Mendigoiti eskolako zuzendaritza hartuko du aurki David Castrillok.

 

Neurohezkuntzan eta heziketa emozionalean ardaztua dagoen Mendigoiti eskolako zuzendaritza hartuko du aurki Castrillok, urtetan ikasketaburu izan ostean. Neurohezkuntzan aditua da eta irakasleen prestatzailea. Hik Hasi laborategian neurohezkuntzari buruzko formazioa emango die irakasleei.

 

Lehen Hezkuntzako irakasle lanetan bidean sortu izan zaizkion kezkei eta zalantzei erantzuteko hiru master —hezkuntza emozionalean, neuropsikologian eta neurohezkuntzan— eta bi graduondoko egin ditu Castrillok. Gaur egun neurohezkuntzan aditu bihurtu da, eta Bartzelonako unibertsitatearekin kolaboratzaile eta beste irakasleen formatzaile. Garunaren funtzionamendua ezagutzeak haurra eta haren ikasketa-prozesua ulertzen laguntzen duela dio.

 

David, zuen ikastetxea neurohezkuntzan oinarritzen da, eta Ane Arribillagarekin batera, zu izan zara ardatz hori eskolako proiektu pedagogikoaren erdigunean jarri duena. Nola iritsi zinen zu zeu neurohezkuntzara?

Aisialdi mundutik eta nerabeekin lan egitetik nentorren. Hezkuntzan hasi nintzenenean, lehenengo urtean, gehienen kasuan bezala, bizirik irautea izan nuen helburua, eta bigarren urtean neure buruari galdera asko egiten hasi nintzen: zergatik ikasten dute ume batzuek besteek baino azkarrago irakurtzen? Zein dira estrategia onenak? Zergatik erabiltzen ditut estrategia hauek eta ez beste batzuk? Galdera asko nituen, eta formazio bila hasi nintzen behar horiei erantzuteko. Horrela egin nuen neurozientziarekin eta adimen emozionalarekin topo.
 

Zein erantzun aurkitu zenituen?

Oinarrietara eraman ninduen neurozientziak: adibidez, garuneko zein atalek hartzen dute parte irakurketa prozesuan? Noiz daude horiek garatuak? Noiz egon daiteke ume bat irakurketa prozesuan murgiltzeko prest? Konturatzen zara ez dela adin zehatz bat, leiho baten modukoa baizik. Biologia pixka bat ezagutuz gauzak ulertzen hasten zara, adibidez, irakurketa prozesurako beharrezkoa dela garunean dekodifikazio fonologikoaz arduratzen den eremuaren garapena, eta hori garuneko mapeoekin argi ikusten da. Zientziak eta teknologiak garunaren mapeoak egiteko aurrerapena ekarri dute, eta horrek hezkuntzan garrantzia duten erantzunak ekarri ditu. Neurohezkuntza oso diziplina interesgarria da, zeren metodo zientifikoa da oinarria eta ebidentzietan oinarritzen da, ez usteetan eta iritzietan.

 


Neurozientziak erakusten digu emozio intentsuek memoriari laguntzen diotela, beraz, beldurren bidez ere hezi dezakegu, baina, zer preziotan? Gerora zer-nolako pertsona mota sortzen ari naiz? Hori nahi al dut? Hori ideologia da


 

Definizio bat emate aldera, garunaren funtzionamenduan egin diren aurrerapenetan oinarritutako hezkuntza estrategiak dira neurohezkuntza. Irakasteko modua aldarazi beharko genukeela esaten digun zein aurkikuntza nabarmenduko zenuke?

Niretzat neurohezkuntza bada garunak nola funtzionatzen duen ulertzea, baina horren aurretik esango nuke neurohezkuntza ebidentzietan oinarritutako heziketa eredua dela. Begirada aldarazi zidaten aurkikuntza garrantzitsuenak honako hauek izan ziren: emozioen garrantzia, lehendabizi: ulertzea informazioa nola sartzen den gorputzetik gure nerbio sistemara, nola prozesatzen duen garunak; den-dena emozio zonaldeetatik pasatzen da lehenengo. Francisco Moralen esaldi hau oso garrantzitsua iruditzen zait: “Maite den hori soilik ikas daiteke”. Garunak beti zentzua eta esanahia bilatzen ditu. Zerbaitek ez badauka zentzurik edo esanahirik niretzat, agian azterketa gaindituko dut, baina gero ikasitako hori ez dut memorietan gordeko. Ikasketarako emozioak eta jolasa oso garrantzitsuak direla erakusten du neurohezkuntzak; jolasa oso tresna indartsua da ikastera eta jakin-minetara eramaten gaituelako, eta funtzio exekutibo guztiak garatzen laguntzen du.

 

Adibide bat jar zenezake jolasak funtzio exekutiboak garatzen nola laguntzen duen azaltzeko?

Zapiaren jolasean, adibidez, funtzio exekutiboak erabiltzen ditugu. Batetik, jolasaren arauak ezagutu eta gogoratu behar ditugu. Lanerako memoria aktibatua izan behar dugu eta kontrol inhibitorioa izan behar dugu, gure zenbakia ateratzen ez bada, gure tokian gelditu behar garelako. Hiru funtzio exekutibo nagusi daude: lanerako memoria, kontrol inhibitorioa eta malgutasun kognitiboa, hau da, estrategien aldaketa, gauza bat ez denean ongi atera, estrategia aldatzen dugu, jolasean etengabe aldatzen dugu estrategiaz, harrapaketan, ezkutaketan…

 


Ikerlariak ikusten ari dira, gaur egun, 15-25 urte bitarteko belaunaldiak oso ikuspegi indibidualistarekin ari direla hezten. Hori da sortu nahi dugun gizarte mota? Nian eta Guan pentsatuz hezi behar dugu


 

Emozioak aipatu dituzu. Heziketa emozionala oso modan egon da, baina leku askotan ez dira oraindik emozioak ikasketa prozesuan kontuan edukitzen. Zer lotura daukate emozioek ikasketarekin?

Izena behintzat bai, oso modan egon da. Daniel Golemanek modan jarri zuen. Ikasketan garrantzia handia dute emozioek. 70eko hamarkadan jada esperimentuen bidez erakutsi zuten emozioek zer-nolako garrantzia duten ikasketetan: seguru sentitu behar naiz ikasteko. Ingurunearekiko eta gertatzen diren gauzekiko jakin-mina izateko edo esploratzera joateko ausardia izateko, seguru sentitu behar naiz. Segurtasuna oso emozio garrantzitsua da, horregatik garrantzitsua da eskoletan klima emozional positiboak sortzea. Haurrak ezin du beldurra izan eskolan. Eskola babestua sentituko den lekua izan behar da ikaslearentzat, laguntza emango dion lekua, ongizatea sentitu behar du ikasleak. Gure umeak handitzen direnean pertsona autonomoak, erronkei euren kabuz aurre egiteko ausardia izango dutenak izan daitezen nahi badugu, segurtasuna bermatu behar dugu gaur eskolan.

Neurozientziak erakusten digu emozio intentsuek memoriari laguntzen diotela, beraz, beldurren bidez ere hezi dezakegu, baina, zer preziotan? Gerora zer-nolako pertsona mota sortzen ari naiz? Hori nahi al dut? Hori ideologia da. Nik neurozientzia erabil dezaket edozein pertsona mota sortzeko, munduko hiltzailerik onena sortzeko ere erabil dezaket neurozientzia. Kontua da, hezitzaile moduan, gure ikasleak hogei urte barru nolakoak izan daitezen nahi dugun; zer-nolako balio eta gaitasun mota nahi ditugun, autonomoa izatea, errespetuzko jokaerak izango dituena, ontasuna adierazten duena, errukia duena, laguntzeko prest dagoena, ausardia duena…

Ikerlariak ikusten ari dira, gaur egun, 15-25 urte bitarteko belaunaldiak oso ikuspegi indibidualistarekin ari direla hezten. Hori da sortu nahi dugun gizarte mota? Nian eta Guan pentsatuz hezi behar dugu.

 

Neurozientziaren beste printzipio garrantzitsu bat plastizitatearen indarra da, garuna plastikoa da.

Hortik nik ateratzen dudan hausnarketa da beti daudela ikasteko aukerak. Horrek etiketak kentzea, edo hobe esan, ez jartzera garamatza: haur hau alferra da, mugitua da, isila da, hiztunegia da, lotsatia da, irekiegia da… Ez dakit zein estandar bilatzen dugun, baina haurrak etengabe etiketatzen ditugu, eta plastitizateak esaten digu beti daudela ikasteko eta hobetzeko aukerak. Transmititu behar duguna da, “lasai, zuk nahi baduzu eta konpromisoa hartzen baduzu, hobetu dezakezu”. Hori aurkikuntza garrantzitsua izan zen niretzat. Hortik datoz gero hazkunde pentsaera eta sinesmen faktoreak.

Emozioen garrantzia, plastizitatea eta arreta- eta memoria-sistemak ulertu nituenean, neurozientziarekin ohartu nintzen irakasle moduan egiten ari nintzen gauza asko alderantziz egiten nituela… etengabe arreta eskatzen ari nintzen, “Erne! entzun! ez hitz egin”, eta arreta ezin da eskatu, arreta irabazi egin behar da. Horrek krisi pertsonala eragin zidan. Ongi dago.

 

Hazkunde pentsaera eta sinesmen faktoreak aipatu dituzu, garunaren plastizitatearekin lotuta. Zeri egiten diozu erreferentzia?

Plastizitatetik etortzen den beste hausnarketa garrantzitsu bat, bai irakasleoi begira eta baita etxera begira ere, sinesmen pentsaerak dira: jaso ditugun mezuen arabera, hazkunde pentsaera dugu ala ez. Familia moduan berrikus dezakegu zer-nolako goraipamenak eta feedbackak eskaintzen dizkiegun gure seme-alabei. Haurraren hazkunde pentsaera garatzeko, garrantzitsua da helduaren begirada; funtsezkoa da nola begiratzen diogun haurrari, zer konfiantza erakusten diogun, “lortu duzu, ikusi dut ahalegin handia egin duzula”. Pentsamendu  hori garatu duten pertsonek erronkei aurre egiten diete, agian laguntza eskatuko dute, edo gaizki egindako akats hori ikasteko aukera moduan baliatuko dute... Egin ditugun akatsen aurrean jaso dugun feedbabckaran arabera, garuna modu desberdinetan aktibatzen da.

 

Garuna diogunean, azken batean pertsonaz ari gara, garun guztiak desberdinak direla diogunean, pertsona guztiok desberdinak garela esaten dugu. Guraso moduan, nola jakin gure seme-alabek nola ikasten duten egokiago? Garrantzitsua al da hori jakitea?

Horrela da, oso demostratua dago, normaltasuna ezberdintasuna dela. Norma anormaltasuna da. Denok desberdinak gara, hori premisa bat da dagoeneko eta neurodibertsitatearen kontzeptua oso onartua dago jada. Desberdintasunak zentzu askotan daude: erritmo aldetik, interes aldetik... Horrek esan nahi du seme-alabei eta ikasleei denetarik eman behar zaiela: gauzak adierazteko modu ugari, informaziora iristeko modu ugari, eta bakoitzak aukera dezala. Seme-alaben gustuei eta interesei kasu egitea garrantzitsua da; eraikuntzak egitea asko gustatzen baldin bazaio, adibidez, eskain diezazkiogun proposamenak eta materialak, eta anima dezagun esperimentatzera, jakin- min horiek identifikatzea eta horietatik joatea izango litzateke erronka. Alderantziz, askotan fokua gure haurraren interes pertsonaletan jarri ordez, zailtasunetan jartzen dugu, eta normala da, kezkatu egiten gaituelako. Goazen saiatzera interesa duen gai horretatik interes gutxiago duen beste eremu batera iristen.

Ikasleekin bezala, seme-alabekin helburuak argi izan behar ditugu: helburua zein da gainditzea ala ikastea? Ikasketetan garrantzitsua da gaiarekiko atxikimendu positiboa eraikitzea. Izan ere, batzuetan atxikimendu negatiboak sortzen ditugu, beldurraren bidez ere ikasten baitugu, esan dugun moduan, emozio intentsoek memoriari laguntzen baitiote: “Ikasten dut ez gainditzeko beldurra dudalako”. Beldurraren estrategia efektiboa da epe motzean, ikastera behartzen zaitu. Baina behartzen bagaituzte, azkenean atxikimendu negatiboa garatzen dugu, hau da, heldua ez dagoenean, haurrak ez du egiten. Gure helburua da haurrak prestatzea gu ez gaudenean haien kabuz jarraitzeko, adibidez, gu ez gaudenean ere haurrek irakurtzen jarraitzea nahi dugu eta horretarako atxikimendu positiboa garatzea garrantzitsua da.

Askotan haurrekin erabiltzen ditugun estrategiak ez dira mesedegarriak. Etxerako lanak, adibidez, Lehen Hezkuntzan ez dira onuragarriak, ikerketa guztiek diote LHn etxerako lanekin haurrek ez dutela gehiago ikasten. Eta, gainera, beste behar batzuk daude: lehenengo 11 urteetan haurrak egunero 2, 3, 4 orduz jolastu behar dira egunero, euren gorputzaren oreka mantentzeko. Bigarren Hezkuntzan, etxerako lan batzuk bidaltzea mesedegarri izan daitekeela ikusi da, bi ordu astean nahikoa litzateke; hortik gora ikasketen kurba beheraka joaten da.

 


Familia moduan berrikus dezakegu zer-nolako goraipamenak eta feedbackak eskaintzen dizkiegun gure seme-alabei. Haurraren hazkunde pentsaera garatzeko, garrantzitsua da helduaren begirada



Jolasa, haur bakoitzaren jakin-mina... aipatu dituzu. Horiek kontuan izaten dituzten metodologia aktiboen eta berritzaileen aurrean, guraso askok mesfidantza azaltzen dute: “Gure haurrek ondo ikasiko al dute?”

Hamarkada asko daramatzagu eredu berdinean eta emaitzak ez dira onak, ez gara ohartzen funtzionatzen ez duena eredu tradizional hori bera dela. Beti zalantzan jartzen da desberdina dena. Garunak ikasteko zer behar duen ikusi behar dugu, eta lehendabiziko gauza ongi sentitzea da, haur batek ongi sentitu behar du ikasteko. Ez bagaude ondo, ez dugu ikasten. Kontu izan, fokua ikastean jartzen dut, ez gainditzean. Gainditzeko, ez dut zertan ongi egon. Ikasketa zerbait poliki egin behar da, su bajuan egin beharreko prozesua da, garunak 22 urte inguru behar ditu hedatzeko eta konexio guztiak sortzeko; lasaitasunez hartu beharreko prozesua da.

 

Zuen ikastetxea, Iruñean kokatua, publikoa eta euskalduna, eredu da neurohezkuntzan eta heziketa emozionalean. Nola lortu duzue?

Ezer ez da ezinezko. Kontua da, zer nahi dut, eta zer emango dut horren alde? Sistema oso gaizki dago, bai, baina nor da sistema? Sistema pertsonok osatzen dugu eta bakoitzak neurtu behar du bere aktuazio esparrua zein den. Gauzak gaizki daudela esaten dugu eta besteek egoera aldatu zain gelditzen gara. Lehendabizi onartu behar da transformazio guztiak barrutik kanpora gertatzen direla, lehenengo ni; ez diot eskatuko sistemari aldatzeko, ni ez banago aldatzeko prest. Lehenengo gauza nahi izatea da, eta ondoren asko ikasi behar da, irakurri, formakuntzak egin eta asko ikasi. Eta umeei begiratzea. Transformazio batean, non jarri nahi dugu fokua? Eskolak, oro har, irakasleentzako daude antolatuak, baina fokua irakaskuntzan jarri ordez, ikaskuntza prozesuan jarri beharko genuke. Irakasleoi ez digute ordaintzen gauzak irakasteko, gure ikasleek ikas dezaten ordaintzen digute. Hori da erronka.

Munduko lanik exijenteena daukagu, nire ustez, zailena, baina garrantzitsuena. Gizarteak eraldatzeko aukera daukagu eta erronka asko ditugu. Osasun mentaleko krisi bat bizi dugu, azken urteetan asko igo dira 15-29 urte bitarteko gazteen antsietate, estres, buruaz beste egiten dutenen kasuak… eta hori kontuan izan behar dugu eskoletan, eta datu horiek ikusita, indar handiagoa eskaini behar diegu programa sozio-emozionalei. Matematikatik pixka bat kentzea programa sozio-emozionalak lantzeko, ez da galtzea, irabaztea da. Kohesioa, atxikimendua… hori guztia landu behar dugu.

 

Guraso moduan neurohezkuntzaren zein ekarpen ezagutu beharko genuke?

Babes faktoreak ezagutzea garrantzitsua iruditzen zait. Heltze prozesuan, garuna garatzen ari den neurrian, etxean zer egin dezakegu? Ohitura izan naturarekin harremana izateko, oso-oso-oso ona da garunarentzat. Ingurune naturaletan bizi diren haurrek, hiri handietan bizi diren haurren aldean, askoz sare neuronal aberatsagoak dituzte naturarekin harremanak izan dituztelako. Babes faktorea da elikadura ongi zaintzea eta kirola egiteko ohitura izatea. Baita etxean irakurtzeko ohitura izatea ere. Lo ohiturak zaindu, saihestu pantailak ohera joan aurretik, saiatu beti errutinak ordu berdinetan egiten; ez afaldu asko… gauza horiek laguntzen dute. Eta baita seme-alabekin komunikazio estilo irekiak edukitzeak ere. Gaur eskolan asko ikasi al duzu? Ondo portatu al zara? Lagunekin egon al zara? Bai/ez galdera horien aldean, galdera irekiak egitea oso garrantzitsua da, oso demostratua dago horrek asko laguntzen diela, adibidez, hizkuntza garatzen.

 


Hik Hasi laborategian Neurohezkuntza: garunaren funtzionamenduan oinarritutako ikaskuntza izeneko ikastaroa eskainiko du Davidek urtarrilak 14, 21 eta 28 eta otsailak 4an.