Ainhoa Lauzirika eta Ixone Akarregi pedagogoei elkarrizketa.

 

Ongi ezagutzen dituzte nerabeak eta nerabezaroa. Garaia osasunerako sustapen zentroko pedagogoak dira eta ia hogei urte daramatzate nerabeekin, irakasleekin eta familiekin lan egiten. Aldi berean, HUHEZIko irakasleak dira eta irakaslegaiek izan behar duten begirada fintzen dihardute.

 

DBHko gero eta irakasle gehiagori entzuten diegu euren geletan ikasle nerabeen ondoez emozionala areagotzen ari dela. Zer ari da gertatzen eta zeren ondorioz?


Ainhoa Lauzirika: Lehenik eta behin esan behar dugu gaur egungo gazteak ondo daudela, orokorrean. Hori garrantzitsua da. Gero estatistiketan ikusten da ehuneko kopuru txiki batek nahasmenduren bat daukala (ehunekotan hitz eginda, datuek % 20 direla esaten dute), baina gazteen % 80 ondo dago.

Ixone Akarregi: Egon badago antsietatea, eta egon badago ondoeza, baina eurek ez dute lotzen nerabezaroa antsietate garai bategaz, ez dira horregaz identifikatzen. Euren esperientziak edo euren motxilak antsietatea edo estresa sor ditzakete, baina ez dute nerabezaroa estresarekin lotzen. Guk orokorrean hori ikusten dugu: ondo daude, kasuak egon badaude, baina nerabeak ondo daude.

A. L.: Ondo daude, baina nerabezaroaren ezaugarri bat ondoeza sentitzea da. Identitatearen sorkuntzan dihardute, eta horrek sortzen duen egonezin guztia kontuan izan behar da: nor naiz? Zer gustatzen zait? Harremanetan hasten dira…  Horrek guztiak halako antsietate eta estres puntu bat sortzen die.

I. A.: Askotan ez da erraza nerabezaroaren ezaugarri propioak eta benetan laguntza profesionala behar duten egoerak bereiztea, eta ezta ondoez emozional bat eta nahasmendu bat bereiztea ere. Gu horregaz topatzen gara ikastetxeetan: zertaz ari zara hizketan, antsietateaz, estresaz, ondoezaz edo nerabezaroko ezaugarri propioez?

 

Ikusten duzuenaren arabera, zer-nolako egoerak ari dira areagotzen?

A. L.: Irakasleek ardurarik handiena antsietate kasuengatik adierazten digute, batez ere Batxilergoan, eta ikasleek ere badaukate presio sentsazioa; presio akademikoa eta etxetik etor daitekeen presioa adierazten digute.

I. A.: Presioa nerabeen ahotan askotan agertzen den berba da. Presio akademikoa batetik, baina baita sare sozialekin eta teknologia digitalekin lotutako presioa ere, eta nor izate horrekin, pertenentziarekin eta autoirudiarekin loturiko presioa. Normotipo ideal batean sartu nahi izate horrek presioa ekartzen die, eta lortze nahi horretan antsietatea eta estresa agertzen dira. Antsietateaz eta estresaz hitz egiten dugunean, ordea, sakonago hitz egin behar da. Eurek identifikatzen dutena presioa da, akademikoki estuasuna sentitzen dute, nerabe perfektua edo seme-alaba perfektua izate horren presioa... Eta hori guztia etapa ebolutibo horrek dakarren ondoez guztiagaz nahasten da, hormonen asaldura guztiagaz. Familiagaz komunikazio eza adierazten dute eta faltan botatzen dute komunikazio emankorragoa eta arinagoa izatea. Eta, batez ere, eurak entzutea behar dute; etengabe aginduak jasotzen aritzearen sentsazioa dute.

A. L.: DBH ulertzeko atzera egin behar dugu, eta Lehen Hezkuntzako etapak ulertu behar ditugu. LH 5en eta LH 6an berdinkideen harremanetan arazoak agertzen dira, jazarpena agertzen da, eta horrek asko arduratzen gaitu. Gainera, teknologia digitalak ditugu hor, —eta nahiz eta orain badatorren horren inguruan bestelako sentsibilizazio bat eta hausnarketa bat —, kontuan izan behar dugu sare sozial batzuek (Tik Tok eta Instagram) oso ongi asmatu dutela nerabezaroaren beharretara egokitzen; nerabezaroan hain garrantzitsua den pertenentzia mundu digitalean, like batekin edo iruzkin batekin asetzen asmatu dute.

I. A.: Pertenentzia oso garrantzitsua da nerabeentzat, eta ez da nahikoa taldeko norbait izatea, talde horretan hierarkia bat egoten da eta askotan taldean norbait izate horrek muturreko jokabideak hartzera eroaten ditu.
 


Presioa nerabeen ahotan askotan agertzen den berba da; presio akademikoa batetik, baina baita normotipo ideal batean sartu nahi izateak eragiten dien presioa ere


 

Gauza desberdinak dira osasun emozionala, ondoez emozionala eta nahasmendu emozionala, baina esan duzuenez, ez ditugu beti oso ongi bereizten.

I. A.: Osasun edo ongizate emozionala eguneroko erronkei motibazioz eta eraginkortasunez erantzutea da. Osasun emozionalak oreka esan nahi du, baina ez du esan nahi beti emozio atseginekin egon behar dugunik, baizik eta emozio atseginak bizi ditugula, baina ondoeza sentitzen dugunean ere badakigula emozio desatsegin horiek zelan kudeatu. Are gehiago, ondoez emozionala osasun emozionalaren parte da. Ondoez emozionala egunero bizitzen ditugun gatazkek —izan bikote harremana uztea edo azterketa bat ez gainditzea, edo familiarekin izan dugun gatazka…— sorrarazten dizkiguten emozio desatseginei era moldagarri batean erantzutea da. Normalean iragankorra izaten da, baldin eta erantzuna ematen baldin badakigu. Ondoez emozionalak, printzipioz, ez du inolako tratamendurik behar, baina hori denboran luzatzen baldin bada edo gero eta intentsitate handiagoarekin agertzen bada, eta emozio horiek arazo bihurtzen ari badira bizitza normal eroateko, orduan esku-hartzea egin behar da, eta nahasmenduari buruz hitz egingo genuke. Emozioak arazo bihurtzen direnean nahasmenduari buruz berba egin beharko genuke. Ikastetxeetan kontzeptu horiek ez daudenez argi, eskari handia edukitzen dugu, baina berez ondoez emozionalari buruz ari dira hitz egiten, nahiz eta euren terminologia nahasmendu bati buruzkoa izaten den. Ez daukagu hiztegi emozionalik, oso azkar esaten dugu estresatuak edo deprimituak gaudela, eta ez da horrela.
 

Nahasmenduez ari garelarik, horiek irakaslearen esku- hartzeko eremu dira edo espezialistaren eskuetan utzi beharko genituzke? Non kokatu beharko ginateke gelan nahasmenduak dituzten ikasleak daudenean?

A. L.: Guk ezinbesteko jotzen dugu koordinazioa eta elkarlana egitea. Tutore batek berak bakarrik ezin du. Gure ikasleak ezaugarri hori dauka, eta lehenik eta behin onartu eta ulertu egin behar dugu, eta, gero, koordinazio lanketa izugarria egin beharko da eta familiarekin itzelezko babesa bilatu beharko da.

I. A.: Tutorea bakarrik ez sentitzea oso garrantzitsua da. Tutoretza lana irakasle bakarrarengan ezartzen da, eta nahiz eta tutorea bera izan figura nagusia, ezin da horrelako kasuen aurrean bakarrik egon. Ikaslea ez da nirea, ikaslea gurea da.

 

Datuak aipatu dituzue: gure geletan ikasle nerabeen % 20 ez daude ondo.

A. L.: Osasun mentaleko arazoen erdia 15 urtetik behera hasten dira, eta % 75, 18 urtetik behera. % 20 horretatik erdia 15 urteak bete aurretik hasten da nahasmenduekin. Antsietateari dagokionez, datuek esaten dute pixka bat igo direla antsietate kasuak, 10-14 urte bitartean % 4k pairatu dute antsietatea eta 15-19 bitartean, %5 ek. Elikadura nahasmenduen kasuen gaineko ardurekin etortzen zaizkigu guri, baina datuak, aldiz, jaitsi egin dira. Kasuak beti egon dira, baina orain osasun mentalaren garrantziaz gehiago dakigu eta gehiago hitz egiten da. Kontsumoei dagokienez, alkohola izaten da gehien kontsumitzen dena, gazteen erdiak kontsumitzen dute.

 


Ezin dugu nerabea errudun sentiarazi kontsumitzen duelako, zeren nerabe hori gizarte batean txertatu nahian ari da, zeinak kontsumoa errazten duen, eta normalizatzen duen


 

“Gazte” diozuenean, zein adini buruz ari zarete?

I. A.: 12-16 urte; DBHko etapa horretan erdiak kontsumitzen du alkohola; tabakoa, % 20k eta kalamua, % 15ek. Lanbide Heziketan kezka handia egon da kalamuaren kontsumorekin, efektuak zuzenean gelan edo praktiketan ikusten baitira.

 

Prebentzioari eta osasun emozionalari begira, irakasleok nola zaindu ditzakegu gure ikasleen motibazioa, lasaitasuna eta eraginkortasuna?

A. L.: Ikasle horiek ulertzetik hasi beharko genuke, eta gauza txikiekin, batzuetan, gauza handiak egin ditzakegula ikustetik. Askotan ezin ditugu gauzak konpondu, baina ni, irakasle moduan, erreferentzia izan naiteke ikasle horrentzat, eta ikasle horrekiko aldaketa bat egiten baldin badut, gero beste aldaketa batzuk etorriko dira. Horrez gain, hainbat estrategia erabil daitezke: gazteek emozioak adierazteko espazio seguruak edukitzea eskatzen digute. Irakasleek askotan galdetzen digute ea zentroan psikologo bat behar duten, eta ez da hori behar dutena, ez gara terapia bati buruz hizketan ari, baizik eta lasai egoteko espazioak edukitzeaz, non ez diren epaituak sentituko, non entzunak sentituko diren, non aurrean duten pertsona horrek konfiantza emango dien.

I. A.: Adikzioekin edo kontsumoekin lotuta, adibidez, ez genuke lanketa hori substantziari loturik egingo, baizik eta sustantzia hori kontsumitzearen azpian dauden arrazoiak lantzeari begira egingo genuke. Ez dugu ahaztu behar ikastetxea herri batean kokatzen dela, eta herri horrek baliabideak dituela. Kasu horretan, prebentzioari lotuta, udaleko edo mankomunitateko baliabideak badaude, eta nik uste dut eskola moduan baliabide horiekin harreman zuzena edukitzea garrantzitsua dela. Kontsumoen kasuan, garrantzitsua da, baita ere, fokua ez jartzea hainbeste nerabearengan. Nerabea, kasu horretan, azken katebegia da. Nerabe hori testuinguru batean kokatzen da eta gizartearen ispilua eta produktua da. Ezin dugu nerabea errudun sentiarazi kontsumitzen duelako, zeren nerabe hori gizarte batean txertatu nahian ari da, zeinak kontsumoa errazten duen eta normalizatzen duen. Lanketa ez da egin behar hainbeste nerabearekin, baizik eta nerabe hori inguratzen duen testuinguruarekin, eta, noski, hori zaila da. Helduok —irakasleok, amek, aitek, herritarrek…— hartu behar ditugu ardurak eta konpromisoak, eta koherenteak izan behar dugu. Nerabeekin egiten dugu esku-hartzea, baina helduok gara kontsumoa errazten eta normalizatzen ari garenak eta helduok gara arrisku faktoreak nerabe horrentzat.

 

Psikologo eta hezitzaile izateaz gain, irakaslegaiak formatzen ari zarete Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko. Zuen ikuspegi zabaletik, zertan eragin behar da gehiago?

A. L.: Irakasleen formakuntza motz gelditzen da, bereziki Bigarren Hezkuntzakoa. Irakaslearena oso ardura handiko lanbidea da. Hasteko, haurrarekiko eta nerabearekiko errespetuzko begirada garatu behar da. Eta horrez gain, bereziki Bigarren Hezkuntzan, galbahe asko ipini behar dira, askotan ikusten baitugu lanbidera doazen irakasleek lan baldintza onak, oporrak edo lan finkoa irudikatzen dituztela, eta ez dutela ikusten hor atzean dagoen ardura hori guztia. Gero, behin lanean, irakasle horiek ikusten dute euren egunerokotasunean denbora gehiago pasatzen dutela irakasgaiarekin baino ikasleen arteko gatazkak konpontzen, gurasoekin nola komunikatu asmatzen, irakasleen arteko harremanak kudeatzen….

I. A.: Irakasle moduan, curriculumari erantzun behar diogu, baina baita gure ikasleen izate dimentsioari ere, eta guk beti esaten dugu: jakitea beharrezkoa da, egitea ondo dago, baina izate dimentsio hori da, azken finean, ikasle horrek bizitzan eta akademikoki arrakasta handiagoa izatea ala ez izatea ekarriko duen faktorea.
 

Izate dimentsio horretan, nerabezaroaren zer ezaugarri eduki behar dugu beti presente haien jarrerak ulertzeko eta gure irakasgaiak egokitzeko?

A. L.: Lehenik eta behin, ulertu behar da zer momentutan dauden eta nerabe baten burmuina zer momentutan dagoen. Gure burmuina ez da garatzen 25 urte arte, eta nerabeek ez daukate garatuta lobulo frontala, planifikazioaz, arrazoimenaz eta erabakiak hartzeaz arduratzen dena. Aldiz, oso estimulatua daukate saria, motibazioa eta emozioen gora-beheren alderdi hori guztia.

I. A.: Oso hedonistak izaten dira, aitortza behar dute eta freno oso gutxi daukate. Hori nerabezaroaren ezaugarria da. Irakasleak oso presente eduki behar du heldua bera dela eta ezin duela emozionalki erantzun gehiegizko emozioetatik hitz egiten ari den nerabe horren aurrean; irakaslea izan behar da parte arrazionala jartzen duena eta frenua jartzen duena.

A. L.: Garatu edo heldu gabeko garunaren alderdi hori guztia helduaren arabera eraikiko da, haren erreferentziek eskaintzen dioten esperientziaren arabera joango baita garatzen. Horregatik da hain garrantzitsua eredu izatea.

I. A.: Nerabezaroa, askotan, zerbait izugarria balitz bezala ikusten dugu, baina nerabezaroa izugarri-izugarri positiboa da. Begirada ederra izan behar dugu eurengana gerturatzen garenean, nerabezaroa izugarri ederra da eta helduak lagundu behar dio egitura bat eraikitzen eta emozio horiek arrazonamenduarekin ahalik eta gehien konpentsatzen, ahalik eta orekatuena izateko. Horren ardura helduak dauka.

 

Zer babes faktore ditu nerabeak eskura?

A. L.: Irakasle moduan, oso garrantzitsua da gela zelan kudeatzen dugun eta zer giro daukagun talde horretan, horrek egin baitezake gela nerabearentzat arrisku faktore edo babesgune izatea. Irakasleak ez baldin badauka gela bat kudeatzeko estrategiarik eta erremintarik, ikasle askok etsaitasunezko lurraldean daudela senti dezakete, eta hori askotan gertatzen da. Oso inportantea da taldea; gure lehentasuna taldea eraikitzea eta konfiantzazko giroa sortzea izan behar da. Beti ez da lortuko, baina irakasleak, lehenik eta behin, konexioa bilatu behar du ikasleekin eta ikasleen artean, eta gero izango gara eraginkorrak. Babesa hori da.

I. A.: Kontuan izan behar dugu aurrean dauzkagun ikasleak behartuta daudela dauden lekuan, eta agian talde horretan ez daudela gustura … Helduok distantzia hartzeko tartea daukagu, baina ikasleek ez daukate aukeratzerik norekin, non eta noiz egon. Ordu pila bat egon behar dute presio handiarekin, eta, gainera, ondo egoteko eskatzen diegu. Ezinbestekoa da irakasleok gauza onak eskaintzea ikasleei, gugan ari dira inbertitzen eta guk etekina eman behar diegu bueltan.


Irakasleak eurak dira irakaskuntza itzelezko presioarekin bizi duten lehenak. Gaur egun irakaskuntza ez dago ondo. Administrazio-lan asko daukate, dokumentu eta protokolo askoren artean galduta dabiltza


 

Tutorearen egitekoa da ikasleari ibilbide akademikoan, profesionalean eta pertsonalean laguntzea.

A. L.: Irakasleak eurak dira irakaskuntza itzelezko presioarekin bizi duten lehenak. Gaur egun irakaskuntza ez dago ondo. Administrazio-lan asko daukate, dokumentu eta protokolo askoren artean galduta dabiltza, curriculuma bete egin behar da, eta, gainera, gizarteko arazo guztiak ikastetxetik konpondu nahi dira. Itzelezko presioa dute.

 

Zer moduz dago irakasleen osasun emozionala?

A. L.: Oso ukituta ikusten dugu eta esku bat bota behar zaie. Gero eta irakasle gehiago etortzen zaizkigu erreminta eske, gelako gatazken aurrean irakasle bakoitzak bere ondoezak kudeatzen ikasteko, eta taldea aurrera zelan eraman pentsatzeko. Horren gaineko formazioak egin ditugu eta asko eskertzen dute. Euren bizipenari heltzen saiatzen gara, euren burua gatazka horretan nola ikusten duten, estrategia desberdinak bilatzen, gatazkak konpontzeko zer ibilbide jarrai ditzaketen, entzute aktiboa lantzen dugu, komunikazio eraginkorra… horrelako estrategiak ematen dizkiegu gatazken aurrean.

I. A.:  Irakasle lanbide honetan badaude batzuk bokazio falta itzela dutenak eta badaude beste batzuk irakasle, gizarte hezitzaile eta psikologo bihurtzen direnak… eta, gelako ikasleen egoerak oso gogorrak direnean, irakasle profil horrek ikasle horien arazo familiarrak eta ondoezak bere etxera eramaten ditu eta horrek, irakasle eta pertsona modura, emozionalki gainezka egitera eramaten ditu. Irakasleak pertsona moduan autozainketarako jarraibide batzuk landu behar ditu.

 


Irakasle lanbide honetan badaude batzuk bokazio falta itzela dutenak eta badaude beste batzuk irakasle, gizarte hezitzaile eta psikologo bihurtzen direnak


 

Nerabezaroaz pluralean hitz egin beharko dugu gero eta gehiago, ezta?

A. L.: Nerabezaroaz hitz egiten ari garenean, garapen etapa bati buruz ari gara hitz egiten, baina gero, gure aurrean Jokin eta Ane ditugu, eta hori ezin dugu ahaztu. Inportantea da jakitea zein unetan dauden, hori jakin behar baitugu, harremanak izateko modua eta motibazioak ezagutzeko, baina, era berean, ezin dugu ahaztu pertsonak direla, testuinguru desberdinekin eta bizipen desberdinekin.


 


 

Galdera laburrak

01.Eskola garaiko oroitzapen on bat?

IXONE AKARREGI: 3-5 urteko garaia, uztaiekin, dorreekin... jolasten, abesten, dantzatzen...irakaslearen konplizitatearekin.

AINHOA LAUZIRIKA: Aurre-nerabezaroan, emozio 
eta bizipen berriak deskubritzen hasi ginenean, karpetak sinatzen eta mezuak pasatzen genituen...

02.Eskola garaiko oroitzapen txar bat?

I. A.: 12-13 urterekin, irakasle batek beldurrean oinarritzen zuen bere praktika; etiketa ezkorrak, norberaren zailtasunak besteen aurrean azpimarratuz... bere pedagogia zalantzan jarri ordez, ikasleengan jartzen zuen helburuetara ez iristearen zama. Nire gaitasunekiko konfidantza txikitu eta apurtu zituen. Ahots horri indarra kentzeko, amak nigan izan zuen konfidantza ezinbestekoa izan zen. 
A. L.: DBHn irakasle batek ariketa bat arbelean egiteko eskatu zidan. Nik ez nekiela egiten eta ez nuela irten nahi adierazi arren, derrigorrezkoa zela adierazi zidan. Denak niri begira, lotsa... isiltasun une horretan desagertu egin nahi izan nuen.

03.Nolako eskola amesten duzu?

I. A.: Bokaziodun irakasleez osatutakoa; dakiena eta egiten eta izaten dakiena.  
A.L.: Pertsona bakoitza baloratua eta ulertua sentitzeko leku bat. Inspiratzen duten irakasleekin.

04.Zuretzat garrantzitsua den baio bat?

I. A.: Nork bere buruarekiko errespetua.
A.L.: Zintzotasuna.

05.Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat?

I. A.: Ça commence aujourd'hui (Bertrand Tavernier).
A.L.: La generacion ansiosa (Jonathan Haidt).