AFEKTUA EDOTA ELIKADURA EGOKIA BEZAIN GARRANTZITSUA IZAN LITEKE HAURRARENTZAT AIRE ZABALEAN IBILTZEA, ERREALITATE KONKRETUAK ESPLORATZEA ETA NATURAKOBENETAKO MATERIALEKIN JOLASTEA.
Tarte bat hartzera eta erlaxatzera dei egiten digu Hazi Hezi aldizkariaren zenbaki honek; erlojupeko gizartearen denbora mekanikotik atera eta naturaren denbora organiko eta pausatuarekin bat egitera. Lasaitasuna, sosegua, patxada, baretasuna… balio preziatuak dira egunetik egunera azkarrago bizi garen honetan.
Erritmoa mantsotu eta naturarekin harremanean hazteak eta hezteak izan ditzakeen onurak azpimarratzen ditu Heike Freire pedagogoak heziketa berdearen inguruan osatu dugun gai nagusian. Haurrak garatuko badira, espazio irekietan mugitzeko eta jolasteko aukera ematea komeni dela dio, eta baita landareekin, animaliekin eta beste haurrekin kontaktuan egotekoa ere.
Sarritan, ordea, kontrako bidea hartzen dugu helduok: presa, zalaparta, burrunba, estresa… Eta espazio irekietako eremu berdeetan ibiltzeak haurrei onura besterik ez dakarkiela probatuta badago ere, maiz, seguruago sentitzen gara lau pareten artean. Zenbaitzuk beldurra diegu basoei, harkaitzei, urmaelei… eta izutu egiten gaitu haurrak zuhaitzetara igotzeak, makilekin jolasteak, lokatzetan ibiltzeak… Umea arriskuan dagoela iruditzen zaigu usu. “Beldurraren gizartea arrisku guztiak kentzen ahalegintzen da, baina benetan arriskuekin bizitzen ikasi behar dute haurrek. Horrek umeei lagundu egingo die euren gatazkak eta beldurrak gainditzen”, dio Mireia Baz Txatxilipurdi Aisialdi Elkarteko kideak, eta gaineratzen du, askotan, helduon beldurrak izan ohi direla umeak mugatzen dituztenak.
Mugak helduarenak direla, horixe dio Nerea Mendizabal psikopedagogoak ere zigorraren inguruko eztabaidagaian. “Haurrek mugak behar dituzte” esaldia sarritan erabili ohi da hezkuntzaren alorrean. Bere esanetan, ordea, mugak ez ditugu jarriko haurrak mugatu behar direlako, ezta umeak muga horiek behar dituelako ere, baizik eta mugak helduarenak edo gizartearenak direla onarturik, komenigarria delako haurrak muga horiek ezagutzea.