EGUNEROKO BIZIPENETATIK ABIATURIKO ESPERIMENTUEKIN MUNDUA ULERTZERA IRITSIKO DIRA HAURRAK, ZIKINTZEN, HAUSTEN, SALTSAK EGITEN UZTEN BADIEGU, FINEAN, JARRERA SORTZAILEAK PIZTURIK MANTENTZEN LAGUNTZEN BADIEGU, ANA GALARRAGA ZIENTZIA DIBULGATZAILEAREN ARABERA. 

Zientziaren komunikatzailea da Ana Galarraga (Zarautz, 1970). Elhuyar aldizkariko erredaktorea da, eta Irria aldizkarian Marikalanbre pertsonaiaren atzean dagoen sortzailea da. Zientzia bizitzaren parte gisa ulertzen du, oinarrizko galdera nagusienei erantzuteko tresna, eta beraz, eguneroko gizartean oso txertatua. Egunerokotasun horretatik proposatzen dizkie, proposatu ere, haurrei bizitza ulertzeko esperimentuak. Sormena eta esperimentazioa bizitzako jarrera gisa ulertzen ditu Galarragak

Sormenak ba al dauka azalpen zientifikorik?
Ez dut uste lortu dutenik identifikatzea zein den sormenaren gakoa. Uste zen sormena gure espeziearen ezaugarri bereizgarria zela, baina gero ikusi da ezetz. Badaude kultura desberdinak primateen artean; espezie berak garatzen ditu modu desberdinak gauzak adierazteko, tresna bera hainbat modutan erabiltzeak, esate baterako, erakusten du hainbat animaliak badutela zerbait sormenetik. Gure  espeziearena bakarrik ez den ezaugarri bat izatea, niretzat, apaltasunera etortzeko gako bat da.

Zientzian zer leku dauka sormenak?
Badago uste bat nahiko zabaldua, esaten duena zientzialariak oso jende karratua direla eta ez direla ateratzen beren eskemetatik. Baina nik kontrakoa dela uste dut: zientzian ezinbestekoa da sormena eta gauza berriak probatzera eta interpretazio desberdinak ematera irekita egotea, ze bestela, erantzunik ez zeukaten galdera haiei, “badauka mugarik espazioak?”, “Noiz sortu zen unibertsoa?”, beti erantzun berberak emango genizkieke, aurreratu gabe. Erantzun desberdinak egotea eta aurreratzen joatea eta, gainera, hipotesiak planteatzea eta hipotesiak frogatzeko esperimentuak diseinatzeak berak erakusten du sormena ezinbestekoa dela zien-tzian. Zientziak eta humanitateak bereiztetik dator topiko hori. Pentsatzen badugu aintzinako zientzialarietan, adibidez, Leonardo da Vinci filosofoa zen, marrazkilari oso-oso ona zen eta, aldi berean, punta-puntako zientzialaria zen.

Haatik, diozun bezala, humanitateak eta zientziak gero eta bereiziago ezartzen ari gara gure gizartean, eta zuk badaukazu zientziaren hezkun-tzaren inguruko kezka. Zergatik da zientziaren hezkuntza garrantzitsua gaur eguneko gizartean?
Hezkuntza sisteman gaitegia oso modu desberdinduan bereizteko joera egon da: zientzia, matematika eta horrelako gaitasunak alde batetik, eta bestetik, pentsamendua, idaztea, adierazpena… bata bestea gabe ezin dira garatu, eta pertsona guztiok behar ditugu arlo guztiak. Horregatik kezkatzen nau pertsona bati esaten zaionean, “ze ona zaren matematiketan”, eta alor hori bultzatzen da eta alde batera uzten da, adibidez, idazteko gaitasuna. Hutsune horrek kalte egingo dio, zailtasunak ekar diezazkioke ona den alor horretan ere

Zure bokazioa zientziaren dibulgazioa da, bai kazetaritzaren bidez, literaturaren bidez… Irrien Lagunen taldeko Marikalanbre pertsonaiaren atzean zu zaude.
Marikalanbrek ematen dit aukera eguneroko bizipenetatik abiatuz zientzia-esperimentuak egitekoa. Ohiko zientzia liburuetan pausoz pauso esaten da esperimentua nola egin eta nola iritsi emaitzara, beraz, emaitza hori ez baduzu lortu, esan nahi du gaizki egin duzula. Hori nik pentsatzen dudanaren kontrakoa da, justu. Nik pentsatzen dut beti ikasten duzula, bai emaitza espero zenuen bezala ateratzen denean eta baita, eta bereziki, emaitza espero ez zenuen bezala ateratzen denean ere. Horrek bi galderatara eramaten zaitu: bat, zergatik ez da atera nik espero nuen bezala? eta bi, zer egin behar dut, orduan, beste emaitza horretara iristeko?

Irria-ko atalean, ez da beti Mari-kalanbre soluzioa aurkitzen duena, taldean aritzen da beti, eta erreferente amona zirikatzaile bat izaten da, esperientziak eta etxeko bizipenek asko erakusten baitute, hau da, etengabeko esperimentazio baten bitartez lortzen baituzu jakituria hori. Aldi berean, desmitifikatu nahi dut etxean dagoen amonaren irudia, biloben kapritxoak egiteaz eta haien janari faboritoenak preparatzeaz bakarrik arduratzen dena… Amona honek bidaiatu egiten du, lagun oso interesanteak dauzka: filosofoak, zientzialariak, mendizaleak, aben-turazaleak… Aukera asko ematen dizkit Marikalanbrek.


”Zientzian ezinbestekoa da sormena eta gauza berriak probatzera eta interpretazio desberdinak ematera irekita egotea”


Bizitza laborategi bezala aurkezten duzu, eta inguruko gauza txikietatik abiaturiko esperimentuen bidez, mundua esplikatzen duzu. Haurrei gehiago utzi behar diegu esperimentatzen?
Haurrak naturalki egiten duen horri bidea ematea besterik ez da, baina zer gertatzen da? Horrek dedikazioa eskatzen du, norbait egotea ikertzen ari den haur horren inguruan, janariaren testura probatzen ari den haur baten inguruan, esate baterako, ondoren guztia jaso eta bere onera ekartzeko. Baina gaur egun dedikazio hori eskaintzeko denbora falta zaigu, ez da borondate falta. Bizitzaren gurpil honetan ez daukagu aukerarik, askotan, gauzak egin nahiko genituzkeen bezala egiteko. Hala gertatzen da etxean eta baita hezkuntzan ere, eta pena bat da, ze gero ez daukagu atzera itzultzeko aukerarik.

Nik planteatzen ditudan esperi-mentuetan arrisku handiena bus-titzea eta zikintzea izango da, ale-gia, ume batek egin behar duena egitea. Azterketek erakusten dute gaur eguneko haurrek duela 20 urtekoen aldean denbora eta espazio murritzagoan jolasten dutela kan-poan, eta hori etorri da gure hirien eta herrien antolamendua erabat aldatu delako eta autoei erabateko nagusitasuna eman diegulako. Orduan, haurren jolasa eta beraz, esperimentazioa, parkera mugatu dugu, eta hori zoologikoa bihurtzen da. Haurrek askoz denbora gutxiago pasatzen dute kalean, etengabe egon behar dutelako kontrolatutako eremuetan, ludotekan, kiroldegian, liburutegian edo beste espazio zaindu batean eta zaintzaileen menpe, eta hori, haurren esperimentazioa eta sormena mugatzea da.

Irria-ko esperimentu horietan proposamen egingarriak aurkezten dituzu: haurra bere kabuz bere hipotesia planteatzeko gai da, ikerketa aurrera eramateko, eta bere ondorioetara iritsiko da. Haurrak bere esperimentazioa gauzatze horrek ahalduntze bat dakar, ezta?
Nik uste dut oso motibagarria dela harritzen zaituen eta jakin-mina sortzen dizun gatazka horren ondorioetara iristea. Hain justu, bokazio eta pasio horretaz baliatzen da zientzia sistema, eta azkenean, engantxatu egiten du: gero eta gehiago sakondu eta jakin nahi horretara oso erraz engantxatzen gara, asko betetzen baikaitu. Kanpotik esaten dizutena onartu beharrean, erantzunak zeure kabuz aurkitzeak asebete egiten zaitu.

Aipatzen dituzun haurren harridura eta jakin-min hori, txikitako sormen hori, noiz galtzen da?
Gure gizarte honetan, bizimodua antolatua daukagun bezala edukita, ez diogu uzten espazio eta denbora handirik sormenari eta esperimentazioari. Oso beteak dauzkagu orduak gauza produktiboekin, eta ez-produktiboari, aspertzeari, ez zaio aukerarik ematen. Asperduratik sortzen dira, ordea, aldaketa handienak: “Aspertuta nago, zerbait desberdina egin behar dut, bestela, hementxe geldituko naiz”. Produktiboa ez den horretan denbora pasatzea ukatuta daukagu gizarte honetan.

Zientziaren heziketari begira, zein litzateke lehen helburua, gutxieneko zein gaitasuna zientifiko izan beharko genituzke?
Zientzia hezkuntzak bermatu beharko luke haurrek duten jakin-minari bidea irekitzea, baina momentu honetan ez daukagu horretarako aukerarik, eta askotan, laborategiko orduak errezeta-liburu bihurtzen dira, “hau, hau eta hau egin behar da hona iristeko”. Nire ustez, planteamendua aldatu beharko litzateke: eman haurrei askatasun handiagoa gauzak beren erara egiteko. Ikuspuntua da aldatu behar dena, baina ez hezkuntzan bakarrik, gizartean baizik.


Oso motibagarria da harritzen zaituen eta jakin-mina sortzen dizun gatazkaren ondorioetara iristea


Askatasun hori eta curriculumak zientziari eskatzen diona batergarri egitean izango da, hortaz, erronka?
Horregatik egiten da lan, gero eta gehiago, proiektuka eta taldean. Proiektu horietan hainbat gaitasun biltzen dira, esate baterako, beraiek finantzatu behar duten materialekin zerbait egin behar badute, matematiketan ona izateak lagunduko du; materialen manipulazioan eta ingeniaritzan ona denak bere ekarpena egingo du; beste bat oso ona izan daiteke behaketan eta zer arazo izan ditzaketen aurreikusten. Proiektukako hezkun-tza arlo guztietako jakintzak integra-tzen saiatzen da. Azken batean, pertsona osoak gara, eta zenbat eta aukera gehiago izan alor guztietan garatzeko, osoagoak izango gara.

Sapiens ispiluaren aurrean liburuan batu zenituen gizakiaren oinarrizko galderen inguruan idatziak zenituen hainbat artikulu. Oinarrizko galdera horiek erantzun ezinik jarraitzen dute zientzialariek
Booktegik artikulu-bilduma bat egiteko aukera eman zidan, eta Elhuyar aldizkarian argitaratuak nituen artikuluei begira jarri nintzenean, ikusi nuen nire ibilbidean kezka nagusia zein garen esplikatzea dela. Zientzian mugagabeak dira oinarrizko galderak. Gero eta gehiago jakin, orduan eta galdera gehiago geratzen zaizkigu erantzun gabe. Miren Bego Urrutia Barandika fisiologian dabilen zientzialariak, bere ikerketan gehien zerk erakartzen zuen galdetuta, erantzun zidan jakintza uharte bat bezala dela, uharte hori zenbat eta handiagoa izan, orduan eta itsas perimetro handiagoa gelditzen zaiola inguruan esploratzeko. Erantzun zoragarria iruditu zitzaidan.

Zure beste esparru bat generoaren gaiarekin lotua dago. Haurretan, neskek mutilek halako harridura baldin badute, noiz gertatzen da etena? Zergatik emakumeek ez dute aurrerago egiten zientziaren esparruan ere?
Ibilbide zientifiko akademikoaren hasieran, zientzia eta teknologietako eremuan tesia abiatzen duten neskak gehiago dira, % 55 emakumeak dira eta % 45 gizonezkoak. Aldiz, bukaeran, katedradunak izatera iritsiko diren % 80 gizonezkoak dira, eta % 20 dira emakumezkoak. Sisteman aurrera egin ahala, emakumeen proportzioa jaisten doa. Sistemak tresna ezartzen ditu eta neskak zientzietako ibilbide akademikotik kanpo uzten. Ondorioz, zientziaren emaitzak askoz maskulinoagoak dira, eta ez dute kontuan izaten populazioaren beste erdia, eta gainera, soldata arrakalan eragiten du, profesio prestigiotsuak maskulinizatuak izaten jarraitzen baitute.

Horri loturik eta neskei bidea irakitzeko, emakume zientzialariak ikusarazten lan handia egin duzu Elhuyarretik?
Eredu gisara Marie Curie jartzen badizute, oso ondo, baina nor izan daiteke Marie Curie? Orain ikertzen ari diren emakumeak izan behar dira eredu eta erreferente.

Mutilak bultzatu egiten dira zientzia esparrua, eta aldiz, neskak ez dira bultzatzen. Dena hain estereotipatua daukagu! Gauza bera gertatzen da emozioen adierazpenarekin edo beste adierazpen artistiko batzuekin. Mutilak txikitan neskak baino okerragoak dira dantzan? Ez. Baina gero neskei uzten zaie dantza egiten eta mutilei ez; edo neskei uzten zaie besarkadak ematen eta mutilen artean adinean aurrera egin ahala hori zigortu egiten zaie, baita negar egitea ere. Zientziako kontuekin kontrakoa gertatzen da.

Aipatzen dituzun kontra adibide horietan, landu daiteke mutilekin adimen emozionala, edo arrakala saihesten saiatu gaitezke kirolean, nesken kirola ikustera joanaz eta ereduak aurkeztuz... Baina zientziaren arloko arrakala hori saihesteko, eta neskek zein mutilek zientziaren jarrera hori, harridura horri eusteko, zer egin dezake familiak
Mutil bati uzten diogu arropak zikinak ekartzen etxera, baina neskei, oraindik ere, arropak txukun edukitzea eskatzen diegu. Neskei zikintzeko aukerarik ematen ez diegun momentutik, esperimentatzeko eta sortzeko aukera kentzen diegu, beraz, mutilei bezala saltseatzen eta zikintzen utzi behar diegu.


Produktiboa ez den horretan denbora pasatzea ukatua daukagu gizarte honetan


Oso barneratuta daukagu bereizkeria hori gure gizartean, eta jaio garenetik bonbardatzen gaituzte neskak nolakoak izan behar dugun eta zer-nolako jarrerak izan behar ditugun, eta ez da hain erraza hori guztia deseraikitzea. Gainerako arloetan bezala da, aukera berdinak eskaini behar dizkiegu haurrei zientzian ere, haur bakoitzari berak nahi duen bezalakoa izateko aukerak eman behar dizkiegu eta horren barruan egongo da, baita ere, bere gaitasun zientifikoak esploratzeko aukera hori. Utzi haurrei, eta bereziki neskei gaizki portatzen, hausten, desmontatzen… mutilak traste bat hartu eta desmuntatzen badu, mekanika ikasten ari dela pentsatzen dugu; neska batek egiten badu, pentsatzen dugu, oraindik ere, gaiztakeri bat egiten ari dela.

Hitz egin dugu zientzia eta humanitateak elkartu beharraz, zu zara adibidea, zientziaren ezagutza eta arteetako zaletasun handia duzu, zure barnean oso ondo ezkontzen dira hizkuntza horiek, ezta?
Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez dakigun bezala dakigu biologiaz arkeologiaz, musikaz eta bertsoaz. Hizkuntza bat jakiteak besteari laguntzen dio, eta zientziaren eta humanitateen arloekin berdin gertatzen da. Zenbat eta arlo gehiagotan interesa izan, orduan eta errazagoa izango da beste bide batera iristea, ze batak bestera eramango zaitu.