Ez diot inoiz nire burari horrelako galdera bat egin, segur aski, hezkuntzaren munduan behin sartuta konturatzen zarelako oso zaila dela buruan dituzun pentsamendu eta ideia horiek guztiak errealitatera trasladatzea. Ametsetako eskola deskribatu baino lehen, guztiontzat den kalitatezko espazio bat bezala ulertzen dut nik, bazterketarik egiten ez duena eta ikasle guztiak erdigunean jartzen dituena, haien beharrak kontuan hartuta. Denbora aurrera joan ahala, bakoitzaren eskolaren esanahia aldatuz doa, hainbat zailtasun, oztopo… agertzen baitira bidean. Orain arte esandakoa alde batera uzteko eta, benetan, ametsetako eskolaz hitz egiteko momentua dela uste dut. Nire ametsetako eskolan, ez dira arrazakeria, erritmo itogarriak, klase magistralak eta botere harremanak onartuko. Aurretik esan bezala, denontzat kalitatezko lekua izango bada, errespetua bermatzea beharrezkoa dela uste dut. Berdintasun honek, besteekiko tratu atsegin eta errespetuzkoa exijitzen du, balore garrantzitsua da besteekin elkarbizitzeko gure egunerokotasunean. Nire ametsen eskolako klase guztiak ez dira neketsuak izango, hau da, ez ditugu zazpi ordu pasako pantaila baten aurrean apunteak hartzen, aisialdirako, harremanetarako… espazioa egongo da. Hau da, ikasleon beharretara egokituko den eskola da. Nire ametsetako eskolan, ez dira sei orduko ordutegi zurrunak egongo, ikasleon lasaitasun orduak eta atsedenaldiak kontuan hartzen direlako. Nire ametsetako eskolan, ikaslea, hezkuntza prozesuaren erdigunean jartzen da; interesa pizten da ikaslearengan; ikaslea ez da zenbaki bat bezala tratatzen; borobilean esertzen gara eta guk irakaslearengandik ikasten dugun bezain beste ikasten du irakasleak gugandik; ikasle-irakasle harremana paregabea izango da. Nire ametsetako eskolan hausnarketa beharrezko faktorea izango da, ez dira eduki zurrunak buruz ikasi beharko, ulertu baizik. Hori izango da hausnarketen funtzio nagusia, aurretik ikasitakoa bereganatzea. Gainera, talde-lana sustatuko da, ideia trukaketekin eta eztabaidekin lan eginez. Ametsak egi bihurtuz eta denon artean borrokatuz, ametsetako eskola lortuko dugu; Euskal Eskola Herritar eta Burujabea, euskalduna, feminista, publikoa eta hezkuntza komunitate guztiak eraikia.