Gotzon Urrizola |Altsasuko Gurasoak taldearen izenean

Ongi dakizuenez, jai giroan, gaueko ordu txikitan, gau alai bat guretzat amets gaizto bihurtu zen eta orduz gero ez dugu atsedenik izan, ez dugu lasai lorik egin ahal izan, ezin izan dugu gure bizi arrunta berreskuratu ahal izan. Zuek bezala, guraso guztiok bezala, hemen, han, edonon gure seme-alabak hazten eta hezten aritu gara. Gureek, zuenek bezalaxe, gauza onak eta ez hain onak dituzte. Ez dira inor baino hobeak, ezta txarragoak ere. Beste guztiak bezala ikasten ari dira edo eta lanean, kiroletan parte har-tzen dute, musika ikasten ari dira, elkartasuna eskaintzen dute hemen eta kanpoan. Guk errespetuan, elkartasunean, hezi ditugu. Gure herriarenganako, gure hizkuntza eta kulturarekiko maitasuna transmititu diegu. Ez ditugu gorrotoan hezi. Erreibindikatzaileak dira, kritikoak, herriko gaztetxeko partaide aktiboak.

Baina, bat-batean dibertitzen ari ziren gau alai batean dena ilundu zen. Tamalgarria eta tristea den liskar bat gertatu zen herriko taberna batean. Nondik hartu indarra, gogoa eta kemena aurrera jarraitzeko? Bada, gure gazteengandik, irmo daudelako, animo handiarekin daudelako. Eta, nola ez, gure herriko auzokideengandik, urrutitik nahiz ingurutik etorri den altsasuar bakoitzarengandik, ideia desberdineko nahiz adin desberdinekoengandik, gure lagunengandik. Sakana, Nafarroa, Euskal Herria, Penintsula, Europa eta munduko bazter desberdinetatik hartu dugu indarra, kemena, sasoia... Toki askotara joan eta iritsi gara elkartasunaren eske eta beti besoak zabalik hartu gaituzte, elkartasunez eta maitasunez inguratu gaituzte. Begiradak, irriak, eskuak, besarkadak, hitzak. Ondoan izan zaituztegu lehendabiziko unetik orain arte. Mila esker!

Bide honetan justizia eza, neurrigabetasuna, giza eskubideen ebasketa zer den ongi ikasi dugu. Epaiketan guztira 375 urteko zigor eskaera egin zuten gure seme-alabentzako. Epaiketan gazteek, defentsak, lekukoek eta froga perizialek argi eta garbi utzi zuten gau penagarri hartan benetan gertatutakoa. Gure gazteek lehen aldiz beraien bertsioa adierazteko aukera izan zuten. Terrorismo delitua baztertu zuten, baina ahal izan zitekeen zigor handiena ezarri zieten: 13, 12, 9 eta 2 urte eta erdikoa. Helegitea jarri genuen eta epai finkorik gabe ere ekainaren 5ean, aurretik jakinarazi gabe eta beldurra zabaltzeko asmoarekin, giro iluneko gau baten ondoren behin-behineko askatasunean ziren lau gazteak atxilotuak izan ziren berriz ere, kartzelara eramateko.

Egoera latza da. Oihanek, Jokinek eta Adurrek bi urte eta lau hilabete pasa daramatzate preso eta Julenek, Jonanek, Iñakik eta Aratzek hamar hilabete pasa. Gaur egun Zaballan daude, irmo, indartsu. Kartzelan bizitzen ikasten ari dira, bizi librea, etorkizuna, lapurtu diete eta. Beraienarekin batera gurea ere bai, eta justizia eskatzen duzuenona.

Martxoaren 7an jakin genuen Errekurtsoen Ganbaran aurkeztutako helegitearen erabakia, Emakumearen Egunaren bezperan, beste behin ere hedabideen bitartez. Apelazio Aretoak Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi du: terrorismo delitua baztertu dute, baina Oihani 13 urteko zigorra ezarri diote; Adurri eta Jokini 12koa; Aratzi, Jonani eta Juleni 9koa; Iñakiri 6koa (aldaketa bakarra) eta Ainarari 2koa.

Egun gogorra. Itxaropena? Horixe baietz, ez dugu inoiz galduko! Beldurra? Orain arte ikusitakoa ikusita… ikaragarria!! Auzitegi Gorenera iristeko bidea hasia zuekin. Noiz ikusiko dugu argia tunel luze honen bukaeran? Zuek zarete askatasunaren eguzkiraino lagunduko gaituzuen argi izpiak.