Jon Plazaola aktore eta umoregile urretxuarrak AA Aita izeneko bakarrizketa estreinatu berri du. 

 

Jon Plazaola aktore eta umoregile urretxuarrak AA Aita izeneko bakarrizketa estreinatu berri du, aitatasunaren erronkak eta gozamenak ardatz dituena. Bizipen pertsonaletatik abiatuta, umorearen bidez aitatasunaren alde terapeutikoa eta kolektiboa aztertzen du bertan.

 

Zure lehen bakarrizketa, Tu-Tum; Platz!, semea jaio eta hiru egunera estreinatu zenuen. Nolakoa izan zen aitaren rola eta bakarrizketaren lana aldi berean uztartzea?

Egun haietan gertatu zen guztia sinestezina izan zen niretzat. Oso zoriontsu sentitu nintzen, noski, nire seme Teoren etorreragatik. Haurra jaiotzean, hiru gau ospitalean pasatu genituen, Natalia nire bikotekidea errekuperatzen ari zen bitartean, eta dena oso ondo joan zen, baina hala ere egun haiek kaotikoak izan ziren niretzat.

Teo 2023ko maiatzaren 2an jaio zen, eta maiatzaren 5ean, hiru egun geroago, Tolosako Leidor aretoan egin nuen Tu-Tum; Platz! bakarrizketaren lehen emanaldia. Ez nuen oso ondo kalkulatu, egia esan (barreak).

Teorekin etxera itzuli ginen egun berean, bi ordura Leidor aretoan nengoen ni. Ez dut inoiz han bizi izan nuenaren modukorik sentitu. Handik alde egiteko gogoa izan nuen: “Furgoneta hartuko dut, bideo bat bidaliko diet eta ulertuko dute” pentsatu nuen. Lehen aldiz horixe sentitu nuen, baina azkenean aurrera egitea erabaki nuen eta sekulako emanaldia izan zen. Hala ere, besteetan gertatzen ez zaidan moduan, egun hartako oroitzapenak nahiko lausotuta dauzkat.

Nik beti esaten dut Tu-Tum; Platz! nire aitatasun-baja izan zela. Teo etorriko zela jakin nuenetik argi izan nuen hemen, Euskal Herrian, euskaraz eta etxetik gertu lan egin nahi nuela, gauero etxera bueltatzeko. Eta horixe izan zen Tu-Tum; Platz!: Teorekin batera jaio zen proiektua, ez kasualitatez, baizik eta plan horren parte zelako.

 


Teo etorriko zela jakin nuenetik argi izan nuen hemen, Euskal Herrian, euskaraz eta etxetik gertu lan egin nahi nuela, gauero etxera bueltatzeko.



 

Orain, AA Aita sortu duzu esperientzia pertsonaletik abiatuta. Zergatik sentitu zenuen aitatasunari buruzko bakarrizketa bat egiteko beharra?

Aita naizenetik errusiar mendi batean bizi naizela sentitzen dut, eta hori bakarrizketan ere aipatzen dut. Une batean inoiz sentitu dudan zoriontasunik handiena bizitzen ari naiz, hurrengoan haserre bizian egoten naiz, gero barrez lehertzen naiz, minutura negarrez hasteko zorian nago, eta hori guztia ia orduero gertatzen zait.

AA Aita bakarrizketa sortzeko beharra sentitu nuen bizipen horiek destilatu eta jendearekin partekatzeko, baita sufrimenduaren erdian umorea aurkitzeko ere. Esperientzia pertsonaletik abiatuta, aitatasunaren alde terapeutikoa eta alderik komikoena jorratu nahi izan dut, eta uste dut gurasoek zein guraso ez direnek ere identifikatzeko moduko egoerak direla. Teo hazten doan heinean, badakit nire bakarrizketa ere aldatzen joango dela; haren esaldi barregarriek umore berria ekartzen didate egunero.


 

Bakarrizketan bizitzako errutina berriak eta haurraren zaintzarekin lotutako egoera barregarriak kontatzen dituzu. Zein egoera da zuretzat barregarriena eta, aldi berean, gehien hunkitu zaituena?

Gehien hunkitu nauena Teo bere aitona zenari buruz galdetzen hasi zen unea da. Teok lehen urtea betetzean, familiako kideen argazkiekin apainduriko imanak oparitu genizkion: gurasoak, osaba-izebak, aitona-amonak eta, tartean, nire aita zenaren irudia ere agertzen zen. Zuhaitz genealogiko moduko bat osatu genuen, eta banan-banan azaldu genion bakoitza nor zen.

Teok familiako kide guztiak ezagutzeko aukera izan du, zendutako aitona izan ezik. Duela gutxi, Teok aitona non zegoen galdetu zidan, eta nik erantzun nion: “Aitona ilargian bizi da, eta gauero berak pizten du ilargia”. Ordutik, ilargia ikusten duen bakoitzean aitonarekin gogoratzen da. Une hunkigarrienetako bat hori dela esango nuke, baina aldi berean, barregarria ere egiten zait nire semeak gai hori ateratzen duenean.

Bestalde, egoerarik barregarriena Teo komunera bere eginbeharrak egitera joaten denean izaten da. Batzuetan jubilatu txiki bat dirudi (barreak). Bere adinerako fundamentu handia du, gauzak oso formalki egiten ditu, eta esaten digu bakarrik uzteko bere eginbeharrak egiten. Amaitutakoan, berriz, deitzen gaitu, eta egia esan, oso barregarria da horrekin denbora pasatzea.


 

Umorea zure tresna nagusia izan da beti. Zer ematen dizu umoreak aitatasunaren esperientzia kontatzeko eta bizitzeko?

Umoreak aitatasunaren esperientzia ulertzen eta bizitzen laguntzen dit, barrutik bizi dudan hori kanpotik perspektiba pixka batekin ikusteko tresna bihurtzen delako. Aitatasuna serioa da, baina umoreak egoera zailak eramangarriago egiten ditu, eta badu alde terapeutiko bat: gaindituta sentitzen naizen uneetan barreak karga arintzen du.

Nire lagun batek esaten duen moduan: “Aitatasuna  munduko kaka zaharrik zoragarriena da”. Gainera, umorearen bidez aitatasunaren alde onak eta txarrak plazara daitezke, eta horrek jendearekin konektatzeko aukera ematen dit. Ez dakit hasieratik espero nezakeen, baina bakarrizketa hori guztia ematen ari zait, eta horrek proiektuari zentzua ematen dio.

 


Umoreak aitatasunaren esperientzia ulertzen eta bizitzen laguntzen dit, barrutik bizi dudan hori kanpotik perspektiba pixka batekin ikusteko tresna bihurtzen delako.



 

Tradizionalki, zaintza amari lotu izan zaio. Zuk aitatasuna jarri duzu erdigunean. Zein estereotipo hautsi nahi izan dituzu AA Aita lanarekin?

Zaintza amari lotu izan zaio beti, eta lotuta dago oraindik ere. Gure etxean lanak banatzen saiatzen garen arren, oraindik ere ikusten dut barrera kultural sakonak daudela, inkontzienteki normaltzat hartzen ditugun jarreretan. Nire aitak, esaterako, lanagatik etxean gutxiago egoteko aukera izan zuen, eta nik, aldiz, semearekin egoteko denbora hartu nahi dut. Adibidez, nire aitak ez ninduen sekula eskolara eraman, eta nik egunero eramaten dut Teo.

Horrelako aldaketek eboluzio bat ekar dezakete indibidualtasunetik abiatuta, eta espero dut horrek besteengan ere eragina izatea. Oraindik barrera asko daude, baina horiek apurtzea ezinbestekoa da aitatasuna erdigunean jartzeko.


 

Aitaren begietatik kontatutako istorio horiek, nola uste duzu lagun diezaieketela gurasoei eta hezitzaileei euren egunerokoan?

Umoregile moduan, errealitatea hartu eta modu erakargarrian aurkezten dugu, jendea barrez jartzeko. Horrek gurasoen eta hezitzaileei lagundu diezaieke, eguneroko egoerak beste begirada batez ikusten laguntzen dielako. Bakarrizketan ordu eta laurdenean kontatzen ditugu bizipenak, azalpen astunetan galdu gabe. Egia da batzuetan sakontasunari uko egitearen beldur izaten naizela, baina umorearen bidez gai sakonak arinago heltzen dira.

Helburua ez da erantzun akademikoak ematea, baizik eta bizipen partekatuak umorez kontatzea, eta hori askotan lagungarri izaten da.


 

Aitatasunak maitasunez eta pazientziaz begiratzera eramaten du. Zure egunerokoan, nola bizi duzu hori semearekin?

Aitatasuna bi aurpegi dituen txanpona da, eta egunerokoan alde batetik bestera igarotzen dela sentitzen dut. Adibidez, Teoren bila eskolara noanean eta gurasoen artean ni ikusi eta irribarre batekin korrika besoetara niregana datorrenean, hori sentsazio izugarria da. Baina ordubete geroago, etxean, bazkaria ematen ari natzaiola, desesperatuta egoten naiz koilararekin janaria botatzen duelako edo jateko gogorik ez duelako.

Maitasunaren eta pazientziaren arteko oreka etengabea da, baina ezinbestekoa da ulertzea gu geu ere ez gaudela beti berdin: laneko gauzek, egun txar batek edo beste faktore batzuek ere eragiten digute. Horregatik, beti jarrera bera mantentzea ez da erraza.


 


Maitasunaren eta pazientziaren arteko oreka etengabea da, baina ezinbestekoa da ulertzea gu geu ere ez gaudela beti berdin: laneko gauzek, egun txar batek edo beste faktore batzuek ere eragiten digute.


 

AA Aita barre egiteko bakarrizketa da, baina badu hausnarketa puntu bat ere. Zer nahi duzu ikusleak etxera eramatea, irribarreaz gain?

AA Aita bakarrizketak barre eragitea du helburu, baina horrez gain, ikusleek etxera eramatea nahi dudan mezua da ez daudela bakarrik. Aitatasunak gorabehera asko ditu, eta askotan gaindituta sentitzen gara, baina lehen aipatu dudan moduan, horiek partekatzea terapeutikoa da.

Aitatasuna bihotzetik ateratzen den zerbait da, maitasun neurrigabe batetik, eta horrek arrazoi guztiak gainditzen ditu. Hori da, hain zuzen ere, bakarrizketaren bidez transmititu nahi dudana: eguneroko emozio konplexuak umorearen bidez partekatzea, eta horrela, elkarrekin arinago bizitzea.