AINHOA ARRUABARRENA | PSIKOLOGOA

2009. urtean, digitalizazioaren aldeko Eskola 2.0 programa jarri zen martxan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan. Programa horren helburu nagusia ikas-prozesuak digitalizatzea zen, etorkizunean ikasle bakoitzeko ordenagailu bana izatera heldu arte. Egun, tresna digitalak gero eta adin txikiagoetan txertatzen dira. Ikasgela gehienek pantaila digital handi bat eta proiektore bat izaten dituzte, eta gelaren erdigunea bereganatzen dute ia beti. Teknologia oso lagungarria da baliabide moduan, alderdi anitz kontuan izanik, inklusibitaterako aukerak kasu. Gainera, azken bi ikasturteetan bizi izan dugun pandemia egoera dela eta, nahitaezko baliabidea izan da, irakasleen eta ikasleen arteko harremana mantentzeko eta ikasketa-prozesuak ahal izan ziren heinean moldatzeko. Baina azken urteetan bizi izandako aldaketa horiek guztiek hausnarketa sakon bat egitera bideratu beharko gintuzkete. Zer gertatzen ari da teknologiaren erabilerarekin hezkuntzan? Baliabide bat da, beste hainbaten parean, ala gure hezkuntza-sisteman beste maila bateko protagonismoa lortzen ari da? Etorkizuneko lanbideak gero eta teknologikoagoak izateko joera izanik, hezkuntza ere gero eta gazteago direnetik teknologizatu behar al da? Prest al daude egungo haur eta nerabeak teknologia baliabide eta erreminta moduan erabiltzeko? Galdera horiek lehenagotik zabalik dauden beste hausnarketa sakonago batzuk dauzkate oinarrian, hala nola zer motatako hezkuntza nahi dugun: moldatzailea ala eraldatzailea? Teknologikoa edo pertsonengan zentratutakoa?

Azken urteetan pantailen erabilera desegokiaren prebentziorako esku- -hartzeetan izandako esperientziak hauxe erakutsi digu: orokorrean, teknologiaren erabileraren inguruko oreka eta ikasketa handia falta zaigu. Egun, haurrak eta gazteak, eta ziur asko nagusi asko ere, ez daude prest tresna digitalak era arduratsuan eta osasungarrian erabiltzeko, ez baitugu denbora nahikorik izan geure burua errealitate berri honetarako prestatzeko.

litzateke hezkuntza-sisteman eragina daukaten ondorio hauek aztertzea:

• Ikasgelan nahiz ikasgelatik kanpo behar baino denbora gehiago pasatzen dugu pantailen aurrean. 

• Gero eta ikusmen-arazo gehiago daude, pantailen aurrean denbora gehiegi pasatzeagatik, bai eta beste sintomatologia fisiko batzuk ere. 

• Bai ikasleek eta bai irakasleek gero eta zailtasun gehiago dauzkate arreta denbora luzean mantentzeko. 

• Oreka bat bilatu behar da ikaskuntza esanguratsuaren eta osasungarriaren artean. 

• Ikasleen autonomia faltagatik eta tresna digitalen diseinu-ezaugarriengatik, arreta galtzeko gero eta joera handiagoa dago, eta horrek ikaskuntza-prozesua oztopatzen du. 

• Ikasleek gero eta zailtasun handiagoak dauzkate idatzizko eta ahozko adierazpenarekin. 

• Internetetik, sare sozialetatik eta beste esparru batzuetatik jasotzen duten gehiegizko informazioak eta presioak eragin emozional nabarmena du ikasleengan. 

• Ikasle askorentzat, ikastetxea garapen gune seguru eta eredugarri bakarra izan daiteke.

Pantailen aurrean igarotzen dugun denbora: Erreferentzia moduan, Lehen Hezkuntzako 3. zikloko ikasleei, pantailen aurrean asko jota egunean bi ordu besterik ez pasatzeko gomendatzen zaie. Sorpresa itzela izan zen ikasleei gomendio hori egin ondoren haiek egindako galdera entzutea: “Eta gelan?”. Bada, gelan, dirudienez, behar baino denbora gehiago pasatzen dugu pantailei begira, eta kartoi meheak (edo beste material didaktiko batzuk) baliabide berritzaile gisa hautematen dira. Gelan pantailekin pasatzen den denbora orekatzeko edo neurtzeko era bat asteko erregistro bat egitea izango litzateke. Hau da, astean zehar, ikasgai guztiak kontuan hartuta, tresna digitalak erabiltzen pasatu ditugun orduak apuntatzea, ondoren aldaketak egin behar ditugun edo ez planteatzeko.

Sintomatologia fisikoa: Bulegoetan lan egiten duten pertsonek edota ordenagailuarekin lan egiten dutenek —lan-arriskuak direla-eta— hogei minutuan behin atseden hartu behar dutela esaten da, eta begiek atseden hartzeko urrunera begiratu behar dutela. Hala ere, horrelako gomendioak adabakiak dira azken finean, gero eta pertsona gehiagok baitituzte arazoak ikusmenarekin, pantailen erabilera dela-eta. Pantailari begira ordu asko egon ondoren ia zelako sentsazioak dauzkaten galdetzen zaienean ikasleei, hurrengo sintomatologia azaltzen dute: azkura begietan, nekea, buruko mina, zorabioak, posturaren araberako bizkarreko minak eta abar.


Gero eta gaitasun gutxiago daukagu estimulazio maila baxua eragiten duten ekintzetan arretari eusteko. Hezkuntzan, gero eta zailtasun handiagoak ikusten dira ikasleengan arretari eusteko, eta horrek pantailak erabiltzera edota oso ekintza estimulagarriak egitera bideratzen gaitu, haien arreta bereganatzeko


 

Arretari eusteko zailtasunak: Teknologiaren edo pantailen erabilera mugatzeko edo planifikatzeko beste arrazoi bat ere badago: pantailek eragiten duten estimulazio neurologikoa eta erakarpen maila oso altuak dira. Bideo-jokoak dira, pantailen arloan, estimulazio gehien eragiten duten ekintzak, pantailaz gain beste ezaugarri asko dauzkatelako. Horren ondorioz, haur, nerabe eta nagusiok arretari eusteko gero eta estimulazio handiagoa behar izatera ohitzen ari gara. Horrek ondorio argi bat dauka: gero eta gaitasun gutxiago daukagu estimulazio maila baxua eragiten duten ekintzetan arretari eusteko. Hezkuntzan, gero eta zailtasun handiagoak ikusten dira ikasleengan arretari eusteko, eta horrek pantailak erabiltzera edota oso ekintza estimulagarriak egitera bideratzen gaitu, haien arreta bereganatzeko.

Ikaskuntza esanguratsua baina osasungarria: Ikaskuntza esanguratsua izatea garrantzitsua da. Baina horrek ez du esan nahi ikasleek aisialdian egiten dituzten ekintzak alderdi pedagogikoan dituzten kalteak eta onurak ondo aztertu eta neurtu gabe aplikatu behar direnik. Adibide moduan, Tik Tok aplikazioa erabili dezakegu. Demagun sare sozial hori erabili nahi dugula ikasle batzuekin ekintzak egiteko, orain modan dagoen tresna bat delako eta gustuko dutelako. Argi dago ikasleen arreta bereganatuko dugula, baina kontuan izanda sare sozial horren erabilera gehiegizkoa dela aisialdian, benetan interesatzen zaigu hezkuntzan erabiltzea?

Distrakzioak: Irakasleen iritzietatik eta prebentzioko esku-hartzeetatik jasotako informazioaren arabera, bada kezka sortzen duen beste egoera bat: ikasleek ordenagailuak gelan erabiltzen dituztenean sortzen diren distrakzioak. Ikasleak, bai Lehen Hezkuntzan eta baita Bigarren Hezkuntzan duten autonomia falta dela eta, ekintzaren bat gailu digitalen bidez edo liburuak era digitalean erabiliz egin behar dutenean, sare sozialak begiratzera edo momentu horretan egin behar ez duten zerbait egitera pasatzen dira, arreta guztiz desbideratuz. Irakasleentzat ezinezkoa suertatzen da era horretako gertaerak kontrolatzea eta kudeatzea, ezin baitira ikasle bakoitzaren pantailari begira egon. Ikastetxeetan, webgune batzuk blokeatuta daude, baina, horrela izanda ere, ikasle batzuek behar ez duten webguneetan sartzea lortzen dute ikasgelan. Ikastetxe batzuetan, gero eta sarrera gehiago erregistratzen dituzte Youtubera ikastorduetan, irakasgaiekin zerikusirik ez duten edukietan.

Idatzizko eta ahozko adierazpena: Beste ardura argietako bat ikasketa-prozesuan garatzen diren edo garatzen ez diren gaitasun kognitiboen ingurukoa da, bereziki, adierazpenari dagokionez. Irakasleek azaldu dute ardura hori, bai idatzizko adierazpenari dagokionez eta bai hitzezko adierazpenari dagokionez. Agian, teknologiarekin zerikusia ez duten beste faktore batzuk ere eragina daukate arlo honetan, baina faktore garrantzitsu bat dela esan genezake, azkenean, ordenagailuak tresna nagusi moduan sartzen diren momentuan, metodologia eta prozesuak aldatu egiten direlako.


Inoiz baino gehiago behar dugu beste mota batzuetako ekintzak egitea, estimulazio horren altua ez dutenak, esanguratsuak eta aberasgarriak izan daitezkeenak eta haur eta nerabeei gaitasunak eta konpetentziak garatzeko aukera emango dizkietenak. Era horretan, jendarte osasungarriago batean bizi ahal izango gara, zeinetan emozioak eta harremanak era onuragarriagoan kudeatzeko ahalmena izango dugun


 

Gehiegizko informazioa eta presioa kudeatzeko guneak: Bereziki azken ikasturte honetan —eta irakasleekin partekatutakoan oinarrituta—, ardura esanguratsu bat adierazi dute egindako elkarrizketetan: ikasleen egoera emozionalaren inguruko ardura. Inoiz baino behar gehiago izan dute ikasleek haien beldur, desira, interes eta ezinegonak partekatzeko. Hala ere, pandemia- -egoera egon izan ez balitz ere, ikasleek beti izan dute behar hori, eta bai curriculumean bai ikastetxeen egunerokotasunean gune eta tarte eskasak edo baliogabeak aurki ditzakegu orokorrean horretarako, salbuespenak salbuespen. Bereziki, egun sare sozialen eta bideo-jokoen bitartez bizi duten presioa, Interneten bitartez jasotzen duten informazio guztia eta haien berdinekiko dauzkaten gatazkak direla-eta, haien burutazio, liskar eta ardurak partekatzeko ezinbesteko beharra dute, eta hezitzaileon lana gune eta tarte horiek ahalbidetzea da.

Ikastetxeak gune seguru eta eredugarri moduan: Kontuan izanda egunerokoan gero eta denbora gehiago pasatzen dugula pantailen eraginpean, bihur ditzagun ikastetxeak espazio seguru, osasungarri eta eredugarri gutxienez. Haur eta nerabeek garapen- eta ikaskuntza- -prozesu aberasgarriak izatea ahalbidetu beharko genuke, non teknologia baliabide moduan erabiltzen den, kudeaketa kritiko eta onuragarri baten bitartez. Ez genuke alde batera utzi behar ikastetxeez gain etxean ematen dugun eredua guraso edo gertuko eragile moduan, baina, kasu askotan, ikastetxea izango da eredu osasungarri bat edukitzeko izango dugun gune bakarra, arrazoi askotarikoak tarteko. Horregatik, administrazioaren, zuzendaritzen, irakasleen eta beste eragileen ardura izan beharko luke gune hezitzaileak bermatzea. Digitalizazioa lehenestea, besterik gabe modernizatzeagatik eta etorkizunera moldatze hutsagatik, argudio eskasa izan daiteke, aurretik bildutako ezagutzaren eta esperientzien aurrean. Ikastetxe askorentzat erakargarri izaten ari da garapen teknologikoa, eta, bakoitzaren iritziaren arabera, hala izan daitekeen arren, hezkuntza-sistemaren fokua pertsonengan eta horien balioetan eta ekarpenetan jarri behar litzateke. Inoiz baino gehiago behar dugu beste mota batzuetako ekintzak egitea, estimulazio horren altua ez dutenak, esanguratsuak eta aberasgarriak izan daitezkeenak eta haur eta nerabeei gaitasunak eta konpetentziak garatzeko aukera emango dizkietenak. Era horretan, jendarte osasungarriago batean bizi ahal izango gara, zeinetan emozioak eta harremanak era onuragarriagoan kudeatzeko ahalmena izango dugun. Gaur egun, pantailen, tresna digitalen eta antzeko sare sozialen erabilera gehiegizkoa da jendartean. Nagusi askok ez badugu erabilera osasungarria egiten, argi dago gailu eta tresna horiek daukaten eragina askoz ere nabarmenagoa izango dela haur eta nerabeengan, garapen-prozesuan daudelako. Azken finean, ez dugu ahaztu behar tresna horiek gehiegizko erabilerarako diseinatuta daudela, eta, beraz, ez direla osasungarriak izaten. Era orekatuan eta osasungarrian erabiltzea lor genezake, kontzientzia maila altua geureganatuz, baina egungo errealitatea ez dago oreka horretatik gertu. Oraindik ez dakigu nolako inpaktua izan dezakeen azken urteetan gertatu den pantailen erabileraren hazkuntzak. Baina ondorio argi batzuk atera ditzakegu dagoeneko, eta hezkuntza-arloari dagokionez, idatzi honetan aztertutako alderdien eta beste askoren inguruan hausnarketa sakona egin daiteke. Nolanahi ere, horrek denak ez du esan nahi teknologia arbuiatzen dugunik, ezta gutxiago ere, beti ere, tresna eta baliabide moduan erabiltzen badugu, iraupena, helburuak eta prozesuak neurtuz eta orekatuz.