Musikak amaren eta sabelean den umearen arteko atxikimendua indartzen du.

 

Musikoterapia fokal obstetrikoa egiten du Saioa Puebla musikoterapeutak Zumarragako Sen Bizia zentroan. Musikak amaren eta sabelean den umearen arteko atxikimendua indartzen du.

 

Musikoterapia fokal obstetrikoa egiten dute Zumarragako Sen Bizia zentroan. Saioa Puebla Sen Bizia egitasmoaren sortzailea eta musikoterapian aditua da eta hark gidatzen ditu saioak. Sabelean diren umeak musika bidez estimulatzeko teknikak erabiltzen dituzte horretarako. Musikotepiaren bidez terapia jasotzen duen pertsona osasuntsu egon dadila bultzatzen dute eta terapeutak saioetan parte hartzen dutenen ongizatea bilatzen du. Horretarako musika bidezko esperientziak bizitzen dituzte.

 


Edoskitzea hobea izaten da, umeak sozializatzeko gaitasun handiagoa izaten du, segurtasun handiagoa izan ohi du eta neuronen arteko konexio gehiago izaten ditu. Horrez gain, sumintasun gutxiago sentitzen du, negar gutxiago egiten du, lotarako zailtasunak ekiditen dira… Umea psikologikoki, emozionalki eta sozialki hobeto sentitzen da. Baita ama eta bikotea ere.

Saioa Puebla, Sen Bizia egitasmoaren sortzailea eta musikoterapian aditua


 

Musikoterapia fokal obstetrikoan hiru arlo lantzen dituzte: alde batetik amaren ongizatea lantzen da, bestetik haurraren ongizatea eta, azkenik, haurraren eta amaren arteko atxikimendua. Azken horretan, batzuetan amaren bikotearekin ere lan egiten dute.

Musikoterapiak amaren eta sabelean den umearen arteko atxikimendua bultzatzen du eta horrek gerora modu positiboan eragiten du Pueblak azaldu duenez: “Edoskitzea hobea izaten da, umeak sozializatzeko gaitasun handiagoa izaten du, segurtasun handiagoa izan ohi du eta neuronen arteko konexio gehiago izaten ditu. Horrez gain, sumintasun gutxiago sentitzen du, negar gutxiago egiten du, lotarako zailtasunak ekiditen dira… Umea psikologikoki, emozionalki eta sozialki hobeto sentitzen da. Baita ama eta bikotea ere”.

 

 

 

Musika bidezko lotura

Baina nola lortzen du musikak hori guztia gertatzea? Hiru bidetatik egiten du lanketa Pueblak: “Umeak bosgarren hilabetetik aurrera kanpoko soinuak entzuten ditu, baina bibrazioak hasieratik jasotzen ditu. Musikak sortzen dituen bibrazioak amaren hezurren eta hormonen bidez transmititzen zaizkio umeari. Amak musika entzuten duenean edo jotzen duenean sentitzen duen guztia transmititzen dio umeari”.

Askotariko musika motak erabiltzen dituzte, lasaitasuna eta erlaxazioa bultzatzen dituzte, bereziki, baina amaren soinu-historia ere osatzen dute amak gustuko duen musikarekin: “Amak musika estilo zehatz batekin konektatzen baldin badu eta horrek zoriontasuna, poza edo lasaitasuna transmititzen baldin badizkio, hori guztia haurrari transmitituko dio hormonen bidez”, dio Pueblak. Horretarako, batzuetan musika jartzen dute, beste batzuetan sortu egiten dute eta guztia bisualizazioekin laguntzen dute. Batzuetan emakumeak beraiek dira musika jotzen dutenak edo abesten dutenak. Hitzak ere garrantzi handia du, ordea: “Emakumeek dituzten kezkak, beldurrak, fantasiak… Horri guztiari buruz hitz egiten dugu eta lantzen dugu”, dio Pueblak.

 


Haurdunaldia modu kontzientean bizitzeko aukera ematen du eta bikoteek diotenez, haien arteko harremana estutu egiten da. Beldurrak lantzeko haurrarengan, nork bere gorputzarengan eta erditzean konfiantza izateko balio duela diote

Saioa Puebla, Sen Bizia egitasmoaren sortzailea eta musikoterapian aditua


 

Normalean laugarren hilabetetik aurrera hasten dira emakumeak Sen Bizian egiten dituzten saioetan parte hartzen, baina lehen unetik hasteak onura handiak dituela adierazi du musikoterapeutak: “Garai horretan umeak oraindik kanpoko soinurik entzuten ez duen arren, hormonen bidez konektatzen da amarekin eta amak sentipen guztiak transmititzen dizkio. Haurdun gelditu aurretik edo haurdun gelditzeko prozesuan gaudenean ere, asko lagundu dezake”.

Amentzat esperientzia oso positiboa izaten dela dio Pueblak: “Haurdunaldia modu kontzientean bizitzeko aukera ematen du eta bikoteek diotenez, haien arteko harremana estutu egiten da. Beldurrak lantzeko haurrarengan, nork bere gorputzarengan eta erditzean konfiantza izateko balio duela diote”, dio Pueblak. Musikopetaria edonorentzat egokia izan daitekeela dio eta haurdunaldi aurrekoa, bitartekoa eta ondorena ahalik eta modurik onenean bizitzeko eta gozatzeko aukera ematen duela.