Urtzi Urrutikoetxea | Kazetaria eta idazlea

Martxoaren 15ean bete zituen hamar urte gure alabak, Hego Euskal Herrian konfinamenduan hasi ginenean koronabirusagatik, hain zuzen ere. Harry Potterren sukarrak harrapatuta zebilkigun alaba, eta horratx beraz, bere adinaren inguruan dabiltzan umeentzako lehen proposamena. Egia da ez dutela ume guztiek gustuko, eta itxuraz ez dago erdibiderik: maite dutenek bata bestearen atzetik irensten dituzte magia-eskolako istorioak, besteek aspertu eta baztertu egiten dute. Lerrootan aipatuko ditugunetan protagonista mutila daukan bakarra ere izango da ziur aski, baina hor ere alabak Hermione Granger-en figurarekin identifikatu du bere burua. Harry Potterren zazpi liburuak daude euskaratuta, baina hemen ere euskaldunok ezin auzoen abantailarik izan; lehen liburuak agortuta daude, ezin dendetan aurkitu. Liburutegietan eta lagunen artean galdetuta topatu ditugu, eta zinez merezi du ahaleginak, errazkeriak gaztelaniaz-ko edo frantsesezko bertsioetara eraman gabe.

Liburuak lortzeko zailtasunak izan diren artean, ikus-entzunezkoetara sarbidea berehalakoa da: geroz eta plataforma gehiago, umeentzako kate gehiago eta, dena esan behar bada, kalitate handiagoko animazioa daukagu. Hor ere, baina, euskara herren. Nire gurasoek ez zuten telebistarik sartu etxean euskarazkoa sortu zen arte, eta gurean ere tematuta gaude plataforma horietatik aparte ibiltzera, edukiak euskaraz dituzten arte. Katalanek lortu dute Disney kate berriak katalanezko edukiak ematea, eta Filmin plataformak ere oso katalogo handia dauka euren hizkuntzan. Aspaldi esana dut, Espainiako telebista publikoaren Clan kateak ere euskaraz (eta katalanez, galegoz...) emititu beharko lituzkeela erosten dituen telesail eta marrazki bizidunak. Euskaraz ez daukagu plataforma horietarako ia sarbiderik, baina ez da edukirik falta. Hala, Euskal Encodings webgunean dozenaka aukera ditugu zuzenean deskargatu eta ikusteko. Ez umeentzat soilik, bidenabar. Eta Azpitituluak.eus-en are azpidatzi gehiago daude, filmen artxiboei erantsi eta gozatzeko.

Liburuak aipatu ditudanez, Harry Potter-en filmak ere ekarri behar hona. Alabak denak ikusi ditu euskaraz, bikoiztuta gehienak, azpidatziekin baten bat. Orain, berriz ikusi nahi ditu filmak jatorrizko bertsioan: filmaren inguruan youtube-n ikusitakoen ostean, Hermione Granger-en (Emma Watson) ahotsez gozatu nahi ditu istorioak.

Animazioa, umeak, neska indar-tsuak eta ahalduntzen direnak eta Europa eta mendebaldeko kulturatik urruntzen den autore bat nabarmentzekotan, Hayao Miyazaki japoniarra dago goi-goian. Zorionez, Miyazaki euskaraz ezagutzeko aukera zoragarria dago. Ezin bakarra nabarmendu: Totoro auzokidea filmean familia bateko bi alabek abentura mordoa dituzte etxe berrira aldatzean, aldamenean bizi den basa-katu erraldoiarekin. Chihiroren bidaian hamar urteko neska batek gurasoek jasandako sorginkeriari aurre egin beharko dio mundu misteriotsu eta magiko baten. Ponyo itsaslabarrean magia itsa-sora darama Miyazakik, koloretako arrainak, tsunamiak eta sorginkeria tarteko. Euskal Miyazaki bat izan badugu, hori Juanba Berasategi izan zen. Kalabaza tripontzia zein Nur eta herensugearen tenplua, euskarazko animazioaren harribitxi garrantzitsuenetan dago pasaitarraren ukitua.

Neska ausartak, beren bidea egiten eta ahalduntzen diren istorioak geroz eta gehiago dira, zorionez. Japonian hasi dugun ibilbidean Txinara jarraituz gero, Mulan neskato borrokalariaren istorioa daukagu euskaraz (1998ko bertsioa, ez Disneyk egindako azkena). Eta Txinatik Europa garaikidera datorren istorio bat: Wynkyren zaldia, ez da animaziozko filma, aktoreek antzeztua baino. Kulturartekotasuna ondo azaltzen du film honek, amarekin Txinatik Herbehereetara doan neskato baten istorioa kontatzen baitu, eta egokitzeko zailtasunak eta oztopoak.

Roald Dahlen irudimenezko mundua Matildarekin eraman zuten zinemara 1996an, eta euskarara bikoiztuta dago. Telesailetan, alabak Pippi Galtzaluzeren kapituluak sarritan errepikatu izan ditu lau urte zituenetik. Antzeztutako filmak mende erdi bete du, animaziozkoak hogei urte beranduago egin zituzten. Biak ere euskaraz daude.

Zinemaren industriak eta euskal erakundeek apusturik egin ez arren, norbanakoen ekimenez badira hainbat film euskaraz azpidatzita: adin batetik gorakoek eskertuko dute, eta beherakoen kasuan, gurasoek eskertuko dute ziur aski. Brave (2012) eta Moana (2016) dira neska indartsu eta ahaldunduen adibide. Pixar konpainiarena da lehena eta Eskoziako istorio bat dakarkigu, konbentzioen eta tradizioen aurrean bere bidea hartzen duen neska ausarta erakutsiz. Bigarrena mugarritzat jo izan dute Disney faktoriak zabaldu izan ohi zituen estereotipoak gainditzeko. Euskal Herrian Vaiana izenez estreinatu zen zinema-aretoetan, bai frantsesez bai espainieraz, eta ez dauka euskarazko bertsio bikoizturik, baina bai azpidatzitakoa. Pixarren film arrakastatsu berrietako bat Inside Out izan da, neskato baten buruan gertatzen diren emozioen eta fantasiaren jolasean. BBCk XXI. mendeko 100 film onenen artean  izendatu zuen; euskaraz azpidatzita ikus daiteke.

Azpidatziak zinez merezi duten apustua dira, gure etxean konfinamenduak ekarri duen ahalduntze garrantzitsuenetakoa izan da: gaztelaniarekiko morrontzatik ihesi bizi izan gara, euskarazko eta jatorrizko bertsioekin, eta alabak dagoeneko automatikoki aldatzen ditu telesail estatubatuarrak gaztelaniazko ahots bikoiztua entzun eta berehala, ez zaizkiolako sinesgarri. Hori guztia, noski, alfer-alferrik da gurasoak etengabe gaztelaniazko eta gaztelaniara bikoiztutako produktuei begira ikusten bagaitu.
Txikitatik landuz gero, baina, euskarazko mundu aberatsa erakusteaz gain, euskaraz ez dagoena beste hizkuntza askotan dagoela ikus dezake, dena ez dela ezinbestean espainieraren edo frantsesaren galbahetik igaro behar. Oso erraz murgilduko zaigu umea beste hizkuntza eta doinu batzuetan —zoragarria da panpinekin telesailetako esaldiak errepikatzen ari direla kuxkuxea-tzea—. Frozen bera, esaterako, abenturaz betetako istorioa da, erritmo handiko zati askotan. Benetan, merezi du ahalegina jatorrizkoan egitea (Frozen I-eko azpidatziak Azpitituluak.eus-en daude eskuragarri, filmaren edozein ber-tsiotan erraz asko itsatsita ikusteko).

Ondorengo beste film batzuek ere badituzte azpidatziak Azpitituluak.eus-en. Ez dituztenetan, bila itzazue beste hizkuntzaren batekoak, eta ikusiko duzue nolako gozatua den horrenbeste kulturatako neskak protagonista dituzten istorioak euren ahotsez gozatzea:

The Bread Winner (2017): Irlandako estudio batek egina, Parvana du protagonista, talibanen menpeko Afganistanen bizi den hamaika urteko neskatoa. Aita espetxera-tzean, ez dauka janaririk lortzerik, emakumeek debekatuta baitute etxetik irtetea gizonezko senide batekin ez bada. Hala, ilea moztu eta mutilak bezala jantzita hasten da irteten, familiari eusteko.

The BFG (2016) Steven Spielbergek Roald Dahlen mendeurrenarekin zuzendu zuen, Londresko hamar urteko umezurtz baten istorioa da; goizaldeko hiruretan, sorgin-orduan, erraldoi handi bat leihotik ikusi eta erraldoien lurraldera darama.

Long Way North: 2015eko film daniar-frantsesa, Errusiako neska gazte bat, Sasha, ipar Poloko espedizio baten, aspaldi joan eta itzuli ez zen aitonaren ontziaren bila.

Whale Rider (2002): Aotearoa edo Zeelanda Berriko istorioa. Hamabi urteko maori neska batek tribuko buruzagi izan nahi du baina bere aitonak hori tabu (polinesiar hitza) dela uste du, rol hori gizonezkoei dagokielakoan. Azpitituluak.eus-en lor daitezke euskarazko azpiatziak.

Wadjda (2012), Saudi Arabian bizi den 10 urteko neskatoa da. Bizikleta bat nahi du Abdullah adiskidearen aurka lehiatzeko, baina ez diote erosi nahi: garestia izateaz gain neskek ez omen dituzte erabili behar.

Fly Away Home (1996): Ama auto-istripuan hil eta ia ezagutzen ez duen aitarenera bizitzera doa Amy, Zeelanda Berritik Kanadara. Hotz eta uzkur dago hasieran, baina an-tzara habia bat aurkitu eta filmean zehar hegan egiten irakatsiko die, aireplano ultraarin baten laguntzaz.

Ruby Bridges: 60ko hamarkada AEBko hegoaldean. Ruby Bridges sei urteko umeak kolpera ezagutuko du arrazismoa New Orleanseko eskola baten.

Queen of Katwe: Ugandako auzune txiro bateko alabak amak frijitutako opilak saltzen ditu kalean. Egun batean, irakasle batek xakean jokatzen irakatsi eta punta-puntako jokalari bihurtuko da. Euskaratuta dago.