Andrea Arrizabalaga, Kazetaria
Berandu iritsi zitzaidan amatasuna. Uste baino beranduago, nahi baino beranduago; ia hamar urte beranduago. Askotan galdetzen diot nire buruari zer-nolako ama izango nintzatekeen, gazteago izan banintz. Agian gutxiago nekatuko nintzatekeen, pazientzia handiagoa izango nukeen, buruko min gutxiago… Inoiz ez dut jakingo, baina argi daukat amatasun berantiar honek abantaila bat eman didala: heldutasuna; eta ez edonolakoa, heldutasun enpatiko eta jasangarria.
Ama izan nahi nuela erabaki nuenean gazteagoa nintzen eta baita beste pertsona bat ere. Animalia eta natura zalea izan naiz beti, baina “zaletasun” hori areagotuz joan da denboraren poderioz eta kezka bihurtu da. Duela hamar urteko neska gaztea animaliak eta natura maite zituen ama izango zatekeen; egungo emakumea beganismoa eta ekologismoa defendatzen dituen ama da. Gauza bera dirudi, baina ñabardura garrantzitsua da. Iraganeko Andreari animaliak eta natura gustatzen zitzaizkion; egungo Andrea animalien eta naturaren defendatzaile sutsua da.
Heldutasunak (eta informazioak) ekarri zidan aldaketa hori eta momentu egokian heldu zen;ama izan behar nintzen momentuan. Nahi baino hamar urte beranduago izan nintzen ama eta atzerapen horrek erreminta baliagarria eman zidan: bizi nuen aldaketa hori guztia nire semeari transmititzeko aukera. Jaio zen momentutik argi neukan barneratutako guztia irakatsi behar niola. Banekien gizartea kontra izango nuela (batzuetan baita familia bera ere); hala ere, borrokalaria eta burugogorra naiz eta ahalegindu behar nintzen.
Horretan ari naiz egun, Oskorriren kantu batek dioen moduan “batzuetan bero, besteetan ero”, baina beti aurrera egiteko prest. Nire 4 urteko semeak badaki “txitxia” txerria edota behia dela, badaki makrogranjak existitzen direla eta hor animaliak triste daudela, eta badaki gure planeta gaixorik dagoela; guk gaixotu egin dugula eta guk sendatu behar dugula azaldu diot. Askok diote oso txikia dela hain gauza konplexuak ulertzeko. Egia da, oso txikia da gertatzen ari dena bere osotasunean ulertzeko, baina inportanteena antzematen du. Etxean bigarren eskuko tresnak eta arropak erosten saiatzen gara, eta berak badaki horrela planeta zaintzen dugula; jaten dugun guztia beganoa da eta berak argi dauka horrela animaliak soilik ez, planeta ere babesten dugula.
Doktrinamendua dela entzun behar izan dut, eta ez soilik sare sozialetan. Gizarteak zaila jartzen digu hazkuntza tradizionalaz kanpo aritzen garen amei. Korrontearen aurka joatea garesti ateratzen da, negar asko egin dut amatasunaren lehenengo urteetan. Dena dela, nire bihotzak agintzen didana jarraitzen ari naiz, eta ziur nago egiten dudana ez dela doktrinamendua; nire semea enpatian hezten ari naiz. Ez naiz horregatik beste amak baino hobea, ez dut horrela ikusten nire burua. Baina, zalantzarik gabe, duela hamar urte izan behar nintzen ama hori baino hobea naiz. Ama berantiarra, baina kontzienteagoa.