Mikel Cañada Euskadiko Orkestrako hezkuntza arduradunak familiei zuzendutako musika-programazio egonkor gisa definitzen du egitasmoa.
Hiru hamarkada daramatza Euskadiko Orkestraren Musika Familian programak haurrei zuzeneko musikarekin harremana izateko aukera eskaintzen. Haurrei eta familiei egokitutako kontzertuen bidez, orkestra gertuko esperientzia bihurtu nahi du egitasmoak: entzuteko, sentitzeko, parte hartzeko eta familian partekatzeko espazio bat.
Kontzertu batera joatea ohiko kultur plan bat izan daiteke helduentzat, baina haur baten begietatik esperientzia horrek beste neurri bat hartzen du. Areto batera sartzea, instrumentuak gertutik ikustea, musikariak aurrean izatea, soinuak gorputzean sentitzea edo helduekin batera une bera partekatzea ez dira eguneroko bizipenak. Zuzeneko musikak, pantailen eta grabazioen bidez entzuten den musikarekin alderatuta, beste presentzia bat du: unean bertan gertatzen da, eta haurra entzule ez ezik, esperientziaren parte ere bihur daiteke.
Hiru hamarkada daramatza Euskadiko Orkestraren Musika Familian programak haurrei eta familiei esperientzia hori eskaintzen. Mikel Cañada Euskadiko Orkestrako hezkuntza arduradunak familiei zuzendutako musika-programazio egonkor gisa definitzen du egitasmoa, haur eta gazteen beharretara egokitutako formatuekin osatua: "Hiru urtetik aurrerako haurren eta gazteen ezaugarrietara egokitutako formatua proposatzen dugu, orkestren ohiko publikoaren aldean bestelako beharrak eta arreta-moduak dituztelako. Helburua, azken batean, haurrei eta familiei zuzeneko musikara hurbiltzeko aukera ematea da; izan ere, orkestrek ez badugu lan hori egiten, zaila da beste norbaitek egitea".
Zuzeneko musikaren balioa
Musika gaur egun ia edozein unetan entzun daiteke: etxean, autoan, kalean, mugikorrean edo pantaila baten bidez. Haurrak ere ohituta daude musika modu horretan jasotzera, askotan irudiekin edo bestelako estimuluekin batera. Cañadak, ordea, azpimarratzen du ez dela gauza bera musika grabatua entzutea eta zuzeneko emanaldi bat bizitzea: "Garrantzitsua iruditzen zaigu haurrek instrumentuekin eta zuzeneko interpretazioarekin harreman zuzena izatea. Gaur egun oso ohituta daude musika mugikorrean edo bestelako euskarrietan entzutera, baina ez da gauza bera musika grabatua entzutea eta zuzeneko kontzertu bat bizitzea".
Zuzeneko musikak, Cañadaren ustez, haurren esperientzia pertsonala aberasteaz gain, beren gustuak eta irizpidea garatzen laguntzen die: "Zuzeneko kontzertuetara, antzerkira, dantzara edo bestelako arte-adierazpenetara maiz joaten diren haurrek pixkanaka beren gustuak eta erreferentziak eraikitzen dituzte: zer instrumentu gustatzen zaien, zer musika motak erakartzen dituen edo zer formaturekin konektatzen duten gehien". Horrez gain, musikak haurren iruditerian ere eragiten duela gaineratu du Euskadiko Orkestrako hezkuntza arduradunak: "Hiru, lau edo bost urterekin kontzertuetara joaten hasten diren haurrek, denborarekin, entzuten duten hori beste modu batera ulertzen eta kokatzen hasten dira".
Musika emozioekin konektatzeko bide bat izatea nahi dugu, eta hori da askotan gehien zaintzen saiatzen garena
Ane Egiazabal, Euskadiko Orkestrako dinamizatzailea
Haurren neurrira egindako proposamenak
Haurrei zuzendutako kontzertu bat prestatzean, gakoa haurren eta gazteen ezaugarrietara egokitzean datzala azpimarratu du Cañadak —musika aukeratzerakoan eta kontzertuaren erritmoa eta forma pentsatzerakoan—: "Musika Familian programarako proiektu bakoitza prestatzerakoan, hilabeteak pasatzen ditugu formaturik egokiena bilatzen, eta nik beti esaten dut funtsezkoa dela haurrentzat ahalik eta musikarik ederrena aurkitzea". Aukeraketa horretan, musika arinak eta erritmikoak bilatzen dituzte, baina baita pieza motelagoak, melodikoagoak edo hausnarketarako egokiak ere. Kontraste horrek laguntzen du haurrek kontzertuan zehar arreta mantentzen eta esperientziaren barruan jarraitzen. Cañadak azaldu duenez, obren iraupena ere zaintzen dute: "Obra laburrak aukeratzen saiatzen gara, normalean bost minututik gorakoak ez direnak, haurrei zaila egiten baitzaie denbora horretatik harago arreta mantentzea".
Baina proposamena ez da musika aukeratzera mugatzen. Kontzertuaren hari eroalea, gidoia, eszenaratzea eta beste diziplina artistiko batzuk ere erabiltzen dituzte haurrei entzuten laguntzeko. Aurten, esaterako, Ravelen obra batekin egindako kontzertu batean, bost musikariren ondoan itzal txinatarren bidezko eszenatokia jarri dute, hitzik gabe musikak iradokitzen zituen ipuinak irudien bidez laguntzeko; hau da, musikaren bidez kontatzen dena ulertzen laguntzen duen sorkuntza bisual bat. Cañadak interpretazio-gakoak deitzen die baliabide horiei, eta baliabide horien bidez, konturatu gabe, haurrei zenbait pista ematen dizkiete interpretazioarekin eta musikaren entzunaldiarekin lotu daitezen.

Entzute aktiboa eta parte-hartzea
Haurrak kontzertu batean entzule izateak ez du esan nahi eserita eta isilik egon behar dutenik. Musika Familian programan, entzutea parte-hartzearekin lotzen dute: kantatzea, keinu bat egitea, txalo batzuk jotzea, mugimendu bati jarraitzea edo musikak proposatzen duenari gorputzarekin erantzutea. Cañadaren arabera, haurrak jarrera aktibo batera bideratzen direnean, eta momentu jakin batean parte hartu, elkarreragin edo entzun dutena adierazi behar dutenean, entzute hori aberatsagoa bihurtzen da, eta horrek kontzertuan sartuta egoten laguntzen die. Pedagogia musikalean, horri entzute aktiboa deitzen zaio.
Lan horretan, dinamizatzailearen rola ere garrantzitsua izaten da. Ana Egiazabal 2008tik aritzen da Musika Familian programan aurkezle lanetan, eta irakasleentzako gida didaktikoak zein haurrentzako sentsibilizazio-tailerrak ere prestatzen ditu. Haren arabera, familia kontzertuetara gurasoak eta haurrak askotan aurretik ezer jakin gabe joaten badira ere —aurrez landutako jarduera didaktikoak landu gabe—, kontzertuan bertan saiatzen dira parte hartzeko aukerak sortzen: eszenatokira igoaraziz, koreografiak eginez edota abestuz. Egiazabalen ustez, parte-hartze horrek badu beste dimentsio bat ere: musikaren bidez emozioekin konektatzea. Horregatik, kontzertuetan sorpresa, identifikazioa, irribarrea edo goxotasuna bezalako elementuak zaintzen dituzte, haurrak eroso senti daitezen eta proposamenean sartzeko gogoa izan dezaten: "Musika emozioekin konektatzeko bide bat izatea nahi dugu, eta hori da askotan gehien zaintzen saiatzen garena. Azken batean, kontzertua ez da haurrek kanpotik jasotzen duten emanaldia soilik; haien gorputzetik, emozioetatik eta begiradatik ere pasatzen den esperientzia da".
Agertokitik haurrei begira
Musikarientzat ere ez da gauza bera ohiko kontzertu batean jotzea edo haurrei eta familiei zuzendutako emanaldi batean parte hartzea. Larraitz Oiartzabal Euskadiko Orkestrako biolinistaren arabera, desberdintasun nagusia gertutasunean dago: "Haurrei zuzendutako emanaldietan hori bilatzen dugu: gertutasuna. Askotan, musika klasikoak urruntasun sentsazio bat sortzen du, edo hala ulertzen da behintzat. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zait haurrei txikitatik erakustea gertutasuna badagoela; gu ere pertsonak garela, gizakiak garela, eta musika oso polita dela, denok batzen gaituela".
Gertutasuna ez da soilik aretoaren antolamenduan edo kontzertuaren formatuan bilatzen; musikarien jarreran ere isla du. Oiartzabalek azaldu duenez, kontzertu hauetarako berdin-berdin prestatu eta entseatu behar izaten dute, baina Musika Familian programako emanaldiek bestelako elementu batzuk ere eskatzen dizkiete. Maiatzean, Arriaga bizi da izeneko emanaldian, esaterako, biolina jotzeaz gain, antzerkia ere egin behar izan zuen, eta horrek ohiko lanetik kanpoko beste eremu bat lantzea ekarri zion. Haurrak, gainera, publiko berezia dira musikarientzat. Oiartzabalek dioenez, helduak baino espontaneoagoak izaten dira, eta agertokitik berehala sumatzen da haien jakin-mina, arreta edo parte hartzeko gogoa: "Oro har, oso parte-hartzaileak izaten dira, alaiak, eta zerbait esan nahi dutenean besoa altxatzen dutenak asko izaten dira. Parte hartu nahi ez duten haurrak ere errespetatzen ditugu, bakoitzak bere izaera eta erritmoa dituelako, baina, oro har, jakin-min hori da gehien nabarmentzen dena".
Euskadiko Orkestrako biolinistaren ustez, horrelako emanaldiek haurrei musika klasikoaren gaineko aurreiritziak apurtzen laguntzen diete. Izan ere, musika klasikoa ez da zertan zerbait serioa, urrunekoa edo adin jakin batetik aurrerakoa izan behar: "Musika klasikoa oso anitza da. Umeek zein helduok aurki dezakegu gustuko dugun zerbait: pieza lasaiak, motelagoak, garaikideak, klasikoak, barrokoak…". Haurrei txikitatik hori erakusteak musika ezagutzeko, gozatzeko eta bere egiteko aukera eskaintzen die.
Garrantzitsua iruditzen zait haurrei txikitatik erakustea musika klasikoan gertutasuna badagoela; gu ere pertsonak garela, musika oso polita dela, eta denok batzen gaituela
Larraitz Oiartzabal, Euskadiko Orkestrako biolinista

Familian partekatzen den esperientzia
Musika Familian programaren beste ezaugarrietako bat da kontzertua ez dela haurrek soilik bizitzen duten esperientzia. Familian partekatzen den une bat da, eta horri balio berezia ematen dio Cañadak: "Oso ederra da familiak elkarrekin ikustea: gurasoak, seme-alabak, aiton-amonak eta osaba-izebak; denak batera musika entzuten eta esperientzia artistiko bera partekatzen". Haren ustez, egunerokoan ez dira beti sortzen horrelako bizipenak, eta horrelako kontzertuek aukera eskaintzen diete denbora tarte batez erritmo bera partekatzeko, gauza berari begiratzeko eta musikak sortzen duen giroan batera egoteko. Egiazabalek ere antzeko irakurketa egiten du. Aurkezle eta dinamizatzaile gisa, aretotik bertatik ikusten du gurasoen eta haurren artean sortzen den konplizitatea: "Oso polita izaten da gurasoen eta seme-alaben arteko konplizitatea ikustea. Partekatzen den une horrek balio handia du, eta gaur egungo bizimoduan, sarri, zaila izaten da halako tarte lasaiak aurkitzea. Areto batean, gurasoen eta haurren artean sortzen diren dinamikak oso ederrak izaten dira; batzuetan ikusten diren begiradak zoragarriak dira".
Parte-hartzeak ere indartu egiten du lotura hori. Gurasoak ez dira alboan eserita dauden ikusleak soilik; askotan, haurrekin batera abesten dute, koreografia sinpleak egiten dituzte edo proposatutako keinuei jarraitzen diete. Egiazabalek azpimarratu duenez, horrek haurrei segurtasuna ematen die, eta helduei ere aukera ematen die seme-alabekin beste modu batean egoteko.
Oso polita izaten da gurasoen eta seme-alaben arteko konplizitatea ikustea. Partekatzen den une horrek balio handia du, eta gaur egungo bizimoduan, sarri, zaila izaten da halako tarte lasaiak aurkitzea
Ane Egiazabal, Euskadiko Orkestrako dinamizatzailea
Aurreiritzirik gabe gerturatzeko gonbita
Musika klasikoa edo orkestra bat haurrentzat urruneko zerbait izan daitekeela pentsatzen duten familiei, aurreiritzirik gabe gerturatzeko gonbita egiten diete Cañadak, Egiazabalek eta Oiartzabalek. Cañadak argi du Musika Familian programako kontzertuak haur guztientzat pentsatutako espazioak direla: "Gure ateak zabalik daude, eta edozein profiletako haurra ongi etorria da gure kontzertuetara. Badakigu haurrak haurrak direla, eta haien jarrerak ez direla beti helduen logikaren araberakoak izango; baina guk egiten dugun kontzertu bat ez da inoiz aspergarria izango, beti saiatzen gara dibertigarria eta alaia izan dadin".
Egiazabalen ustez, ezin zaigu gustatu ezagutzen ez dugun zerbait, eta horregatik da garrantzitsua familiek aukera ematea halako esperientziei: "Inori ezin zaio gustatu ezagutzen ez duen zerbait, ezinezkoa da. Gero eta gehiago ikusten ari gara emozioen munduak zenbateko garrantzia duen, eta nik uste dut musika oso bide ona dela emozioak arakatzeko, asetzeko eta askatzeko. Batzuetan hitzekin definitu ezin ditugun emozioak musikaren bidez sentitzen ditugu, eta musikak askatzen laguntzen digu". Oiartzabalek ere bide beretik egin die gonbita familiei: "Gerturatzeko esango nieke, beldurrik gabe. Gustatuko ez zaiola uste duenari ere etortzeko esango nioke, aurreiritzirik gabe eta lasai. Aukera bat eman behar zaio; nik uste dut benetan merezi duen zerbait dela, eta, oro har, etortzen den jendea oso pozik ateratzen dela".
Musika Gela, kontzertuetatik harago doan hezkuntza-zikloa
Musika Familian programa Euskadiko Orkestraren Musika Gela zikloaren barruan kokatzen da. Ziklo horrek haurrei, gazteei, familiei eta ikastetxeei zuzendutako hainbat proposamen biltzen ditu, eta helburua kontzertuak eskaintzea izateaz gain, musika hezkuntzarekin, parte-hartzearekin eta kulturarako sarbidearekin lotzea da. Horregatik, Musika Gelaren barruan familientzako kontzertuak ez ezik, eskola-kontzertuak, tailerrak, produkzio propioak eta gizarteratzearekin lotutako egitasmoak ere garatzen dira.
Euskadiko Orkestrak urtez urte produkzio propioak sortzeko apustua egiten du, jatorrizko gidoiekin eta haur zein gazteen beharretara egokitutako formatuetan. Produkzio horietako batzuk bi bideren bidez iristen dira publikoarengana: eskola-orduetan ikastetxeekin antolatutako saioen bidez, eta familiei irekitako kontzertuen bidez. Horrek aukera ematen du proposamen berak hainbat testuingurutan bizitzeko: eskolako taldearekin batzuetan, eta familiako helduekin besteetan. Azken denboraldietan, adibidez, Nire ama antzara, Arriaga bizi da edo Logelan logale bezalako ekoizpenak aurkeztu ditu Musika Gelak. Lehenengoak Ravelen musikatik eta itzal-antzerkitik abiatuta haur bakoitzaren iruditeria lantzen du; bigarrenak Juan Crisostomo Arriagaren figura eta musika haurrei gerturatzeko bidea proposatzen du; eta Logelan logale kantatak beste dimentsio bat hartzen du, ikasleen parte-hartzearekin eta kantu sinfoniko-koralaren esperientziarekin. Musika Gelak beraz, musika klasikoa hainbat formatutan eskaintzen du: ipuinarekin, antzerkiarekin, irudiekin, ahotsarekin edo parte-hartzearekin gurutzatzatuz.
Zikloaren beste ardatzetako bat ikastetxeekin egiten den lana da. Eskola Kontzertuen bidez, haurrek eta gazteek orkestrarekin harremana izateko aukera dute eskola-testuinguruan, eta horrek musika-esperientzia hezkuntza-prozesuarekin lotzen du. Ez da gauza bera kontzertu batera norbere kabuz joatea edo ikaskideekin batera, aurretik landutako proposamen baten barruan, zuzeneko musika bizituz. Horregatik, Musika Gelak eskolaren eta kultur ekipamenduen arteko zubi lana ere egiten du.
Gizarteratzea ere gero eta pisu handiagoa hartzen ari da zikloaren barruan. Euskadiko Orkestrak urteak daramatza inklusioaren aldeko proiektuak garatzen, eta Musika Gelaren barruan kulturarako sarbidea zabaltzea da helburuetako bat: desgaitasuna duten pertsonei, zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboei edo ohiko kultur zirkuituetatik urrunago egon daitezkeenei ere musika gerturatzea. Hor kokatzen dira, besteak beste, lehen aipatutako saio lasaiak, tailer inklusiboak eta kulturarako sarbidea errazten duten sareekin egindako lankidetzak.
Azken batean, Musika Gela hezkuntza, sorkuntza artistikoa eta gizarte-konpromisoa uztartzen dituen egitasmoa da. Musika Familian programak familiei zuzeneko musikarekin harreman goxoa izateko aukera eskaintzen dien moduan, Musika Gelak beste bide batzuk ere irekitzen ditu haur, gazte, ikastetxe eta kolektibo gehiagorengana iristeko. Kontzertuak, tailerrak, eskola-saioak eta gizarteratzearekin lotutako proposamenak uztartuz, orkestra areto barruko esperientzia izatetik harago eramaten du, eta musika hezkuntzarekin, parte-hartzearekin eta kulturarako sarbidearekin lotzen du.

Saio lasaiak, haur guztiei ateak zabaltzeko
Azken urteetan Musika Familian programak eman duen urrats garrantzitsuenetako bat Saio lasaiak izeneko formatua sortzea izan da. Cañadak azaldu duenez, desgaitasuna duten haurrek eta haien familiek ere kontzertuetara etortzeko aukera izatea da helburua, baina horretarako beharrezkoa da ohiko kontzertuaren baldintzak malgutzea. Izan ere, haur batzuentzat zaila izan daiteke areto batean denbora luzez geldirik egotea, isiltasuna mantentzea edo bat-bateko argi eta soinu aldaketei aurre egitea.
Horregatik, Saio lasaietan giroa egokitu egiten da: ateak irekita egoten dira, argiak ez dira guztiz itzaltzen, ez da bat-bateko zaratarik edo argi-distirarik izaten, eta familiek badakite behar izanez gero sartu eta atera daitezkeela. Aretotik irten behar izanez gero, sarrera atseden hartzeko espazio alternatibo gisa erabiltzen da, eta haurra edo familia prest dagoenean berriro sar daiteke kontzertura: "Familiek badakite kontzertu horietan ez dela erabateko isiltasunik eskatuko, eta horrek lasaitasuna emateaz gain, haurrei ere aukera ematen die kontzertua euren erritmora bizitzeko".
Euskadiko Orkestrako hezkuntza arduradunaren ustez, aldaketa horrek eragin handia izan du: "Horri esker, familiak askoz ere lasaiago eta babestuago sentitzen dira kontzertuan. Azken batean, saio lasaiak ez dira kontzertu berezi batzuk soilik; haur guztiek kultur esperientzietara hurbiltzeko duten eskubidea aitortzeko modu bat dira". Orkestra, horrela, ez da baldintza jakin batzuk betetzen dituztenentzat soilik irekitzen den espazioa, baizik eta haur bakoitzaren beharrak eta adierazteko moduak kontuan hartzen dituen lekua.