Meatzaldea-Peñas Negras ekoetxea

Meatzaldea-Peñas Negras ingurumenarloko informazio eta sentsibilizaziorako ekipamendua da, eta Ortuellan dago, Bizkaiko Meatzaldearen bihotzbihotzean. Gizakiaren eraginez natur-inguruneak izandako eraldaketa sakona hautemateko toki paregabea da. Biotopo babestua da eta balio historiko handiko gunea. Ekoetxea sareko zentroa da, Urdaibai, Txingudi eta Azpeitiako ingurumenhezkuntzako zentroekin batera.

 

Meatzaldea-Peñas Negras ingurumen-zentroak ingurunea eta gizakiaren arteko harremanak aztertzeko abagune paregabea eskaintzen die haur, nerabe eta gazteei. Eusko Jaurlaritzaren Ihobe zerbitzuak kudeatzen duen Ekoetxea sarearen barruan, Ortuellan dago kokatua eta bere izena ondoan dituen harkaitzetatik hartu du. Natura aberatsaz gain balio historiko handia daukan ingurunea da Peñas Negrasekoa, burdinaren meatze ustiaketa dela-eta eragin handia izan baitu Bizkaiko Ezkerraldearen eta Euskal Herriaren bilakaera sozioekonomikoan. Historiari dagokionez, Peñas Negras ingurunea kokatzen den Trianoko Mendiak erromatar garaitik ezagutzen dira, ugaria eta kalitate handikoa baitzen hango burdina. Duela gutxi, ikerketa arkeologikoei esker egiaztatu ahal izan da ingurune honetan erromatarrak egon zirela (K. o. III-IV. mendeko zeramika azaldu baita). Eta horrek zenbait historialarik esandakoa berresten du. Plinio Zaharrak, esate baterako, Iberiako Penintsulako iparraldean "burdinazko mendi handi" bat zegoela esan zuen. Plinio Zaharrak aurreratu bezala, ingurune honen protagonista nagusia burdina izan da. Mineral honek eragin erabakigarria izan zuen gure herrialdeko ekonomian, gizartean, ingurugiroan eta abarren, bereziki Ezkerraldean. XIX. mendearen erditik XIX. mende bukaera arte ingurune honetan kokatua zegoen mehategia munduko garrantzitsuena bilakatu zen burdina ugaria eta kalitate handikoa baitzen. Ustiapen handieneko aldia iraultza industrialaren gorakadarekin etorri zen, 1876-1930 urteen artean. Mineralaren ustiaketa handiak langile asko erakarri zituen eskualdera, Euskal Herriko beste zenbait eremutatik, baina baita Gaztelatik, Galiziatik edota Aragoitik ere. Horrela, langile horiei guztiei eta haiekin etorri ziren senideei bizilekua emateko, meatze-auzo ugari sortu ziren; esate baterako, La Arboleda auzunea, 1877an. Han barrakoietan pilaturik bizi ziren langileak eta euren familiak, eta bizi eta lan baldintza kaskarrek hilkortasun tasa handia eragin zuten. Baldintza gogor haiei aurre egiteko langileak euren eskubideen defentsarako elkartu egin ziren. Ondorioz, eskualde hori langile mugimenduek izan zuten garapenagatik ere garrantzitsu bilakatu zen. Meatzeak gizarte-gaietan bezala, ingurune naturalean ere eragin zuzena izan zuen, mendialdea oso endekatua utzi baitzuen mineralaren ustiapenak, landareak eta animaliak desagerrarazi zituen eta zuloz eta zabortegiz beteriko paisaia sortu zuen. Hain justu, aurreko mendeko 40ko hamarkadaz geroztik, meatze-jarduerak izandako beherakadak ekarri zuen natura-gunearen errekuperazioa.

Ingurumenaren berreskurapenean espezializaturiko zentroa 

Meatze ingurunea toki ezin hobea da naturaren eta gizakiaren arteko harremanak aztertzeko, eta horixe izan zen, hain zuzen ere, Peñas Negraseko ingurugiro interpretazio-zentro hau sortzeko abiapuntua. Eraikinak informazio-bulego bat eta bi erakusketa-gela ditu, horietan meatzeen eta horien eraginaren historia errepasatzen dira. Kanpoko museoan, berriz, meatze-industrian erabilitako hainbat pieza ikus daitezke. Horrez gain, bertako espezieez osaturiko lorategi eder bat bisita daiteke kanpoaldean eta terraza-behatoki bat ere badu. Ingurumenaren berreskurapenean espezializaturiko eta konprometituriko zentroa da, eta arreta berezia jartzen du hezkuntzan. Horretarako ikasturtean zehar didaktika eta ingurumena uztartzen dituzten jarduerak eskaintzen ditu. Alde batetik, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzat pentsaturiko bisita gidatuak eta jarduerak eskaintzen dituzte. Eta, bestetik, Lehen Hezkuntzako 3. ziklorako ere programa didaktiko mamitsua daukate prestatua. Jardueren barruan, erakusketak ikusteaz gain, ikasleek bisita gidatu bat egiten dute meatze-arroan zehar eta paisaia tailerrak egiteko aukera dute.

 


Meatzaldea-Peñas Negras ekoetxea 

La Arboleta errepidea, Muskiz km 1-6 48530 Ortuella (Bizkaia) Telefonoa: 946 33 80 97 info.penasnegras@ekoetxea.eus www.ekoetxea.eus 

BALIABIDEAK 

• Langile espezializatuak. Ibilbide gidatuak egiteko eta publikoaren premiei erantzuteko. 

• Erakusketa eta ikus-entzunezkoa. Burdina ingurune baliabide bezala, Bizkaiko meatze arroaren historia, biztanle guneak, geomorfologia, flora eta fauna, ingurumen interpretazioa. • Jolastokia eta terraza panoramikoa. 

• Kanpoko museoa. Antzinako meatze ustiapenen elementu zaharberrituak. 

• Landaretza autoktonoaren berreskuratzea. Dokumentazio zentroa. 

• Ikastetxeentzako material didaktikoak. Ikasleentzako lan koadernoa eta irakasleentzako gidaliburua. 

• Argitalpenak. Eskuorriak, ingurugiro interpretaziorako koadernoa, mapa eta liburua. 

• Ikus-entzunezko materialak

PROGRAMA DIDAKTIKOAK 

Helburuak: 

• Paisaiaren interpretazioaren bidez, meatze ustiapenaren alderdi adierazgarrienak zein diren jakitea. 

• Errespetu jarrerak garatzea, ingurunearen ezagueraren bidez. • Antzinako meatze ustiapenaren landaretza eta fauna ezagutzea.

• Gaur egun eremu hau aisialdirako eta denbora librerako erabiltzen da. 

• Meatzaritzak paisaian utzitako aztarnak interpretatzea, baita meatzaritzaren ingurumen ondorioak ere. 

• Inguruaren ezaugarri geologiko nagusiak zein diren jakitea: harriak, burdin mineralak, etab. Jarduerak 

• Ibilbide didaktikoa: La Arboledako antzinako meatze ustiapenean zehar 

• La Arboleda: biztanle gune garrantzitsu honetara bisita. •

 Paisaia karstikoa: kareharrizko egitura bitxi honetara bisita eta handik ere ikuspegi panoramiko politak daude.