Nafarroan D ereduan ikasten duten ikasleek euskararen ezagutza maila oso ona lortzen dute, baita eremu ez euskalduneko ikastoletakoek ere. NUHEO Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean egiten dituzten azterketen emaitzak dira horren lekuko.

Ereindakoak ematen du, eta horixe da Nafarroan D ereduko ikastetxeetan euskararen ezagutzarekin ikusten ari direna: NUHEO Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko azterketetara aurkezten diren ikasle gehienek B2 maila lortzen dute DBH amaitutakoan. Eta Batxilergoko ikasleen erdia baino gehiagok, C1 maila. Garbiñe Urreizti Lezertua NUHEOko zuzendariak hala baieztatzen du: “Euskarako B2 azterketa gainditzen duten ikasleen ehunekoa oso altua da, % 90 baino gehiago, eta arazorik gabe lortzen dute ziurtagiria. Euskararen ezagutza maila onarekin bukatzen dute Derrigorrezko Hezkuntza”. Baita eremu ez euskaldunean ere, Tafallako ikastolan kasu. “Orain dela 14 urte hasi ginen gure ikasleekin azterketa horretara aurkezten. Ia-ia ikasle gehienek egin dute azterketa, 322tik 315ek, % 97,8k, eta aurkeztu diren horietatik 295ek gainditu dute, % 93,6k”, dio Angel Iriso Tafallako Garces de los Fayos ikastolako Euskara irakasle jubilatu berriak. “Horrek esan nahi du, gurasoek euren seme-alabak 3 urterekin ikastolan matrikulatzen dituztenean, ia-ia ziurtatuta daukatela DBH amaieran B2 ziurtagiria aterako dutela, hau da, euskara maila onarekin aterako direla”. Iruñeko Jaso ikastolan ere antzeko emaitzak dituzte, Andoni Sagastibeltza DBH 3. eta 4. mailako Euskara irakaslearen esanetan: “ikasleen % 95-98 aurkezten da azterketara, eta ziurtagiria % 95ek ateratzen dute. Are gehiago, azken urteetan, DBHko hainbat ikaslek C1 azterketa egin dute eta baita gainditu ere. Aurten, DBH 4. mailako ikasleetatik 28k B2 azterketa egingo dute, eta 22 ikaslek C1 proba. Horrek maila badutela erakusten du”.

Lankidetza programa 

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak lankidetza programa bat dauka Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxe publikoekin, kontzertatuekin eta ikastolekin, eta programa horri esker, nahi duten ikasleek NUHEOren azterketa ofizialak egin ditzakete eta modu horretara ziurtagiriak lortu ditzakete lau hizkuntzatan: euskara, alemana, frantsesa eta ingelesa. “Lankidetza programa horren bidez, DBHko ikasleen hizkuntza curriculumak eta Hizkuntza Eskola Ofizialekoak bateratu egiten dira eta tituluak lortzea ahalbidetzen du”, azaltzen du Urreizti Lezertuak. “Azken finean, Bigarren Hezkuntzak eta hizkuntza eskolak badute gauza bat komunean hizkuntzari dagokionez: irakaspen komunak dituztela eta gelan irakasten dela bietan. Hori probestea da programa honen filosofia”.

Horretarako, ikastetxe laguntzaileen edo kolaboratzaileen bitartekaritza baliatzen dute. “Ikasleek eskolan ikasten dutena eta gure azterketak egiteko jakin behar dena uztartzen laguntzen digute ikastetxeetako irakasle laguntzaileek. Hau da, azterketa nolakoa izango den, ebaluazio irizpideak zein izango diren eta ikaslearen ekoizpena nola neurtuko den jakiteko eskubidea dute ikasleek. Horretarako, hainbat material, dokumentu eta lan prestatzen ditugu baliabide digitalen bitartez, eta irakasleen eta ikasleen eskura jartzen ditugu”.

Material hori ikastolan lantzen duten Eki proiektuarekin uztartzen dute Iruñeko Jaso ikastolan. “Material ugari dago, oso egokia eta dinamikoa, eta ulermena, idazmena zein ahozkoa lantzeko erabiltzen dugu”, dio Sagastibeltza irakasleak.

Guztira 80-100 ikastetxek hartzen dute parte programa honetan; hizkuntza guztiak aintzat hartuta 7.000 ikasle inguruk, eta euskarako azterketa egingo dutenak 2.600 inguru izango dira aurten. Iruñeko Jaso ikastolako ikasleak izango dira horietako batzuk eta Sagastibeltza irakasleak dio oso interesgarria dela programa honek egiten duen planteamendua, “titulazio ofiziala bermatuta geratzen baitzaie”.

Mintzamena eta idazmena jomugan 

Azterketak bost proba ditu: ulermeneko bi —irakurri eta ulertu bata, eta entzun eta ulertu bestea—, idatzizko bat, mintzameneko bat eta bitartekotza (iritzirik eman gabe artikulu batean jartzen duena idatziz azaltzea eta infograma batean ikusitakoa ahoz adieraztea). Tafalla ikastolako Irisok dio ulermenean ez dutela inolako arazorik, “erronka handienak mintzamena eta idazmena dira eta arlo horiekin lanketa berezia egiten dugu. Mintzamenean, adibidez, grabazioak egiten ditugu eta ahoz adierazi behar izaten dute zerbaitek nola funtzionatzen duen, zer dakiten egiten, gai bati buruz hitz egin, elkarrizketa batean aritu... Eta gero, jakina, jarraipena egin eta ebaluatu egiten ditugu etorria, aberastasuna, jatortasuna eta dena. DBHko ikasmaila guztietako ebaluazio guztietan ebaluatzen dugu mintzamena eta garrantzi handia ematen diogu horri. Izan ere, askotan idazmena, gramatika, literatura eta abar ebaluatzen dira, baina mintzamena ez, eta guk berau lantzeko konpromisoa hartua daukagu”.

Lanketa hori Nafarroako Gobernuak daukan Solaskide programarekin indartzen dute. “Ikasturtean zehar 15 astetan irakasle bat etortzen da kanpotik DBH4ko taldera. Talde erdia irakasle horrekin gelditzen da eta beste erdia ikastolako Euskara irakaslearekin. Talde txikiagoetan hainbat gauza lantzen dira”.

Mintzamenarekin batera, idazmena lantzea ere oso garrantzitsua dela azpimarratzen du Irisok. “Gaur egun oso zaila da ongi idaztea eta guk garrantzi ikaragarria ematen diogu. Gutxienez, ebaluazio bakoitzean eta DBHko maila guztietan, bi idazlan zuzendu behar dizkiegu ikasleei, eta 4. mailan gutxienez hiru. Azkenean urtean hamar idazlan inguru egiten dituzte eta idaztearen poderioz gero eta hobekiago egiten dute. Gustua ematen du euskaraz nola idazten duten ikusteak”.

Sagastibeltza ere gustura dago lortzen duten ezagutza mailarekin. “Ikasleekin eta ikasle ohiekin kalean topatu eta haiekin euskara jatorrean aritzea ikaragarria da”.

Azterketa gainditzen duten ikasleen ehunekoa oso altua da eta arazorik gabe lortzen dute B2 maila Derrigorrezko Hezkuntza bukatutakoan

Garbiñe Urreizti Lezertua NUHEOko zuzendaria