“Haurraren negarra beti hunkigarri” dio abestiak; hunkigarri ez eze, zalantza iturri izan ohi da helduarentzat: Zer egin? Umea isilarazi? Lasaitu? Besotan hartu? Ez hartu? Utzi bakarrik?  Malkoen mintzoa ulertzeak eta negarrarekiko norberak eta gure kulturak duen harremana ezagutzeak lagunduko dio bakoitzari jarrera bat edo beste hartzen. 

Umearen negarrari buruz esames, kontraesan, teoria eta eztabaida ugari dago. Gurasoek nahiz aitona-amonek mezu kontrajarri anitz entzuten dituzte egunero-egunero, batzuk tradizioz esan izan direnak, beste batzuk gaur eguneko modako teorietatik datozkeenak: “Umeak ez du negar egin behar”; “bai, egin egin behar du, barrenak lasaitzeko.” “Negarrez dagoen umea besotan hartuz gero, gaizki ohituko da”; “umea besotan hartzen ez bada, abandonu sentimendua izango du”. “Birikak lasaitzeko negar egin behar du”. “Ondo dagoen umeak ez du negarrik egiten…” eta horrela, mezu kontraesankorrek infinituraino eramango gintuzkete. Baina, zeri egin kasu?

Negarra, argi dago, gai zaila da gurasoentzako. Batetik, umea gaizki dagoela interpretatzen dutelako; eta, bestetik, helduari jasanezina egiten zaiolako bere haurraren negarra entzutea. Negarrarekin daukagun harremana, ordea, ez da gaur goizean sortua, eta, beraz, historian zehar negarraren inguruan egin diren interpretazioek gaur egungo harremana azaltzen lagunduko digute. Alfredo Hoyuelos Nafarroako Unibertsitate publikoko irakasle eta Berriozarko Udal Haur Eskoletako zuzendari kideak Erdi Arora jo du negarra eramateko helduak izan ditzakeen ezintasunak esplika-
tze aldera. “Erdi Aroan pentsatzen zuten umeek negar asko egiten bazuten deabrua edo zerbait txar edo kaltegarria zutela barruan, eta, hura kanporatzeko, exortzismo moduko bat egiten zuten”. Negarraren inguruko lehen dokumentazioek erakusten dute, beraz, negarra zerbait negatibotzat edo kaltegarri-tzat hartu izan dela Mendebaldeko gizarteetan, eta, areago, negarraren aurrean jarrera bortitzak erabiltzen zituzten helduek umea isilarazteko: Espainian, adibidez, ezpainak josten zizkieten ume bereziki negartiei Erdi Aroan. Geroago, XVII eta XVII mendeetan, erruaren kontzeptua lotzen da negarrarekin, eta amari egozten zaio umearen negarraren errua: gaizki hezten ari delako egiten du umeak negar; hortik datoz, Hoyuelosen arabera, umea besotan ez hartzeko edo kasurik ez egiteko dioten mezuak. Naturalismoarekin, XIX. mendean, negarraren inguruko beste ideia bat sartu zen: negarra egitea ona da. Beraz, haurrari ez zaio, ordura arte bezala, modu biolentoan negarra isilaraziko, eta negar egiten utziko zaio, baina apur bat soilik. Orduan, negarra modu ez biolentoan mozteko edo distraitzeko gauzak asmatzen dira, hala nola, txupetea, txintxirrina… beti ere umea isilarazteko helburudunak.

Negarra, beraz, mende luzetan zehar egon da hazieraren erdigunean, eta tradizio horiek guztiek eragina dute gaur egun berau ulertzeko dugun ikuskeran. Negarrari buruzko lehen dokumentazioetatik (Erdi Arotik) biolentzia lotzen da negarrarekin, eta menderik mende indarkeria hori errotu eta barneratu egin da kultura askotan. Ez da, noski, Erdi Aroan zen bezain erantzun biolentoa ematen negarraren aurrean, baina molde lausoagoetan bada ere, Hoyuelosek jatorriko biolentzia hori ikusten du negarra isiltzeko gaur egungo metodo zenbaitetan, hala nola, xantaietan, zigorretan, bakarrik uztean, kolpeak ematean, edota erabiltzen diren estimulazio genitaletan. 
Negarraz hitz egiteko eta negarraren aurrean jarrera bat edo beste har-tzeko, lehenik eta behin, norberak negarraren zer kontzeptu duen edo negarrarekin zer harreman duen argitzea gomendatzen du Hoyuelosek. Horixe bera izan zen bere esperientzia: “Duela lauzpabost urte galdetu nion neure buruari ea zergatik, 25 urtez umeekin lanean ariturik, ez nintzen gauza izan denbora horretan guztian umeen negarra jasateko. Konturatu nintzen nik neukala arazoa neure negarrarekin, gizonek negarrik ez dutela egiten dioen ideiarekin hazi bainintzen. Nik ez dut neure negarra baimendu, eta, lehenik eta behin, horrekin bakeak egin eta ikasi dut ume batek negar egiten duenean haren alboan egoten”.
Ondoren, helduak haurraren negarraren aurrean hartzen duen jarrera kontzienteagoa izango da. “Hemen ere jarrera ezberdinak baitaude, politikan bezala”. Negar egiten uztea, ez uztea, lasaitzea, isilaraztea, distraitzen saiatzea, negarra moztea, xantaia egitea, kolpeak ematea... haurraren hazieran eragiten duten jarrerak dira, beraz.

Unibertsitateko  irakasleak haurraren negarra laguntzea proposatzen du, alboan egonez eta errespetatuz, negar egiten uztea. Izan ere, irakasleak argi ikusten du haurrak negar egiten duenean beti beharragatik egiten duela, zerbaitengatik dela, premia duela umeak. Berriozarko haur eskolan haurraren negarra laguntzeko helburua harturik ari dira lanean Hoyuelos eta bertako hezitzaileak. Horiek haurraren alboan egoten dira hark negar egiten duenean, besotan hartuz umeak hala nahi badu, edo begiradarekin harremanetan, gurago badu. Alboan egotean helduek ez diote umeari negarra isilarazten (“ixxxo...” hori ez dute sekula erabiltzen), ez mozten, ez txupete, txintxirrin edo gailuekin distraitzen. Haur bakoitza eta bere negarra errespetatzen dituzte, hau da, indibidualtasuna eta negar egiteko eskubidea, ondoko umearekin konparatu gabe, eta sekula negarraren inguruko esaldi nahiz jarrera negatiborik hartu gabe (“ez egin negar”; “itsusi jartzen zara negar egitean”; “mutilek ez dute negarrik egiten”; “amari ez zaio gustatzen zuk negar egitea...” eta halakoak guztiz baztertzen dituzte). Horretarako, norberaren negarrarekin bakeak egin ostean pazientzia edukitzea gomendatzen die guraso eta zain-tzaileei Hoyuelosek. Arnasa lasai eta diafragmarekin hartzen ikasteak lagunduko die, eta baita, negarra mozteak ekar ditzakeen gaitzak ezagutzeak ere.

Malkoak gertatzen zaigun hori orekatzeko bide naturala izanik, negarra mozten baditugu beste uneren batean kanporatu egin beharko ditugu malko horiek. Helduen kasuan, usu, pelikula bat ikustean egiten da negar, zintzilik gelditu diren malkoak ateratzeko premia baitago. Barruan geldituz gero, malko horiek kaltegarriak dira osasunerako, malkoak dituen sustantziak (magnesoa, potasioa, prolaktina eta abar) kaltegarriak baitira. Malko horiek moztu, erreprimitu eta barruan geldituko balira, min egin diezaiokete haurrari, azaleko gaixotasun moduan, edo gaixotasun larriago gisa kanporatuz.

Malkoen hizkuntza
Negarraren atzean premia bat dagoela esan dugu, baina behar horiek oso desberdinak izan litezke, tristura, abaildura, ezintasuna, abandonua, haserrea… eta premia horiek ulertzeak eta negarraren atzean ze emozio dagoen interpretatzeak lagunduko dio helduari haurraren alboan egoten. Azken batean, Hoyuelosen arabera, malkoak hizkun-tza dira, negarra komunikazioa da, “tristura, abaildura, asaldura, etsipena, mina, desengainua, amorrua, sumindura… azaltzen ditu umearen negarrak, baina helduok analfabetoak gara hizkuntza horretan”.

Malko guztiak ez dira berdinak, eta negarraren atzean dauden emozio guztiak ere ez. Baina, funtsean, premia bat dago beti muinean, baita kasketetan eta barrena husteko negar egiten denean ere. Alabaina, sarri, bi kasu hauetan ulertzen da okerren haurraren negarra, premia ez baita tristurak, minak edo haserreak eragindakoa bezain argia.  Barrena husteko negarra, sarri, ustezko arrazoi argirik gabe gerta-
tzen da, haurrak ez baitu  zehazki lehertzera eraman duen azken arrazoi horrengatik egiten negar, baizik eta barrena husteko, urduri, nekaturik egon delako, adibidez.  Kasu horietan, usu, haurrak berak bilatu egiten du lehertu eta barrena negarrez husteko aukera edo aitzakia, maiz eroriz, adibidez.

Kasketen kasuan ere, haurrak negar egiten badu, premia hori duelako egiten du, Hoyuelosen arabera. Dena den, gauza bat argitu du irakasleak: “Haurrak negar egiteko premia badu, eskubidea dauka; horrek ez du esan nahi lortu nahi zuen hura (edo lortu nahi duen guztia) lortzeko eskubidea duenik”. Lortu nahi zuena ez lortzeak frustrazioa eragin ohi du, eta frustrazioak, negarra; baina oroitarazten du frustrazioak beharrezko direla heziketan, eta frustrazioagatik negar egitea beste edozein premiarengatik egitea bezalaxe dela.


tute ez kontsolatu, ez besotan hartu. Negarrez ari den haurra ez kontsolatzeak aurrerago sor ditzakeen balizko disfuntzioak, babes falta sentimendua, edo negar luzeak eragin ditzakeen estresa eta antsietatea dira metodo konduktibista honen alderdi ilunenak.

METODO NATURALA
Ferber, Valman, Estivill edo tankerako metodo konduktibistek  50eko hamarkadan dute abiapuntua, baina horiei oinarri zientifiko falta gaitzesten zaie –Estivillen kasuan ez dago inolako ikerketa zientifikori erreferentzia egiten dion oin ohar bibliografiko bat bera ere-. Nagusiki lerro psikoanilitikoaren jarraitzaileek egin diete aurre konduktibistei. Haurrei lo egiten irakatsi baino, sano dagoen haurrak bere kabuz hartuko duela lo diote horiek, haurraren loa helduen beharretara egokitu baino, bere kabuz lo hartzen laga behar zaiola. Haziera naturalago baten aldekoek haurraren beharrei kasu egitea dutenez abiapuntu, negar egiten badu umea kontsolatu egin behar dela diote.

Eskuliburuetara etorriz, Estivillen metodoaren pare Hego Euskal Herriko liburu-dendetan Rosa Jove psikologoaren Dormir sin lágrimas saltzen da, prezeski Ferberren eta Estivillen metodoei aurre egiteko idatzi zuen liburua. Sano dagoen haurra bere kabuz lo hartzera iritsiko dela dio Jovek, eta haurraren loa helduen beharretara egokitzea ez dela soluzioa, eta “are gutxiago haurra negarrez uztea; negarrez ari bada, sufritzen ari delako da, beraz, arreta behar du”. Lo hartu bitartean haurra negarrez uzteak “shock” bat eragiten duela dio Jovek. Loaren prozesu ebolutiboa jarraitzearen garrantzia nabarmentzen dute negarrik gabeko loaren aldekoek, eta “denerako” balio duten metodoekiko mesfidantza azaltzen dute, umeak lo egiten ez duela ikasiko, baizik eta ikasiko duena dela ez duela gurasoen arretarik jasoko gauean, eta luzarora begira, etorkizunean, haur horrek izan ditzakeen arriskuei erreparatzen die. 

Metodo konduktibista ez erabiltzeak ez du esan nahi lo hartu aurreko errutinarik sortu behar ez denik. Gaua eta eguna bereizten ikastea –argi eta soinuen bidez- edo lo hartu aurretiko errutinak sortzea –bainua, abestia, ipuina…- bultzatzen ditu Jovek. Gurasoak haurraren lekuan jartzera gonbidatzen ditu, eta haren logura keinuak interpretatzen ikastea.