Gaur egun, musika emanaldi eta kontzertuetara sarrera debekatua dute gaztetxoek zenbait aretotan eta ordu jakin batetik aurrera. Idoia Apaolaza Psikopedagogoaren arabera, nerabeek kulturarako duten eskubidearekin talka egiten du debeku egoera horrek. Pixkanaka, hala ere, debekuaren gainetik, nerabeei zuzenduriko politika inklusiboagoak indarra hartzen ari dira. 

Oro har, eskola araututik kanpo geratzen zaien denbora librearekin lotzen dute gaztetxoek aisialdia. Adin tarte honetako gaztetxoen aisialdiko bizipenak ulertzeko, kontuan izan behar da gaztetxoek beraien bizitza gidatzeko duten gogoa, inori kontuak eman gabe. Bestalde, gaztetxoen autonomia bilaketa euren identitatea eraikitzeko ahaleginaren eskutik doa, eta ahalegin horretan lehentasunezko eremua aisialdiarena dute. Lagunartean egon eta aritzearekin batera, esperientzia berriak ezagutu eta dastatzeko gogoa izaten da adin tarte horretan bereizgarri, eta baita emozioa bilatzea ere. Nolabaiteko abenturen egarri daude, eta ekintza kilikagarriak desio dituzte.

Baina gaztetxoek, helduen tutore-tzapean daudelako eta baliabideen aldetik mugatuta daudelako, zailtasunak topatzen dituzte euren aisialdia nahi duten moduan bizitzeko orduan. Esaterako, kulturaz gozatu nahi badute, bereziki musikari dagokionez, ez dute erraztasun handirik. Izan ere, musika ikuskizun eta kontzertuak gauaren eskutik etorri ohi dira, eta maiz areto itxietan gauzatzen dira. Eta gauak eta aretoak ez dira gaztetxoetzat, nonbait. Eta, ondorioz, zenbaitetan ezta kultura bera ere.

Gaur egun, Hego Euskal Herrian Joko eta Ikuskizunei buruzko araudiak ez die uzten adingabekoei 22:00etatik aurrera zuzeneko musika aretoetara sartzen, nahiz eta haien guraso edo tutore legalak lagunduta egon. Momentu hauetan, administrazioa araudia berraztertzen ari da, eta adingabeak babesterako garaian, beste ikuspegi bat ari da gailentzen. Debekua baino gehiago, politika inklusiboagoen aldeko urratsak egitearen beharra mahai gainean jarri da.

1989an Nazio Batuek Haurren Eskubideen Konbentzioan berre-tsitako ideia da, kide diren estatuek adingabeei onartu behar dietela bizitza kultural eta artistikoan libreki parte hartzeko duten eskubidea. Harrezkero administrazio ezberdinek hainbat araudi abian jarri dituzten arren, praktikan eskubide hori bermatzeko “onarpen apalegia” egin dutelakoan dago Nazio Batuen Erakundea.

Zentzu horretan, eta “aukera askatasunaren eta gizarte bezala adingabeak babesteko dugun erantzukizunaren arteko oreka bilatzeko asmoz”, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Parlamentua indarrean dagoen Joko eta Ikuskizunei buruzko araudian aldaketak egiteko urratsak egiten ari dira. Zehazki, zuzeneko musika emanaldiak irauten duen bitartean aretora sartu ahal izango dira adin txikikoak, eta 16 urtez azpikoek guraso edo heldu batek lagunduta joan beharko dute.  Salbuespen hori egingo da musika emanaldiak irauten duen bitartean. Adingabea, gainera, begi bistara identifikatua izatearen beharra aipatzen da.

Idoia Apaolaza gizarte hezitzaile eta psikopedagogoaren arabera, “adin tarte berezia” da nerabezaroa: “Arrisku handiko garaia da, eta autonomia beharraren beste aldean, ziurgabetasun handiko aldia izaten da”. Inklusio politiken aldekoa da Apaolaza, eta begi onez ikusten du gaztetxoak kultur ekitaldietara hurbiltzeko politikak egitea. Baina horiek eraginkorrak izateko, gaztetxoek dituzten beharrak identifikatzea oso garrantzitsua iruditzen zaio: “Askotan gertatzen da, guraso bezala, edo gizarte gisa, gaztetxoak helduok bezala portatzea nahi dugula, ikasketetan aurrera egitea, eta arduratsuak izatea. Baina gero horrelako aisialdi aukera bat, beraiei gustatzen zaiena iristen denean, muga batekin topatzen dira. Eta esaten dute, ‘gizarte bezala eska-tzen ari zarete arduratsuak izateko, ikasketetan saiatuak, etxeko lanak egitea, baina sari bat aurrean dugunean, ume gisa tratatzen gaituzue’.     Askok ez dute alkoholik edaten, etxean ondo portatzen dira, lagunekin ere harreman onak dituzte, eskolan ere ondo doakie, baina ezin dute joan gustuko duten taldearen kontzertura. Bat-batean ume direlako”.

Prebentzio lanaren garrantzia
Adingabeak babesteko debekuaren gainetik egiten ari diren inklusio politiken ikuspegi aldaketa hau ez da nahastu behar, hala ere, adin txikikoek aurkitu ditzaketen arriskuen aurreko permisibitatearekin; drogen kontsumoa, esaterako.

Apaolazarentzat ere, “dena libre ere ez da utzi behar; emantzipazioa eman behar zaie, baina gainbegiratuta. Hala ere, utzi egin behar zaie pixka bat soka luzatzen, eta guraso askori kosta egiten zaigu”. Gazteekin prebentzio lanketa handia egin beharra dagoela aipatzen du: “Ez bakarrik drogei lotuta, gaur egun hor ditugu mugikorrek dakartzaten arriskuak ere”. Finlandian nerabeekin egiten ari diren politikak ekarri ditu gogora: “Askotan, agintariek erabaki bat hartzen dutenean, ez banaiz sentitzen erabaki horretako parte, hau da, kanpoan geldi-
tzen baldin banaiz, legea betetzea zailagoa egingo zait. Aldiz, Finlandiako kasuan bezala, nerabeek erabakietan parte hartzen badute, edo beraien komunitateak, eta arau horrekin identifikatuta sentitzen badira, askoz ere errazagoa egingo zaie arau horiek betetzea”.

Psikopedagogoak dio oso garrantzitsua dela adin talde honek dituen beharrak identifikatzea eta horien arabera eraikitzea inklusio politika horiek: “Gaztetxoak kultur eskaintzara erakartzea nahi badugu, funtsezkoa da nerabeek eskatzen dutena zer den jakitea. Eta drogen edota bestelako arriskuen aurrean, egokitu egin beharko litzateke eskaintza, ahal den neurrian arrisku egoera horiek ekiditeko”. Maiz, arazoaren fokua gaztetxoengan jartzen dela aipatzen du: “Kultur eskain-tza bat egotea nahi dugu, eta dena inklusiboa izatea, baino askotan arau edo debeku horiekin fokua nerabe horietan jartzen da. Beraiekin bakarrik egiten da lanketa, beraiek izan daitezkeelakoan arazo-iturri. Baina testuingurua ere aztertu behar dugu, nahiz eta askotan zaila izaten den oreka hori bilatzea”.

Gako nagusia heziketan ikusten du, eta etxean lana egitearen garrantzia azpimarratzen du: “Nerabeak bere gustuko musika talde bat ikustera joan behar badu, jakin behar du ezingo duela alkohola edan. Eta berak izan behar du arau hori ez puskatzearen ardura. Baina askotan gertatzen dena da, nerabe horrek ez duela ardura hori hartzen. Horregatik, oso garrantzitsua da gaztetxoekin prebentzio politikak lantzea. Egoera horiek, hein handi batean, saihesteko”.

Izan ere, Apaolazaren iritziz, debekua ez da babesteko modu bakarra, baizik eta lanketa egin behar da aurretik. Eta ildo horretatik honakoa gaineratzen du: “Finlandian, adibidez, ikusi da aisialdian nerabeek parte hartzen badute, euren proposamen gehiago kontuan hartzen badira, gurasoekin elkarlana eginda, eskolako eragileak inplikatzen baldin badira, eta gizartea elkartzen denean, prebentzio maila handiagoa lortzen dela, bai drogen kon-tsumo aldetik eta baita biolentzia aldetik ere. Kontzertu batera joan eta ez badut mozkortzeko beharrik sentitzen, badakidalako beste modu batera dibertitzen, eta bertako altzariak eta jendea errespetatzen badut, ez da horrelako debekurik beharko. Lasaiago egongo ginateke eta eskaintza ere zabalagoa izango litzateke”.


Nerabeak musikara hurbiltzeko lanetan

Arkaitz Villar Kultura Live elkarteko koordinatzaileak ondotxo ezagu-tzen du debekuak sektorean eta zenbait gurasorengan sortzen duen ezinegona. Zuzeneko musika eskaintzen duten Euskal Herriko areto pribatuen elkartea da Kulturalive eta gaur egun 17 aretok osatzen dute. Villarren hitzetan, momentu honetan euren kezka nagusia adingabeak areto hauetara sartzeko duten debekua da: “Kontzertuak edo ikuskizunak irauten duen bitartean adingabekoak aretoetan egoteko aukera izatea eskatzen dugu; momentu horretan identifikatuta egongo litzateke eta kontzertua amaitzean utzi egin beharko lukete aretoa”. Aldaketarekin, bi gako bermatzea dute helburu: “Alde batetik, adingabeei kultura kontsumitzeko eskubidea bermatzea, eta bestalde belaunaldi berriak musikaren kulturara gerturatzeko proiektua ere landu nahi dugu”.

Euskal Herri osoko aretoekin egiten dute lan eta, ondorioz, hiru administrazio desberdinekin egiten dute topo. Villarren arabera, “Lapurdin bi areto dituzte eta hor ez daukagu arazorik, baina EAEko eta Nafarroako aretoen kasuan, debekuarekin topatzen gara”. Nafarroako Parlamentuan dagoeneko lantzen ari dira gaia eta Eusko Jaurlaritzarekin ere elkarlanean ari dira duela urtebete ingurutik. Espainiar Estatuan hainbat gaztetxok sarbidea aldarrikatzeko mugimendu bat abiatu dute eta, gure inguruneaz galdetuta, Villarrek aipatzen du kasu honetan gaztetxoen dinamikatik abiatuta baino gehiago egoerak hala eskatuta heldu dietela beraiek gaiari: “Arazoa sortu zen Ertzain-tzak areto bat hustu zuenean, eta hor hasi ginen gaia lantzen. Gerora, arazo gehiago sortu dira eta guraso batzuek protesta egin dute”.

Kultura Liveko ordezkariak aipa-tzen du badirela musika estilo ba-
tzuk adin horretako jendeak bakarrik edo gehienbat kontsumitzen dituztenak, eta estilo horretako kontzertuak antolatzea oso zaila dela gaineratzen du, arrazoi horregatik. Horrez gain, egoera berezi gehiago ere aipatzen ditu: “Badaude talde batzuk oso integratuta daudenak gure gizartean eta ikusle gazte asko dutenak. Eta ez daukagu urrutira joan beharrik, Gatibu batek, Esne Beltzak edo Huntzak jotzen badu areto batean 22:00etan edo 23:00etan, ba hor arazo batekin aurkitzen gara. Edota badaude adibidez gazte batzuk bizitza guztian entzun dutenak gurasoekin Led Zeppelin, edo The Velvet Underground, edo Su ta Gar. Eta tributo bat edo horrelako talde bat ikusteko bere gurasoekin ezin dira joan. Arazo asko sortzen da, askotan guraso askok ez baitute ulertzen legea eta protesta egiten dute esanez, ‘nire seme-alabak dira, nirekin datoz’, egoera korapilatsua da”.

Villarrek legediari kontraesanak ere ikusten dizkio: “Lege honek, adibidez, ez du baldintza hori jar-tzen azpiegitura handiko guneetan kontzertuak antolatzeko orduan, hau da, Bec, Bizkaia Arena, Belodromoa, Ilunbe... Horrelako guneetara joan daitezke adingabeak. Edota Ilunbe batean jotzen badu Gatibuk, ez daukate arazorik horra joateko. Baina Gatibuk jotzen badu areto batean, horra jada ezingo dira joan. Talka surrelista bat daukagu hor, ez daukana zentzu askorik. Eta kate bat da, ezin badu musika ikusi, beste aisialdi mota bat bilatu beharko du”.

Etorkizunari begira, hala ere, itxaropentsu dago Kultura Live elkarteko ordezkaria: “Administrazioekin harremana ona da eta elkarlanean ari gara dekretu bat lantzen araudia moldatzeko”. Nerabeek duten kulturarako eskubidea bermatzea nahi dute, adingabeak aurki ditzaketen arriskuetatik babesteko neurriak hartzea alboratu gabe.