Haur bakoitzak txikitatik erakusten ditu bere izaeraren ezaugarriak, lotsatia, egoskorra, lasaia, oldarkorra… “Nor gara?” Galderari erantzuten dio nortasunak, eta lehendabiziko 
7 urteetan eraikitzen da. Patroirik eta maskararik gabe, benetakoa landuz garatzea 
gomendatzen du Ane Ablanedo psikologo eta irakasleak, “sanoago hazteko”. 

Gela bereko ikasleen artean; etxean, neba-arreben artean; bikien artean ere nabarmena izaten da batzuen eta besteen arteko desberdintasuna. Batzuk lotsatiak dira, beste batzuk beldurtiak, ausartak, haserrekorrak, lasaiak, uzkurrak… Haur bakoitzak bere izaera erakusten du aski txikitatik. Izaera, izateko modua, nortasuna, karakterra ere esaten zaio. “Nor gara? Galderari erantzuten dio izaerak” Adierazi du Ane Ablanedo psikologo klinikoak eta haurraren garapenean aditua den irakasleak. “Lorratz bat ekartzen dugu jaiotzetik, baina nortasuna harremanetan eraikitzen da, erlazioen ekosisteman jasotzen eta ematen ditugun erantzuten arabera Ni-a nola garatzen den da izaera”.

Garapeneko beste alorretan bezala, nortasunaren eraikuntzan ere lehendabiziko urteak dira garrantzitsuenak: “Gure perfil psikologikoaren oinarria ere lehen 7 urteetan garatuko da, behar dugun guztiaren lehendabiziko aldia biziko dugulako aldi horretan: lehen aldiz atxikimendua bizi izango dugu, banantzea…”. 7 urtetik aurrera, baretasun batean sartzen da haurra nortasunaren eraikuntzari dagokionean ere: “7 urtetik aurrera estrukturazioa dago, ikasketa akademikoaren garaia edo komunitate bateko kulturarekin harremanetan jartzeko momentua izaten da”. Nerabezaroan, ostera ere, krisia etorriko da nortasunari dagokionez ere: “Nerabezaroan gertatzen den krisia haurtzaroan lortu dugun orekaren araberakoa izango da”. Ablanedoren arabera, izaeraren ikuspegitik, nerabezaroa bigarren aukera bat da. Eta ondoren, helduaroan, garapena zurrunagoa da, umeak plastikoagoak baitira: “Heldutan egoskorra denak zail izango du aldatzen”.

Nortasuna nola eraikitzen den galdetuta, harremanaz mintzo da Ablanedo: “Garapenaren ezaugarri funtsezkoena da izaki sozialak garela eta harremanetan hazten garela. Gaitasun emozionalak eta psikologikoak geureganatzeko, hala nola atxikimendu gaitasuna, bestearengan konfiantza izateko gaitasuna, konpartitzeko gaitasuna… faseak daude”. Harremanak beraz funtsezkoak dira haurraren nortasunean: “Momentu bakoitzean psikologikoki eta emozionalki zer behar genuen eta eman ote zaigun garrantzitsua izango da gure izaeraren eraikuntzan”. Izaera sendoagoa edo ahulagoa izango du haur batek bere beharrak ase izan zaizkion ala ez, erantzun zaion ala ez, eta horren arabera egitura karakteriala eraikiko da, eta, horren gainean, nortasuna”.

Ezinbestean inguruneak eragina dauka gure nortasunean, eta guk —zer esanik ez gurasook eta hezitzaileok— eragina daukagu ingurukoen —eta bereziki gure seme-alaben eta ikasleen— nortasunean. Gainera, askotan asmo onez eta haurrari lagundu nahian, haurraren nortasuna zizelkatzen saiatzen gara, indargea dela iruditzen zaigulako eta sufritu egingo duelako edo kontrakoa, haserrekorra dela eta gaizki joango zaiola iruditzen zaigulako… “Munduan egoteko patroi bakarra garatu beharrik ez izatea litzateke onena”, dio psikologoak. Zehaztu duenez, patroi asko egon daitezke, baina nagusiki hiru multzotan bereizten dira: “Adeitsua edo konplazientea (gatazka ekiditeko izaera konplaziente bat garatzen duena, beti bestearen gustukoa egiten duena gatazkarik egon ez dadin), saiheskorra (gatazka ikusten duenero ihes egiten duena) eta oldarkorra (gatazka ikusten duenean sartu edo aurre egiten diona). Horietako bakar bat ere ez da txarra. Oso polita da momentu batean bestearen gustua betetzen jakitea edo gatazkei aurre egitea eta oso beharrezkoa da beste batzuetan ‘hau ez da nire borroka eta banoa hemendik’ sentitzea. Baina arazoa izaten da ezaugarri horietako bat patroi bilakatzen denean, eta hortik erlazionatzen garenean”. Onena izango litzateke umeei aukerak ematea ahalik eta zabalenak eta integralenak izan daitezen euren jokabide sareak, momentuaren, gogoaren, beharraren eta indarraren arabera, jokabide bat ala bestea aukeratu ahal izateko. Patroia sintomatikoa dela dio psikologoak, “zerbaiten sintoma da. Umeak oso haserrekor daudenean —ez baita gauza bera haserrekor egotea eta izatea— normalean zerbaiten seinale da, autoerregulazioan zerbait falta zaiola edo zerbait soberan dagoela edo momentu horretan zerbait ez doala ongi adierazten digu”. Kasu horretan haurraren jarrerak gugan sortzen duen eraginaren berri ematea proposatzen du Ablanedok, eta jokabidea mugatzen dugun neurrian —jotzea adibidez, haur haserrekor bati—, tresnak ematea proposatzen du.

Benetakoa eta berezkoa izate horri garrantzia ematen dio Ablanedok, “haurrak aukera izan dezala bere izateko modua askatasunez eta beretik eraikitzekoa, patroirik eta korazarik baliatu beharrik gabe”. Koraza edo maskara “onartuak izateko eraikitzen dugun nortasuna” da, haurrek ere garatzen dutena. “Ezberdina da pertsona batek askatasuna izan duen bere izateko modua eta munduan egoteko modu karakteriala beretik eraikitzeko edo besteek gugandik espero duten horri erantzun beharra izan dion; hor arrakala bat dago. Ni agian oso samurra naiz ohartu naizelako nire amak asko bilatzen duela samurtasuna, eta horrela gehiago maite nauela sentitzen dut. Garrantzitsua da diferentzia hori ikustea eta umeak ahalik eta askeen garatu daitezela eta garatu dezatela izateko modu bat ahalik eta genuinoena, sanoago hazteko”.