan antolatzen da, adinaren arabera egokituta:
• Jolashezi (7-8 urte): jolasa oinarri duten jarduerak.
• Kirol Hastapen Anitza I (9-10 urte): lehen pausoak kirol aniztasunean.
• Kirol Hastapen Anitza II (11-12 urte): Multikirolaren etapa nagusia, esperimentazioa eta dibertsitatea erdigunean jarriz.
• Bizitza Aktiboa Hiztuna (13-16 urte): ohitura osasungarriak finkatzeko garaia, trebetasunak sendotuz eta kirol klubekin zein federazioekin loturak bultzatuz.
Lehen zikloan jolasa da ardatza, bigarren eta hirugarren etapetan kirol aniztasuna sendotzen da, eta 13 urtetik aurrera ohitura aktiboak eta talde-loturak sustatzen dira.
Gainera, programak jolas eta jarduera kooperatiboak lehenesten ditu, eta lehiaketek ere badute lekua, baina formatu egokituetan: txapelketen ordez, sarri, topaketak eta jaialdiak antolatzen dira, esperientzia inklusiboagoak eta positiboagoak eskainiz.
Araudiak jasotzen duen beste puntu garrantzitsu bat da, astean gehienez bi edo hiru saio egitea gomendatzen duela, eskola-orduak eta aisialdi osasuntsua errespetatuz. Horri esker, Eskola Kirolak ez du ordezkatzen eskolako ikasketa-erritmoa; osatu egiten du. Azken batean, lege teknikoek argi uzten dute Eskola Kirola ez dela kirol federatuaren logikan kokatzen, baizik eta hezkuntza-proiektuan. Araudiak markatzen duen norabidea, haurrek kirola bizitza osoan praktikatzen ikastea da, balioetan, osasunean eta gizarteratzean oinarrituta.
Horregatik, legeak funtsezko hiru helburu ezartzen ditu: parte-hartze unibertsala, garapen integrala eta hezkuntza balioa. Printzipio horiek dira Eskola Kirolaren eguneroko jardun guztien gidari, eta horien bidez bermatu nahi dena da haur guztiek, salbuespenik gabe, kirolaren bitartez esperientzia positiboak eta aberasgarriak bizitzea.
Finantzaketa eta egiturak
Multikirolaren eguneroko jarduera bermatzeko, finantzaketa eredua funtsezkoa da. Programa gehienetan Gipuzkoako Foru Aldundia, udala eta familien kuotak dira diru sarrera nagusiak. Horregatik, etengabeko lankidetza eta koordinazioa beharrezkoak dira, egitura sendoak eta programaren kalitatea ziurtatzeko.
Hezitzaileen prestakuntza eta profesionalizazioa ere giltzarriak dira jarduera arrakastatsua izan dadin. Hezitzaileek jolasak egokitzeko gaitasuna izan behar dute, haurren parte-hartzea eta ongizatea lehenetsiz, eta esperientzia positiboak sortzeko ardura eurenganatuz. Gipuzkoako hainbat udalerritan ikusi da hezitzaile egonkorrak eta prestatuak dituzten egiturak eredugarriak direla, eta haurrek aukera berditasuna izaten dutela kirol aniztasuna esperimentatzeko. Hala ere, udalerri askotan, boluntarioek edo ikasle gazteek betetzen dituzte hezitzaileen hutsuneak, prestakuntza pedagogikorik gabe, eta horrek kalitatearen beherakada ekar dezake.
Finantzaketa egonkorra eta instituzioen konpromiso sendoa ezinbestekoak dira Multikirolak bere helburuak bete ahal izateko: haur guztiek parte hartzeko aukera izatea, gaitasun motorrak eta sozialak garatzea, eta kirolarekiko atxikimendua bizitza osoan luzatzea. Horregatik, programaren etorkizuna bermatzeko, beharrezkoa da baliabide ekonomiko nahikoak edukitzea, lidergo instituzionala izatea eta hezitzaileen profesionalizazioa modu koordinatuan lantzea. Aldi berean, ezinbestekoa da gurasoen inplikazioa eta hezkuntza komunitatearen babesa, Multikirolak haur guztien aukera berdintasuna eta ongizatea erdigunean jarriko diutela bermatzeko.
Argazkiak: Iñaki Zinkunegi Larrañaga