Euskal ikasleen artean bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzeko eta horien artean neskak egoteko premiatik abiatu dute Inspira Steam proiektua Gipuzkoako hainbat gaztelekutan. Oihane Larrañaga gaztetxoekin aritu da mentore lanetan, eta bere ustez, “aldi honetan erabakiak modu askean hartzeko gisa honetako lanketak egitea oso aberasgarria da”. 

Alde biologikotik eta nortasunaren aldetik ere sakoneko berregituratzea gertatzen den aldia izan ohi da nerabezaroa. Gizabanakoaren garapenean berebiziko garrantzia duen sasoi honetan zenbait erabaki esangura-tsu hartu behar izaten dituzte gaztetxoek, eta horietako bat izan ohi da ikasketa-lanbidearen hautaketa. Aukerabide horiek erabaki-hartze bat inplikatzen dute nerabearen-tzako eta hein handi batean bere etorkizuna bideratzen dutela esan daiteke.

Prozesu horretan, norbere egitura pertsonalaz gain, beste faktore ba-tzuek ere eragina izaten dute, hala nola, familiak, jatorriak eta klase sozialak, eta batik bat sexuak lanbideen eta ikasketen hautaketa baldintzatzen dutela erakusten dute ikerketek. Espainiako unibertsitate sistemako ikasle guztien % 54,3 emakumeak badira ere, titulazio 
teknikoetan, Ingeniaritzan eta Arkitekturan duten presentzia, esa-terako, % 26,4ra jaisten da. Informatika arloko ikasketei dagokionez, datuak are esanguratsuagoak dira: azken 30 urte hauetan % 30etik % 12ra jaitsi da Espainiar Estatuan Informatika ikasten ari diren emakumeen ehunekoa; Informatika ikasten ari diren 10 ikasletik bakarra da emakumea.

Bilakaera hori ikusita, euskal ikasleen artean bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzeko beharretik eta horien artean neskak egoteko premiatik abiatu dute Inspira Steam proiektua Gipuzkoan. Ikasketak aukeratzeko orduan sor-tzen diren mugak gainditzea, gizarteko estereotipoak ezagutaraztea edo emakume teknologoen balioa denen aurrean jartzea lortu nahi da proiektu honen bidez. Deustuko Unibertsitatearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlanetik abiatu da egitasmoa eta aurrez ikastetxeetan egindako lanaren jarraipen gisa, aurten Gipuzkoako bost gaztelekutan egin dute lanketa: Idiazabalen, Legazpin, Oñatin, Zarautzen eta Zestoan. Mari Luz Guenaga, Inspira Stem-eko arduradunaren esanetan, “ikasketa hauetan dagoen interes jaitsieraren ondorioz, gero eta neska gutxiago daude zientzia eta teknologia ikasten. Egoera hori nabarmena da bai lanbide heziketan eta baita uniber-tsitatean ere eta gerora begira arazo larria izan daiteke”.

Zestoako gaztelekua izan da Inspira Steam proiektua jorratu duenetako bat eta bertako teknikari den Leire Otaegiren arabera “oso aberasgarria” izan da gaztetxoekin egindako lanketa: “Emakumeak zientzia munduan trebatu eta lan egiteko gai direla transmititzea izan da saioen helburua eta estereotipoak agertzen badira, horiek gainditzeko hausnarketa egitea. Jarrera irekia ikusi dugu gaztetxoen aldetik eta ideia horiek lantzen joan gara”.

Zestoako kasuan, hiru saio egin dituzte, bakoitza ordu eta erdikoak eta sentsibilizazio eta orientazio ekintzak egin dituzte. Otaegik honela azaldu ditu saioetan landutako edukiak: “Lehenengo saioan estereotipoak lantzen aritu ginen: neska batek zergatik ez hegazkin bat pilotatu, edota neska bat zergatik ez suhiltzaile izan? Bigarren saioan historian zehar emakumeek egin dituzten asmakizunen inguruan egin genuen lanketa. Guztiz ezezagunak izan dira emakume zientzialari hauek denontzako eta gaztetxoek harriduraz jaso zuten informazio hori. Eta azkeneko saioan, norbere zaletasunei eta gaitasunei begira jarri genituen. Gogoeta egin zuten beraien zaletasun edo gaitasunek balio al zezaketen gizartearen baliz-ko behar bat asetzeari begira. Eta aldi berean, lanketa egin genuen gizartearen behar hori gaur egungo lan-munduan ordaintzen den edo ez ikusteko”.

Emakume teknologoak saioen gidari
Ikasketa zientifiko teknologikoak eginak dituzten edo arlo horretan lanean ari diren emakumeek gidatu dituzte saioak. Leire Otaegik azaltzen duenez, mentoreen lana “funtsezkoa” izan da: “Teknikariak eta hezitzaileak hor egon gara, baina mentoreek beren esperientziatik hitz egitea eta gazteekin batera hausnarketa egiteak aparteko balioa eman dio egitasmoari”.

Zestoako kasuan, bi mentorek parte hartu dute boluntario gisa, Oihane Larrañaga zestoarrak eta Nora Olañeta (Lizentziatura informatikoa) azkoitiarrak.

Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritzan graduatu zen Oihane Larrañaga eta ondoren, Industria Ingeniaritzako masterra egin zuen. Egun, Bergarako GrupoTTT enpresako proiektu arduraduna da eta kontatu duenez, Inspira Steam bezalako proiektuak “oso aberasgarriak eta beharrezkoak” dira emakumezkoak gutxiengoa diren arlo honetan. Bere esperientziatik aipatzen du, nerabezaro aldian eta zehazki arlo honetan dabiltzan emakume erreferenteak aurkitzea zaila izaten dela, eta aldi berean, zenbait lanbide irudikatzea ere ez dela erraza izaten, batez ere zientzia eta teknologia arloekin zerikusia duten lanbideekin gertatzen den bezala.

Zientzia arloko ikasketetarako interes falta hori baieztatu izan du Larrañagak nerabeekin egindako saioetan: “Ikasketa zientifiko-teknologikoen aldeko hautua egitea zeintzuk nahi zuten galdetu izan diegunean saioetara hurbildu diren gaztetxoek, oro har, arlo honekiko arbuioa erakutsi zuten. Gainera, bereziki nesketan aukera hori planteatu ere ez zutela egiten ikusi dugu, edo beraiek ez zirela gai sentitzen ikasketa edo lanbide horietarako. Horrek harridura sorrarazi dit, eta atsekabe puntu bat ere bai. Hala eta guztiz, polita ere izan da hiru saioen eboluzioa ikustea. Norbere gustuak edo zaletasunak hor daude eta horiek izango dira gaztetxo hauentzako iparra erabakiak hartzeko orduan, baita saio hauetan lortu dugu estigma horiek hein batean apurtzea ere”.

Larrañagak adin hauetan lanbideen eta ikasketen aukeraketako gaia lantzea beharrezkoa ikusten du, nahiz eta gaztetxoek eurek hasiera batean erabakia urrun sentitu: “12-14 urte bitarteko gaztetxoak zirela kontuan hartuta, egia da, eta normala ere bai, oraindik nerabeak ideia garbirik gabe egotea. Oraindik gai hau ez dute planteatu ere egiten, zeren oraindik ez dakite zer egin nahi duten. Baina iruditzen zait beharrezkoa dela adin hauetan gai honen inguruko lanketa egitea. Izan ere, nerabeak jada hasten dira gustuak eta zaletasunak-eta pixkanaka definitzen. Zentzu horretan, pixkanaka hartzen joango diren erabaki horiek modu askean har-tzeko gisa honetan lanketak egitea oso aberasgarria da”.