Ume bakoitzak nortasun propioa bakarrik ez, erritmo propioa ere badu. Gurasook hala ere, gurago izaten dugu gure diapasoiak markatzen duen erritmopean dantzan hastea gure seme-alabak. Denak erritmo berera. Eta guk presa dugu, ia denetarako presa.  Esertzeko gai ez den umea jesarrita jarriko dugu kuxin artean eta hankak oraindik ere gogortu gabe dituena oinez eramango dugu esku bietatik helduta edota txakurrentzako egokiagoak diruditen soketatik eutsita. Familiko denen txalo eta poz artean. Hori gutxi balitz “zurea hasi da oinez? Nirea bai” lehiaketako parte izango gara familian, auzoan zein eskola atarietan. Edota ehun aldiz errepikatu araziko diegu haurrei esaten ikasi duten berba edo nobedade den keinu barregarri hori. Tximinoak zirkuan nola.  Eta seme-alabekin haserretuko gara guk jarritako pardelak guk nahi dugun momentuan kendu ostean, kaka eta txiza kontrolatzeko gai ez direlako. Edota kosta ala kosta euren parte izatea nahi izan dugun txupetea ezin diegulako kendu guk nahi dugunean. Hori bai, baina janari kontuena beste gauza bat da.  Badaezpada ez diegu goizegi eurei bakarrik jaten utziko arropa eta bazterrak zikindu ez ditzan. Lan gehiago baita gurasoentzako eta errezagoa da guk jaten ematea. Azkarrago bukatuko du eta garbiago.

Besterik gabe umeei begira egotea zer den ahaztu dugu, gidatu bai, baina ahal denik eta gutxien esku hartuta. Ahaztu dugu zer den euren garapenaren testigu huts izatea. Guk uste ez izan arren, guk eskutik hartu gabe oinez hasteko gai direlako. Onartzeko gogorra bada ere, guk uste baino gutxiago behar dutelako gure laguntza. Eta behar duten laguntza hori gauzak euren kabuz egiteko da. Eta horrek gauzak txarto egitea esan nahi du, gauzak astiro egitea, zinkintzea esan nahi du. Etengabeko “nik, bakarrik!” eskaera, ohiu, haserre artean. Zabaldu berri duzun gaileta kaxa berriro itxi eta etxeko txikiak berak bakarrik noiz zabalduko pazientziaz itxarotea.  Uffa, bai uffa. Gure ahotik lehenengo ateratzen den berba “Ez” denean nola egin hori?

Goiko guzti hori onartzeak gauza asko eraku-tsiko dizkigu, asko ikasiko dugu dudarik gabe, eta harritu egingo gara gure seme-alaben abilidadea ikusita. Hala ere, egia da  etxera behin baino gehiagotan norbere buruarekin haserre bueltatzea ekarriko digula; ez baita egun batetik bestera arintzen bizkargainean dugun urteetan pilatutako zama hori. Ingurukoen ezin ulertua ekarriko du gure jarrerak. Besteak beste, erori berri den zure seme-alabaren bila korrika joan ez zarelako eta beste puntatik gurasoren bat agertu eta zutitu behar izan duelako. Eta gainera ez diozu eskertu egin dizun mesedea? Haurra bera bakarrik zutitzeko gai dela diozunean inork ez dizu entzungo eta  alferrik ahaleginduko zara azalpenak ematen.  Nahikoa duzu, gainera, putzu eta abarretan jolasean, gustura,  goitik behera zikintzen ari den semea ikusi eta errieta eta oihu ez egiteko zeure buruari eusten. Seme-alabek moduan zuk ere zure kabuz landu behar duzun ikasgaia dela jakinik.