Pantailei ez ezik, munduari eta inguruari ere begiratzen diete.

 

Pantailetara begira eta haiei lotuta irudikatzen ditugu maiz, baina nerabeek pantailei ez ezik, munduari eta inguruari ere begiratzen diete. Euren burua kokatzeko prozesu horretan, pisu berezia hartzen dute bai harremanek eta baita irakurketak ere.

 

Bai, denbora tarte luze xamarrak pasatzen dituzte nerabeek pantailei begira. Eta dena esan beharra dago: halaxe egiten dugu helduok ere. Baina ez, ez daude haien ingurunetik pentsatzen dugun bezain deskonektatuta. Bizitzen ari diren barne prozesu horretan, lagunarteko eta berdinen arteko harremanek garrantzi handia dute eta horiek lantzeko eta garatzeko aukera paregabea eskaintzen diete gaztelekuek. Lagunekin elkartzeko eta entzunak izateko espazioak dira gaztelekuak, eta autonomia eta parte-hartzea lantzeko espazio egokiak dira. Gai hori landu dugu esku artean duzun Hazi Hezin.


Harremanez gain, irakurketak ere euren burua garatzeko, ezagutzeko eta kokatzeko prozesu horretan, autonarraziorako aukera ematen die. Halaxe adierazi digu Mireia Delgado pedagogo eta literatur bitartekariak elkarrizketa nagusian. Zabalduta dagoen ustearen kontra, gaztetxoek irakurri egiten dutela dio Delgadok eta garrantzitsua dela helduok irakurketari benetako askatasuna ematea.

Haiek euren bidea egiteko eskura dituzten baliabideak arduraz erabiltzen dituzte, beraz. Izan dezagun konfiantza eta utz diezaiegun euren bidea askatasunez egiten.