Album ilustratuak haur txikiei soilik zuzendutako tresna izateari uzteko proposamena.
Album ilustratuak haur txikiei soilik zuzendutako tresna izateari utzi eta literatura gaitasuna eta gai gatazkatsuak lantzeko baliabide gisa hartzea proposatzen du GATAI egitasmoak. Haurrak gizartearen parte direnez gero, ez da erreala burbuila batean heztea eta garrantzitsua da haiekin gai gatazkatsuei buruz ere hitz egitea. Ideia horretatik abiatuta ari dira lanean hainbat eskolatan.
GATAI –Gai gatazkatsuak eta Album ilustratuak– izeneko proiektuaren sortzaile eta koordinatzaile dira Amaia Serrano-Mariezkurrena eta Ursula Luna EHUko irakasleak. Gipuzkoako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko irakasleak eta ikertzaileak dira biak ere eta Lehen Hezkuntzako Graduan ematen dituzte eskolak: Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika ikasgaia ematen du Serrano-Mariezkurrenak eta Gizarte Zientzien Didaktika, berriz, Lunak. GATAI proiektua aurrera eramateko bidaide dituzte EHUko beste fakultate batzuetako hainbat irakasle ere, Gizarte Zientzien Didaktikan, Hizkuntza eta Literaturaren Didaktikan eta Adimen Artifizialean adituak direnak.
2023-24 ikasturtean abiatu zuten egitasmoa, eta Lehen Hezkuntzako gradua burutzen ari diren ikasleek hartu dute parte proiektuan Gipuzkoako lau ikastetxerekin batera: Itsasondoko Urkipe ikastetxea, Tolosako Samaniego ikastetxea, Ordiziako Urdaneta ikastetxea eta Ordiziako Jakintza ikastola. Metodologia ezberdinak erabiltzen dituzte lau ikastetxe horietan eta ikasleen profila ere aldatu egiten da batetik bestera. Arrazoi horregatik aukeratu zituzten, hain zuzen ere, proiektu honek metodologia guztietan baitu lekua. Jakintzan Konfiantzaren Pedagogian oinarritzen dira eta Urdanetan Amara Berri sistema jarraitzen dute. Samaniegon, berriz, ikas-egoeretan oinarritutako hezkuntza metodologia bateratua sortzen ari dira eta Urkipe eskola, Eskola Txikia da. Ezaugarri desberdinak dituzte, beraz, guztiek.
Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila bitarteko ikasleekin aritu dira, baina Itsasondoko Urkiperen kasuan, Eskola Txikia denez eta bertako ezaugarriek horretarako aukera ematen dutenez, 1. eta 2. mailako ikasleek ere proiektuan parte hartu dute.
Baina, zertan datza GATAI?
Lehen Hezkuntzako graduko ikasleek gelan album ilustratu bat lantzen dute eta ondoren lau ikastetxe horietako batera doaz bertako ikasleekin batera albumaren irakurketa eta lanketa egitera. Album ilustratu horiek ez dira edozein album, ordea. Serrano-Mariezkurrenak eta Lunak zerrenda bat osatu dute gai gatazkatsuak lantzeko aproposak diren hainbat libururekin eta lantzen dituzten ardatz nagusiak hiru dira: pentsamendu kritikoa, herritartasunerako hezkuntza eta heziketa literarioa. Gaiak, berriz, hiru bloke nagusitan banatu dituzte:
- Memoria historikoa eta gatazka politikoak.
- Generoa.
- Migrazioak eta giza eskubideak.
HHn eta LHn gai gatazkatsuak ez dira lantzen krudelegiak edota tabua direlako, baina haurrek halako gaiekin harremana izaten dute egunerokotasunean
Ursula Luna, EHUko irakaslea
Eta lanketa hori egiteko album ilustratuak aukeratu dituzte. Haur Hezkuntzan soilik lantzeko balio dutenaren ideia alboratu nahi izan dute, eleberri batek adina aukera eman baitezakete, emozioak sortzeko eta lantzeko, pentsatzeko, hausnartzeko… Interpretaziorako ateak zabalik uzten dituzte eta testu gutxiago dutenez, azkarrago irakurtzen dira, baina berrirakurketa eta berrikuspen bakoitzak, ilustrazioen bidez, ideia berrietara iristeko aukera ematen du. Hala dio Lunak: “Haur Hezkuntzatik Batxilergora doan bide horretan haurrek eta gaztetxoek literaturarekin duten harremana murrizten joaten da eta gai gatazkatsuekin, berriz, kontrakoa gertatzen da: Haur Hezkuntzan ez dira batere lantzen, Lehen Hezkuntzan gutxi, eta bat-batean Bigarren Hezkuntzan ikasleek pentsamendu kritikoa garatu behar dutela esaten dugu. Kontrako prozesua gertatzen da etapa batean zein bestean eta Lehen Hezkuntzak, erdibidean egonik, literatura eta gai gatazkatsuak elkartzeko aukera egokia eskaintzen duela ikusi genuen. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan gai gatazkatsuak ez dira lantzen krudelegiak direlako edota tabua direlako, baina haurrek halako gaiekin harremana izaten dute egunerokotasunean eta ez ditugu zertan alde batera utzi”. Izan ere, helduok pentsatzen duguna baino gehiago dakite haurrek gai gatazkatsuei buruz. Halako gaiak planteatzen zaizkienean, informazio asko izaten dute eta edozein gairi buruz naturaltasun handiz hitz egiten dute.
Serrano-Mariezkurrenak eta Lunak uste dute heziketa literarioa herritartasunerako hezkuntza eta pentsamendu kritikoa garatzeko ere balia daitekeela; munduan norbere posizioa zein den jarrera kritikoz ulertzeko baliagarria dela. Eta album ilustratuak irakurzaletasuna bultzatzeko soilik ez, gaitasun literarioa lantzeko ere tresna egokiak direla ikusi dute Serrano-Mariezkurrenak eta Lunak. “Eskolan ez dira gai gatazkatsuak lantzen, Bigarren Hezkuntzan zertxobait bai, baina oso gutxi hala ere, eta gai gatazkatsuak lantzeak baditu onurak: gaia bera ezagutzea, pentsamendu kritikoa garatzea edota munduak dituen erronkei aurre egiten ikastea. Gizarte Zientzien lanketan, Lehen Hezkuntzan, historiaren eta geografiaren lanketa oso tradizionala egiten da, memorizazioan oinarritua, kritikotasunik sustatzen ez duena eta interpretaziorako zein argudiatzeko leku gutxi uzten duena. Beste modu batera lantzeko aukera badago eta baliabide literarioak oso egokiak dira horretarako”, aipatu du Lunak. Serrano-Mariezkurrenak heziketa literarioari lekua ematearen garrantzia azpimarratu du: “Heziketa literarioa pentsamendu kritikoa garatuz eraiki behar dugu eta literatura munduaz eta nork bere identitateaz pentsatzeko beste baliabide bat izan dadila. Askotan entretenimendurako soilik izaten da, eta hori ongi dago, baina entretenimendu horren barnean, gu hunkitzeko, pentsarazteko eta munduaz hausnartzeko aukera ematen duen lekua izan dadila”.
Album ilustratuetan testuaz gain, ilustrazioen irakurketa egin behar izaten da eta hori ez da erraza izaten Serrano-Mariezkurrenak adierazi duenez: “Gezurra dirudi, irudiaren gizartean bizi gara, baina ez gaude trebatuak ilustrazioak irakurtzeko; kolorearen sinbologia, adibidez. Eta beharrezkoa da alderdi horietan trebatzea, bestela albumaren interpretazioaren sakontasuna galdu egiten dugulako”.
Saioak prestatzeko erronka
Unibertsitateko ikasleentzat erronka handia izan da proiektuan parte hartzea. “Hasieran pentsatzen dute album bakoitzak irakurketa bakarra duela eta elementu sinboliko batek, kolore batek edota hitz batek zenbateko polisemia izan dezakeen deskubritzen dutenean, segurtasun falta ere sentitzen dute”, azaldu du Serrano-Mariezkurrenak.
Unibertsitateko ikasleek bi saio egin zituzten joan den ikasturtean aipatutako lau ikastetxeetan; biko edo hiruko taldeetan album ilustratu bat interpretatu behar izan zuten eta horretan oinarrituta, heziketa literarioan gaitzeko eta gai gatazkatsuen gaineko jarduera batzuk planteatzeko proposamena osatu behar izan zuten. Lehen saiorako prestaketetan, zerotik hasi behar izan zuten, baina bigarrenerako, albumak taldeen artean trukatu zituztenez, aurreko taldeak egindako lana oinarri gisa hartu zuten eta ikaskideek izandako oztopoak edo hobetu beharreko alderdiak jada identifikatuak zituzten. Ikastetxe berean eta ikasle talde berarekin egin zuten lan bi saioetan. Lehen saioan ez zituzten artean ikasleak ezagutzen eta hori erronka handia izan da irakaslegaientzat.
Topatu zuten beste erronka nagusia honakoa izan zen: zer galdera egin albumari eta gaiari buruz eta nola egin galdera horiek ikasleei? Nola sortu eztabaida ikasleek gaiaren gainean hausnar dezaten eta zuzenak edota ustez zuzenak diren erantzunetara bideratu gabe? “Hemen ez da erantzun zuzenik”, dio Lunak. Erantzunak jaso eta horiek epaitu gabe aritzeak berebiziko garrantzia du. Saioetan, epaiketarik gabeko espazioa sortzen da eta bakoitzak pentsatzen duena eta sentitzen duena askatasun osoz bota dezake, ez dago ez erantzun zuzenik, ezta jarraibide moralik ere. Hitz egin nahi ez duena, ez dute hitz egitera behartzen, baina, oro har, ikasleen partehartze maila oso handia izan da ikastetxeetan egindako bi saioetan.
Heziketa literarioa pentsamendu kritikoa garatuz eraiki behar dugu eta literatura izan dadila munduaz eta nork bere identitateaz pentsatzeko beste baliabide bat
Amaia Serrano-Mariezkurrena, EHUko irakaslea
Helduon ikuspegitik haiek babesteko eta minik senti ez dezaten gauzak ezkutatzen dizkiegu umeei, baina umeak ere gizartearen parte dira eta handik eta hemendik entzuten dituzten gaiei buruzko jakin-min izugarria izaten dute. Mamurik izan ez dezaten, gai horiek guztiak egoki lantzeak garrantzi handia duela azpimarratu dute Serrano-Mariezkurrenak eta Lunak.
Literaturaren Didaktikako eta Gizarte Zientzien Didaktikako hainbat ikerketek jasotakoaren arabera, ikastetxeetan heziketa literarioari eta gai gatazkatsuei buruzko informazio gutxi zutela ikusita eta hori abiapuntu gisa hartuta —nahiz eta irakasle batzuentzat gai ezagunak eta tresna gertukoak izan—, eskoletako irakasleekin hiru orduko formazioa egin zuten saioak martxan jarri aurretik. Irakasle guztiek argi zuten gai gatazkatsuak lantzearen garrantzia eta beharra, eta askok planteatzen zituzten gai horiek euren geletan, baina zailtasunak zituztela onartu zuten; gai gatazkatsuak nola landu, nondik hasi eta nola planteatu erronka bat da, baina irakasle batek baino gehiagok esan die Serrano-Mariezkurrenari eta Lunari saioen ondoren gelan gaiari tiraka jarraitu dutela, esperientzia oso aberasgarria izan dela eta albumek ikasleen artean harrera oso ona izan dutela.
Ikastetxeen eta unibertsitatearen artean zubiak eraikitzearen garrantzia azpimarratu dute bi irakasleek. Eta lan horretan jarraituko dute aurten ere; GATAI egitasmoak jarraipena izango baitu 2024-25 ikasturtean. Informazio guztia eta egitasmoaren nondik norakoak biltzeko webgunea sortu dute: gatai.eus.
Partehartze handiko saioak
Irakaslegaientzat ez da erronka makala ezagutzen ez duten ikasle talde baten aurrean jartzea eta haiekin batera gai gatazkatsuak lantzea. Samaniegon eta Urkipen egindako saio bana jarraitzeko aukera izan du Hik Hasik. Ondoren, saio horiek gidatu dituzten irakaslegaien hitzak jaso ditu.
Samaniego ikastetxea, Tolosa
Lide Manzisidor eta Janire Ortiz EHUko Lehen Hezkuntzako Graduko ikasleak Soy solo mía albuma lantzen aritu dira. Albumaren euskarazko itzulpena egina zuten hura lantzen hasterako, erdarazko albumekin hala egiten baitute beti. Kasu honetan, generoaren eta tratu txarren gaia lantzeko aukera eman die lanak.
Hasierako urduritasuna gaindituta gustura aritu dira Manzisidor eta Ortiz Samaniegoko ikasleekin egin duten saioan. Ikasleen partehartze handia nabarmendu dute biek ere. Bikote harremanak, harreman toxikoak edota genero indarkeria lantzeko aukera eman die albumak. Manzisidorrek azpimarratu duenez, ikasleek ezer gutxi zekiten harreman toxikoei buruz, baina Ortizek esan duen moduan, “bikote harremanetan zer gerta litekeen azaltzea eta umeei egoera horiei erantzuteko tresnak eskaintzea oso egokia dela uste dugu”.
Album ilustratuak ipuin hutsa baino gehiago direla ikasi duela dio Ortizek eta tabua diren gai horiek lantzeko oso erabilgarriak direla: “Gelan aniztasun handia zegoela ikusi genuen eta hasieran horrek izutu egin gintuen, baina gero ikusi dugu ikasleek naturaltasunez eta askatasun osoz hitz egiten dutela eta lasaitu egin gara”.
Etorkizunean, euren lanerako esperientzia baliagarria izango dela uste dute: “Album ilustratuak halako gai sakonak lantzeko tresna egokia direla ikusi dugu”, adierazi du Manzisidorrek. Pentsamendu kritikoa bultzatzeko eta iritzi propioak eraikitzeko aukera paregabea ematen dutela uste du, berriz, Ortizek.
Album ilustratuek gaiak sakon lantzeko aukera ematen dute eta, umeek, gainera, helduok ikusten ez ditugun gauzak ikusten dituzte
Xabi Zabaleta, EHUko ikaslea
Urkipe ikastetxea, Itsasondo
Irati Orbegozo eta Oihane Martinez irakaslegaiek Lorerik gorriena albuma landu dute. Beldurrak gainditzeko eta nork bere bidea hartzeko gonbita egiten du albumak.
Martinezek eskolan normalean agertzen ez diren gaiak lantzeko aukera izan dutela dio: “Badira tabua diren eta eskolako liburuetan agertzen ez diren gai batzuk eta album ilustratuek horiek lantzeko aukera eman digute”. Ikasleak gogotsu ikusi dituztela dio Orbegozok: “Motibazio handia erakutsi dute eta, uste dut, gaia beste modu batera ekarriz gero, ez luketela modu horretan parte hartuko”. Ikasleen aldetik oso harrera ona izan dute eta biak harrituta gelditu dira Lehen Hezkuntzako 3. zikloan ere album ilustratuak tresna egokia direla ikusita.
Xabi Zabaleta eta Adrian San Roman irakaslegaiek, berriz, Mexique liburua landu dute. 1937. urtean, errepublikarren seme-alabak hartuta, Bordeletik Mexikorako bidaia egin zuen itsasontziaren historia kontatzen du liburuak.
Orbegozoren eta Martinezen antzera sentitu dira Zabaleta eta San Roman ere. Zabaletak praktikak Urkipen egin zituen eta ikasleak aldez aurretik ezagutzea abantaila handia izan dela dio, baina album ilustratuak haiekin lantzea esperientzia berria eta oso aberasgarria izan dela azaldu du: “Album ilustratuek gaiak sakon lantzeko aukera ematen dute eta, umeek, gainera, helduok ikusten ez ditugun gauzak ikusten dituzte”. Bestalde, ikasleek galdera asko egin dituztela eta interes handia erakutsi dutela nabarmendu du San Romanek: “Album ilustratuak gai polemikoei sarrera egiteko baliabide oso egokia direla uste dut. Ikasleak adi egoten dira eta gustuko izan dute”.
Lau ikastetxeetako irakasleei galdetu nahi izan diegu esperientzia zer nolakoa izan den eta galdera honi erantzun diote guztiek: Zer ekarri du GATAI egitasmoak zuen eskolara? Nolako ekarpena egin du? Proiektuak gai gatazkatsuen lanketa erraztu duela uste al duzu?
Irakasleen hitzak
• Samaniego ikastetxea, Tolosa
Miren Intxausti: “Geletan maiz ateratzen dira gai gatazkatsuak, baina ez dugu jakiten nola landu eta proiektu honek lanketa egiteko ate bat ireki digu. Album ilustratuak ikasle guztiekin konektatzen duen baliabidea dira; ilustrazioek asko laguntzen dute mezua ulertzeko orduan”.
• Urkipe Eskola Txikia, Itsasondo
Ane Auzmendi: “Album ilustratuak beste modu batera lantzeko dinamika ekarri digu. Gure eskolan beti saiatzen gara gai gatazkatsuak lantzen, eta album ilustratuek gai horietan sakontzeko aukera ematen dutela ikusi dugu”.
• Urdaneta ikastetxea, Ordizia
Nerea Escribano: “Albumek gai gatazkatsuei buruzko gogoeta egiteko bidea ireki dute. Ikasleekin irudien esanahi sinbolikoa lantzea izugarri interesgarria izan da eta ikasleen partehartzea bultzatu du. Erronka itzela izaten da ikasleekin konektatuko duten baliabideak aurkitzea eta album ilustratuak oso egokiak direla ikusi dugu”.
• Jakintza ikastola, Ordizia
Ainhoa Bosque: “Egitasmo honek ikastolara haize freskoa ekarri duela esango nuke. Lehen Hezkuntzako 3. zikloan askotan bestelako testuetara edo bestelako genero literarioetara jotzen dugu eta album ilustratuek adin mugarik ez dutela eta interpretazio guztiak baliozkoak direla ikusi dugu. Lantzen ditugun gai horietan sakontzeko aukera eman digute, ikasleen gehiengoak liburuekin enpatizatu du eta horrek lanketa erraztu du”.
Album ilustratuen zerrenda
Generoa: genero indarkeria, genero identitatea, indarkeria sinbolikoa...:
Soy solo mía
Soy una niña
Urdaburutarrak
Lorerik gorriena
Memoria historikoa eta totalitarismoak:
Mexique. El nombre del barco
La historia de Erika
Gerrak ez du izenik
Hemendik ez pasa
Migrazioa eta eskubide urraketak:
Bidaia
Al furgón