Gasteizko Olabide ikastolako Elkartasun Taldeko kideen artikulua.
Nerabezaroan balioetan eta elkartasunean heztea hezkuntza-sistemaren erronka handienetako bat da indibidualismoak, lehiakortasunak eta kultura digitalak markatutako testuinguruan. Erronka ez da eskolarena soilik: familiak, eskolak eta gizarteak ardura partekatzen dute. Nerabezaroa identitatea eraikitzeko garaia da, autonomia bilatzen da eta autoritatea zalantzan jartzen da. Horregatik, nerabeek kanpotik inposatutako diskurtso moralak baztertu ohi dituzte, esperientzia esanguratsurik edo helduen eredugarritasun koherenterik ikusten ez dutenean.
Sare sozialek eta ingurune digitalek sozializazioa eraldatu dute: aukera berriak ematen badituzte ere, sarri autoesposizioa, etengabeko konparazioa eta berehalako balidazioa indartzen dituzte. Prestigioa, arrakasta azkarra eta lehiakortasuna goraipatzen dituen kulturak zaildu egiten du elkartasuna, konpromiso soziala eta erantzukizun kolektiboa islatzen dituzten ereduak erakargarri egitea.
Bestalde, eskolak paradoxa bizi du: herritar etikoak eta solidarioak heztea eskatzen zaio, baina curriculumak eta ebaluazio estandarizatuak errendimendu akademikoa lehenesten jarraitzen dute. Ondorioz, balioetan oinarritutako hezkuntza zeharkako edo bigarren mailako espazioetara mugatzen da askotan, plangintza sistematikorik gabe eta irakasle boluntarioen esfortzu osagarrian oinarrituta; horrek hezkuntza-eredua berrikusteko beharra agerian uzten du.
Hala ere, konplexua izan arren, ez da ezinezkoa: esperientzietan eta ekintzan oinarritutako proposamenak, enpatia eta konpromiso soziala lantzeko inguruneak, eta gazteen kezkak entzun eta elikatuko dituzten bidelagunak behar dira. Olabide Ikastolan, adibidez, Elkartasun Taldean ikasle boluntarioak antolatu ditugu eta gainerako gazteen eta umeen ongizatea hobetzeko lanean ari gara. Etorkizuna gazteen esku dago; elkartasunaren hazia ereitea eta zaintzea, berriz, familiaren, eskolaren eta gizarte osoaren ardura da.